Onkoteak
Bixente Serrano Izko

Pamiela, 1987

 

 

“NON, UR LIMURIA?”

 

 

I

 

      Beti bezala jaiki zen. Ez beranduegi, ez goizegi. Bederatzietan demagun. Bizi zibilizatuaren abluzioak eginda gero —nahiz bere bizimodua “duintasun”-aren maila beheenetariko batean izan—, buru-zoratuta oraindik, kafe zurrupatua gosaldu ahal izan zuen eta kaleratu.

      — Ohizko egunkaria?...

      — Bai!

      — Eskerrik asko... Hartu, hamahiru bostekoak. Gero arte!

      Alde Zaharra, mugida bizian dagoeneko. Udaberri hurbilaren susmatzailea den eguzki hasberriak merkatal kale erdiari poza ematea lortzen dio. Galtzada eta espaloiaren urdin-beltzexkak eguzki eta itzalezko kontrasta aurpegira botatzen du. Gosaldi estetikoa-edo zereginik gabe irten denarentzat, eguzkiaren dei azpikontzienteak —urteko lehen berezko epeltasunaren balore unibertsala eramaten omen duenak— murgildurik ote.

      Ez da gaizki, ez eta ongi ere, sentitzen Gorka. Egun eguzkitsu honen argiaren efektu oharkabea, beharbada. Efektu honek-edo eraginik, eguneroko larrialdietatik at dago. Gorkaren larrialdiak!... Sarritan hain pertsonalki bizi egiten dituenak, baina bertzalde hain orokorrak —ohar edo albaran blok batez ala erosketa poltsaz haren aurrean igarotzen diren guztientzat arruntak—, non inoren gainean deskargatzeko adina garrantzirik ez bait die ematen... Bere ohar pertsonal eta bertzerenduezinak aski zaizkio.

      Dena den, eguzkiaren eragin pean badago ere, ez da alai eta euforiko sentitzeko bezainbat: Gorka piromano izatekotan ere, mehetasun finegiaz izanen litzateke.

      Honela, dena oharkabe, Gorka ere oharkabe. Jendea pasa, bera pasa, espaloia elkarri utzi, banaketa-furgoiak, behar eta ezbeharrezko kontsumoaren bideen nagusi, txuliatzen dituzte automatek bezala: geldo ala zaluak, zintzo ala aldakorrak, loagatik edo ahanzturaren oroipenagatik beltzurituz ala ohiturak emandako axolagabekeriaren inertziagatik keinu zabalaz.

      Bankuez ereinda enparantzara iristen da. Eguzkitan eseri eta egunkariko orrialdeak begiztatzen ditu, deusen gainean gehiegi baratu gabe. Politika foralaz xumeki eta keinurik gabe dibertitu, ganbioz eta nikeleztatu diruxehez koskaturiko bandexetan eskaini nahi dioten Estatu-politikaren interes eskasia jaso, arian ezarian kizkurtzea erabaki, nola langabeen zerrenda berritsuetan bera sartuko duten pentsatuz —zaila izanen ote zaie, oraindik ez baita lanean hasi—, Osasunaz pasa, zinema karteldegiei so egin eta, azkenik, orrialdeak atzerantz itzultzen ditu horoskopoaren bila, lasaitasun eta zentzuaz erreflexionatzeko egun egokia prometatzen diolarik.

      Zigarroa, ke eta gogoetak, helduezin bata eta bertzeak, aurreko teilatu alderantz botatzeko bultzada batek eraginda. Enparantzaren zehar ibilalditxo bat, txakur eta txakur-popinen artean, jaun eta andreen artean, aurre-udaberriko goiz erdiaren ikuste nagi eta ederrezko andereņo eta bizi baina etxeko natura maitemindu duenaren tankera intelektualezko mutil gazteen artean. Txakurrak jolasean ari eta usnatzen dira soropilean barna, platanondoen azpian ala tamarindoak eta altxumak hesten dituzten lurzirkuluetan, beren txurru llabur eta esporadikoez zuhaitzak irri gatuz.

      Etxerantz itzultzen da Gorka, kaleetatik inguraldia eginik. Bere baitan, huts atsegina. Zeinean deus ez baitago gabeziaz, ezta ezertaz ere ez baita ohartzen. Pisurik ez, desio berezirik ez. Hildako gorputz ohartezin bezalatsua, inor eragiten ez duena, inolako zentzumenez ez duelakoz inork nabaritzen.

      Ogia eta, sukalmordoilorik gabe bazkaria prestatzeko, bizpahiru huskeria erosi eta etxera iristen da.

      Eserita, paper eta oharrak mugitu eta ukiberritzen ditu, musikaz ixiltasuna girotu, Siddharta nobelaren atal poetiko bat irakurri eta, presarik gabe, hizki nagi eta zintzoez, bere burua nekarazi gabe dakienaren guritasunaz, idazten jartzen da:

 

                  Berandu ala goizago

            —saski bat isil lepoan—,

            egurats honetatik etorriko da.

                  Oraindik gazte izanen naiz,

            hamaika zimurrek nire urteak ttipiagotu arren,

            biziak eskatu arren, bertzerik ez,

            ni neu jalgitzeko

            haren bila,

            hurrengorik gabe edozein minutu batean.

                  Zumekien artean, isila labainduko

            ta ur limuriak entzumena urtuko dit...

            Ez naiz hilen,

            bizi eginen dut —bat gehiago— biziaren azken zurrumurrua.

 

 

II

 

      Handik bi egunetara aurkitu zuten. Lagun batek, zeinarekin, noizbait, goiz hartarako egoteko hitzartuta ote. Ez zen lagun hura harritu, mindu zen baina, noski. Haren baitan ontzat hartzen behar bazuen ere Gorkak egin ahal zuela, horrela nahi eta egin zuela, ezin zuen jaso, ordea, Gorkak eskubiderik lezanik gainerakoez ez arduratzeko, bere hil moduak inor ez eragiteko eskubiderekin bere burua uste lezanik, indiferentziaren —bare eta argia, jakina, eta ongi eramana, axolagabeko humorez ere, baina indiferentzia azken finean— jabe eta nagusi bakartzat bere burua jo lezanik.

      Kordokatu ziren lagunak, Gorkaren zerraldoari ohizko egokiera ematen ahalegindu zuten, sendagile eta auzitegiari gaztigatu, bertze lagunak deitu, senideko bat aurkitu..., borobila ibiltzen hasi, gertaera hauetarako arautu ajetreo osoa antolatu zen.

      Galderak, oihuak, hilkexak, suposamenduak, negar zotinak, zizpuruak, doluminak...

      Hilautoa, tanatorioa, autopsia, zerraldoren apurketa eta birjosketa, analisiak, irizpideak, sendagile eta epaizko txostenak, hilotz gordelekua...

      Oroitgarri errukitsuak, eskelak, gazetilak gertaera zutabeetan, gaubeila, hileta gizartezko, erlijioso, senideko, erritual eta laguntasun zintzozkoa, arau kulturalen erarakoa...

      Garraioa, dolutaldea...

      Kanposantuaren hil-otoitza, zurrumurruak, hilek jabetzea lortzen inoiz ez duten isilaren aurkako zolen arrastera eta takoikadak, zohi, bidexka, bidezabalen eta arduragabe edo ez-babesturiko hilobi batzuen zapalketa...

      Irekitzen duten nitxo-plaka, historiaurreko gizonaren troglodismo biziaren zibilizatu eta hilezko bertsioaren legez zerraldoari egokiera, zementuz zigilaturiko plaka “Goian Bego" delakoaz, beltzaz marrazturik, inork bereganatu nahi ez duela...

      Eskainitako xingolez koroak, lore sortak, keinu pertsonalez bana banaka botaturiko arrosa eta krabelinak, lerromakurrezko galderakizun mutuak ulertezintasun eta ahalezina —eguratsik izotzgilenean galtzera zigorturik, halere— adierazirik...

      Barne galdera mordoilo kolektibo batek haizea zarrakatu eta uhin oharkaitzak eragin zituen, giza soinu bihurtzen zirelarik:

      — Baina, zergatik?... Honela, inork aurreikusi ahal izan gabe, susmorik jaso arazirik gabe, goibeheraldi edo atsekabeaz seinale rik gabe, haren betiko lasaitasunaz... Bake bila hona etorri be har, bere baitan zuelarik?

 

 

III

 

      Itzultzea erabaki zuen. Hainbertze ajetreo eta hunkimen bere inguruan, hain ontsa zegoenez, aurreko egotaldi ia ausenteaz! Nahi zuenean bertzerik ez zuen bere burua nabari arazten, berekiko inoren dependentzia sortzetik ihes eginik beti. Eta hona hemen nahastakeria hau!... “Konponbiderik ez zegok. Produzitzen ez baduk ere. Ur limuriaren ametsa!...”.

      Bere fantasiatik deseskeki, musikaz berriz adi egon eta arrautzak frijitzen hasi zen.

      Gainera, baldin noizbait benetan erabakiko balu, ez luke horrela eginen, urrun baizik, inor nekaraz ez lezakeelako segurtasunean, burokrazi betebehar hotzez ezik.

      Arrautza frijituen usainak jangura berotu zion eta ogia gantzatu gorringo zurbilegiaz.

 

Onkoteak
Bixente Serrano Izko

Pamiela, 1987