Onkoteak
Bixente Serrano Izko

Pamiela, 1987

 

 

EZ ETA ISTORIO BAT ERE

 

 

      Se dice que en el mundo hay ahora una mortífera epidemia de palomas... Y el Consejo de la Paz no encuentra por ninguna parte una paloma.

(“Palomas”, León Felipe)

 

 

      Ahitu egiten zen ahantzia eguzkitan eta itzalean. Lore-eskeletoak balkoietan utzirik, balkoi-murrizteak aitzinaldietan zintzilik, etxe-aurrealdeak sabeldun, desitxaropenaren umekinak haziz eta kaleetako perfilak ezdenboraren seme-hondakinez zirriborratuz.

      Denborarik ez jadanik eta espazioa gauzek bertzerik ez zuten neurtzen haien bolumenez, haien pisuez, inork asmatuezin baina errealak elkar zapaltzean. Hilik izanen litzateke hiria, gogoratu ahal izateko inor balitz: baina ahantzia ere ahitzen zen oroimen eza absolutu hartan.

      Giza hezurrak, inork gogoan ezin zuen suak deuseztaturik, hauts fitsak ziren haizeek noraezean eramanik edo kare eta porlanekoekin nahasturik. Giza hautsarik gelditzekoz, hiriko historiaren desagerpena baino ez luke oinarrituko. Eta saparik gabeko materia organikoaren Karbono 14-a sekula ere ezin liteke ezertaz lekukorik izan.

      Hiria han zegoen, mutu eta itsu. Espazioaren jabe, denborarik gabe, eguraldiaren mirabe...

      Kale izenezko plaka bat gehiago erori eta zenbait uhinek aidea zeharkatu zuen... soinu bihurtu ezinik.

      Arratsaldeko eguzki errainu zeiharrak hautsez beteriko beira zati hartan islatu eta bertze zenbait uhinek eguratsa zeharkatu zuen... kolore uher bilakatu ezinik ere.

      Lehen, denbora eta oroimen eta itxaropena oraindik zeudenean, horma batean norbaitek marraztuta zeukan galdera marka bat... Baina, leherketa-edo ondoren, denetaz ahantzia jabetuta gero, galdera marka hura lerro kurbo huts bihurtu zen.

      Dena dela, egia erran, ez zen hiririk, ez etxerik, ez kalerik, ez denborarik, ez eta gauzarik inon ere. Eta inoiz ez zen deus suertatu.

      Heriotza absolutua, “inon ez da ezer gertatu”-ra jauzia delakoz.

 

Onkoteak
Bixente Serrano Izko

Pamiela, 1987