Hamalau alegia
Tomas Meabe

Gabriel Aresti
Kriselu, 1968

 

 

11. ZIKOINAK

 

        Gure barrenean hoka eta tristura sartzen duten egun gaizto hauetan, triangulo zehatzetan iragaten dira zikoiniak Pirinioetatik, aztoreen kontra erne, gose eta aldarrika.

        Fedez iragaten dira, zeru zabaleko hodeien artean, zeru hobeen bila.

        Eta nik, nire buruaren gainean aldarriok entzuten ditudanean, haur asko eduki nahi nituzke nire inguruan galzorian dagoen herri honetako guztiak, bihotz-ukiturik, bihotz-harturik, esplika dezaiedan:

        —Agur egiezue, gauza haundi bat iragaten baitda zerutik.

        Gauza bat kontatzen baitdute hegaztina ibiltari hauetaz, beren bidajeetarako biltzen direnean, konseilu hartzen dutela elkarrengandik, luzaro konseilatzen direla elkarrekin, eta batzuk zelatan geratzen diren bitartean, beste batzuek, huts egiten dutenei, beti esistitu ohi duten etxa-zikoiniei deitzen dietela, eta hegaztina libreen bidajean ez abiatzeagatik, oso gaizki tratatzen dituztela.

        Hau eginda gero, artez egiten dutela gora, bidea kausitzera; ifar-orratz biziak, barreneko ardatz baten inguruan jiratzen dira, eta eguzki gehiagoko lur hurrutietara oldartzen dira.

        Orain dira iragaten, gero eta gehiago bizitzearen arrazoi bakarra dela uste dudan honen ezagugarri biziak; gorenetik iragaten dira, hodei etsai artean, galduta bezala; eta ez dakit ai zer nolako errespeto haundia sentitzen dut.

        Libertatea maitatzen ez duten, ba diren eta ez diren ahizpak edukitzearen lotsa eta ahalke hau ongi aurkitzen diet zikoiniei; eta moko-kolpeka hil nahi ditzatela ongi aurkitzen dut.

        Etxa-barrentasuna hegalen kontra doa, kumeentzat ejenplo gaiztoa da, eta familiaren etorkizunerako arrisku bat.

        Hegaztina noble, hegal-bortitzeko, hegaldaketa-luzeko eta zentzu-liberaleko erromes hauen hasarrea konprenitzen dut; beren burua defenditu besterik egiten ez dutela konprenitzen dut; kasta berekoa ba den baina ez den hegaztina hegal-humilekoa hegaztina lapurra baino etsai gaiztoagoa da.

        Hura bukatu behar da.

        Ongi egiten dute.

        Ni ere, martxan dagoen Gizadiari buruz, akordura eta pensamentura nator, geratzen diren herriok, zerbitzera geratzen diren herriok, hegal eroriak dituztenek, beren arimako gogotik direna maitatzen ez dutenek, laster bukatu behar dutela, eta gainera etoiki eta doilorki bukatu.

        Nik ere, gure lagun hurkoa deitu behar diegunei buruz, jende etxa-barrenduak gorrotatzen ditut, ba diren baina ez direnak, gure haurren hegalen etsaiak, eta legamiatzat eman nahi nieke nire gorrotoaren pixka bat, espirituan guztiz gose izan ondoren, hegaldaketa luzean zeru hobeen bila nobleki hegaz egiten duten gizon guztiei.

        Egun gaizto hauetan, gorenean, hodei etsai artean, Pirinioetatik, moko-kolpe asko eman ondoren iragaten den hau libertatea da.

        Hemendik edo hortik ez datorren, ezpada edonundik doan eta datorren libertatea.

        Frantziatik ez datorrena (gezurra!), Ingalaterratik ez datorrena, ezpada haurtzarotik ingelesei eta frantzesei baino bider gehiagotan buruaren gainetik eta aldarri gehiagorekin irago zaiguna.

 

Hamalau alegia
Tomas Meabe

Gabriel Aresti
Kriselu, 1968