Etxe ganbaraduna

 

I

 

Hau duela 6-7 urte gertatu zen T. probintziako eskualdeetako batean bizi nintzela, Belokurov izeneko etxagun, gizon gazte baten sailetan, zeina oso goiz jaiki eta poddiovkaz jantzirik ibiltzen bait zen, arratsean garagardoa edaten eta kexuka aritzen zitzaidan, eta inon eta inorengan ez zuela begikotasunik aurkitu. Bera jardineko eraikuntzan bizi zen, eta ni oinetxe zaharrean, kolomekiko areto handi batean, non ez bait zegoen inolako altzaririk, lo egiteko erabiltzen nuen diban zabal bat izan ezik, eta mahai bat kartetan bakar-jokuan aritzen nintzena. Han, beti, eguraldi ona egiten zuenean ere bai, aiuri sorgorra entzuten zen estufa zaharretan; eta ekaitzetan etxe osoak dardar egiten zuen eta bazirudien, zatika arrakalatu behar zuela, eta ikara apur bat sartzen zuen, batez ere gauez, bere hamar leiho handi guztiak supituki tximistak argitzean.

        Patuak nagitasun jarraitura kondenaturik, ez nuen ezertxo ere egiten. Ordu luzeak ematen nituen leihotik zeruari, txoriei, pasealekuei begira, postak ekartzen zidan guztia irakurtzen nuen, lo egiten nuen. Batzuetan etxetik irten eta arrats berandura arte noraezean ibiltzen nintzen.

        Behin, etxera nindoala, oharkabean etxalde ezezagun batean sartu nintzen. Eguzkia ezkutatzen eta arratseko itzalak hedatzen ari ziren zekale-soro loretuetan barna. Izei oso garai, estuki elkartu, zaharrezko bi erreskada zeuden, bi murru jarraitu bezala, pasealeku eder goibela eratuz. Hesiaren gainetik aisa salto egin eta ibiltoki honetan barna sartu nintzen, zoruan estalki lodia eratzen zuten izei-orratzetan irristaka. Isil, ilun zegoen, eta goian soilik, erpinetan nonbait, dardar egiten zuen urrezko argi garden batek eta ostarku-koloreak erakusten zituen armiarma-sareetan. Pinu-usaina sarkorra zen. Gero ezkiz inguraturiko pasealeku luze batean barna sartu nintzen. Eta han ere utzikeria eta zaharreria ziren nagusi; aurreko urteko orriek tristeki karrask egiten zuten oinpean, eta inularrean zuhaitz artean itzalak ezkutatzen ziren. Eskuinetara, baratze zaharrean, gogorik gabe, ahots ahulez kantatzen zuen urretxoriak, agian bera ere zaharra zelako. Baina azkenean amaitu ziren ezkiak; terraza eta ganbaradun etxe zuri baten aurretik igaro nintzen hain zuzen eta aurrez-aurre ustekabean jauretxe-atari baten ikusmira agertu zen eta bainu-etxetoekiko urmahel zabal batena, sahats berde ugarirekin, herritxo batekin beste hegian eta kanpandorre garai meharrarekin, gaineko gurutzean sartzen ari zen eguzkia errainutzen zitzaiola. Supituki zerbait hurbilekoa, oso ezaguna zenaren xarma sortu zitzaidan neure baitan, txikitan ikusmira hau berau jadanik ikusi izan banu bezalakoa.

        Harri zurizko ate nagusian, ataritik landarakoan, lehoiekiko ate nagusi zahar sendoan, bi neskatila zeuden. Haietako bat, zaharrena, argala, zuria, oso polita, gaztaina koloreko ile-mataza handi bat buruan, aho txiki setatiarekin, adierazpen zorrotza zeukan eta ozta-ozta zuzendu zuen arreta nigana; besteak, ordea, artean oso gaztea —17-18 urte zituen, gehiago ez— argala eta zurbila ere zenak, aho handiarekin eta begi handiekin, harriduraz begiratu zidan aurretik igarotzean, esan zuen zerbait ingelesez eta aztoratu egin zen, eta iritzi nion, bi aurpegi txanbelin hauek aspaldidanik ezagunak zitzaizkidala. Eta amets eder bat izan banu bezalako sentsazioarekin itzuli nintzen etxera.

        Handik egun batzutara, eguerdi aldera, Belokurov eta biok etxearen inguruan paseatzen ari ginela, ustekabean, belarretan zarata eginez, baleztekiko orga bat sortu zen atarira, bi neskatiletako bat zekarrela. Zaharrena zen. Suskripzio-orri batekin zetorren suteak kalte egindako batzuen aldeko eskean. Begiratu gabe, serioski eta xehetasunez kontatu zigun zenbat etxe erre ziren Sijanoveko herrian, zenbat gizon, emakume eta haur geratu ziren aterperik gabe eta hasteko suteak kalte egindakoen aldeko batzordea antolatzeko asmoa nola zuten, bera bertako kide zelarik. Suskripzioa egiteko aukera emanik, gorde zuen orria eta berehalaxe adio esateari ekin zion.

        — Erabat ahazturik gauzkazu, Piotr Petrovitx —esan zion Belokurovi eskua luzatuz—. Zatoz bisita egitera eta monsieur N.-k (nire deitura esan zuen) bere talentuaren miresleak nola bizi diren ikusi nahi badu eta bisita egiten badu, ama eta biok oso pozik jarriko gara.

        Gur egin nion.

        Alde egin zuenean, Piotr Petrovitx berri ematen hasi zitzaidan. Neskatila hau, bere hitzetan, familia onekoa zen eta Lidia Voltxaninova zeritzon, eta ama eta ahizparekin bizi zeneko etxaldeak, bere baitan hegiaz bestaldeko herritxoa ere bazeukanak Xelkovka zuen izena. Aitak behiala garrantzizko postua izana zuen Moskun eta kontseilari pribatu graduarekin hila zen. Modua zuten arren Voltxaninov familia atergabe herrian bizi ziren, uda eta negu eta Lidia Xelkovako baserri-eskolan maistra zen eta 25 errublo kobratzen zituen hilean. Bere beharrizanetan diru hau besterik ez zuen gastatzen eta harro zegoen bere ahaleginez bere kontura bizi zelako.

        — Familia interesgarria da —esan zuen Belokurovek—. Agian bertara joan beharko genuke halakoren batean. Oso poztuko dira zu ikusteaz.

        Jaiegun batez, bazkal ostean, Voltxaninov-tarrez oroitu ginen eta Xelkovkara joan ginen..Ama eta bi alabak etxean zeuden. Ama, Ekaterina Petrovna, itxuraz garai batean ederra izana, orain paustel zegoen baina ez urteengatik, disneaz gaixo eta goibel, barreiatu, eta nirekin pinturari buruz hitzegiten ahalegintzen zen. Alabarengandik jakinik, agian Xelkovkatik pasatuko nintzela Moskun ikusitako nire paisaietako bizpahiru presaka gogoratu zituen eta beraiekin zer adierazi nahi izan nuen galdezka ari zitzaidan. Lidiak, edo Lidak etxean deitzen zutenez, nirekin baino gehiago hitzegiten zuen Belokurovekin. Serio, irribarrerik egin gabe, herri-bileran zergatik ez zen sartzen galdetzen zion eta ordura arte zergatik ez zuen behin ere herri-bileran esku hartu.

        — Ez dago ongi, Piotr Petrovitx —esaten zion ahakar eginez—. Ez dago ongi. Lotsagarria da.

        — Egia da, Lida, egia —berresten zuen amak—. Ez dago ongi.

        — Barruti osoa Balaginen eskuetan dago —jarraitu zuen Lidak niregana zuzenduz—. Bera da biltzarraren lehendakari eta barrutiko kargu guztiak bere iloba eta koinatuen artean banatzen ditu eta gogoak ematen diona egiten du. Burruka egin beharra dago. Gazteriak partidu indartsu bat eratu beharko luke, baina ikusten duzu nolako gazteria dugun. Lotsagarria da, Piotr Petrovitx.

        Ahizpa txikia, Zhena, herri-biltzarreaz ari ziren bitartean, isilik zegoen. Ez zuen parte hartzen elkarrizketa serioetan, familian artean ez zuten nagusitzat hartzen, eta txikia zenez, Misius deitzen zuten, txikitan hala deitu izan ziolako institutoresatzat eduki zuen missari. Denbora guztian jakinminez begiratu zidan eta, argazkien albumari begira nengoela, argitzen zidan: «Hau osaba da... Hau aita pontekoa da», eta hatza erabiltzen zuen argazkian zehar eta bitartean haurkiro ukitzen ninduen bere sorbaldaz eta hurbiletik ikusi ahal izan nion bular ahul garatugabea, sorbalda estuak, ilekorda eta gorputz argala, gerrikoaz hertsiki estekatua.

        Kroketean eta lawn-tennis-ean jokatu, jardinean paseatu, tea hartu genuen, gero afari luzea egin genuen. Kolomekiko areto huts izugarriaren ondoren oso gogara aurkitzen nintzen etxe txiki eroso honetan, non ez bait zegoen oleografiarik hormetan eta «zuka» hitzegiten bait zitzaion zerbitzuari, eta guztiari gazte eta garbi bait neritzon Lida eta Misiusen presentziari esker, eta guztiari jatortasuna bait zerion. Afal ostean Lidak berriro herri-biltzarraz hitzegin zuen Belokurovekin, Balaginez, eskola-liburutegiez. Neskatila bizi, zinezko, sineste sendoko, eta interesgarria zen berari entzutea, nahiz eta asko eta ozenki hitzegiten zuen, behar bada, eskolan hitzegitera ohiturik zegoelako. Aldiz, nire Piotr Petrovitx, bere ikasle-garaietatik elkarrizketa oro eztabaida bihurtzeko ohitura hartua zuena, gogogabe, luze eta aspergarriro ari zen hitzegiten, azkarra eta irekiarena egiteko desira nabariarekin. Besoez keinuka ari zela, saltsontzia irauli zuen eskukada batez eta zamauan mantxa handi bat agertu zen, baina nitaz aparte, agi zenez, inor ez zen hartaz ohartu.

        Etxera itzultzen ari ginela, dena ilun eta isil zegoen.

        — Heziera ona ez da saltsa zamau gainera ez botatzea, baizik eta ez begi ematea, norbaitek hori egiten badu —esan zuen Belokurovek hasperenka—. Bai, familia jator, burutsua da. Bai atzeratua nagoela jende onarengandik! Bai atzeratua! Izan ere, lana, lana besterik ez dute egiten! Lana!

        Zenbat lan egin behar den esaten zuen, nekazari eredu izan nahi bada. Nik pentsatzen nuen: Hau mutil astun eta nagia! Zerbait serioaz hitzegiten zuenean, nekeaz tira egiten zion «e-e-e-e» hotsari, eta hitzegiten zuen bezala lan egiten zuen —astiro eta arrastaka, tarteak ezabatuz. Nik gutxi sinesten nuen haren langiletasunean, zeren eta postara eramateko eman nizkion gutunak, zenbait astetan patrikan eduki bait zituen.

        — Makurrena zera da —marmar egin zuen, nire alboan zihoala makurrena da lan egiten duzula eta ez duzula inorengan begikotasunik aurkitzen. Begikotasun apurrik ere ez!

 

 

II

 

Voltxaninov familia bisitatzen hasi nintzen. Terrazako behemailan esertzeko ohitura nuen; ondoeza sentitzen nuen neure buruarekiko eta tamalgarri zitzaidan neure bizitza, hain bizkor eta interesgabe ari bait zen igarotzen, eta beti pentsatzen nuen bularretik bihotza erauztea komeni zitzaidala, hain astuna zitzaidanez gero. Bitartean terrazan hizketan ari ziren, soinekoen fris-frasa entzuten zen, liburuen orri-iraulketa. Laster ohitu nintzen Lidak egunean zehar gaixoak hartzera, liburuskak banatzera eta sarritan herrira joatera buruhas, euritakoz babesturik, eta arratsean ozenki herri-bileraz, eskolaz hitzegitera. Neskatila mehe, eder, beti zorrotz hau aho txiki txairoki marraztuarekin, gauza praktikoei buruz hitzegiten hasten nintzen bakoitzean, lehor esaten zidan:

        — Horrek ez du interesik zuretzat.

        Ez nintzaion begiko. Ez ninduen maite, zeren paisajista izaki, ez bait ditut adierazten koadroetan herriaren premiak eta, agi zenez, axolakabe agertzen bait nintzen berak hain irmoki sinesten zuenarekiko. Gogoan dut, Baikal lakuaren hegitik nindoala, nola topo egin nuen alkandora eta larruzko frakak jantzirik, zaldi gainean zihoan Buriatiako neskatila batekin; galdetu nion ea ez al zidan saldu nahi bere pipa eta hizketan ari ginen bitartean, mesprezuz begiratu zien nire europar aurpegiari eta kapelari, eta handik apur batera aspertu zen nirekin hitzegiteaz, alarau egin eta trostan alde egin zuen. Eta Lidak ere era berean mesprezua zion nire baitako arrotzari. Inoiz ez zuen agerian adierazten nireganako gaitzerizkoa, baina sentitu egiten nuen, terrazaren behe-mailan eserita, herrarekin esaten nuen neure baitarako medikua izan gabe baserritarrak sendatzea, haiei iruzur egitea zela eta erraza dela ongile izatea norbera bi mila hektarearen jabe denean.

        Misius, haren ahizpak, ordea, ez zuen inolako egitekorik eta bere bizitza nagitasun osoan pasatzen zuen, nik bezala. Goizean jaiki orduko hartu liburua eta irakurtzeari egiten zion, terrazako besaulki sakon batean eserita, lurra oinez ozta-ozta ukitzen zuela, edo liburu batekin ibiltzen zen ezkien ibilpidean, edo ate nagusitik landara irteten zen. Egun osoa irakurtzen ematen zuen, gutiziaz liburuari begira, eta batzuetan begirada nekatzen eta sorgortzen zitzaiolako eta aurpegia zurbiltzen bakarrik igartzen zitzaion irakurketa horrek zenbateraino garunak aunatzen zizkion. Iristen nintzenean, bera, ni ikustean, gorritu piska bat, utzi liburua eta bizitasunez, bere begi handiez aurpegira begiratuz, gertatuaren berri kontatzen zidan: esaterako, zerbitzarien gelan gedarrak su hartua zuela edo langile batek arrain handi bat harrapatua zuela urmahelean. Astegunetan normalean atorra argia eta gona urdin-iluna erabili ohi zituen soinean. Elkarrekin paseatzen genuen, gereziak hartzen genituen marmeladatarako, txalupan ibiltzen ginen, eta geriza bat hartzeko salto egitean edo arraunei eragitean, mahuka laburretan zehar beso mehe, ahulak gardentzen zitzaizkion. Beste batzuetan nik bozeturen bat egiten nuen eta bera alboan geratu eta liluraz begiratzen zidan.

        Uztailaren amaierako igande batean Voltxaninoven etxaldera iritsia nintzen hamarrak aldean. Parkean nenbilen, etxetik urrun samar, perretxiko bila, oso ugari bait zeuden uda hartan, eta seinaleak ezartzen nituen haien ondoan gero Zhenarekin batera biltzeko. Haize epelak jotzen zuen. Ikusi nuen, Zhena eta ama, biak jaietako jantziekin, elizatik etxera zihoazela, eta Zhenak kapelari eusten ziola haizearen kontra. Gero terrazan tea nola hartzen zuten entzun nuen.

        Niretzat, zereginik gabeko gizona izaki, neure atergabeko jaia zuribidetu nahirik, geure sailetan emandako udako igande-goiz horiek erakarmen aparta zuten. Jardin berdea, artean ihintzez bustia, eguzkitan dirdirka eta zoriontsu dirudienean, etxearen inguruari erreseda eta oleandro usaina darionean, neska-mutilek elizatik itzuli eta jardinean tea hartzen dutenean, eta guztiak hain apain jantzirik eta alai daudenean, eta jakin dakizunean pertsona osasuntsu, ongi janaritu, eder hauek egun osoan zehar ez dutela ezer egingo, bizitza osoa horrelakoa izatea nahiko zenuke. Eta orain horretantxe pentsatzen ari nintzen ni eta jardinean paseatzen, zereginik eta norakorik gabe ibiltzeko prest, egun osoan, uda osoan.

        Zhena otarre batekin etorri zen; haren aurpegikerak adierazten zuen bazekiela edo sentitzen zuela jardinean aurkituko ninduela. Perretxikoak biltzen eta hizketan ari jardun genuen, eta zerbait galdetzen zidanean, aurrekaldean jartzen zitzaidan aurpegia ikusteko.

        — Atzo gure herrian miraria gertatu zen —esan zuen—. Pelageia herrenak urte osoa zeraman gaixorik, ez zegoen lagunduko zion medikurik ez botikarik, eta atzo atso batek txutxuputxu egin eta pasa egin zitzaion.

        — Ez da gauza handia —esan nion—. Ez dira mirariak gaixoen eta atsoen inguruan soilik bilatu behar. Osasuna bera ez al da mirari? Eta bizia bera? Ulertzen ez den mirari da.

        — Eta ez al zaitu ikaratzen ulertzen ez duzunak?

        — Ez. Ulertzen ez ditudan fenomenoei aurre egiten diet eta ez natzaie makurtzen. Haien gainetik nago. Gizonak jakin behar du lehoien, tigreen, izarren gainetik dagoela, naturan dagoen guztiaren gainetik, baita ulertzen ez denaren eta mirarizkoa dirudienaren gainetik ere, bestela ez da gizona, sagu ikaratia baizik.

        Zhenak uste zuen, nik, artista nintzenez, asko dakidala, eta ez dakidana seguraski igarri egin dezakedala. Betierekoa eta ederraren erresumara gida nezan nahi zuen, mundu garai horretara, non, bere iritziz, ni bere gizon bait nintzen eta berak Jainkoaz, betiereko bizitzaz, mirariez hitzegiten bait zuen. Eta nik, ni eta nire irudipena betiko ezabatuko ginen etsipena azaltzera ausartu gabe, erantzun nion: «Bai, gizakiok hilezkorrak gara», «bai, betiereko bizitza itxaroten daukagu». Berak entzun, sinetsi eta ez zidan frogarik eskatzen.

        Etxera gindoazela, bapatean gelditu eta esan zuen:

        — Gure Lida miresgarria da. Ez al da egia? Biziki maite dut eta edozein unetan emango nuke bizia bere alde. Baina esaidazu —Zhenak hatzaz ukitu zidan mahuka— zergatik ari izaten zara beti eztabaidan berarekin? Zergatik haserretzen zara?

        — Ez duelako arrazoirik.

        Zhenak ezetz esan zuen buruari eraginez eta malkoak agertu zitzaizkion begietara.

        — Bai ulergaitza dela hori! —esan zuen.

        Orduan Lida nonbaitetik itzuli berria zen eta zutik zegoen eskaratzaren ondoan zartailua eskuetan zuela, tente, eder, eguzkiaren argitan, langile bati zerbait agintzen. Presaka eta ozenki hitzeginez bizpahiru gaixo hartu zituen, itxura maratz, kezkatuarekin geletan zehar ibili, armairu bat eta bestea irekiz, sartu zen ganbaran, luzaroan bilatzen eta bazkaltzeko deika ibili zitzaizkion, eta zopa zerbitzatu zigutenean iritsi zen. Xehetasun txiki guzti hauek zedozergatik gogoratzen eta maite ditut, eta egun guzti hau biziki gogoratzen dut, ezer berezirik gertatu ez bazen ere. Bazkal ostean Zhenak irakurtzeari ekin zion, besaulki sakonean etzanik, eta ni terrazaren maila beherenean eseri nintzen. Isilik geunden. Zeru guztia lainoz estali zen eta euri xehe bakana hasi zuen. Bero egiten zuen, haizea aspaldian bareturik zegoen, eta egun hark ez zuela inoiz amaitu behar ematen zuen. Ekaterina Pavlovna irten zitzaigun terrazara, loguratsu, abanikuarekin.

        — Oh, ama —esan zion Zhenak eskuan mun egunez— kalte egiten dizu egunez lo egiteak.

        Adoratu egiten zuten elkar. Bata jardinera irteten zenean, besteak terrazan geratu, eta zuhaitzei begira, oihu egiten zuen: «Aizu, Zhena!» edo «Amatxo, non zaude?» Beti elkarrekin errezatzen zuten, gauza bera sinesten zuten eta ongi ulertzen zuten batak bestea isilik zeudenean ere. Jendearekin ere era bereko harremanak zituzten. Ekaterina Pavlovnak laster egin zuen nirekiko ezagupidea eta zaletu zen nigana, eta bizpahiru egunetan agertzen ez nintzenean osasunez nola nenbilen jakiteko agintzen zuen. Berak ere suharki begiztatzen zituen nire bozetuak eta Misiusek bezalako berritsukeria eta zintasunez kontatzen zidan gertatzen zena, eta sarritan etxeko bere isilpekoen berri ematen.

        Errespetoa zion alaba nagusiari. Lida ez zen inoiz maitabera agertzen, gauza serioez soilik hitzegiten zuen. Bera bizitza berezia egiten zuen eta amarentzat eta ahizparentzat izaki sakratu eta misteriotsua zen, marinelentzat beti bere ganbarotean eserita egoten den almirantea bezalakoa.

        — Lida gurea pertsona miresgarria da —esaten zuen sarritan amak—. Ez al da egia?

        Eta orain, zirimiria ari zuen bitartean, Lidaz hitzegiten ari ginen.

        — Pertsona miresgarria da —zioen amak ahapeka hitzeginez, beldurrez ingurura begira: —Oso bakan aurkitzen dira bera bezalakoak, baina, egia esan, apur bat kezkatzen hasita ere banago. Eskola, botikak, kartilak —guzti hori ongi dago, baina hainbesteraino? Dagoeneko baditu hogeitalau urte, bere buruaz serioski pentsatzen hasteko garaia. Kartila eta botika eta abarrekin ez da ikusten bizitza nola doan.. . Ezkondu beharra du.

        Zhenak, irakurketarengatik zurbil, orraztu lorrinduarekin, burua jaso eta bere buruarekin hitzegingo balu bezala, amari begiratu zion:

        — Amatxo, guztia Jainkoaren borondatearen baitan dago!

        Eta berriro irakurketan murgildu zen.

        Iritsi zen Belokurov bere poddiovka eta alkandora brodatuarekin. Kroketean eta tenisean jokatu genuen, gero, ilundu zuenean, luzaroan afaldu genuen, eta Lidak berriro hitzegin zuen eskolez eta Balaginez, barruti guztia bere eskuetan zeukanaz. Gau hartan Voltxaninoven etxetik irtetean jai-egun luze-luzea pasatu izanaren sentsazioa neukan eta guztia, denik luzeena dela ere, mundu honetan amaitzen den kontzientzia goibela. Zhenak ate nagusiraino lagundu gintuen, eta agian, egun osoa goizetik gauera arte elkarrekin eman genuelako, bera gabe gogaitak abailduko ninduela sentitu nuen eta familia atsegin guzti hura hurbileko zitzaidala. Eta uda osoan lehen aldiz sentitu nuen pintatzeko gogoa.

        — A zu, zergatik daramazu hain bizimodu arrunt eta aspergarria? —galdetu nion Belokurovi etxe gindoazela— Nirea arrunta, astuna, monotonoa da, artista naizelako, arraroa, txikitatik inbidiak zirikatua, neure buruarekiko ondoezak, egiten dudanarekiko federik gabea, beti behartsu eta arlotea. Baina zu osasuntsua, normala, etxejauna, handikia zara —zergatik bizi zara hain interesgabeki, zergatik baliatzen zara hain gutxi bizitzaz? Zergatik, esaterako, ez zara orain arte maitemindu Lidaz edo Zhenaz?

        — Beste emakume bat maite dudala ahazten duzu —erantzun zuen Belokurovek.

        Hau esatean Hubov Ivanovna bere adiskideaz ari zen, berarekin jardin aldeko etxe-hegalean bizi zenaz. Egunero ikusten nuen dama mardul, izugarri, bikain, antzare baten modura gizendu hau jardinean paseatzen, errusiar erara koilarez jantzia, beti euritakopean eta zerbitzariak txitean-pitean jatera edo tea hartzera deitzen zuena. Hiru bat urte lehenago alokatua zuen landetxearen geletako bat, eta horrela utzi zion Belokuroven etxean bizi izateari, agi denez, betiko. Emakumea hamar urte zaharragoa zen eta hurbiletik gidatzen zuen, hainbesteraino, non etxetik alde egin nahi zuenean baimena eskatu behar izaten bait zion. Emakumeak sarritan zotinga egiten zion gizon-ahotsarekin, eta orduan norbaiti esanerazten nion, isiltzen ez baldin bazen, alde egingo nuela gelatik eta isildu egiten zen.

        Etxeratu ginenean, Belokurov dibanean eseri zen kopetilun jarri eta bere gogoetetan mugildu zen, eta ni aretoan harat-honat hasi nintzen maiteminduaren asaldura isila sumatuz. Voltxaninov familiaz hitzegin nahi nuen.

        — Lidak landa-biltzarreko funtzionari bat soilik maita lezake, bera bezala ospitale eta eskolez arduraturik dagoen batekin —esan nuen—. Baina hori bezalako neska batengatik merezi du landa-biltzarreko funtzionari bihurtzea, baita burdinazko oinetakoak maiztea ere, ipuinak dioenez. Eta Misius? Bai xarmangarria dela Misius hori!

        Belokurovek «e-e-e» luzaz arrastatuz mendearen gaitzaz —pesimismoaz— hitzegin zuen. Sinetsirik hitzegiten zuen eta norbaitekin eztabaidatu nahi balu bezalako tonuan. Estepa mortu, kiskali eta monotonoko ehun verstak ez dute hainbesteko abaildura sortzen, nola gizon batek eseri, hitzegin eta noiz alde egin ez dakienean.

        — Gauza ez da pesimismoa edo optimismoa —esan nuen sumindurik— baizik eta ehun pertsonatarik laurogeitahemeretzi inozoak izatea.

        Belokurovek beretzat hartu zuen, mindu eta alde egin zuen.

 

 

III

 

— Maloziomovon dago printzea eta goraintziak bidaltzen dizkizu —esan zion Lidak amari, nonbaitetik zetorrela eta goanteak erantziz—. Gauza interesgarriak kontatu ditu... Agindu du berriz egingo duela galde bat probintzi biltzarrean Maloziomovoko sorospen-postuaz, baina ez omen dago itxaropen handirik. —Eta nigana itzuliz esan zuen: —Barkatu. Beti ahazten zait hau ez dela interesgarri zuretzat.

        Sumina sentitu nuen.

        — Zergatik ez da interesgarria? —galdetu nuen sorbaldak uzkurtuz—. Zuri ez zaizu axola nire iritzia jakitea, baina auzi hau biziki interesatzen zait.

        — Bai?

        — Bai. Nire iritziz, Maloziomovon ez da sorospen-posturik behar. Nire sumina kutsatu egin zitzaion; begiratu, begiak ñarrotu eta galdetu zidan:

        — Zer behar da orduan? Paisaiak?

        — Ezta paisaiarik ere. Han ez da ezer behar.

        Amaitu zuen goanteak eranztea eta postarekin batera ekarria zuten egunkaria zabaldu zuen; handik minutu batera esan zuen ahapean, nabari zenez, bere buruari eutsiz.

        — Joan den astean Anna hil zen erditzekoan, eta sorospen-postu bat egon balitz hurbil, orain bizirik egongo zatekeen. Eta paisaialari jaunek, nik uste, ideiaren batzuk izan beharko lituzkete gai horri buruz.

        — Gai horri buruz oso ideia zehatzak ditudala aitortzen dizut —erantzun nion. Bera egunkariaren atzean ezkutatu zen, entzun nahi ez balu bezala—. Nire ustetan, sorospen-postuak, eskolak, liburutegiak, botikak, oraingo baldintzetan jendea esklabutzeko baizik ez dute balio. Herriari katea sendoz loturik dago eta zuek katea hau kendu beharrean, maila berriak eransten dizkiozue —horra nire ideia.

        Begiak nigana jaso eta isekaz irribarre egin zuen eta nik neure pentsamendu nagusiari tankera ematen ahalegindu nintzen:

        — Garrantzizkoa ez da Anna erditzerakoan hiltzea, baizik Anna, Mavra, Pelageia horiek goizean goizetik hasi eta iluntzera arte bizkarra makurturik daudela, lan gehiegiz gaixotzen direla, bizitza osoan dardarka daudela beren seme-alaba gosekil eta gaixotuengatik, bizitza osoa heriotza eta gaixotasunekin burrukan ari izaten direla, bizitza osoa botikak hartzen ematen dutela, goiz belaskatzen direla, goiz zahartzen direla eta lokatza eta lohi artean hiltzen direla; eta seme-alabek, haztean, lelo zaharrari egiten diote berriro eta honela igarotzen dira ehun urte, eta milaka pertsona abereak baino okerrago bizi dira ogi zati baten eske eta atergabeko izularritan. Egoera honen alderdi lazkarria beren ariman ezin pentsatu izatea da, bere antz eta irudia ezin gogoratu izatea da; gosea, hotza, izu aberetiarra, lan abailgarria, jarduera izpiritualerako, hain zuzen gizona eta animalia bereizten dituenerako, bizitzak merezi duen bakarrerako bide guztiak itxi dizkieten elur-jauziak dira. Zuek ospitale eta eskoletan laguntzen diezue, baina horiekin ez dituzue kateetatik askatzen, alderantziz baizik, gehiago esklabutzen dituzue, zeren aurreritzi berriak sartzen bait dizkiezue bizitzan, beharrizanen kopurua handitzen diezue, eta esan beharrik ez dago kartila eta beste huskeriengatik landa-biltzarreari ordaindu behar diotela eta horrek esan nahi du bizkarra gehiago makurtu behar dutela.

        — Ez dut zurekin eztabaidarik nahi —esan zuen Lidak egunkaria beheratuz—. Lehenago ere entzuna daukat hori. Gauza bakar bat esango dizut: ezin liteke besoak gurutzaturik jarraitu. Egia da ez dugula gizadia salbatzen, agian, gauza askotan huts egiten dugula eta ahal duguna egiten dugu, eta arrazoia dugu. Kulturadun pertsonaren egitekorik garai eta sakratuena lagunurkoa zerbitzatzea da eta ahal dugun bezala zerbitzatzen saiatzen gara. Zuri ez zaizu atsegin, baina ezina da guztien gogoko izatea.

        — Arrazoia duzu, Lida, arrazoia duzu —esan zuen amak. Lidaren aurrean kikildu eta hitzegitean urduri begiratzen zion zerbait alferrikakoa edo zentzugabea esango balu bezala; eta ez zion inoiz kontra egiten, beti ados zegoen: arrazoia duzu, Lida, arrazoia duzu.

        — Nekazarien alfabetakuntza, kontseilu eta esaera inozoekiko kartilak eta sorospen-postuek ezin dute ezjakintasuna ez hilkortasuna gutxitu, zure leihoetatiko argiak jardin eskerga hau argitu ezin duen bezalaxe —esan nuen—. Zuek ez duzue ezer ematen, zuek jende honen bizitzan nahastuz beharrizan berriak, lanerako zio berriak sortzea besterik ez duzue egiten.

        — Ah, Jainko maitea, baina zerbait egin beharra dago! —esan zuen Lidak haserre, eta bere tonutik nabari zitzaion nire eritziak hutsaltzat jotzen zituela eta mesprezua ziela.

        — Askatu beharra dago jendea lan fisiko lotsagarritik —esan nuen—. Uztarria arindu behar zaie, arnaspidea eman ez dezaten bizitza osoa estufaren, mahaiaren edo soroan pasa, eta astia izan dezaten bere ariman, Jainkoagan pentsatzeko, beren ahaltasun izpiritualak burutzeko. Gizon ororen deia jarduera izpiritualean bizitzaren zentzua eta egia atergabe bilatzea da. Egizue alferrikako beraientzat lan ziztrin eta aberetiarra, emaiezue libre sentitzeko aukera, eta orduan ikusiko duzue zeinen irrigarri diren kartila eta ospitale horiek. Gizonak egiazko bere deia ezagutzen duenean, erlijioak, zientziek, arteek bakarrik asetzen dute eta ez inozokeria horiek.

        — Lanetik askatu! —irribarre egin zuen Lidak—. Litekeena al da gero?

        — Bai. Har ezazue zuen gain dagokizuen lan-arloa. Baldin eta gu guztiok, hirian eta herrian bizi garenok, guztiok salbuespenik gabe, gizadiak, orohar, bere beharrizan fisikoak asetzeko egiten duen ahalegina guztien artean banatzean ados jarriko bagina, orduan gutako bakoitzari, behar bada, egunean bizpahiru ordu bakarrik egokituko litzazkioke. Demagun gu guztiok, aberats eta behartsuok, egunean hiru ordu besterik ez dugula lan egiten eta denboraren gainerakoa libre daukagula. Demagun, gainera, geure gorputzaren baitan gutxiago egoteko eta lan gutxiago egiteko, lana egiten duten makinak eskuratzen ditugula, gure beharrizanen kopurua gutxienera mugatzen ahalegintzen garela. Geure burua, geure seme-alabak, zaildu egingo genituzke, hotza, gosearen kontra burruka egin behar izan ez dezaten eta ez ginateke atergabe haien osasunarengatik ikaratan egongo, Anna, Mavra eta Pelageia ikaratan egoten direnez. Demagun; ez dugula botikarik hartzen, ez dugula farmaziarik, ez tabako-lantegirik, ez destilatokirik —zenbat denbora libre izango genukeen azken finean! Guztiok batera asti hori zientzia eta artetan emango genuke. Noizbehinka baserritarrek auzolanean bidea urratzen duten bezala, gu guztiok ere batera, auzolanean egia eta bizitzaren zentzua bilatuko genituzke, eta —sinetsirik nago honetaz— egia berehalaxe aurkituko litzateke, gizonak bere burua jaregingo luke beldurrari dion beldur atergabe, mingarri eta zapaltzaile horretatik, eta baita heriotzetik beretik ere.

        — Zeure buruarekiko kontraesanean zaude —esan zuen Lidak—. Zientzia, zientzia esaten ari zara, baina alfabetakuntza ukatzen duzu.

        — Alfabetakuntza, tabernetako letrauneak eta ulertzen ez duen kartilaren batzuk bakarrik irakurtzeko aukera duenean, alfabetakuntza hori Rurikoren garaietatik badugu gure artean; Gogolen Petruxkak ere aspaldidanik irakurtzen du, baina baserriak gaur egun ere Rurikoren garaietan zena hura bera izaten jarraitzen du. Ez da alfabetakuntza behar, baizik eta gure ahaltasun izpiritualak zabal garatzeko. Ez dugu eskolarik behar, unibertsitateak baizik.

        — Zuk medikuntza bera ere ukatu egiten duzu.

        — Bai. Gaixotasunak, naturaren fenomeno diren heinean, ikertzeko bakarrik beharko litzateke, baina ez sendatzeko. Zeren sendatu beharrekoak ez bait dira gaixotasunak, beraien kausak baizik. Ken bedi kausa nagusia —lan fisikoa—, eta ez da izango gaixotasunik. Ez dut onartzen sendatzen duen zientziarik —jarraitu nuen gartsuki—. Zientziak eta arteak, benetakoak direnean, ez dira ahalegintzen denborazkoak eta helburu partikularrak direnen atzetik, baizik eta betiereko eta orokorrarenetik baizik —egia eta bizitzaren zentzua bilatzen dute, Jainkoa, arima bilatzen dute, eta uneko beharrizan eta eskakizunetara lotzen dituztenean, farmazia eta liburutegietara bizitzari eragozpenak eta trabak jartzea besterik ez dute egiten. Mediku, farmazilari, legegizon asko dugu, irakurtzen eta idazten dakien asko ere badago, baina ez dugu batere biologorik, matematikalaririk, filosoforik, poetarik. Gogamen guztia, energia izpirituak guztia beharrizan denborazko, iragankorrak asetzeko erabiltzen da... Jakitunek, idazleek eta artistek eginahalean egiten dute lana, eta beraien onginahiari esker bizitzako erosotasunak egunean egunean hazten dira eta gorputzaren eskakizunak ugaldu egiten dira, bitartean egia urrun geratzen da, eta gizonak lehengoa izaten dirau: animalietan harrapariena eta lohiena eta guztiak adierazten du gizadiak bere gehiengoan endakatu egin dela eta erabat galdu duela bere bizi-gaitasuna. Baldintza hauetan artistaren bizitzak ez du zentzurik eta zenbat eta talentudunagoa den, hainbat eta estrainioagoa eta ulergaitzagoa da haren egitekoa, zeren kontrola lortzen duelarik, animalia harrapari lohi baten olgetarako lan egiten baitu, ezarritako ordenuari eutsiz. Nik ez dut lanik egin nahi eta ez dut lanik egingo... Ez da ezer beharrezko, doala guztia pikotara!

        — Misiuska, irten zaitez hemendik —esan zion Lidak ahizpari, agi denez nire hitzak hain neskatila gaztearentzat kaltegarritzat zeuzkalako.

        Zhena tristeki ahizpari eta amari begiratu eta irten egin zen.

        — Gauza desatsegin horiek norbere axolagabekeria zuribidetu nahi denean esaten dira sarritan —esan zuen Lidak—. Ospitale eta eskolei erasotzea irakastea eta sendatzea baino errazagoa da.

        — Egia da, Lida, egia da —onartu zuen amak.

        — Lanik ez egitearen mehatxua egiten duzu zuk —jarraitu zuen Lidak—. Agi denez, garrantzi handia ematen diozu zeure lanari. Utz diezaiogun eztabaidari, ez baikara inoiz ados jarriko, izan ere zuk hainbesteko mesprezuz aipatu dituzun liburutegi eta farmazietako eskasena, nik munduko paisaia guztien gainetik jarriko nituzke. —Eta supituki, amarengana zuzenduz, zeharo bestelako tonu batez esan zion: —Printzea asko argaldu da eta oso aldatua dago gurean egon zen azkeneko alditik. Vichyra bidaltzen dute.

        Amarekin printzeaz hitzegiten zuen, nirekin ez hitzegitearren. Aurpegia sutan zeukan eta ondoeza ezkutatzeko ahalik eta gehien makurtu zen mahaiaren gainera, bistalaburra bait litzan, kazeta irakurtzen ari balitz bezalako itxurak eginez. Nire presentzia higuingarri zitzaion. Agur esan eta etxera itzuli nintzen.

 

 

IV

 

Aurreko ataria isilik zegoen; urmahelaz bestaldeko baserria lotan zegoen, ez zen argi bakar bat ere ageri eta urmahelean izarren errainu zurbila bakarrik isladatzen zen. Lehoiekiko ate nagusian Zhena zegoen zirkinik egin gabe, niri itxaroten, laguntzeko.

        — Guztiak lotan daude baserrian —esan nion, ilunpetan aurpegia ikusteko ahalegina eginez, eta nigan tinkaturiko begi ilun hitsak ikusi nituen—. Tabernaria eta zaldi-ebaslea lasai daude lotan, gu, prestuok, elkarrekin eztabaidan eta haserre gabiltzan bitartean.

        Abuztuko gau goibela zen, goibela, zeren dagoeneko udazken usaina hartzen bait zen; purpurazko hodei batek estalirik ilargia irteten ari zen eta ozta-ozta argitzen zuen bidea eta tarteka udazkeneko zelai ilunak. Sarritan izarrak erortzen ziren. Zhena nire ondoan zihoan bidetik eta zerura ez begiratzen ahalegintzen zen, erortzen ari ziren izarrak ez ikusteko, beldurra ematen bait zioten.

        — Uste dut arrazoia duzula —esan zidan gaueko hezadurarengatik dardarka—. Jendeak, guztiak batera, jarduera izpiritualari ekingo balio, laster ikasiko luke dena.

        — Noski. Gu izaki nagusiak gara, eta benetan ulertuko genuke giza jeinuaren indar guztia eta helburu goitarretarako bakarrik biziko bagina, azkenaren buruan jainkoak bezalakoak izango ginateke. Baina hau ez da inoiz gertatuko, —gizadia endakatzen ari da, eta jeinuaren arrastorik ere ez da geratuko.

        Ate nagusia begietatik galdu zenean, Zhenak gelditu eta zalapartaka eskua estutu zidan.

        — Gabon —esan zuen dardarka; sorbaldak atorra batez estaliak zeuzkan eta hotzez uzkurturik zegoen. Zatoz berriro bihar. Izularria sortzen zidan bakarrik, umore txarrean, neure buruarekin eta besteekin nahigabeturik geratu behar nuela pentsatzeak; eta neu ere erortzen ari ziren izarrei ez begiratzen ahalegindu nintzen.

        — Zaude nirekin beste minutu bat —esan nion—. Erregutu egiten dizut.

        Maite nuen Zhena. Baliteke maite izatea nire bila etorri eta laguntzen ninduelako samurki eta miresmenez begiratzen zidalako. Zeinen hunkigarriro ederrak zituen aurpegi zurbila, lepo fina, esku finak, bere herbaltasuna, nagitasuna, bere liburuak! Eta adimena? Susmatzen nuen adimen aparta zeukala, miresten nuen bere ikuspegien zabalera, behar bada, maite ez ninduen Lida eder zorrotzaz bestetara pentsatzen zuelako. Zhenak atsegin ninduen artista bezala eta irabazia nion bihotza neure talentuaz eta berarentzat bakarrik pintatzeko gogo bizia nuen eta beragan amets egiten nuen, erregina txiki bat bait litzan, orain arte etsigarriki bakarrik eta alferrikako sentitu izan nintzeneko zuhaitz eta zelai hauen gain aginduko zuela nirekin batera, laino eta inular hauen gain, natura mirarizko, sorgindu honen gain.

        — Zaude beste minutu bat gehiago —eskatu nion—. Arren eskatzen dizut.

        Abrigua erantzi eta hartaz sorbalda izoztuak estali nizkion; berak gizonezko-abriguarekin irrigarri eta itsusi agertuko zelakoan, barre egin eta kendu egin zuen, eta une hartan besarkatu eta musuka haren aurpegia, sorbaldak, eskuak estaltzeari ekin nion.

        — Bihar arte! —marmar egin zuen eta kontuz, gauaren isiltasuna urratzeko beldurra balu bezala, besarkatu ninduen—. Guk ez daukagu isilpekorik elkarren artean, eta oraintxe bertan kontatu behar diet guztia amari eta ahizpari... Hain da izugarria hau! Amatxorekin ez dago arazorik, amatxok maite zaitu, baina Lidak!

        Lasterka ate nagusira joan zen.

        — Agur! —oihu egin zuen.

        Eta gero, minutu pare batez nola lasterka egin zuen entzun nuen. Nik ez nuen etxera joateko gogorik, ez bait nuen han zertan joanik. Apur batean pentsakor geratu nintzen eta poliki atzera bihurtu nintzen bera bizi zeneko etxeari begiratzera, etxe atsegin, xalo, zaharrera, zeinak bait zirudien ganbarako bere leihoez begira neukala, begiez bezala, eta dena ulertzen zuela. Igaro nintzen terrazaren ondotik, eseri nintzen aulki batean tenis-kantxaren ondoan, ilunpetan zumarra zaharraren azpian eta bertatik etxeari begira geratu nintzen. Misius bizi zen ganbarako leihoetan argi biziak dirdir egin zuen, gero motel berde batek —lanpara pantailaz estali zutelako zen hori. Itzalak mugitu ziren... Samurtasunez, isiltasunez eta neure buruarekiko ongitasunez beterik nengoen, zaletu eta maitemindu ahal izatearen ongizatez, eta aldi berean ondoeza sentitzen nuen une horretan bertan, nigandik pauso batzuetara, etxe haren geletako batean Lida bizi zelako, maitatu ordez, agian, ezinikusia zidana. Eseri eta itxaroten egon nintzen, entzuten, ea Zhena irteten ote zen eta norbait hitzegiten ari zela ganbaran iruditu zitzaidan.

        Ordubete inguru igaro zen. Itzali zen argi berdea eta itzalik ez zen ikusten. Ordurako ilargia garai zegoen etxearen gainean eta jardin lokartua, zidorrak argitzen zituen; etxearen aurreko parterreko daliak eta arrosak argiro nabarmentzen ziren eta guttiek kolore berekoak ziruditen. Hotz handia egitera iritsi zen. Irten nintzen jardinetik, hartu nuen eskuinean abrigua eta astiro abiatu nintzen etxera.

        Biharamunean bazkalondoan Voltxaninov-tarren etxera itzuli nintzenean, jardinerako beirin-atea alderen alde zabalik zegoen. Eseri nintzen terrazan, supituki plazatxoko parterrearen atzetik edo ibiltokietako beterik Zhena agertzeari, edo haren ahotsa geletakoren batetik entzuteari itxaroten. Sartu nintzen gero egongelan, jantokian. Ez zegoen arimarik. Jantokitik korridore luze batean zehar eskaratzera joan nintzen, atzera. Korridorean ate batzuk zeuden eta haietako baten atzean Lidiaren ahotsa entzuten zen.

        — Bele bati nonbait... Jainkoak... —ari zen esaten ozenki eta hitzak luzatuz, agi zenez, diktatuz—. Jainkoak gazta kosko bat bidali zion... bele bati... nonbait... Nor dabil hor? —oihu egin zuen bapatean nire urratsak entzutean.

        — Neu naiz.

        — Ah! Barkatu, orain ezin naiz zuregana joan, Daxarekin ari naiz.

        — Ekaterina Pavlovna jardinean al da?

        — Ez, ahizpa eta biak goizean goiz izebari bisita egitera irten dira Penzako probintziara. Eta neguan, seguraski, atzerrira joango dira... —gehitu eta isildu egin zen—. Bele bati nonbait... Jainkoak gazta kosko bat bidali zion... Idatzi al duk?

        Irten nintzen ezkaratzera, eta ezer pentsatu gabe, bertatik urmahelari eta baserriari begira geratu nintzen, eta niganaino iristen ziren hitzak:

        — Gazta koska bat... Bele bati nonbait Jainkoak gasta kosko bat bidali zion...

        Irten nintzen etxaldetik lehen aldian bertara sartzeko erabili nuen bide beretik, baina alderantzizko zentzuan: aurrena ataritik jardinera, gero etxeari inguru eginez, gero ezkien ibiltokitik.. . Han mutiko batek harrapatu eta txartel bat eman zidan. «Ahizpari kontatu diot dena, eta zugandik aldentzeko eskatzen dit» —irakurri nuen—. Ez nuke indarrik izango neure desobedientziaz bera nahigabetzeko. Jainkoak eman diezazula zoriona, barkaidazu. Bazeneki zenbat negar egin dugun amak eta biok!»

        Gero izeien ibiltoki iluna, hesi porrokatua... Zelai horretan, orduan zekalea loraturik eta galeperrak kantari zeuden horretan, orain behi eta zaldi trabatuak ari ziren larrean. Han-hemenka muinoetan berde ageri ziren ereintzak. Aldarte zentzudun, egunerokoak menperatu ninduen eta lotsa sentitu nuen Voltxaninov-tarren etxean esandako guztiaz, eta beti bezala gogaikarri bihurtu zitzaidan bizitzea. Etxera iristean, maletak egin eta arrats hartan bertan abiatu nintzen Petersburgora.

        Ez nituen gehiago Voltxaninov-tarrak ikusi. Handik piska batera, Krimeara nindoala, bagoian Belokurovekin topo egin nuen. Beti bezala poddiovka eta alkandora brodatua zituen soinean eta osasunaz galdetu nionean «Zure otoizpean jartzen dut neure burua» erantzun zuen. Berriketan aritu ginen. Saldu zuen etxaldea eta beste txikiago bat erosia zuen Lyubov Ivanovnaren izenean. Esan zidan zerbait Voltxaninov-tarrei buruz. Lidak, esan zuenez, Xelkovkan jarraitzen zuen bizi izaten eta eskolako neska-mutikoei irakasten zien; poliki-poliki iritzi bereko jende multzo bat bere inguruan biltzea lortua zuen, zeinak ordura arte barruti osoa bere eskutan eduki zuen Balagin menperatzeko alderdi sendo bat eratzea lortu zuen azken udal hauteskundeetan. Zhenaz gauza bakarra esan zuen Belokurovek, ez zela etxean bizi eta ez zekiela non.

        Ni neu ahazten hasita nago ganbaradun etxea eta noiz edo noiz bakarrik idazten edo irakurtzen ari naizenean, agertzen zaizkit bapatean leihoko argi berde hura, neure urratsen hots hura gauez zelaian barna, maitemindurik, atzera etxera nindoala, hotzarengatik eskuak igurtziz. Eta oraindik gutxiagotan, bakardadeak eta goibeltasunak menperatzen nauten uneetan lausoki gogoratzen naiz, eta poliki-poliki iruditzen hasten zait, nitaz ere norbait gogoratzen dela, itxaroten daukadala eta elkarrekin topo egingo dugula...

        Misius, non zaude?

 

 

© Anton Txekhov

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Txekhov / Ipuinak" orrialde nagusia

Anton Txekhov euskaraz