Irudiak: Santos Etxeberria

Alos-Torrea
Jon Etxaide

Itxaropena, 1950

 

 

VIII

 

      Esan oi da mundu ontan ixilpeko luzerik eztala, ta auxe gertatu zitzaion Lope Agirre'tarrari ere, Alostarrai bere alabaren ezteietara ez otsegitearekin. Bela-Beltz aguro jabetu zan Agirre'ren asmoaz, onek bere etxean zun neskame baten bitartez, eta noski, bele narraztaria aguro joan zitzaion andre Otxanda'ri kontu-kontari:

      —Ama, —esan zion Bela-Beltz'ek suminduta andre Otxanda'ri—, gure kalte asmatu duten kiskilkeri berri baten jabe egin naiz.

      —Bai ote? —Erantzun zion Otxanda'k mutil irudikorraren esanari ajola aundirik jarri bage.— Eta jakin al-litteke gure aurkalaria nor dan eta zertan egin nai digun beaztopa?

      —Arritu ta suminduko zera bidebatez guri egin gogo diguten iseka zer dan eta nork egin nai digun esatean.

      —Esan zak azkar! —Bota zun bat-batean espatsu, susmo gaiztoak bere buruaren jabetasuna galtzeko zorian jartzeraņo.

      —Agirre'tarren alabaren ezkontzara ez digute otsik egingo.

      —Benetan al-diok ala txantxetan ari aiz?

      —Bene-benetan.

      —Ori makurgarri dek guretzat! —Karraxi egin zun andre Otxanda'k abotik lerdia zeriola—. Baņa zertan utsegin ziekagu Agirretarrai gurekin onen dollorki jokatzeko? Azalutsok, gaurdaņo adiskide tankeran etorri zaizkigu, ta orain, gutzaz irri egiteko aukera etorri zaiekanean, uri guztiaren aurrean lotsagarri jartzen gatxiotek. Zer esango ditek debarrak, gu, erriko nagusienak, Gipuzkoa'ko aundikienak bazterturik ikustean? Orok gutzaz par-irri egingo ditek!

      —Eztira Agirretarrak errudunik nagusienak, —bota zion maltzurki bere semetzakoak—, beste bat aritu da azpisuge.

      —Urdea! —Izan zan Otxanda'ren lenengo itza Bela-Beltz'en adirazpenaz bere senarraz gogoraturik—. Ori al-dek ire apentza, koldar alena? Ez ote dek azalik txarkeria aurrez-aurre ta gizonki egiteko? Ezkututik sartu bear ire aginkada pozoitsua, azpi-suge orrek!

      Pittin bat baretu zanean galdetu zion bere semeari:

      —Nola jabetu aiz kiskil oien asmoaz?

      —Alkarren berri ba'degu ta esango dizut. Zuri prakak erakartzen zaittutenez, narakarte ni ere gonak eta iņun gona konturik ba'da, ez dira urruti nere zankoak. Itz bitan; Agirre'nean mirabe dagon Kattalin adiskide aundia det.

      —Eta Kattalin'ek ziur esan zikan noski.

      —Bai orixe, Agirre'tar senar-emazteak izan zuten asarrealdiaren lekuko izan baitzen. Emazteak etzun nai gurekin alako utsegiterik egin, baņo gure aguretzarrak oso gogor artu zun nunbait Lope, Alostorre'ko ezteikide bakarrek Beltran eta Usoa izango zirala esan omen zion-da bere emazteari.

      —Eztago beraz zuzenbiderik?

      —Ez. Ondotxo dazaut Lope, ta Beltran'i emandako itzari eutsiko dio.

      —Zedozer egin bear diagu bada.

      —Alperrik zabiltza. Eztu amor emango.

      Otxanda'k burua makurtu zun apur bat eta bere baitan bildurik, oldozkor aritu zan bost bat minutu Bela-Beltz aurrean zunik ere gogoratu gabe. Buruan sartu zitzaion apentza bide bat egitea ta etzun etsiko bere etsaiarentzat galgarriren bat sortu gabe. Bat-batean, ollarra kukurruku jotzera dijoan tankeran burua arroxko jaso zun eta bere ortz zuri ederren bitartez irri gaizto bat egiņik, esan zion Bela-Beltz'i:

      —Ez gaituk joango, baņa guri ez otsegiņa amaika bider damutuko zaiek.

      —Zer asmatu dezu?

      —Itziar'ko Ipiola basetxeko koplakaria ezagutzen al-dek?

      —Bai.

      —Oi bezela, bere bertso eztentsu ta irrikotaz maikideak jolasteko ezteietara otsegiņa izango dek.

      —Ala uste det.

      —Ua ba, biar bertan Ipiola'ra, jabetu adi otsegiņa dagonez, eta dakarkidak onontz ainbat laisterren.

      —Ez al-da berdin morroia bidaltzea?

      —Ez; ua erorri. Gauzok, iņork jakin ezik onena.

 

* * *

 

      Agirre-Lardizabal'darren eztei egun bezperan, atera ziran Bidani'tik zalgurdian goizean-goiz Beltran, Usoa ta Migel illuntzerako Deba'ra irixteko asmoz.

      Beltran, gudaria zanez, egun berexitarako oi zun guda jantzi ederrenaz apaindurik joan zan. Txano ta galtzak gorri margozkoak ziran, zillarrezko apainketaz ornituta. Jaka estu orlegi bat gorputzari itsatsita ta soņaren gaņeko estalgarritzat kapusai beltzarana lerro gorriz eta zillarkiz apainduta. Gerritik zintzilik ezpata beltza altzairu margozko zorroan sartuta, gorriz eta urrez margoztutako burua dotore agertuz.

      Migel, alde aundirik gabe Beltran'en tankeratsu jantzita zijoan.

      Usoa, garai artako jantzirik bikaņenaz ederturik joan zan. Adar tankerako buru estalki tontortsua urrez eta sedaz apaindurik zun. Anoka ta mantal zuriak zillarkiz orniturik, gerrialdea ta gonak urdin illunezko oialez eta gona gaņekoa gorri illuna urrez apainduta.

      Amar-amarretan izan zan elizkizuna Deba'ko jauretxe nagusian. Eliz guzia lorez, abarrez eta argiz apaindua zegon ezkongai gaztien zai. Lenengo, mutilla azaldu zan eliz-atarian eta geroxeago neska bere aitaz lagunduta. Deba'ko txistularirik onenak aurrezkuaren txinta alaiak jo zittun eta mutillak iaioki dantzatu emaztegaiaren aurrean. Lagunabarrak, mutillaren liraintasuna eta anka trebetasuna ozenki txalotu zuten eta ondoren, andregaia besotik elduz jauretxean sartu ziran eliz-abesti eztitsuen doņupean.

      Elizkizuna amaitu ondoren, jendea Agirre'ren jauregi aldera asi zan eta eguerdiko amabi-amabitan eman zioten asiera ezteiari.

      Ardo-sagardoak oparotsu zabaldu ziran lenengotik eta ollo-zopa kutsugarriari ekin orduko ba'zan an kanturako ta bertsotarako umorea. Jakirik gogotsuenak, arraikirik piņenak, txerriki, arkume ta egaztirik aboragarrienak etorri ziran bata bestearen ondotik gaurko euskaldunetan orretara gaituenaren sabela lertzeko tankeran. Garai artan etzuten xanpaņik ezagutzen egazti jateari laguntzeko, baņo ardoak neurriz gaņera bete zun arren utsunea.

      Gozokitara eldu ziranean, arratsaldeko bostak inguruan gutxi-gora-bera, Agirre jaunak jendea ixilduazi zun, jai ura alaitzeko ekarritako bertsolariak beren burutapenez eta alkarri zirlka maikideak jolastu zitzaten.

      ĢIgartzaģ ta ĢIpiolaģ bertsolari ospatsuak txalotu zuten leenik Agirre jauna bazkari ura ain naroki eman zulako ta ezkonberriei bizi luze ta zoriontsua opatu zien, Ipiola'k bere ezten zorrotza Jaungoikoa'ren legeak agintzen dun baņo biurriago erabilliz noizik bein.

      Edariak gizona lotsagabetu ta ausarkeriz jazten du, ta berez mingain bizi ta eztenkorra dunari lokarri guziak askatzen dizkio. Alaxe ba, Otxanda'ren diruz irabazitako gizonak parra-parra bota zittun bere bertso eztentsuak, auek lekarkioketen ondorenetan batere oldoztu bage.

 

            Gure artean ba'da

            usotxo txuri bat,

            bera ederrestea

            laket da neretzat.

            Ernio'ko aldetik

            iritxi zaigu bart...

            Itsasoko txoria

            nekez baita lurtar.

 

            Ez litzake berdiņik

            euskal-errietan,

            ez eta antzekorik

            munduaren jiran

            mantxa bat ezpa'luke

            eguen artean.

            Mantxa orren lotsak

            ezkutazi zuan.

 

            Geroztik etzan Deba'n

            bere arrastorik,

            ustekabean orain

            degu etorririk,

            debatarrak aztuta

            zutela etsirik.

            Baņan Deba'n eztago

            ain oroimen txarrik.

 

            Gizonak oi dira maiz

            itxu ta setatsu,

            Alostorre'ko jauna

            ontan da jakintsu.

            Alabaren mantxaz du

            andrea zikindu,

            gizon dollorragorik

            eztet ezagutu.

 

            Seme-alabak laga,

            emaztea utzi,

            Jainkoa'ren legeak

            eztu erakutsi.

            Uztarpea autsita

            nun-nai emazteki...

            Gizon onek ez luke

            bizirik merezi.

 

      Ipiola bertsolariaren ezten edentsuak etzun jarraitu aal izan bere zorna kiratsaz entzuleen belarriak kutsutzen. Beltran'en egonarria mugaratu zan eta bere exerlekutik jaikita, emeki-emeki urreratu zan Otxanda'ren diruak erositako eztarri iguingarri aren ondoraņo. Eldu zun garrondotik bere esku indartsuz gizon kiskil ura ta ardoak gizonari eman oi-dion basakeriak eraginda, lepoa amorruz biurritu zion esanaz:

 

 

      —Emengoetan norbait ilgarri ba'dek, i aiz bat, apotzar ergela, suge pozoiduna!

      Lepoa estutuz ari zitzaiola oraindik, bere eskupekoak abotik odola zeriola nabaitu zun bat-batean Beltran'ek. Nunbait, ustekabean, eztarriko zaiņen bat lertu zion. Ziaro izututa, itzez esanarren ere ezpaitzun koplaria iltzeko asmorik, askatu zittun eskuak gizajoari arnaspide emateko. Berandu izaki ordea. Ipiola bertsolariaren soņak etzun arnas bearrik. Bere biotza geldirik zegon.

      Koplaria illotzik zetzala konturatu zanean jendea, ixilune ikaragarri bat sortu zan areto guzian. Emakume izuti batzuk bakarrik, beren buruaren jabetasunari ezin eutsirik, illotza abotik odolustutzen ikustean, karraxi zoro batzuk egin zittuzten. Maikideen artetik sendagille bat jaiki zan eta illotzaganaņo urreratuz aztertu zun gorputza... Alperrik baņa. Gizonaren eskuak ezer ez zezaketen arengan eta alaxe aditzera eman zien lagunabarrai. Beltran'ek arpegia ziaro zurbildurik eta gorputz guzia dardarretan, jaso zittun begiak zerurantz eta esan zun ozenki:

      —Jaun Altsua, Zuk dakizu naigabe izan dana!

 

Alos-Torrea
Jon Etxaide

Itxaropena, 1950