Hamalau alegia
Tomas Meabe

Gabriel Aresti
Kriselu, 1968

 

 

12. ARRANOA ETA BARAKULUA

 

        Ez dakit nun ikasi dudan, irakurgaitan edo ametsetan, gizonak bi zerri-klase diferentetan berezten direla; barre egiten dutenak eta barre egiten ez dutenak; baina hau ez dago ongi, ez eta beste esaera hori ere, gizatiarrak eta jainkotiarrak garela, ezpada bi izaera ditugula, bata jainkotiarra eta bestea barakulutiarra.

        Nire jenio humilak hau dagoela aitortu behar du.

        Barakulua, adar bigunetako eta bertako puntetan begi bista-laburretako animalia da; barrenean ezkutatzen edo lokartzen ez denean, seinale gertua da bere karraskotik tiratzen duela; bertatik ezin atera liteke, ezpada apur bat, eta hori barrenean berriz sartzeko.

        Bere adarrak baino hurrutirago ikusten ez duen animalia bat da, apur batean bizi dena, besterik ez dagoela sinetsia, besterik behar ez duela segurantzan, besterik konprenitu ezinik, eta belardiak, berarentzat, amairik gabeko oihanak dira; esan nahi dut, oihan hoiekin ez duela har-emanik, ezpada bere adar bigunetako begien azpian ukitzen duen eta beraren gorputzaren zati bat dagoela, batzutan jateko, bestetan desjateko, eta beti narrastan ibiltzeko eta adurra botatzeko.

        Legezko barakulua, beraz, konserbadore bat da, ordena gordetzeko animaliska bat, espirituska lojika-zale eta tiki bat, karraskoaren barreneko abertzale bat.

        Narrastan bizi da; eta narrastan aurreratzen duen zehea, hura zehe dirdirantea: dirdiraz bizi da.

        Hortz asko ditu, milaka, eta begi guti: Zoriontsua da.

        Hortzetara eramatekorik ez dagoenean, loak harten du: zoriontsua da.

        Gainera ezin egin dezake hutsikan.

        Eta karraskoaren barrenean hiltzen da, bere burua ikusi gabe, bere adar ikusleak iluntasun itsu batean bilduta dituela.

        Bada, adurti argitsu honek, arrano inuzent batekin batua dagoen honek, misterioak egiten ditu, eta harrotasun satandarrarekin, gure arima deitzen digu.

        Gizona ez baitda bakarrik barakalu, eta horregatik ez da zoriontsu; barakuluz gainera, astronomoa da, abiadorea, kontenta-gaitza, ezinezkoaren adiskidea eta hauzoa, ez dagoena nahi duena, poesiak egiten dituena, guardasola galtzen duena, beste zorakeria jainkotiar baterako beti eta beti umatzen dena.

        Hori guzti hori eta beraren gainerako beste gauza bakan guztiak, arrano izatetik datorzkio.

        Bi izaera ditugu, beraz.

        Baina gure barakuluak kontra egiten dio gure arranoari, eta arranoak bidajean eraman nahi du barakulua, batak lurra eta zerua aipatzen ditu, bestea aitzakitzen da adurra nun utzi beharko duen, inun utzi behar ez badu ez duela ibiltzen jakinen, tradizioz eta esperientziaz dakiela: elkarri egiten diote deiadar, arrazoi haundiekin; eta hau da, ez gehiago eta ez gutiago, Gizadiaren historia.

        Errejista bezate ongi Historia, eta bertako hondar sakon, ilun eta trajikoan aurkitu egin beharko dute barakulu trakets eta baldan bat eta arrano ausart bat, biak lepo berean, batak gora egiten duela, besteak behera egiten duela, astunki.

        Hau da sekuluetako drama hilorigarria, arima hilorigarri batetik patu alferraren eremu amai-gabeetan jaioa.

        Aurrerakuntza, barakuluaren heriotze geldia da.

        Bera hilen denean, zoriona eta mentura izanen da munduan, baina ez lur-arras ikusten dugun hau, eta arrano jainkotiarra libreki bidajatuko da.

        Nire urrikiak hala diots orain.

        Eta bakoitzaren historia eta aurrerakuntza den bezainbatean, persona solteak diren bezainbatean, Sokrates baten mutiritasun filosofoa eduki nahi nuke nik, urliari eta zendiari galdatzeagatik, ez hea ba dakien ezer ez dakiela, ezpada animalia hoietatik zeinen azpian dagoen bere arima.

 

Hamalau alegia
Tomas Meabe

Gabriel Aresti
Kriselu, 1968