Hamalau alegia
Tomas Meabe

Gabriel Aresti
Kriselu, 1968

 

 

4. PUTREA, ARRANOA ETA USOA

 

        Filosofiazko karsoildun, kalonjiazko papardun eta jakituriazko sudurdun putre batek, barrenera irunzteko hondakinik ez zedukan batean, usakume polit bati jarraikitzen zion; bat-batean, harroka batetik zelatan zegoen arrano zuri batek, hegalak hedatu zituen, harri baten antzean erori zen putrearen gainean, erpeak sartu zizkion begi-artean, eta kakofoniazko deidarrak hozenduaz, mokokada baten apurtu zion garondoa.

        Hau ikusirik, usoak, bere burua hain ustekabean salbo sentiturik, gora egin zuen hegalda, eta uso batena inork pentsatuko ez zuen boz bortiz batekin, honela bibatu zuen:

        —Gora arran...!

        Baina ez zuen bere biba hura bukatu.

        Ez zuen bukatu, arranoak, mirakuluz usoa ikusi ez zuenak, janari bigunago hura begiratuta, airean bibaka eta jiraka adituta, beste gabe soltatu zuelako putrea, eta usoaren aldarria eta usoaren guztia zuen jan egin.

        Guztia, urrikariaren luma bakan batzuk ez-ezik, putre gogor eta kiratsarenen artean banan-banaka, orain kontatzen dizudan eta geroko beste hori esan behar dizudan alegilari honen buruaren gainean erori zirenak:

        —Hegaztina erale eta hilzale batek, ez dio inporta noblea ala litxarra den, zure etsaia atakatzen eta lumatzen duenean, ez zazu inola pentsa, zuregatik, zuri sokorritzeagatik, atakatzen eta lumatzen duela, ez zaitez alegra, eta ez zaiozu eskerronez estima.

        —Ez, lelo horrek.

        —Orduan egin dezakezun hoberena mokoa ez zabaltzea da.

        —Eta inoiz baino arinago zure burua ezkutatzea.

        —Inoiz ez baitda arranoa usoki gozoaren goseago, bere memoriarik gabeko ohituraren kontra, putreki zaila jan behar duenean baino.

 

Hamalau alegia
Tomas Meabe

Gabriel Aresti
Kriselu, 1968