www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Biblia (1)
Jose Antonio Uriarte
1858-1859, 2004

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bonaparte Ondareko Eskuizkribuak, (Rosa Miren Pagola eta taldearen edizioa). CD-ROMa, Bilduma osoaren edizio digitala. Deustuko Ubibertsitatea / Eusko Jaurlaritza, 2004

 

 

aurrekoa hurrengoa

JUEZEN LIBURUA

 

LENBIZIKO KAPITULUA

        1. Josue il ezkero itundu ziraden Israelko semeak Jaunarekin, esaten ziotela: Nor igoko da gure aurretik Kananeoaren kontra, eta izango da gerrako agintaria?

        2. Eta esan zuen Jaunak: Juda igoko da: ona non jarri dedan lurra bere eskuan.

        3. Eta esan zion Judak Simeon bere anaiari: igo zaite nerekin suertean tokatu zitzadan lurrera, eta gudatu zaite Kananeoaren kontra, zeren ni ere joango naiz gero zurekin zure lurrera gudatzera. Eta joan zan berarekin Simeon.

        4. Eta igo zan Judas eta jarri zituen Jaunak beren eskuetan Kananeoa eta Ferezeoa, eta il zituzten Bezeken amar milla gizon.

        5. Eta arkitu zuten Bezeken Adonibezek, eta gudatu ziraden beraren kontra, eta garaitu zituzten Kananeoa eta Ferezeoa,

        6. Eta iges egin zuen Adonibezek, zeñi jarraitzen ziotela arrapatu zuten, eta ebaki ziozkaten eskuen eta oñen atzenak.

        7. Eta esan zuen Adonibezek: irurogeita amar errege, zeñai ebakiak izan ziozkaten eskuen eta oñen kondoak biltzen zituzten nere maiaren azpian nere janariaren kutsuak, nik egin nuen bezela, ala itzuli dit Jaungoikoak. Eta eraman zuten Jerusalenera, eta an il zan.

        8. Esesten ziotela bada Israelko semeak Jerusaleni, artu zuten, eta irago zuten ezpataren puntatik, sua ematen ziotela erri guztiari.

        9. Eta jatxitzen ziradela gero gudatu ziran Kaneneoen kontra, zeñ bizi zan mendietan, eta egoealdean, eta landetan.

        10. Eta joanik Juda Kananeoaren kontra, zeñ bizi zan Hebronen (zeñaen izena zan anziña Kariath-Arbe) desegin zituen Sesai, eta Aiman, eta Tholmai.

        11. Eta aterarik andik joan zan Dabirren bizitu ziradenak gana, zeñaen anziñako izena zan Kariath-Sephen, au da, letraen erria.

        12. Eta esan zuen Kalebek: Kariath-Seferri esesten dionari eta desegiten duenari emango diot emaztetzat nere alaba Axam.

        13. Eta nola artu zuen Othoniel Zenezen seme Kaleben anaia txikiak, eman zion emaztetzat bere alaba Axam.

        14. Zeñi bidean zijoala adirazi zion bere senarrak eskatu zitzaiola bere aitari kanpo bat. Zeñak egiñik zispirio bat asto gañean eserita zijoala, esan zion Kalebek: Zer dezu?

        15. Eta berak erantzun zuen: Eman zadazu zure bendizioa; lur leorra eman ziñidan ezkero, eman zadazu erregakoi bat ere. Eman zion bada Kalebek lur erregakoi bat goitik eta beetik.

        16. Zineoren, Moisesen aidearen semeak berriz igo ziraden palmen erritik, Judaren semeakin tribu onen tokamenaren eremura, zeñ dagoan Araden egoean, eta bizi izan ziran berarekin.

        17. Juda bada joan zan Simeon bere anaiarekin, eta batera desegin zuten Sefaten bizi zan Kananeoa, eta il zuten. Eta deitua izan zan erri au, Horma, au da, madarikazioa.

        18. Eta artu zuen Judak Gaza bere alderriakin, eta Askalon eta Akaron beren alderriakin.

        19. Eta Jauna izan zan Judarekin, eta mendien jabe egin zan: baña ezin izan zituen desegin ibarrean bizi ziradenak, zeren zituzten ugari gurdi igitaituak.

        20. Eta eman zioten Hebron Kalebi, Moisesek esan zuen bezela, zeñak desegin zituen an Enaken iru semeak.

        21. Baña Benjaminen semeak etzuten desegin, Jerusalenen bizi zan Jebuseoa, eta Jebuseoa bizi izan zan Jerusalenen Benjaminen semeakin gaurko eguneraño.

        22. Joseren etxea ere igo zan Bethelen kontra, eta Jauna izan zan berakin.

        23. Zeren ingurutua zeukatela, Suza len zeritzan erria,

        24. Ikusi zuten gizon bat ateratzen zala erritik, eta esan zioten: Erakutsi zaguzu errirako sarrera, eta errukituko gera zurekin.

        25. Zeñak erakusirik berai, irago zuten erria ezpataren puntatik, baña utzi zioten pakean gizon hurari, eta bere aide guziai.

        26. Zeñ jarririk bere aukeran, joan zan Hetthimgo lurrera, eta egin zuen an erri bat, eta deitu zion Luza, zeñi ala deitzen zaio gaurko eguneraño.

        27. Manassesek ere etzuen desegin Bethsan, ezta ere Thanak bere erriakin, ezta bizi ziradenak Dorren, eta Jeblaamen, eta Majeddon bere erriakin, eta Kananeoak asi ziraden biziten berakin.

        28. Baña sendatu zanean Israel, egin zituen kotiztari, eta etzituen desegin nai.

        29. Efraimek ere etzuen il, Gazerren bizi zan Kananeoa, baizik bizi izan zan berarekin.

        30. Zabulonek ere etzituen desegin Zetronen, eta Naalolen bizi ziradenak, baizik Kananeoa bizi izan zan bere erdian, eta egiña izan zitzaion kotiztari.

        31. Aserrek ere etzituen desegin Akon, eta Sidonen, eta Ahalaben, eta Atxaziben eta Helban eta Afeken eta Rohoben bizi ziradenak.

        32. Eta bizi izan zan Kananeoaren lur huratan bizi zanaren erdian, eta etzuen il.

        33. Neptalik ere etzituen desegin Bethsamesen eta Bethanathen bizi ziradenak, eta bizi izan zan Kananeoaren lurra betetzen zuenaren artean, eta izan ziraden bere kotiztariak Bethsamestarrak, eta Bethantarrak.

        34. Eta Amorrheoak estutu zituen mendian Danen semeak, eta etzioten eman tokirik lauetara jatxitzeko.

        35. Eta bizi izan zan Haresko mendian, zeñak esan nai duen lurrontzien mendia, eta Aialonen eta Salebimen. Baña Joseren etxeak esetsi zion, eta egin zuen bere kotiztari.

        36. Eta Amorrheoaren mugak izan ziraden Arrabioaren igoeratik, Petra, eta goietako tokiak.

 

BIGARREN KAPITULUA

        1. Eta igo zan Jaunaren aingerua Galgalatik negargillen tokira, eta esan zuen: Atera zinduztedan Ejiptotik, eta sartu zinduztedan zuen gurasoai juramentu egin nien lurrean, eta eskeñi nuen ez nuela iñoiz indargabetuko zuekin egindako elkartasuna,

        2. Baña kondizio batekin, zeñ dan etzendutela egingo elkartasunik erri onetan bizi diradenakin, baizik desegingo zinduztela beren aldareak, eta etzenduten aditu nai nere boza, zergatik egin zenduten au?

        3. Argatik ez ditut desegin nai izan eta kendu zuen aurretik, iduki ziñitzaten etsaitzat, eta beren jaungoikoak izan zitezen zuen galmenerako.

        4. Eta itz oiek esaten ari zala Jaunaren Aingerua Israelko seme guztiai, altxatu zuten oiek beren boza, eta negar egin zuten.

        5. Eta deitua izan zan toki huraren izena, negargillen edo malkoen tokia, eta eskeñi ziozkaten an doañak Jaunari.

        6. Bidaldu zuen bada Josuek erria, eta joan ziraden Israelko semeak bakoitza bere lurrera, artzeko lurra,

        7. eta serbitu zuten Jauna Josueren bizitzako denbora guztian, eta zaarren, bere ondoan denbora luzean bizi ziradenen, eta Jaunak Israeli egin ziozkan gauza guztien berri zekitenean.

        8. Eta il zan Josue Nunen semea, Jaunaren serbitzaria, eun eta amar urtekoa,

        9. Eta obiatu zuten bera jabe zan lurraren mugetan Thamnathsaren Efraimgo mendiaren gañean, Gaas mendiaren ifarreko aldamenerontz.

        10. Eta gizadi guzti hura izandu zan beren gurasoakin bildua, eta jaiki ziraden, Jauna ezagutzen etzuten, eta Israelekin egin zituen gauzen berririk etzeukaten beste batzuek.

        11. Eta gaizki egin zuten Israelko semeak Jaunaren aurrean, eta serbitu zituzten Baalak.

        12. Eta utzi zuten beren gurasoen Jaun Jaungoiko, Ejiptoko lurretik atera zituena, eta jarraitu zieten jainko arrotzai, eta beren inguruan bizi ziradenen errietako jainkoai, eta adoratu zituzten: eta aserretu eragin zioten Jaunari,

        13. Utziten zutela, eta serbitzen zituztela Baal eta Astaroth.

        14. Eta aserreturik Jauna Israelen kontra, jarri zituen ebaslen eskuetan, zeñak arrapatu zituzten, eta saldu zituzten inguruan bizi ziraden etsaiai, eta ezin zatzaiozkaten jarki beren etsaiai,

        15. Baizik joan nai zuten edozeñere tokitan, Jaunaren eskua zegoan beren gañean, esan ta juramentu egin zioten bezela, eta txit atsekabetuak izan ziran.

        16. Eta Jaunak altxatu zituen juezak, libratu zitzaten desegingillen eskuetatik, baña berak ere etzituzten aditu nai,

        17. Baizik naasitzen ziraden jainko arrotzakin, eta adoratzen zituzten. Laster utzi zuten beren gurasoak ibilli ziraden bidea, eta aditu bazituzten ere Jaunaren aginte guztiak, egin zituzten kontrako gauza guztiak.

        18. Eta Jaunak altxatzen zituenean juezak, oiek bizi ziraden artean, urrikaritzen zan, eta aditzen zituen naigabetuen zizpuruak. eta libratzen zituen desegingillen ondamenetik.

        19. Baña jueza il da laster, itzultzen ziran, eta egiten zituzten bere gurasoak egin zituzten baño gauza asko gaiztoagoak, jarraitzen ziozkatela jainko arrotzai, serbitzen zituztela, eta adoratzen zituztela. Etzituzten utzi beren gogorazioak, ez bide txit gogorra, zeñatatik ibiltzen oitu ziraden.

        20. Eta irazeki zan Jaunaren sumintasuna Israelen kontra, eta esan zuen: Jende onek autsi duen ezkero beren gurasoakin egin nuen nere elkartasuna, eta mezpreziatu duen ezkero aditzea nere boza,

        21. Nik ere ez ditut desegingo, Josuek utzi zituen jendeak, il zanean.

        22. Berakin probatzeko Israel, gordetzen ote duten ala ez Jaunaren bidea, eta ote dabiltzan beratatik, gorde zuten bezela beren gurasoak.

        23. Utzi zituen bada Jaunak erreñu guzi oiek, eta etzituen nai desegin laster, eta etzituen ere jarri Josueren eskuetan.

 

IRUGARREN KAPITULUA

        1. Oiek dirade Jaunak utzi zituen jendeak, beren bitartez emateko irakasiak Israeli, eta Kanaantarren gerren berririkan etzeukaten guziai;

        2. Gero ikasi zezaten beren semeak etsaiakin gerran egiten, eta oitu zitezten gudatzen.

        3. Filisteoen bost agintari, eta Kanaantar guztiak, eta Sidontarrak, eta Libanoko mendian bizi ziraden Hebetarrak, Bahal-Hermongo menditik, Emathen sarreraraño.

        4. Eta utzi zituen berakin probatzeko Israel, aditzen ote zituen Jaunaren aginte, Moisesen eskuz beren gurasoai eman ziozkatenak, ala ez.

        5. Ala bada Israelko semeak bizi izan ziran Kananeoaren, eta Hetheoaren, eta Amorreoaren, eta Ferezeoaren, eta Hebeoaren, eta Jebuseoaren erdian,

        6. Eta artu zituzten emaztetzat beren alabak, eta eman ziozkaten beren alabak aien semeai, eta serbitu zituzten beren Jaungoikoak.

        7. Eta egin zuten gaizkia Jaunaren aurrean, eta aztu ziraden beren Jaungoikoarekin, serbitzen zituztela Baalakak eta Astarothak.

        8. Eta aserreturik Jauna Israelen kontra, jarri zituen Kusan Rasathaim Mesopotamiako erregearen eskuetan, eta serbitu zuten zortzi urtean.

        9. Eta deadarrez eskatu zioten Jaunari, zeñak jaso zuen beren artean salbagilla bat, eta libratu zituen, au da, Othoniel Zenezen seme, Kaleben anaia txikiagoa.

        10. Eta egon zan beragan Jaunaren Espiritua, eta juzgatu zuen Israel. Eta atera zan gudara, eta jarri zuen Jaunak bere eskuetan Kusan Rasathaim Siriako erregea, eta desegin zuen.

        11. Eta pakean gelditu zan lurra berrogei urtean, eta il zan Othoniel Zenezen semea.

        12. Baña Israelko semeak itzuli ziraden berriz gaizkia egitera Jaunaren aurrean, zeñak eman zion indarra beren kontra Moab Eglongo erregeari, gaizkia egin zutelako bere aurrean.

        13. Eta itsatsi ziozkan berari Ammon eta Amaleken semeak, eta joan zan, eta desegin zuen Israel, eta egin zan palmen erriaren jabe.

        14. Eta serbitu zuten Israelko semeak Eglon Moabko erregea emezortzi urtean.

        15. Eta gero deadarrez ots egin zioten Jaunari, zeñak jaso zuen beren artean salbagilla bat izenez Aod, Jeraren, Jeminiren semearen semea, zeñ serbitzen zan esku biakin eskuia bezela. Eta Israelko semeak bidaldu ziozkaten doañak beraren bitartez Eglon Moabko erregeari.

        16. Berak egin zuen beretzat ao biko ezpata bat, zuena erdian bere ornimendua, na..eskuaren luzeerakoa, eta lotu zuen saioaren azpian eskuieko isterrean.

        17. Eta eskeñi ziozkan doañak Moab Eglongo erregeari. Zan berriz Eglon txit gizena.

        18. Eta eskeñi ziozkanean doañak, zijoan jarraituaz, berarekin etorri ziraden lagunai.

        19. Eta itzulita Galgalatik, non zeuden idoloak, esan zion erregeri: itz bat det, o Errege, ixillean zuri esateko. Eta berak agindu zion ixillik egoteko, eta aterata kanpora berarekin zeuden guztiak,

        20. Sartu zan Aod beragana, zegoan bakarrik eserita udako gelan, eta esan zion: Jaungoikoaren itz bat det zuri esateko. Hura bereala jaiki zan tronutik.

        21. Eta Aodek luzatu zuen bere ezkerreko eskua, eta atera zuen traketa bere eskuieko isterretik, eta inkatu zion bere sabelean.

        22. Alako indarrarekin non aoa eta ornimendua sartu ziraden zauritik, eta gelditu zan estutua gantzaren ugaritasunarekin. Eta etzuen atera traketa, baizik zauritu zuen bezela, ala utzi zuen gorputzean, eta bereala sabeleko loiak atera ziraden berezko odietatik.

        23. Baña Aod itxita txit ongi gelako ateak, eta sendatuta morrolloarekin,

        24. Atera zan ostate batetikan. Eta sarturik Erregeren morroiak ikusi zituzten itxita gelako ateak, eta esan zuten: Noaski dago sabela garbitzen udako gelan.

        25. Eta itxedonik luzaro lotsatu ziraden bitartean, eta ikusirik etziotela iñork idikitzen, artu zuten giltza, eta idikitzen zutela, arkitu zuten beren Jauna zetzala illa lurrean.

        26. Eta berak genasiak zeuden bitartean, Aodek iges zuen, eta irago zuen idoloen tokia, nondik itzuli zan atzera. Eta etorri zan Seirathera.

        27. Eta bereala jo zuen tronpeta Efraimgo mendian, eta jetxi ziraden berarekin Israelko semeak, bera aurretik zijoala.

        28. Zeñak esan zioten: Jarraidazute zeren Jaunak jarri ditu gure eskuetan Moabtar gure etsaiak. Eta jetxi ziran bere ondoren, eta artu zituzten Jordango uberak nondik iragotzen dan Moabera, eta iñori ere etzioten utzi iragotzen,

        29. Baizik zauritu zituzten denbora artan amar milla Moabtar inguru, guztiak gizon sendo ta errutsuak. Beretatik batek ezin izan zuen igesik egin.

        30. Eta gelditu zan humillatuta Moab egun artan Israelen eskuaren azpian, eta atseden zuen lurrak larogei urtean.

        31. Onen ondoan izan zan Samgar Anathen semea, zeñak il zituen seireun Filisteo goldortz batekin, eta berak zaitu ere zuen Israel.

 

LAUGARREN KAPITULUA

        1. Eta Israelko semeak berriz egin zuten gaizkia Jaunaren aurrean Aod il ezkero,

        2. Eta jarri zituen Jaunak, Jabin Kanaango erregearen, Asorren erreinatu zuenaren eskuetan, eta iduki zuen bere ejerzituaren agintaritzat Sisara zeritzan bat, eta bera bizi oi zan jendeen Harosethen.

        3. Eta deadarrez ots egin zioten Jaunari Israelko semeak, zeren zituen bederatzireun gurdi igitaituak, eta ogei urtean txit mendertsitu zituen.

        4. Bazan berriz Profetisa bat Debbora zeritzana, Lapidothen emaztea, zeñak juzgatzen zuen erria denbora artan.

        5. Eta egon oi zan eserita palma baten, bere izena zuenarenaren azpian Rama eta Bethelen bitartean Efraimgo mendian, eta Israelko semeak igotzen ziran beragana auzi guztietarako.

        6. Zeñak bidaldu zuen deitzera Barak Abinoemen seme Neptaliko Sedeseoari, eta esan zion: Israelko Jaun Jainkoak eman dizu aginte au, zoaz, eta eraman ezazu ejerzitua Taborko mendira, eta artuko dituzu zurekin amar milla gudari Neptaliko semeetatik, eta Zabulongo semeetatik,

        7. Eta nik ekarriko det zugana Zisongo errekaren tokian, Sisara Jabinen ejerzituaren agintaria, eta bere gurdiak, eta bere jende guztia, eta jarriko ditut zure eskuan.

        8. Eta esan zion Barakek: Etortzen baldin bazera nerekin, joango naiz, baña baldin ez badezu etorri nai nerekin, ez naiz joango.

        9. Zeñak esan zion: Joango naiz zurekin, baña oraingo aldian ez zaitzu dagokituko zuri garaitza, zeren emakume baten eskuz izango da entregatua Sisara. Jaiki zan bada Debbora, eta joan zan Barakekin Zedesera.

        10. Zeñak, ots egiñik Zabulon eta Neptalekoai, igo zan amar milla gudarirekin, zuela Debbora berarekin.

        11. Baña Haber Zeneoa denbora anditik berezitua zegoan beste Zineo bere anaia Hobaben seme Moisesen aideetatik, eta zabalduak zituen bere dendak Sennim deitzen zitzaion ibarreraño, eta zegoan Zedesen aldean.

        12. Eta emana izan zitzaion berria Sisarari, Barak Abinoemen semea igoa zala Taborko mendira,

        13. Eta bildu zituen bederatzireun gurdi igitaitu, eta ejerzitu guztia jendeen Harosethtik Zisongo errekaraño.

        14. Eta esan zion Debborak Baraki: Jaiki zaite, zeren au da eguna, zeñean jarri duen Jaunak Sisara zure eskuetan, begira hura bera dala zure zuzentzallea. Jetxi zan bada Barak Taborko menditik, eta berarekin amar milla gudariak.

        15. Eta Jaunak iziz bete zuen Sisara, eta bere gurdi guztiak, eta bere jende guztia, zeñ izan zan iragoa ezpataren puntatik Baraken aurrean. Alako larrian non Sisarak gurditik salto eginik, iges egin zuen oñaz,

        16. Eta Barak joan zan jarraituaz igesi zijoazen gurdi eta ejerzituari jendeen Harosethraño, eta etsaien talde guztia galdu zan bat bakarra gelditu gabe.

        17. Sisara berriz igesi zijoala allegatu zan Jahelen Haber Zineoaren emaztearen dendara. Zeren pakea zegoan Jabin Asorko erregearen, eta Haber zineoaren etxearen artean.

        18. Eta aterarik Jael Sisarari bidera, esan zion: Sartu zaite onara, nere Jauna, sartu zaite, etzaite beldur izan. Zeñ sartu zan bere dendan, eta estali zuenean berak kaparekin,

        19. Esan zion: Eman zadazu arren uraren piska bat, zeren egarri txit andia det. Zeñak idiki zuen ezne zagi bat, eta eman zion edaten, eta estali zuen.

        20. Eta Sisarak esan zion: Zaude dendako atean, eta baldin etorriko balitza norbait eta galdetuko balizu: Bada iñor emen? Erantzungo dezu: Ez da iñor.

        21. Artu zuen bada Jahel Haberren emazteak iltze bat dendatik, eltzen ere ziola mallu bati, eta sarturik ixillean eta otsik egin gabe jarri zuen iltzea bere buruko baldokiaren gañean, eta jorik malluarekin inkatu zion burmuñetik lurreraño, eta elkarturik loa eriotzarekin indargatu ta il zan.

        22. Eta ona non Barak zetorren jarraitzen ziola Sisarari, eta aterarik berari bidera Jahel, esan zion: Atoz, eta erakutsiko dizut billatzen dezun gizona. Eta sarturik Jahel zegoan tokira, ikusi zuen Sisara zetzala illik, eta iltzea inkaturik bere baldokian.

        23. Humillatu zuen bada Jaungoikoak egun artan Jabin Kanaango erregea Israelko semeen aurrean.

        24. Zeñak egunoro azitzen ziraden, eta esku sendoarekin zeukaten mendean Jabin Kanaango erregea, desegin zuten bitartean.

 

BOSGARREN KAPITULUA

        1. Eta kantatu zuten Debborak eta Barak Abinoemen semeak egun artan, esaten zutela:

        2. Israelko, borondatez jarri zinduztenak zuen animak perillean, bedeikatu ezazute Jauna.

        3. Aditu ezazute erregeak, belarriakin entzun ezazute prinzipeak, ni naiz, ni naiz kantatuko diodana Jaunari, kantatuko diot Israelko Jaun Jainkoari.

        4. Jauna, ateratzen ziñanean Seirtik, eta iragotzen ziñanean Edomgo alderrietatik, mugitu zan lurra, eta zeruak eta odeiak itoiketu zituzten urak.

        5. Mendiak urtu ziraden Jaunaren aurrean, eta Sinai Israelko Jaun Jainkoaren aurrean.

        6. Samgar Anathen semearen egunetan, Jaelen egunetan jarri ziran geldirik bideak, eta beretatik zijoaztenak ibilli ziran bidetxidor aldenduetatik.

        7. Gelditu ziran sendoak Israelen, eta etziran, jaiki zan bitartean Debbora, jaiki zan bitartean ama bat Israelen.

        8. Guda berriak autu zituen Jaunak, eta berak bota zituen etsaien ateak, etzan ikusi ezkuturik, ez lanzarik Israelko laureun millatan.

        9. Nere biotzak maite ditu Israelko prinzipeak, zuen borondatez eskeñi ziñatenak perillera, bedeikatu ezazute Jauna.

        10. Ibilli oi zeratenak asto ederren gañean, eta esertzen zeratenak juzgatzeko, eta zabiltzatenak bidetik, itz egin ezazute.

        11. Non izan ziraden eraioak gurdiak, eta itoa etsaien ejerzitua, an izan bediz kontatuak Jaunaren zuzentasunak eta bere biotzeko biguñtasuna Israelko sendoakganako. Orduan Jaunaren erria jetxi zan ateetara, eta iritxi zuen agintaritza.

        12. Jaiki zaite, jaiki zaite, Debbora, jaiki zaite, jaiki zaite, eta kantatu ezazu kanta bat: jaiki zaite, Barak, eta artu itzatzu zure mendekoak, Abinoemen semea.

        13. Salbatu dirade erriko kutsuak, Jauna gudatu zan sendoetan.

        14. Efraimgo batek desegin zituen Amaleken, eta bere ondoan Benjamingo batek zure errien kontra, o Amalek, Matxirtik jetxi ziraden prinzipeak, eta Zabulondik zuzendu zutenak ejerzitua gudatzera.

        15. Issakargo agintariak izan ziraden Debborarekin, eta jarraitu ziozkaten Baraken aztarnai, zeñ aurtiki zan perillera amiltoki, edo lize batera bezela, Ruben berezituta bere kontra, arkitu ziran elkar bere gizon sendoak.

        16. Zergatik bizitu zera muga biren bitartean, aditu ditzatzun artaldeen txistuak? Ruben berezituta bere kontra, arkitu ziraden elean bere gizon sendoak.

        17. Galaad zegoan atsedenean Jordango beste aldamenean, eta Danek begiratzen zien bere ontziai. Aser bizi zan itsas bazterrean, eta egon oi zan portuetan.

        18. Zabulonek eta Neptalik berriz eskeñi ziozkaten beren animak eriotzari Meromeko errian.

        19. Etorri ziraden erregeak eta gudatu zuten, gudatu zuten Kanaango erregeak Tanaken Majeddoko uren aldean, eta alaere etzuten eraman arrapatutako gauzarik.

        20. Zerutik gudatu zan beren kontra, izarrak zegoztela beren errenkada eta ibillian gudatu ziran Sisararen kontra.

        21. Zisongo errekak eraman zituen beren gorputz illak, Kadumimgo errekak, Zisongo errekak, zapaldu itzatzu ene anima sendoak.

        22. Zaldien apatxak erori ziraden, igesi zijoazela ibillialean, eta erortzen ziradela amiltokietatik etsairik errutsuenak.

        23. Madarikatu ezazute Merozko lurra, esan zuen Jaunaren Aingeruak, madarikatu itzatzute bertan bizi diradenak, etziradelako etorri Jaunari laguntzera, bere gudaririk sendoenai laguntzera.

        24. Bedeikatua andran artean Jael Haber Zineoaren emaztea, eta bedeikatua izan dedilla bere dendan.

        25. Eman zion eznea ura eskatzen zionari, eta prinzipeen edontzian eskeñi zion guria.

        26. Eldu zion ezkerreko eskuarekin iltze bati, eta eskuiearekin langillen mallu bati, eta billaturik buruan tokia zauritzeko, eman zion ots bat Sisarari, zulatutzen ziola portizkiro baldoki bat.

        27. Erori zan bere oñen artean indargatu eta il zan, zebillan jiran bere oñen aurrean, eta zetzan anima gabe eta urrikigarria.

        28. Bere ama ari zan alarauka begiratzen zuela leiotikan, eta bere gelatik esaten zuen: Nola luzatzen da bere gurdiaren etorrera? Nola dirade ain astunak bere lau zaldien oñak?

        29. Bere emazteetatik besteak baño jakintsuago batek, oiek erantzun ziozkan bere amagiarrebari:

        30. Noaski oraintxe ari da partitzen arrapatu dituen gauzak, eta autatzen zaio berari emakumerik galantena, kolore askotako soñekoak ematen zaiozka Sisarari arrapatuetatik, eta edergarri asko montoitzen dirade lepoa apaintzeko.

        31. Onela galdu bediz, Jauna zure etsai guztiak, eta maitatzen zaituztenak ala argi egin bezate, nola argi egiten duen eguzkiak bere irteeran.

        32. Eta lurra pakean egon zan berrogei urtean.

 

SEIGARREN KAPITULUA

        1. Baña Israelko semeak egin zuten gaizkia Jaunaren aurrean, zeñak jarri zituen Madianen eskuan zazpi urtean.

        2. Eta Madiantarrak txit mendean iduki zituzten. Eta egin zituzten arzuloak eta kobak berentzat mendietan, eta toki txit sendatuak jarkitzeko.

        3. Eta Israeltarrak ereitzen zutenean, igotzen ziran Madiantarrak eta Amalektarrak, eta sortaldeko beste erreiñuak.

        4. Eta jarririk dendak beren aldean, desegiten zuten guztia, oraindikan belarrean zegoala Gazako sarreraraño, eta etzioten Israeltarrai utziten biziteko bear zan gauzarik batere, ez ardirik, ez idirik, ez astorik.

        5. Zeren etortzen ziraden berak beren abere eta denda guztiakin, eta langosten gisara estalitzen zuten guztia gizaseme eta gamelu talde neurrigabeko batekin desegiten zutela ukitzen zioten guztia.

        6. Eta txit humillatua izan zan Israel Madianen aurrean.

        7. Eta deadarrez zuzendu zan Jaunagana eskatzen ziola laguntasuna Madiantarren kontra.

        8. Eta Jaunak bidaldu zioten gizaseme Profeta bat, zeñak esan zioten: Oiek esaten ditu Israelko Jaun Jainkoak: Nik igoerazi nizuten Ejiptotik, eta atera zinduztedan katiberioko etxetik,

        9. Eta libratu zinduztedan ijitoen, eta gaizki tratatzen zinduzten etsai guzien eskutik, eta aurtiki nituen zuen sarreran, eta eman nizuten beren lurra.

        10. eta esan nuen: Ni naiz zuen Jaun Jainkoa, etzaitezte Amorreoen jainkoen beldur izan, zeñaen lurrean bizi zeraten. Eta etzenduten aditu nai izan nere boza.

        11. Etorri zan bada Jaunaren Aingerua, eta eseri zan, Efran zegoan arte baten, eta Joas Ezrien familiaren aitari zegokionaren azpian. Eta nola Jedeon bere semea ari zan astintzen eta garbitzen alea dolaran, Madiantarrakgandik ezkutatzeko,

        12. Agertu zitzaion Jaunaren Aingerua, eta esan zuen: Jauna da zurekin, o gizonik sendoena.

        13. Eta esan zion Jedeonek: Erregututzen dizut, nere Jauna, esan zadazula arren, Jauna baldin bada gurekin, zergatik arrapatu zaituzte gaitz oiek? Non dirade bere mirari, gure gurasoak kontatu zizkigutenak esaten zigutela: Jaunak atera ginduen Egiptotik? Orain berriz utzi gaitu Jaunak, eta jarri gaitu Madianen eskuan.

        14. Eta begiratu zion Jaunak, eta esan zion: Zoaz zure sendotasun orrekin, eta libratuko dezu Israel Madianen eskutik, jakin ezazu ni naizala bidaltzen zaitudana.

        15. Berak erantzun eta esan zuen: Erregututzen dizut, nere Jauna, esan zadazula arren, libratu bai al nezake nik Israel? Begiratu ezazu nere familia dala Manassesen beerengoa, eta ni txikiena nere aitaren etxean.

        16. Esan zion Jaunak: Ni izango naiz zurekin, eta desegingo dezu Madian, gizon bakar bat balitza bezela.

        17. Eta beraun erantzun zuen: Baldin arkitu badet grazia zure aurrean, eman zadazu, nerekin itz egiten dezu zu zeranaren señale bat.

        18. Eta ez ezazu emendikan alderik egin, aliketa itzuli nadin bitartean zugana, eta ekarri dezadan bitartean doañ bat, eta eskeñi zuri. Eta ark erantzun zuen: Nik itxedongo det itzuli zaitezen bitartean.

        19. Sartu zan bada Jedeon, eta egosi zuen antxume bat, eta iriñ modio batekin egin zituen ogi legami gabeak, eta jarririk aragi saskitxo batean, eta botarik eltze batean aragiaren salda, eraman zuen guztia artearen azpira, eta eskeñi zion.

        20. Esan zion Jaunaren Aingeruak: Ar zazu aragia eta ogi legamigabeak, eta jarri ezazu arri huraren gañean, eta isuri ezazu gañean salda. Eta egiñik au ala,

        21. Luzatu zuen Jaunaren Aingeruak, eskuan zuen makillaren gaña, eta ukitu zion aragiari, eta legamigabeko ogiai, eta atera zan sua arritik, eta desegin zituen aragi eta ogi legamigabeak, eta Jaunaren Aingerua ezkutatu zan bere begietatik.

        22. Eta ikusirik Jedeonek Jaunaren Aingeru bat zala, esan zuen: Ai ene zorigaiztokoa nere Jaun Jainkoa, zeren ikusi det Jaunaren Aingerua arpegiz arpegi.

        23. Eta esan zion Jaunak: Pakea izan bedi zurekin, etzaite beldur izan, etzera ilko.

        24. Egin zion bada an Jedeonek aldare bat Jaunari, eta deitu zion Jaunaren pakea, deitzen zaion bezela gaurko eguneraño. Eta oraindikan zegoala Efran, zeñ dagokion Ezriren familiari,

        25. Esan zion Jaunak gau artan: Ar zazu zure aitaren zezen bat, eta beste zazpi urteko bat, eta desegingo dezu Baalen aldarea, zeñ dan zure aitarena, eta ebaki ezazu aldarearen inguruan dagoan basoa,

        26. Eta egingo diozu aldare bat zure Jaun Jainkoari arri onen erpiñean, zeñaen gañean jarri zenduen len doaña, eta artuko dezu bigarren zezena, eta eskeñiko dezu doañean, basoan epaki izango dezun egur sorta baten gañean.

        27. Arturik bada Jedeonek bere serbitzarietatik amar, egin zuen Jaunak agindu zion bezela. Baña bere aitaren familiaren, eta erri artako gizonen beldurrez, etzuen nai izan egin egunaz, baizik guztia egin zuen gauaz.

        28. Eta goizean jaikirik erri artako gizonak, ikusi zuten desegiña Baalen aldarea, eta basoa epakia, eta beste zezena jarria, orduan egiña izan zan aldarearen gañean.

        29. Eta esan zioten elkarri: Nork egin du au? Eta billatzen zutela egitearen egillea, esana izan zitzaioten: Jedeon Joasen semeak egin ditu gauza guzti oiek.

        30. Eta esan zioten Joasi: Atera zaguzu zure semea onara, illa izan dedin, zeren desegin du Baalen aldarea, eta epaki basoa.

        31. Zeñai hurak erantzun zioten: Baalen bengatzalleak bai al zerate, bere alde gudatzeko? Beraren etsaia dana, il bedi biarko argia etorri baño lenago, Jaungoikoa baldin bada bengatu bedi bere aldarea desegin duenarekin.

        32. Egun artatik deitua izan zan Jedeon, Jerobaal, Joasek esan zuelako: Bengatu bedi Baal bere aldarea desegin duenarekin.

        33. Bildu ziraden bada batean Madiantarrak, eta Amalektarrak, eta sortaldeko erriak, eta iragota Jordana jarri zituzten etzauntzak Jezraelen ibarrean.

        34. Baña Jaunaren Espirituak jantzi zuen Jedeon, zeñak jorik tronpeta deitu zion Abiezerren etxeari, jarraitu zekion.

        35. Eta bidaldu zituen mandatariak Manasses guztira, zeñak ere jarraitu zion, eta beste mandatari batzuek Aser, eta Zabulon, eta Neptalira, zeñak atera zitzazkion bidera.

        36. Eta esan zion Jedeonek Jaungoikoari: Baldin salbatuko badezu Israel nere eskuz itz egin dizun bezela,

        37. Jarriko det illedun larru au larrañean, baldin intza balego illedun larruan bakarrik lur guzia leorra gelditzen dala, jakingo det salbatuko dezula Israel nere eskuz, esan dezun bezala.

        38. Eta ala suertatu zan. Eta gauaz jaikita, estuturik illedun larrua, bete zuen ontzi bat intzez.

        39. Eta esan zion berriz Jaungoikoari: Ez bedi irazeki zure sumiñtasuna nere kontra oraindikan beste bein tentatzen badet, eskatzen dedala señale bat illedun barruan. Eskatzen dizut illedun larrua bakarrik gelditu dedilla leorra, eta lur guztia intzez bustia.

        40. Eta egin zuen Jaunak gau artan eskatu zuen bezela, eta illedun larruan bakarrik zegoan leortasuna, eta intza lur guztian.

 

ZAZPIGARREN KAPITULUA

        1. Argatik Jerobaal zeñi deitzen ere zaion Jedeon, gauaz jaikita, eta erri guztia berarekin, etorri zan Harad deritzan iturrira. Eta Madiantarren etzauntzak zeuden ibarrean muño goratu baten ifarreko aldean.

        2. Eta esan zion Jaunak Jedeoni: Jende asko dezu zurekin, Madian ez da jarria izango zure eskuetan, gozatu ez dedin nere kontra Israel, eta ez dezan esan: Nere indarrakin libratu naiz.

        3. Itz egin zaiozu erriari, eta guziak aditzen dutela esan zaiozu: Beldurti eta koldarra dana, itzuli bedi. Eta alde egin zuten Galaadko menditik, eta itzuli ziran ogeita bi milla gizon erriko, eta amar milla bakarrik gelditu ziran.

        4. Eta esan zion Jaunak Jedeoni: Oraindikan jende asko dago, eraman itzatzu uretara, eta an probatuko ditut: eta nik esaten dizudana joateko zurekin, hura joango da; joatea galerazitzen diodana, itzuli bedi.

        5. Eta jetxi zanean erria uretara, esan zion Jaunak Jedeoni: Jarriko dituzu aldamen batean mingañarekin milliskatzen dutenak ura, txakurrak egin oi duten bezela; lurrean belauna jarrita edaten dutenak berriz, egongo dirade beste aldamenean.

        6. Eta ura milliskatu zutenak, botarik eskuarekin aora izan ziraden irureun gizon; gañerako jende guziak berriz belaunbiko edan zuen.

        7. Eta esan zion Jaunak Jedeoni: irureun gizon, ura milliskatu dutenakin, libratuko zaituztet, eta jarriko det zure eskuan Madian; gañerako jende guzia berriz itzuli bedi bere tokira.

        8. Eta arturik janaria eta tronpetak zenbataren araura, agindu zuen gañerako jende guzia joateko bere etzauntzetara: eta bere irureun gizonekin gertutu zan gudarako. Madianen etzauntzak berriz zeuden bean ibarrean.

        9. Gau artan beratan esan zion Jaunak: Jaiki, eta jetxi zaite etzauntzetara, zeren jarri ditut zure eskuan.

        10. Eta baldin beldur bazera bakarrik joaten, jetxi bedi zurekin Fara zure morroia.

        11. Eta aditzen dezunean esaten dutena, orduan sendatuko dirade zure eskuak, eta jetxiko zera ziurtasun geiagorekin etsaien etzauntzetara. Jetxi zan bada bera eta bere morroe Fara, ejerzituko bealariak zeuden etzauntzetako aldamenerontz.

        12. Eta Madiantar eta Amalektarrak eta sortaldeko erri guztiak zabalduta zeuden ibarrean, langosta talde bat bezela, beren gameluak ere ziraden neurrigabeak, itsas bazterrean dagoan ondarra bezela.

        13. Eta bazetorrela Jedeon, aietatik batek kontatzen zion bere aldekoari amets bat, eta onela adirazten zion ikusi zuena: Egin det amets bat, eta iruditzen zatan garagarrezko ogi autspean erretako bat zijoala milka, eta zijoala erortzera Madiango etzauntzen gañera, eta allegaturik etzauntz batera jo zuela, desegin zuela, eta osotoro lurrera bota zuela.

        14. Erantzun zion hurak, zeñi kontatzen zion, onek ez du beste gauzarik adirazten, baizik Jedeonen Joasen semearen, Israelko gizon baten ezpata, zeren Jaunak bere eskuetan jarri du Madian eta beraren etzauntz guziak.

        15. Eta aditu zuenean Jedeonek ametsa, eta bere azaldaera, adoratu zuen (Jauna), eta itzuli zan Israelko etzauntzetara, eta esan zuen: Jaiki zaitezte, zeren jarri ditu Jaunak gure eskuetan Madianen etzauntzak.

        16. Eta berezitu zituen irureun gizonak iru zatitan, eta jarri zituen beretatiko bakoitzaren eskuetan tronpetak, eta pegar uts bat, eta argi bat pegar bakoitzaren erdian.

        17. Eta esan zioten: Nik egiten dedala ikusten dezutena, egin ezazute zuek ere, ni sartuko naiz etzauntzen aldamen batetik, eta nik egiten dedana egin ezazute.

        18. Ots egiten duenean nere eskuan dedan tronpetak, zuek ere jo itzatzute etzauntzen inguruan, eta deadar egin ezazute, Jaunari eta Jedeoni.

        19. Eta sartu zan Jedeon eta berarekin zeuden irureun gizonak, etzauntzen aldamen batetik, gauaren erdiko beillaren asieran, eta esnaturik zaitzalleak asi ziraden tronpetak jotzen eta pegarrai elkar joerazi eta autsitzen.

        20. Eta jorik iru toki berezitan etzauntzen inguruan, pegarrak autsi zituztenean, artu zituzten argiak ezkerreko, eskuetan, eta jorik tronpetak eskuieakin, deadar egin zuten: Jaunaren eta Jedeonen ezpata,

        21. Zeudela geldiak bakoitza bere tokian etsaien etzauntzen inguruan. Etzauntz guziak bada naasi ziraden, eta deadarrez eta auenka iges zuten.

        22. Eta alaere jarraitzen zioten irureun gizonak tronpetak jotzeari. Eta Jaunak egin zuen artu zitzatela ezpatak etzauntz guztietan eta elkar iltzen zuten.

        23. Eta iges egiten zutela Bethsetaraño, eta Abelmehulako mugetaraño Tebbuthen. Baña Israelko gizon Neptali, eta Aser eta Manasses guziko tribuetakoak deadarrez jarraitzen zioten Madiantarrai.

        24. Eta bidaldu zituen Jedeonek mandariak Efraimgo mendi guzira esaten zuela: Jetxi zaitezte Madiantarrai bidera irtetzera, eta jarri zaitezte uretan Bethbera eta Jordaneraño. Eta asi zan deadarrez Efraim guztia, eta aurreratu zan artzera urak, eta Jordana Bethberaraño.

        25. Eta atxaturik bi gizon Madiantar, Oreb, eta Zeb il zituzten. Oreb Orebko aitzean, eta Zeb Zebko dolaran. Eta persegitu zituzten Madiantarrak, zeramazkitela Oreb eta Zeben buruak Jedeongana Jordango ibaiaren beste aldamenera.

 

ZORTZIGARREN KAPITULUA

        1. Eta esan zioten Efraimgo gizonak: Zer da egin nai izan diguzun au, ez diguzula deitzen guri, joan zeranean Madianen kontra gudatzera? Kexatzen ziradela portizki, eta eskuartera eltzeko zorian.

        2. Zeñai berak erantzun zioten: Nola nik egin nezakean, zuek egin dezuten bezelako gauzarik? Ez al du geiago balio Efraimgo mordo batek, Abiezerko mendaiñak baño?

        3. Zuen eskuetan jarri ditu Jaunak Madiango prinzipeak, Oreb, eta Zeb: zer gauza egin nezakean nik, zuek egin dezutena bezelakorik? Oiek esanik, paketu zan beren aserre, beraren kontra erazeki zana.

        4. Eta etorririk Jedeon Jordanera, irago zuen, berarekin zeuden irureun gizonekin, eta ezin zituzten persegitu igesi zijoazenak, aiek nekatuak zeudelako.

        5. Eta esan zioten Sokothko gizonai: Erregututzen dizutet eman zaiozutela arren ogia, nerekin dagoan erriari, zeren txit indargabetua dago. Persegitu dizaiegun Zebee eta Salmana Madiango erregeai.

        6. Erantzun zuten Sokothko prinzipeak: Noaski zure eskuan daude Zebee eta Salmanaren eskuen nabak eskatzeko guri eman dizaiogula ogia zure ejerzituari?

        7. Zeñai ark esan zien: Jartzen dituenean Jaunak nere eskuetan Zebee eta Salmana, txeatuko ditut zuen aragiak eremuko arantza eta sasilarrakin.

        8. Eta igorik andikan, etorri zan Fanuelera, eta esan zieten erri artako gizonai itz aiek berak. Zeñari aiek ere eratzun zioten, erantzun zuten bezela Sokothko gizonak.

        9. Esan zioten bada aiei ere: itzultzen naizanean garailari pakean, desegingo det dorre au.

        10. Zebee eta Salmana berriz zeuden atsedeten beren ejerzitu guziarekin. Zeren amabost milla gizon gelditu ziraden sortaldeko errietako talde guzietatik, izanik illak eun eta ogei milla gudari ateratzen zutenak ezpata.

        11. Eta igorik Jedeon etzauntzetan bizi ziradenen bidetik Nobe et (sic) Jegbaaren sortaldera desegin zituen etsaien, arreta gabe zeudenen, eta galtzen beldurrik batere etzeukatenen etzauntzak.

        12. Eta iges zuten Zebee eta Salmanak zeñak persegitzen zituztela Jedeonek arrapatu zituen, naasita beren ejerzitu guzia.

        13. Eta itzultzen zala gudatik eguzkiaren irteera baño lenago,

        14. Eldu zion Sokothko gizonetatiko mutil bati eta galdetu ziozkan Sokothko prinzipe eta zarren izenak, eta eskribatu zituen irurogeita amazazpi gizon,

        15. Eta sartu zan Sokothen, eta esan zien: Ona emen Zebee, eta Salmana, zeñakgatik lotsagabekeriaz esan ziñidaten: Zebee eta Salmanaren eskuak zure eskuetan bai al daude, eskatzeko guri eman dizaiegula ogia, nekatuak eta indargabetuak dauden zure jendeai?

        16. Artu zituen bada erriko zarrak eta eremuko arantza eta sasilarrakin puskatu eta txeatu zituen Sokothko gizon aiek.

        17. Bota ere zuen Fanuelko dorrea, illik errian bizi ziradenak.

        18. Eta esan zien Zeberi eta Salmanari: Nolakoak ziraden Taborren il zinduzten gizonak? Berak erantzun zuten: Zure irudikoak, eta beretatikan bat erregeren semea balitza bezelakoa.

        19. Zeñai berak erantzun zioten: Nere anaiak ziraden, nere amaren semeak. Jaungoikoa bizi dan bezela diot, bizirik utzi izan baziniezteen, etzinduztedan ilko.

        20. Eta esan zion Jeterrek bere lenbizisortuari: Jaiki zaite eta il itzatzu. Zeñak etzuen atera ezpatarik; zeren beldur zan, oraindikan aurra zalako.

        21. Eta Zebee eta Salmanak esan zioten: Zu jaiki zaite eta esetsi zaguzu, zeren gizonaren indarra da edadearen araura. Jaiki zan Jedeon, eta il zituen Zebee eta Salmana, eta artu zituen, erregeen gameluen lepoetan apaingarritzat jarri oi diraden edergarri eta illargiak.

        22. Eta esan zioten Israelko gizon guziak Jedeoni: izan zaite gure Prinzipea zu, eta zure semea, eta zure illoba, libratu gaituzulako Madianen eskutik.

        23. Zeñai berak esan zien: Ez naiz izango zuen Prinzipea ni, ez da izango ere nere semea, baizik Jauna izango da zuen gañean aginduko duena.

        24. Eta esan zien: Eskari bat egiten dizutet, eman zazkidazute arrapatu dituzuten zirzilluak. Zeren Ismaeltarrak eraman oi zituzten urrezko zirzilluak.

        25. Zeñak erantzun zuten: Txit gogotikan emango dizkizugu. Eta zabaldurik lurraren gañean kapa bat, aurtiki zituzten beratan zirzillu arrapatuak.

        26. Eta eskatu zituen urrezko zirzilluen pisua izan zan, milla eta zazpireun urrezko siklo, Madiango erregeak erabilli oi zituzten apaingarri eta joiatxo eta purpurazko soñekoak gabe, eta gameluen lepoen urrezko apaingarriak gabe.

        27. Eta egin zuen berarekin Jedeonek Efod bat, eta jarri zuen Efra bere errian. Eta Israel guziak adoratu zuen gezurrezko jainkoa Efod augatik, eta izandu zan Jedeonen eta bere etxe guziaren galmena.

        28. Eta humillatua izandu zan Madian Israelko semeen aurrean, eta ezin izan zituzten berriz altxatu lepoak, baizik lurra egon zan pakean, Jedeonek agindu zuen berrogei urteetan.

        29. Joan zan bada Jerobaal Joasen semea eta bizi izan zan bere etxean.

        30. Eta izan zituen irurogeita amar seme, bere isterretik atera ziradenak, asko emazte izandu zituelako.

        31. Eta Sikemen zeukan bere emazte azpiko bat gandikan izan zuen seme bat Abimelek zeritzana.

        32. Eta il zan Jedeon Joasen semea zartza onean, eta lurpetua izandu zan Joas bere aitaren obian Efran, Ezriren familiari zegokionean.

        33. Baña Jedeon ill ezkero, alde egin zuten Jaunagandik Israelko semeak, eta adoratu zituzten Baalak. Eta elkartu ziraden Baalekin, izan zedin beren jainkoa.

        34. Eta etziraden gomutatu beren Jaun Jainko, atera zituenarekin beren etsai guzien, inguratuak zeuzkatenen eskuetatik:

        35. Eta etziraden urrikaritu Jerobaal Jedeonen etxearekin, Israeli egin ziozkan ongi guzien araura.

 

BEDERATZIGARREN KAPITULUA

        1. Joan zan bada Abimelek Jerobaalen semea Sikemera bere amaren anaiakgana, eta itz egin zioten berai, eta bere amaren aitaren etxeko aide guziai, esaten zuela:

        2. Esan zaiezute Sikemgo gizaseme guziai: Zeñ da obegiago zuentzat, agindu bekizutela irurogeita amar gizonek, guziak Jerobaalen semeak, ala gizaseme bat izan dedilla zuen Jauna? Oroitu ere zaitezte, zuen ezurra, eta zuen aragia naizela.

        3. Eta esan ziozkaten beraren alde bere amaren anaiak itz guzi oiek Sikemgo gizaseme guziai, eta Abimelekganatu zuten beren biotza, esaten zutela: Gure anaia da.

        4. Eta eman ziozkaten irurogeita amar siklo zillarrezko Baalberithen elizatik. Zeñakin artu zuen bere kontura jende premiatsu eta alferrezko talde bat, zeñak jarraitu zion.

        5. Eta etorri zan bere aitaren etxera Efran, eta il zituen bere anaia Jerobaalen semeak, irurogeita amar gizaseme, arri baten gañean, eta bakarrik gelditu zan Joatam Jerobaalen seme txikiago, ezkutatua izan zana.

        6. Eta bildu ziraden Sikemgo gizaseme guztiak, eta Mello erriko familia guztiak, eta joan ziraden eta jarri zuten erregetzat Abimelek, Sikemen zegoan artearen aldean.

        7. Adirazi ziotenean au Joatami, joan zan, eta gelditu zan Garizim mendiaren erpiñean, eta altxaturik boza, deadar egin, eta esan zuen: Aditu nazazute, Sikemgo gizasemeak, ala aditu zaitzatela Jaungoikoak.

        8. Joan ziraden zuaitzak untatzera berentzat errege bat, eta esan zioten oliboari: Agintatu ezazu gure gañean.

        9. Zeñak erantzun zuen: Utzi bai al dezaket nik nere gizentasuna, zeñatatik usatzen duten jainkoak eta gizonak, eta etorri jarria izatera gañean aritzen artean?

        10. Eta esan zioten zuaitzak piko ondoari: Atoz, eta artu ezazu erreiñua gure gañean.

        11. Zeñak erantzun zioten: Utzi bai al dezaket nik nere gozotasuna, eta nere frutu txit eztitsuak, eta joan izatera jarria gañean beste zuaitzen artean?

        12. Eta zuaitzak esan zioten aienari: Atoz, eta agindu zaguzu.

        13. Zeñak erantzun zioten: Utzi bai al dezaket nik nere ardo, Jaungoikoaren eta gizonen poztasuna dana, eta izan jarria gañetik beste zuaitzen artean?

        14. Eta esan zioten zuaitz guziak sasiari: Atoz, eta agindu ezazu gure gañean.

        15. Zeñak erantzun zioten: Baldin benaz jartzen banazute zuen erregetzat, atozte, eta atseden zaitezte nere itzalaren azpian: eta baldin ez badezute nai, atera bedi sua sasitikan, eta iretsi bitza Libanoko zedroak.

        16. Orain bada, baldin zuzenkiro eta bekaturikan gabe jarri badezute zuen gañean erregetzat Abimelek, eta ongi portatu bazerate Jerobaal, eta bere etxearekin, eta ongi erantzun badiezute, zuen alde gudatu zan huraren mesedeai

        17. Eta bere bizia irriskuetan jarri zuenarenai, libratzeko zuek Madianen eskutik,

        18. Zuek orain jaiki zeratenok nere aitaren etxearen kontra, eta il dituzutenok bere semeak irurogeita amar gizaseme arri baten gañean, eta jarri dezutenok Sikemen bizi diradenen erregetzat Abimelek bere neskame baten semea, zuen anaia dalako.

        19. Baldin bada portatu bazerate zuzenkiro eta bekaturikan gabe Jerobaal eta bere etxearekin, poztu zaitezte gaur Abimelekin, eta bera poztu bedi zuekin.

        20. Baña baldin txit gaizkiro portatu bazerate, atera bedi sua beratatikan, eta iretsi bitza Sikemen bizi diradenak eta Mello erria, eta Sikemgo gizasemeakgandik, eta Mello erritik atera bedi sua, eta iretsi beza Abimelek.

        21. Oiek esanik, iges egin zuen, eta joan zan Berara, eta an bizi izan zan bere anaia Abimeleken beldurragatik.

        22. Erreinatu zuen bada Abimelekek Israelen gañean iru urtean.

        23. Eta bidaldu zuen Jaunak espiritu txit gaizto bat Abimelek eta Sikemen bizi ziradenen artera, zeñak asi ziraden hura gorrotatzen,

        24. Eta egotziten Jerobaalen irurogeita amar semeen eriotzaren gaiztakeria, eta beren odolaren isuriera Abimelek beren anaiari, eta Sikemtarren beste prinzipe, lagundu ziotenai.

        25. Eta jarri zituzten bere kontra zelatadak mendien erpiñean, eta bere etorreraren zai zeudela, egiten zituzten lapurretak, kentzen ziozkatela bideanteai zeramatena, eta gaztigua emana izan zitzaion Abimeleki.

        26. Eta etorri zan Gaal Obeden semea bere anaiakin, eta irago zan Sikemera. Zeñaen etorreran alaiturik Sikemen bizi ziradenak,

        27. Atera ziraden kanpoetara desegiten zituztela mastiak, eta zapaltzen zituztela matsak, eta egiñik kantarien taldeak, sartu ziran beren Jaungoikoaren elizan, eta jaten eta edaten zutela, madarikatzen zuten Abimelek,

        28. Esaten zuela Gaal Obeden semeak: Zeñ da Abimelek, eta zer da Sikem, guk bera serbitzeko? Ez al da bera Jerobaalen semea, eta jarri du Zebul bere morroia Emorren Sikemen aitaren gizasemeen gañean? Zergatik bada izango gera bere menpekoak?

        29. Arren bada emango balit norbaitek erri onen agintaritza, kentzeko bizia Abimeleki! Eta esana izan zitzaion Abimeleki: Bildu ezazu ejerzitu andi bat eta atoz.

        30. Zeren Zebul erriko eraentzallea aditurik Gaalen Obeden semearen itzak, txit aserretu zan,

        31. Eta bidaldu zizkion ixillean Abimeleki mandatariak esaten zuela: Gaal Obeden semea etorri da Sikemera bere anaiakin, eta matxiñatu nai du erria zure kontra.

        32. Jaiki zaite bada gauaz, zurekin dan jendearekin, eta ezkutatu zaite kanpoan:

        33. Eta txit goiz eguzkiaren irteeran, esetsi zaiozu erriari, eta ateratzen danean bera zure kontra bere jendearekin, egin zaiozu nai dezuna.

        34. Jaiki zan bada Abimelek bere jende guziarekin gauaz, eta jarri zituen zelatadak Sikemen aldean lau tokitan.

        35. Eta atera zan Gaal Obeden semea, eta gelditu zan erriko atearen sarreran. Eta jaiki zan Abimelek, eta ejerzitu guztia berarekin zelataden tokitik.

        36. Eta ikusi zuenean Gaalek jende hura, esan zion Zebuli: Begira nolako jende taldea jetxitzen dan mendietatik. Zeñi berak erantzun zion: Mendien itzalak ikusten dituzu gizonen buruak bezela, eta onekin engañatzen zera.

        37. Eta berriz esan zion Gaalek: Begira nolako jendedia jetxitzen dan lurraren erditikan, eta talde bat dator, artera begiratzen duen bidetik.

        38. Zeñi esan zion Zebulek: Non da orain zure azarkeria hura, zeñarekin esaten zenduan: Zeñ da Abimelek egoteko gu bere mendean? Ez al da au zuk mezpreziatzen zenduan erria? Atera eta gudatu zaite bere kontra.

        39. Joan zan bada Gaal Sikemtarren erri guztia begira zegoala, eta gudatu zan Abimeleken kontra,

        40. Zeñak persegitu zion igesi zijoala, eta errian sartuerazi zion, eta erori ziran bere aldetik asko erriko ateraño:

        41. Eta Abimelek gelditu zan Ruman, eta Zebulek bota zituen Gaal eta bere lagunak erritik, eta etzioten laketu an bizitzen.

        42. Biaramonean bada atera zan erria kanpora. Eta berri au emana izan zitzaionean Abimeleki,

        43. Artu zuen bere ejerzitua, eta berezitu zuen iru taldetan, jartzen zituela zelatadak kanpoetan. Eta ikusirik ateratzen zala jendea erritik, jaiki zan, eta esetsi zion.

        44. Beren jende talde batekin, bazirauntzala, eta ingurutzen zuela erria. Bitartean beste talde biak jarraitzen zieten kanpoan banatuak zebiltzan etsaiai.

        45. Eta Abimelek ari zan egun guzi artan esesten erriari, zeñ artu zuen, eta illik bertan bizi ziradenak, eta desegiñik bera, alako moduan non zabaldu zuen gatza beratan.

        46. Aditu zutenean au Sikemgo dorrean bizi ziradenak, sartu ziraden beren jainko Berithen elizan, non egin zuten elkartasuna berarekin, eta artatik artu zuen izena tokiak, zeñ zan txit murrutua.

        47. Abimelekek ere aditurik Sikemgo dorrekoak zeudela an guziak bildurik,

        48. Igo zan Selmongo mendira bere jende guziarekin, eta arturik aizkora bat, epaki zuen zuaitz baten adaki bat, eta bazeramala jarrita solbarda gañean, esan zien lagunai: Egin ezazute laister ni egiten ikusten nazatena.

        49. Berak bada epakitzen zituztela zuaitzen adakiak elkarren leian, jarraitzen zioten agintariari. Eta inguruturik gaztelua, su eman zioten. Eta onela gertatu zan keaz eta suaz illak izatea milla lagun, bai gizaseme eta bai emakume Sikemgo dorrean bizi ziradenak.

        50. Eta Abimelek, joanik andik, etorri zan Tebes errira, zeñi ingurututa esesten zion bere ejerzituarekin.

        51. Bazan berriz dorre altu bat erriaren erdian, zeñara iges egin zuten gizasemeak, eta emakumeak, eta erriko andizki guziak, itxita txit sendo atea, eta zeudela dorrearen tellatuaren gañean berak zaitzeko.

        52. Eta allegaturik Abimelek dorrearen aldera, ari zan esesten sendaro, eta alderaturik atera, su eman nai zion.

        53. Eta ona non emakume batek aurtikirik errota arri baten zati bat, jo zuen Abimelek buruan, eta autsi zion burmuña,

        54. Zeñak bereala ots egin zion ezkutariari, eta esan zion: Atera ezazu zure ezpata eta il nazazu, esan ez dezaten, emakume batek illa izan naizela. Eta ezkutariak egiñik agintzen zitzaiona, il zuen.

        55. Eta illik bera, berarekin zeuden Israetar guztiak itzuli ziraden beren etxeetara,

        56. Eta Jaunak eman zion Abimeleki, bere aitaren kontra egin zuen gaitzaren ordaña, illik bere irurogeita amar anaiak.

        57. Sikemtarrai ere itzulia izan zitzaioten egin zuten gaitzaren ordaña, eta etorri zan beren gañera Joatan Jerobaalen semearen madarikazioa.

 

AMARGARREN KAPITULUA

        1. Eta Abimeleken ondoan izandu zan Israelen agintaria Thola Phuaren Abimeleken osabaren semea, Issakarko gizasemea, bizitu izan zana Samirren Efraimgo mendiaren gañean.

        2. Eta juzgatu zuen Israel ogeita iru urtean eta il zan, eta izandu zan obiatua Samirren.

        3. Oni jarraitu zion Jair Galaadkoak, zeñak juzgatu zuen Israel ogeita bi urtean,

        4. Zeñak zeduzkan ogeita amar seme, zeñak ibilli oi ziran ogeita amar astakumeren gañean, eta ziran ogeita amar erriko prinzipeak, zeñak bere izenetik izan ziran deituak Haboth Jair, au da, Jairren erriak, gaurko eguneraño, Galaadko lurrean.

        5. Eta il zan Jair, eta izan zan obiatua, Kamon izena duen toki batean.

        6. Israelko semeak berriz itsatsirik bekatu berriak anziñakoai, egin zuten gaizkia Jaunaren aurrean, eta serbitu zituzten idoloak, Baalim eta Astaroth, eta Siriako, eta Sidongo, eta Moabko, eta Ammonen semeen, eta Filisteoen jainkoak; eta utzi zuten Jauna, eta etzioten egin elizkizunik.

        7. Zeñaen kontra aserretuta Jauna, jarri zituen Filisteoen eta Ammonen semeen eskuetan.

        8. Eta izan ziraden naigabetuak eta atsekabetuak txit, emezortzi urtean, bizi ziraden guztiak Jordango beste aldamenean, Amorreoaren Galaaden dagoanaren lurrean.

        9. Alako moduan non, Ammonen semak, iragorik Jordana desegiten zituzten Judaren eta Benjaminen eta Efraimen tribuak. Eta geiegi atsekabetua izan zan Israel.

        10. Eta deadar eginik Jaunari, esan zuten: Bekatu egin degu zure kontra, utzi degulako gure Jaun Jainkoa, eta serbitu degulako Baalim.

        11. Zeñai esan zioten Jaunak: Ez al zinduzten atsekabetu ijitoak, eta Amorreoak, eta Ammonen semeak eta Filisteoak,

        12. Baitaere Sidonioak, eta Amalezitak eta Kananeoak, eta deadarrez eskatu ziñidaten niri, eta atera zinduztedan beren eskuetatik?

        13. Eta alaere utzi nazazute, eta adoratu dituzute jainko arrotzak. Argatik etzaituztet onezkero berriz libratuko.

        14. Zoazte eta ots egin zaiezute autu dituzuten jainkoai, berak libratu zaitzatela naigabeko denboran.

        15. Eta esan zioten Israelko semeak Jaunari: Bekatu egin degu, egin ezazu zuk gurekin nai dezuna, bakarrik orain libratu gaitzatzula.

        16. Zeñak esaten zituztela, bota zituzten beren mugetatik jainko arrotzen idolo guziak, eta serbitu zuten Jaun Jainkoa, zeñ urrikaritu zan beren argaltasunakin.

        17. Ala bada Ammonen semeak pozezko deadarrakin jarri zituzten etzauntzak Galaaden, zeñaen kontra bildurik Israelko semeak jarri zituzten etzauntzak Masfan.

        18. Eta Galaadko prinzipeetatik bakoitzak esan zion elkarri: Gutatikan lendabizi asten dana gudatzen Ammonen semeen kontra, izango da Galaadko erriko agintaria.

 

AMAIKAGARREN KAPITULUA

        1. Bazan denbora artan Galaaden gizon txit sendo eta gudari bat Jephte zeritzana, Galaaden semea, andre bordion batgandik jaioa.

        2. Bazuen ere Galaadek emaztea, zeñagandik izan zituen semeak: zeñak azi ziradenean, bota zuten etxetik Jephte, esaten zutela: Ezin izango zera primua gure aitaren etxean, zeren beste ama batgandik jaioa zera.

        3. Zeñakgandik berak iges egiten zuela eta ezkutatzen zala, bizitu izan zan Tobko Lurrean, eta alderatu zitzazkion gizaseme beartsu eta ebasleak, eta beren prinzipeari bezela jarraitzen zioten.

        4. Egun aietan ari ziraden gudan Ammonen semeak Israelen kontra.

        5. Eta nola oiek txit estututzen zituzten, Galaadko zarrak joan ziraden ekartera Jephte Tobko lurretik berai laguntzeko.

        6. Eta esan zioten: Atoz, eta izan zaite gure Prinzipea gudatzeko Ammonen semeen kontra.

        7. Zeñai berak erantzun zioten: Ez al zerate zuek gorrotoa iduki ziñidatenak, eta aurtiki ninduzutenak nere aitaren etxetik, eta orain zatozte nigana premiaz beartuta?

        8. Eta erantzun zioten Galaadko prinzipeak Jephteri: Argatik bada gatoz orain zugana, etorri zaitezen gurekin, eta gudatu zaitezen Ammonen semeen kontra, eta izan zaitezen, Galaaden bizi diraden guzien agintaria.

        9. Jeptek ere esan zioten: Baldin egiazki etorri bazerate nigana gudatzeko zuen alde Ammonen semeen kontra, eta jarriko baldin balitu Jaunak nere eskuetan, izango bai al naiz ni zuen prinzipea?

        10. Zeñak erantzun zioten: Gauza oiek aditzen dituen Jauna, bera da gure eskeñtza guztiak beteko dituguzanaren bitartekoa eta ikuslea.

        11. Joan zan bada Jephte Galaadko andizkiakin, eta erri guztiak autu zuen bere prinzipetzat. Eta esan zituen Jephtek bere itz guzi oiek Jaunaren aurrean Masfan.

        12. Eta bidaldu zituen mandatariak Ammonen semeen erregeagana, esan litzaioten bere izenean: Zer degu zuk eta nik, etortzeko nere kontra, nere lurra soiltzera?

        13. Zeñai berak erantzun zioten: Israelek artu zuelako nere lurra Ejiptotik igo zanean Arnongo mugetatik Jabok eta Jordaneraño: orain bada itzuli zadazu pakean.

        14. Jephtek berriz bidaldu zituen berak, eta agindu zioten esan litzaiotela Ammongo erregeari:

        15. Oiek esaten ditu Jephtek: Etzuen artu Israelek Moabko lurra, ez Ammonen semeen lurra,

        16. Baizik atera ziradenean Ejiptotik, ibilli zan eremutik Itsasgorriraño, eta etorri zan Kadesera.

        17. Eta bidaldu ziozkan mandatariak Edomgo erregeari, esaten ziola: Utzi zadazu iragotzen zure lurretik. Zeñak etzuen nai oben egin huraren erreguetara. Berebat bidaldu zituen Moabko erregeagana, zeñak ere ukatu zion mezprezioarekin ematea iragopidea. Eta ala gelditu zan Kadesen.

        18. Eta inguratu zituen aldamen batetikan Edomgo lurra, eta Moabko lurra, eta etorri zan Moabko lurraren sortalderontz, eta jarri zituen etzauntzak Arnongo beste aldamenean. Etzuen ere sartu nai Moabko mugetan, zeren Arnon da Moabko lurraren muga.

        19. Bidaldu zituen bada Israelek mandatariak Sehon Amorrheoen errege, Hesebonen bizi zanagana, eta esan zioten: Utzi zadazu iragotzen zure lurretikan ibairaño.

        20. Baña onek ere mezpreziatzen zituela Israelen eskariak etzion utzi iragotzen bere mugetatikan: baizik bildurik jende talde neurrigabeko bat, atera zan bere kontra Jasan eta txit sendoki jarki zitzaion.

        21. Eta jarri zuen Jaunak Israelen eskuetan bere ejerzitu guziarekin, zeñak desegin zuen, eta jarri zan Amorrheoaren alderri artan bizitu zanaren,

        22. Eta bere muga guzien jabe eginik, Arnondikan Jabokraño, eta eremutikan Jordaneraño.

        23. Israelko Jaun Jainkoak bada desegin zituen Amorrheoak, ari zala gudan beren kontra Israelko bere erria, eta zuk orain nai dezu bere erriaren jabe izan?

        24. Ez al da egia, legez zor zaitzula zure Jainko txamosek duen guztia? izango gera bada, gure Jaun Jainkoak garaitzaz irabazi zuenaren jabe,

        25. Ez baldin bazera Balak Seforren seme Moabko erregea baño obagoa, edo ongitu al baldin badezu, bera elean ari izan zala Israelen kontra, eta gerra egin ziola,

        26. Bizitu izan zan bitartean Hesebonen, eta bere erritxarretan, eta Aroerren, eta bere tokitxoetan, edo Jordanen aldeko erri guzietan, irureun urtean. Zergatik ainbeste denboran ez dezute ezer egin, biurrera onen gañean?

        27. Ala bada ez det nik zure kontra bekatu egiten, baizik zu zera neri gaizki egiten didazuna, ematen dizkidazula bidezko ez diraden gerrak. Auzirikan gabe paketzallea dan Jaunak erabaki beza gaur Israelen artean, eta Ammonen semeen artean.

        28. Baña Ammonen semeen erregeak etzituen aditu nai izan, Jeftek mandatarien bitartez esateko bidaldu ziozkan arrazoiak.

        29. Sartu zan bada Jeftegan Jaunaren espiritua, eta inguruturik Galaad, eta Manasses, eta Galaadko Masfa, eta iragorik andikan Ammonen semeak gana,

        30. Egin zion eskeñtza bat Jaunari, esaten zuela: Jartzen baldin badituzu nere eskuetan Ammonen semeak,

        31. Nere etxeko ateetatikan lenengo ateratzen dana, eta neri bidera irtetzera datorren edozeñ, pakean itzultzen naizanean, Ammonen semeak gandikan, eskeñiko diot Jaunari doañean.

        32. Eta irago zan Jefte Ammonen semeakgana, gudatzeko beren kontra, zeñak jarri zituen Jaunak bere eskuetan.

        33. Eta egin zuen galmen txit andia ogei erritan, Aroertikan allegatu artean Mennithera, eta Abelraño, zeñean dauden ipiñita mastiak, eta Israelko semeak humillatu zituzten Ammonen semeak.

        34. Itzultzen zala bada Jefte Masfan bere etxera, atera zitzaion bidera bere alaba bakarra, zeren etzuen beste semerik, zaldabaitxo ta dantzakin,

        35. Eta ikusi zuenean urratu zituen bere soñekoak, eta esan zuen: Ai nere zorigaiztokoa, ene alaba, zuk engañatu nazu, eta zu ere engañatu zera, zeren egin diot eskeñtza bat Jaunari, eta ezin egingo det besterik.

        36. Berak erantzun zion: Ene aita, eman baldin badiozu zure itza Jaunari, egin ezazu nerekin eskeñi diozun guzia, eman dizun ezkero zure etsaiakin bengatzea eta berak garaitzea.

        37. Eta esan zion aitari: Bakarrik eskatzen dizut eman zadazula, erreguz eskatzen dizudan au, utzi zadazu ibiltzen jiran mendietatikan bi illabetean, eta negar egiten nere donzellatasunagatik nere neskatx lagunakin.

        38. Berak erantzun zion: Zoaz. Eta utzi zion joaten bi illabeterako. Eta joanik bere adiskide ta lagun neskatxakin negar egiten zuen bere donzellatasunagatik mendietan.

        39. Eta beterik bi illabeteak, itzuli zan bere aitagana, zeñak bete zuen eskeñi zuena, gizasemerik ezagutu etzuenarekin. Ordutikan jarri zan Israelen oitura, eta iraundu usantzak,

        40. Biltzeko Israelko alabak urtean bein, eta negar egiteko Galaadko Jefteren alabagatik lau egunean.

 

AMABIGARREN KAPITULUA

        1. Eta ona emen non Efraimen jaiki zan matxinada bat, zeren iragotzen ziradela oiek ifarrerontz, esan zioten Jepteri: Zergatik zijoazenean gudatzera Ammonen semeen kontra, ez ginduzun ots egin nai, joan gindezen zurekin? Argatik su emango diogu zure etxeari.

        2. Zeñai berak erantzun zien: Ele andi bat genduen nik eta nere erriak Ammonen semeen kontra, eta ots egin nizuten laguntasuna eman ziñazadaten, eta etzenduten egin nai izan.

        3. Au ikusita, jarri nintzan irrisku andian, eta atera nintzan Ammonen semeen kontra, eta Jaunak jarri zituen nere eskuetan. Nondik izan naiz ni, zuek nere kontra neri gerra egitera jaikitzeko diña?

        4. Ots eginik bada beragana Galaadko gizaseme guziak, ari zan gudan Efraimen kontra. Eta Galaadtarrak desegin zituzten Efraimgoak, zeren esan zuen: Galaad da igeslari bat Efraimgandik, eta bizi da Efraimen eta Manassesen erdian.

        5. Eta artu zituzten Galaadtarrak Jordango uberak, zeñatatik itzuliko ziraden Efraimgoak. Eta allegatzen zanean beretara Efraimgoren bat, igesi zijoala, eta esaten ziotenean: Erregututzen dizutet arren utzi zadazutela iragotzen. Esaten zien Galaadtarrak: Efrateoa bai al zera? Eta erantzunik berak: Ez naiz.

        6. Esaten zioten: Esan esazu bada Szibboleth, zeñak adirazten duen Galburua. Zeñak erantzuten zuen: Sibboleth, ezin zuela adirazi galburuaren izena tokatzen zitzaion letrakin. Eta bereala elduta, lepoa epakitzen zitzaioten Jordango iragoeran bertan. Eta illak izan ziraden denbora artan berrogeita bi milla gizon Efraimgo.

        7. Ala bada Jepte Galaadtarrak juzgatu zuen Israel sei urtean, eta il zan, eta izan zan obiatua Galaad bere errian.

        8. Onen ondoan juzgatu zuen Israel Abesan Belentarrak,

        9. Zeñak izan zituen ogeita amar seme, eta beste anbeste alaba, zeñak bidaldurik kanpora ezkondu zituen, eta ekarri zituen kanpotik beste anbeste emakume, eta ezkondu zituen bere semeakin. Onek juzgatu zuen Israel zazpi urtean.

        10. Eta il zan, eta izan zan obiatua Belenen.

        11. Onen lekuan jarri zan Aialon Zabulontarra, eta juzgatu zuen Israel amar urtean.

        12. Eta il zan, eta izan zan obiatua Zabulonen.

        13. Onen ondoan juzgatu zuen Israel Abdon, illel Faratontarraren semeak,

        14. Zeñak izan zituen berrogei seme, eta beretatik ogeita amar illoba, zebiltzanak irurogeita amar astakumeen gañean, eta juzgatu zuen Israel zortzi urtean.

        15. Eta il zan, eta izan zan obiatua Efraimgo lurreko Faratonen, Amalekgo mendian.

 

AMAIRUGARREN KAPITULUA

        1. Eta berriz ere Israelko semeak gaizki egin zuten Jaunaren aurrean, zeñak jarri zituen Filisteoen eskuetan berrogei urtean.

        2. Eta bazan Saraako gizon bat, eta Danen jatorrikoa, manue zeritzana, zuena emazte aurgea.

        3. Zeñi agertu zitzaion Jaunaren aingerua eta esan zion: Aurgea zera eta ez dezu aurrikan, baña aurdun jarriko zera eta egingo dezu aur bat.

        4. Begira bada ez dezazula edan ardorik, ez sagardorik, eta ez dezazula ere jan gauza zikiñik,

        5. Zeren aurdun jarriko zera eta egingo dezu seme bat, zeñaen buruari ez dion ukiturik egingo ganibitak zeren izango da Jaungoikoaren nazarenoa bere aurderatik, eta amaren sabeletik, eta bera asiko da libratzen Israel Filisteoen eskutik.

        6. Zeñ joanik bere senarra billatzera, esan zion: Jaungoikoaren gizon bat etorri da nigana, zuena aingeruaren arpegia, txit izigarria. Zeñi galdeturik nik, zeñ zan, eta nondik etorri dan, eta ze izen zuen, ez dit nai izan esan;

        7. Baizik au esan dit: Ona non jarriko zeran aurdun eta egingo dezu seme bat, begira ez dezazula edan ardorik, ez sagardorik, eta ez dezazula ere jan gauza loirik, zeren aurra izango da Jaungoikoaren nazarenoa bere aurderatik, eta bere amaren sabeletik, bere eriotzako eguneraño.

        8. Erregutu zion bada Manuek Jaunari, eta esan zion: Erregututzen dizut, Jauna, berriz etorri dedilla, Jaungoikoaren gizon, bidaldu dezuna, eta irakasi dizagula, zer egin bear degun jaioko dan aurrarekin.

        9. Eta aditu zuen Jaunak Manueren eskaria, eta Jaungoikoaren aingerua berriz agertu zitzaion bere emazteari, zegoala eserita kanpoan. Manue bere senarra ez zegoan berarekin. Eta ikusi zuenean berak aingerua,

        10. Joan zan arin eta korrika bere senarragana, eta adirazi zion esaten ziola: Ona non agertu zaitan neri, len ikusi nuen gizona.

        11. Jaiki zan Manue eta jarraitu zion bere emazteari, eta allegaturik gizona zegoan tokira, esan zion: Zu bai al zera itz egin diozuna nere emazteari? Eta berak erantzun zuen: Ni naiz.

        12. Zeñi Manuek: Egiztatzen danean, esan zion, zure itza, zer nai dezu aurrak egin dezala? Edo zertatik gorde bearko da?

        13. Eta Jaunaren aingeruak esan zion Manueri: Gorde dedilla, zure emazteari esan diozkadan gauza guztietatik.

        14. Eta ez dezala jan, mastitik jaiotzen dan gauzarik batere, ez dezala edan ardorik, ez sagardorik, ez dezala jan gauza zikiñik, eta bete ta gorde dezala agindu diodana.

        15. Erregututzen dizut oben egin dezazula nere eskarietara, eta prestatu dizaguzula antxume bat.

        16. Zeñi erantzun zion aingeruak: Baldin gogorrean artzen banazu, ez det jango zure ogirik, baña doaña egin nai baldin badezu, eskeñi zaiozu Jaunari. Eta etziekien Manuek, Jaunaren aingerua zala.

        17. Eta esan zion: Nola dezu izena, egiztatzen baldin bada zure itza, honratu zaitzagun?

        18. Zeñi berak erantzun zion: Zergatik billatzen dezu nere izena, zeñ dan miragarria?

        19. Artu zuen bada Manuek antxume bat, eta libazioak, eta jarri zuen arri baten gañean, eskeñtzen ziola Jaun, mirariak egiten dituzenari, eta bera ta bere emaztea zengozkion begira.

        20. Eta aldareko garra igo zanean zerura, Jaunaren aingeru batean igo zan garrean. Au ikusi zutenean Manuek eta bere emazteak, auzpertu ziran lurrean beren arpegien gañean.

        21. Eta berriz etzitzaioten agertu Jaunaren aingerua, Eta bereala ezagutu zuen Manuek Jaunaren aingerua zala,

        22. Eta esan zion bere emazteari: Laster ilko gera, zeren ikusi degu Jaungoikoa.

        23. Zeñi erantzun zion emazteak: Baldin Jaunak il nai izan bagindu, etzituen artuko gure eskuetatik eskeñtzak eta libazioak, etzizkigun ere erakutsiko gauza guzi oiek, eta etzizkigun ere esango gertatuko diraden gauzak.

        24. Egin zuen bada seme bat, eta jarri zion izena Samson, eta aurra azi zan, eta Jaunak bedeikatu zuen.

        25. Eta Jaunaren espiritua asi zan agertzen beragan Dango etzauntzetan, Saraa eta Estaholen artean.

 

AMALAUGARREN KAPITULUA

        1. Jetxi zan bada Samson Thamnathara, eta ikusirik an Filisteoen alaba emakume bat,

        2. Itzuli zan, eta itz egin zien bere aitari eta amari, esaten zuela: ikusi det Thamnthan Filisteoen alabetatiko emakume bat; eta erregututzen dizutet artu zadazutela emaztetzat.

        3. Zeñi esan zioten bere aitak eta amak: Ez al da emakumerik zure anaien alaben artean, eta gure erri guzian, nai izateko zuk artu emaztetzat filisteoen erri, jende zirkunzidatu gabekoa? Eta esan zion Samsonek bere aitari: Artu zadazu au, zeren gogoa bete dit.

        4. Bere gurasoak berriz etziekiten Jaunagandik zetorren gauza bat zala au, eta era bat billatzen zuela Filisteoen kontra. Zeren denbora artan Filisteoak agintatzen zioten Israeli.

        5. Jetxi zan bada Samson bere aita eta amarekin Thamnatara. Eta allegatu ziradenean erriko mastietara, agertu zan leoikume odolgiro bat orroaka, eta atera zan beragana.

        6. Baña Jaunaren espiritua sartu zan Samsonegan, eta zatitu zuen leoia, puskatzen zuela antxume bat balitza bezela, eskuan ezerere etzuela, eta etzien adirazi nai izan au aitari eta amari.

        7. Eta jetxi zan, eta itz egin zion, gogoa bete zion emakumeari.

        8. Eta egun batzuk igarota itzulirik arekin ezkontzeko, alde egin zuen bidetik ikusteko leoi illaren gorputza, eta ona non zegoan leoiaren aoan erle samalda bat eta ezti abaraska bat.

        9. Zeñ arturik eskuetan, jaten zuen bidean, eta allegaturik aita eta ama zeuden tokira, eman zien zati bat, zeñ berak ere jan zuten, baña etzioten adirazi nai, leoiaren gorputzetik artu zuela.

        10. Jetxi zan bada bere aita emakumeagana, eta egin zion bere seme Samsoni konbit bat. Zeren ala egin oi zuten gazteak.

        11. Ikusi zutenean bada erri artakoak, eman ziozkaten ogeita amar lagun berarekin egoteko.

        12. Zeñai esan zien Samsonek: ipiñiko dizutet asmaizu bat, azertatzen badidazute konbiteko zazpi egunen barrenen, emango dizkizutet ogeita amar mandire eta anbat tunika;

        13. Baldin berriz ezin azertatuko bazindukete, zuek emango dizkidazute neri ogeita amar maindire eta anbat tunika. Zeñak erantzun zioten: ipiñi ezazu asmaizua, aditu dezagun.

        14. Eta esan zioten: «Jaleagandikan atera zan janaria, eta sendoagandikan atera zan gozotasuna». Iru egunean ezin izan zuten azertatu ipiñi zioten asmaizua.

        15. Eta nola alderatzen zan zazpigarren eguna, esan zioten Samsonen emazteari: Egin zaiozkazu pozkariak zure senarrari, eta ekarri ezazu adiraztera zuri, zer esan nai duen asmaizuak. Eta au egin nai ez badezu, su emango dizugu zuri eta zure aitaren etxeari. Eztaietara ots egin al diguzute, deguna kentzeko?

        16. Emakumeak ezartzen zituen malkoak Samsonen aurrean, eta kexatzen zan esaten zuela: Gorrotatzen nazu, eta ez nazu maitatzen, argatik ez didazu adirazi nai, nere erriko semeai ipiñi diezun asmaizua. Baña berak erantzun zion: Nere aitari eta nere amari ez nien esan nai, eta zuri agertu alko dizut?

        17. Emakumeak bada negar egiten zuen Samsonen aurrean konbiteko zazpi egunean, eta atzenean zazpigarren egunean ain gogaikarria zegoan non agertu zion. Zeñak bereala agertu zien bere errikoai.

        18. Eta berak esan zioten zazpigarren egunean, eguzkiaren sarrera baño lenago: Zer gauza gozoagorik eztia baño, eta zer gauza sendoagorik leoia baño? Eta Samsonek esan zien: Goldeatu ez baldin bazendute nere txal urrisarekin, etzenduten azertatuko nere asmaizua.

        19. Sartu zan bada beragan Jaunaren espiritua, eta jetxi zan Askalonera, eta an il zituen ogeita amar gizon, zeñai kendurik soñekoak eman ziozkaten asmaizua azertatu zutenai. Eta txit aserretuta itzuli zan bere aitaren etxera.

        20. Bere emazteak berriz artu zuen senartzat Samsonen adiskide eta eztailagunetatiko bat.

 

AMABOSGARREN KAPITULUA

        1. Eta denboratxo bat iragota, garia epakitzeko era aldean zala, etorri zan Samson, ikusi nairik bere emaztea, eta eraman zion antxume bat. Eta nola nai zuen sartu emaztearen gelan oi bezela, galerazi zion emaztearen aitak, esaten zuela:

        2. Uste nuen gorrotatzen zenduela, eta argatik eman diot zure adiskide bati, baña badu aizpa bat bera baño gazteagoa eta ederragoa, iduki ezazu emaztetzat huraren lekuan.

        3. Zeñi Samsonek erantzun zion: Egun onetatik ez da nigan obenik izango Filisteoen kontra, gaitzik egiten baldin badizutet.

        4. Eta joan zan andikan eta atxitu zituen irureun azeri, eta itsatsi zituen bata bestearekin bustanetatik, eta lotu ziozkaten zuziak erdian,

        5. Zeñai sua emanik, soltatu zituen, aldamen guzietatik ibilli zitezten. Zeñak bereala joan ziraden Filistinoen garitzetara. Zeñak irazekirik, bai gari metatuak, eta bai oraindik zutik zeudenak, erre ziraden, alako moduan non garrak desegin zituen mastiak eta olibodiak ere.

        6. Eta esan zuten Filisteoak: Zeñak egin du gauza au? Zeñai esana izan zitzaioten: Samson Thamnatarren suiak egin ditu oiek, kendu diolako bere emaztea, eta beste bati eman diolako. Eta igo ziran Filisteoak; eta erre zuten bai andrea eta bai bere aita.

        7. Zeñai esan zioten Samsonek: Oiek egin badituzute ere, alaere oraindikan jarraituko diot zuekin bengatzeari, eta orduan atsedengo naiz.

        8. Egin zuen bada galmen txit andi bat beretan, alako moduan non arrituta esertzen ziraden zanko bata bestearen gañean zutela. Eta jetxirik bizitu izan zan Etamgo arkaitzeko lizean.

        9. Baña Filisteoak sarturik Judako lurrean, jarri zituzten etzauntzak toki baten, zeñi gero deitu zitzaion Letxi, au da, matrallaezurra, non izan zan desegiña beren ejerzitua.

        10. Eta esan zieten Judaren tribukoak: Zergatik igo zerate gure kontra? Zeñak erantzun zuten: Etorri gera Samson lotutzera, eta ordaintzera bera, egin dizkigun gaitzakin.

        11. Jetxi ziran bada Judako iru milla gizon, Etamgo arkaitzeko leizera, eta esan zioten Samsoni: Ez al dakizu Filistintarrak agintzen digutela? Zergatik egin ditzazkiozu oiek? Zeñai berak esan zioten: Neri egin zidaten bezala, ala egin nien berai.

        12. Zu lotutzera etorri gera, erantzun zioten, eta jartzera Filistintarren eskuetan. Zeñai Samsonek; Juramentu egin zadazute, esan zioten, eta eskeñi zadazute ez nazutela ilko,

        13. Esan zuten: Etzaitugu ilko, baizik lotuta entregatuko zaitugu. Eta lotu zuten soka berri birekin, eta eraman zuten Etamgo arkaitzetik.

        14. Zeñ allegaturik Matrallaezurraren tokira, eta Filistintarrak deadarrez berari bidera aterarik, sartu zan beragan Jaunaren espiritua, eta nola liñoa desegin oi dan suaren usaiera, ala urratu eta desegin zituen lokarriak, zeñakin estuta zegoan.

        15. Eta arturik lurrean zegoala arkitu zuen asto baten matrallaezur; edo agintopoa, il zituen berarekin milla gizon,

        16. Eta esan zuen: Asto baten matrallaezurrarekin, astokume baten agintopoarekin desegin nituen, eta il nituen milla gizon,

        17. Eta itz oiek kantatzea bukatu zuenean, aurtiki zuen eskutik agintopoa, eta toki hurari deitu zion Ramathletxi, zeñak esan nai duen, matrallaezurraren altxaera.

        18. Eta egarri andi batekin, deadar egin zion Jaunari, eta esan zion: Zuk eman dezu osasun eta garaipen berarizko au zure serbitzari onen eskuz, ona non egarriz iltzen naizan, eta eroriko naiz zirkunzidatu gabeen eskuetan.

        19. Jaunak orduan idiki zuen agin bat astoaren matralla ezurrean, eta atera ziraden urak beratatikan. Zeñak edanik, sendotu zan, eta artu zituen indarrak. Argatik izan zan deitua toki huraren izena gaurko eguneraño, otsegiten duenaren Iturri matrallaezurrekoa.

        20. Eta juzgatu zuen Israel Filistintarren egunetan ogei urtean.

 

AMASEIGARREN KAPITULUA

        1. Joan ere zan Samson Gazara, eta ikusi zuen an emakume bordion bat, eta sartu zan beragana.

        2. Aditu zutenean au Filistintarrak, eta zabaldu zanean beren artean, Samson sartu zala errira, ingurutu zuten, jarririk gordetzalleak erriko atean, eta gau guzian ixillik zai egon ziraden an, goiza allegaturik ateratzen zanean iltzeko.

        3. Lo egin zuen Samsonek gaberdiraño, eta orduan jaikirik joan zan, eta atera zituen erriko atearen albo biak beren murru eta morrolloakin, eta jarririk bere solbarden gañean, eraman zituen, Hebronerontz begira dagoan mendiaren erpiñera.

        4. Oien ondoren adiskidetu zan, Soreko ibarrean bizi zan emakume batekin; eta zeritzan Dalila.

        5. Eta etorri ziraden beragana Filistintarren prinzipeak, eta esan zioten: Engañatu ezazu, eta jakin ezazu beragandik, non duen alako indar andia, eta nola menderatuko degun, lotuta kastigatzeko. Au egiten baldin badezu, emango dizugu bakoitzak milla eta eun diru zillarrezko.

        6. Dalilak bada esan zion Samsoni: Erregututzen dizut esan zadazula zertan dagoan zure indar aiñ andia, eta zer gauza dagoan zeñarekin lotuta eziñ igesik egingo dezun?

        7. Zeñi erantzun zion Samsonek: Lotutzen baldin banaute zazpi ede larru leortu gabe eta oraindikan ezeakin, geldituko naiz beste gizonak bezin indargabea.

        8. Eta ekarri ziozkaten berari Filistintarren prinzipeak zazpi sokak, esan zuen bezela, zeñakin lotu zuen,

        9. Gelditzen ziradela berak ezkutatuak zelatan etxean gela batean, gertakari onen bukaeraren zai, eta Dalilak deadar egin zion: Samson, Filisteoak zure gañean . Zeñak urratu zituen lokarriak, edozeñek urratuko lukean bezela mullo illaunezko ari biurtu bat, sentitzen duenean suaren usaia, eta etzan izan ezagutua zertan zegoan bere indarra.

        10. Eta Dalilak esan zion: Ona non engañatu nazun, eta gezurra esan didazun, orain bederik esan zadazu, zerekin lotua izan bear dezun.

        11. Zeñi berak erantzun zion: Lotua baldin banintza soka berri, lanean iñoiz ari ez diradenakin, geldituko naiz indargabea, eta beste gizonen antzekoa.

        12. Zeñakin berriz Dalilak lotu, eta deadar egin zuen: Samson, Filistintarrak zure gañean, zelatariak gertuak zeudela gelan. Zeñak ala autsi zituen lokarriak, nola euten ariak.

        13. Eta esan zion Dalilak berriz: Noizarteraño engañatuko nazu, eta esango didazu gezurra? Erakasi zadazu zerekin izan bear dezun lotua. Zeñi erantzun zion Samsonek: Baldin eotzen badituzu nere illeen zazpi txirikordak euteko orraziakin, eta loturik inguruan iltze bati, sartzen badezu au lurrean, geldituko naiz indarrik gabe.

        14. Egiñik au Dalilak esan zion: Samson, Filistintarrak zure gañean. Baña berak esnaturik lotatik, atera zuen iltzea ille eta eutarekin.

        15. Eta esan zion Dalilak: Nola diozu maite nazula, zure biotza ez baldin bada nerekin? iru alditan gezurra esan didazu, eta ez didazu esan nai izan, zertan dagoan zure sendotasun txit andia.

        16. Eta nola zan gogaikarria Samsonentzat, eta zegoan beti bere aldean, atsedetzeko ere denborarik eman gabe, bere anima erori zan, eta atsekabetu eriotzaraño.

        17. Orduan agerturik egia, esan zion: Ez da igo burnirikan nere buruaren gañera, zeren naiz Nazareoa, au da, Jaunari eskeñia nere amaren sabeletik; moistua baldin balitza nere burua, alde egingo du nigandikan nere sendotasunak, eta indargatuko naiz, eta izango naiz beste gizonak bezelakoa.

        18. Eta ikusirik Dalilak agertu ziola bere biotz guzia, bidaldurik mandatariak Filistintar prinzipeakgana, esan erazi zioten: Atozte oraingo aldian ere, zeren agertu dit bere biotza. Zeñak etorri ziraden, zeramatela berakin eskeñi zuten dirua.

        19. Eta Dalilak lo eragin zion bere belaunen gañean, etzin eragiñik bere altzoan. Eta ots egin zion bizarkiñari, zeñak ebaki ziozkan bere zazpi ille txirikordak, eta asi zitzaion bultzaka, eta beragandik botatzen, zeren bereala alde egin zuen Samsongandikan indarrak.

        20. Eta esan zion: Samson, Filistintarrak zure gañean. Zeñ esnaturik bere lotatik esan zuen: Aterako naiz len egin nuen bezela, eta astinduko ditut, ez jakiñik Jaunak beragandik alde egin zuela.

        21. Arrapatu zutenean Filistintarrak, bereala atera ziozkaten bere begiak, eta eraman zuten Gazara kateaz lotuta, eta itxirik presoindegian, lo eragin zioten.

        22. Eta onezkero bere illeak asi zitzaiozkan berriz jaiotzen,

        23. Eta Filistintarren prinzipeak bildu ziraden batean, egiteko beren jainko Dagoni eskeñtza txit andiak, eta egiteko janedanak, esaten zutela: Gure jainkoak jarri du gure eskuetan Samson gure etsaia.

        24. Zeñ erriak ere ikusirik, alabatzen zuen bere jainkoa, eta esaten zituen itzak berak: Gure jainkoak jarri du gure eskuetan gure etsai, desegin zuena gure lurra, eta txitez asko il zituena.

        25. Eta gozaturik beren jateketan, jan zutenean agindu zuten ots egiteko Samsoni, eta jostatu zedilla beren aurrean. Zeñ izanik ateratua presoindegitik jostaketan ari zan beren aurrean, eta zutik egon eragin zioten arroiñ biren erdian.

        26. Berak esan zion zuzentzen zuen itsumutillari: Utzi zadazu ukitu dizaiedan, etxe guzia gañean daukaten arroñai, etzin nadin beren gañean, eta atseden nadin piskatxo bat.

        27. Etxea berriz zegoan gizasemez eta emakumez betea, eta zeuden an Filistintarren prinzipe guziak, eta iru milla gizaseme eta emakume inguru, Samsoni egiten ziezten isekai begira tellatutik, eta urubetik.

        28. Berak berriz deiturik Jaungoikoari, esan zuen: Jaun jainkoa, gomutatu zaite nerekin, eta itzuli zadazu orain nere anziñako indarra nere Jaungoikoa, bengatu nadin nere etsaiakin, eta pagatu eragin dizaiedan batetan begi biak ateratzean egin didaten txarkeria.

        29. Eta eldurik etxea gañean zeukaten arroiñ biai, eta atxiturik bata eskuiarekin eta bestea ezkerrarekin,

        30. Esan zuen: il bedi Samson Filistintarrakin. Eta jotzen zituela portizkiro arroiñak, erori zan etxea, an zeuden prinzipe guztien, eta beste taldearen gañera, eta asko geiago il zituen iltzen zala, len bizirik zegoanean il zituen baño.

        31. Eta jatsirik bere anaiak eta aide guziak, eraman zuten bere gorputza, eta lurpetu zuten Saraa eta Esthaolen bitartean bere Aita Manueren obian, eta juzgatu zuen Israel ogei urtean.

 

AMAZAZPIGARREN KAPITULUA

        1. Bazan denbora artan gizaseme bat Efraimgo mendikoa Mikas zeritzana.

        2. Zeñak esan zion bere amari: Zuretzat berezitu zinduen milla eta eun zillarrezko diruak, eta zeñen gañean juramentu egin zenduen neronek aditzen nuela, ona emen non dauzkadan nik, eta neregan ditut. Zeñi berak erantzun zion: Jaungoikoak bedeinkatua izan dedilla nere semea.

        3. Itzuli ziozkan bada bere amari, zeñak esan zion: Konsagratu eta eskeñi nion zillar au Jaunari, nere eskutik artu dezan nere semeak, egin dezan irudi otalluzko eta urtu bat, eta nik orain ematen dizut.

        4. Itzuli ziozkan bada bere amari, zeñak artu zituen zillarrezko berreun diruak, eta eman ziozkan zillargin bati, egiteko berakin irudi talluzko eta urtu bat, zeñ gelditu zan Mikasen etxean.

        5. Zeñak berezitu ere zuen berean kapillatxo bat Jaungoikoarentzat, eta egin zuen efod bat eta terafiñak, au da, apaizjantzia, eta idoloak, eta bete zuen bere semeetatik baten eskua, eta apaiz egin zuen.

        6. Egun aietan etzan erregerik Israelen, baizik bakoitzak egiten zuen berari ongi zeritzana.

        7. Bazan ere beste gazte bat Judako Belengoa, familia onetakoa, eta zan Lebita, eta bizi zan an.

        8. Eta aterarik Belengo erritik, joan nai zuen, ongi zijoakion edozeñ tokitara. Eta jarraitzen ziola bere bideari, allegaturik Efraimgo mendira, eta alde egiñik piskatxo bat Mikasen etxerontz,

        9. Onek galdetu zion nondik zetorren. Eta berak erantzun zuen: Judako Belengo Lebita naiz, eta noa bizitzera, ongi joango jatala uste dedan eta al dedan tokira.

        10. Eta esan zuen Mikasek: Gelditu zaite nere etxean, eta izan zatzakit nere aita eta apaiza, eta emango dizkizut urte bakoitzean amar diru zillarrezko, bi soñeko eta jateko bear dezun guztia.

        11. Ongi iritzi zitzaion, eta gelditu zan bere etxean, eta Mikasek iduki zuen bere seme bat balitza bezela.

        12. Eta Mikasek bete zuen huraren eskua, eta iduki zuen bere etxean gazte au apaiztzat,

        13. Esaten zuela: Orain dakit Jaungoikoak ongi egingo didala zeren dedan Lebiren jatorriko apaiz bat.

 

EMEZORTZIGARREN KAPITULUA

        1. Egun aietan etzan Israelen erregerik, eta Danen tribuak jarri nai zuen an egotez, zeren egun artaraño etzuen artu beste tribuak bezela bere tokamena.

        2. Bidaldu zituzten bada Danen semeak Saraa eta Estaoltikan bere jatorri eta familiako bost gizon errutsu lurra ikusi eta ajolarekin aztertzera, eta esan zioten: zoazte eta ezagutu ezazute lurra. Berak aterarik eta allegaturik Efraimgo mendira, sartu ziraden Mikasen etxean, eta gelditu ziraden an.

        3. Eta ezaguturik izketatik Lebita gaztea, ostatuz zeuden etxean, esan zioten: Nork onara ekarri zaitu? Zer egiten dezu emen? Zergatik onara etorri nai izan dezu?

        4. Zeñak erantzun zioten: Oiek eta oiek egin ditu nerekin Mikasek, eta onenbeste ematen dit, izan nadin bere apaiza.

        5. Eta berak erregutu zioten itundu zedilla Jaunarekin, jakin al zezaten, ongi ibilliko ote ziraden bidean, eta iritxiko ote zuten nai zutena.

        6. Berak erantzun zioten: Ongi zoazte, zeren Jaunak zaitzen du daramazuten bidea, eta bere gogokoa da zuen asmoa.

        7. Bazijoaztela bada bost gizonak etorri ziraden Laisera, eta ikusi zuten erria bizi zala an beldurraren piskarik ere gabe, Sidontarren oituren gisara, pake eta atsedenean, iñork ere esesten etziotela, aberastasun andiakin, Sidondikan urrutian, eta gizon guzietatikan berezitua.

        8. Eta itzuli ziraden beren anaietara Saraa eta Estaolera, eta zer egin zuten galdetuak izanik, erantzun zuten:

        9. Jaiki zaitezte, igo gaitezen berakgana, zeren ikusi degu lur txit aberats eta ugari bat, etzaitezte izan nagiak, ezta ere denborarik galdu. Goazen, jabetu gaitezen berarekin, ez degu nekerik batere izango.

        10. Sartuko gera ajolarikan gabe bizitu dan erri batean, lur txit zabal batean, eta Jaunak emango digu toki bat, zeñean ez dan lurrean azitzen diraden gauza guzien premiarikan batere.

        11. Atera ziraden bada Danen jatorritikan, au da, Saraa eta Esthaoltikan, seireun gizon gudarako armak gerrian zituztela.

        12. Eta igo ziradenean gelditu ziraden Judako Kariathiarimen. Toki au denbora artatik izan zan deitua Danen etzauntzen izenarekin, eta dago Kariathiarimen ostean.

        13. Andikan irago ziraden Efraimgo mendira. Eta allegatu ziradenean Mikasen etxera,

        14. Laisko lurra ezagutzera len bidalduak izan ziraden bost gizonak, esan zien beren beste anaiai: Badakizute etxe oietan ba dala efoda, eta terafima, eta otalluz eta urtuta egindako irudi bat, ikusi ezazute zer nai dezuten.

        15. Eta piskatxo bat alde egiñik, sartu ziraden, Mikasen etxean zegoan Lebita gaztearen etxean, eta agur egin zioten itz paketsuakin.

        16. Eta seireun gizonak, armakin zeuden bezela, zeuden atean.

        17. Gaztearen etxean sartu ziradenak berriz, saiatzen ziraden artzeko otalluzko taiua, eta efoda, eta teraphima, eta urtuz egindako irudia, eta apaiza zegoan atearen aurrean, eta seireun gizon errutsuak urrutian gabe, itxedotzen.

        18. Sartu ziradenak bada eraman zituzten otalluzko taiua, efoda, eta idoloak, eta urtuz egindako irudia. Zeñai esan zioten apaizak: Zer egiten dezute?

        19. Berak erantzun zuten: Zaude ixillikan, eta jarri ezazu beatza zure aoaren gañean, eta atoz gurekin zeren idukiko zaitugu aita eta apaiztzat. Zein da obeagoa zuretzat, apaiz izatea gizon bakar baten etxean, ala Israelko tribu oso eta familia batean?

        20. Berak au adituta oben egin zuen beren itzetara, eta artu zituen efoda, eta idoloak, eta otalluzko irudia, eta joan zan berakin.

        21. Zeñak zijoaztela, eta aurretikan joan erazirik aurrai, eta zamariai eta zuten gauza balioko guziai,

        22. Eta onezkero urrutian zeudela Mikasen etxetik, Mikasen etxean bizi ziraden gizonak jarraitu zieten deiez,

        23. Eta ostetikan asi ziraden deadarrez. Oiek atzera begiraturik, esan zioten Mikasi: Zer da nai dezuna? Zergatik deadar egiten dezu?

        24. Zeñak erantzun zuen: Kendu dizkidazute egin nituen nere jainkoak, eta nere apaiza, eta dedan guztia, eta esaten dezute: Zer dezu?

        25. Eta esan zioten Danen semeak: Kontu ez dizaguzula itzik egin geiago onen gañean, etorri ez ditezten zugana gizon aserrez beteak, eta galdu etzaitezen zure etxe guziarekin.

        26. Eta onela jarraitu zuten asi zuten bidea. Eta ikusirik Mikasek bera baño sendoagoak ziradela, itzuli zan bere etxera.

        27. Eta seireun gizonak eraman zuten apaiza, goian esan degun guztiarekin, eta allegatu ziraden Lais atsedeten eta beldurrikan gabe zegoan errira, eta irago zuten ezpataren puntatik, eta su eman zioten erriari,

        28. Iñork laguntasunikan batere ematen etziela, Sidondik urrutian bizi ziradelako, eta etzutelako artu-emanik ez adiskidetasunik gizon batekin ere. Zegoan berriz erri au Rohobko alderrian, zeñ berriz eginik, bizi izan ziran an,

        29. Deitzen ziotela erriari Dan, bere aitaren izenaren araura, zeñ izan zan Israelen semea, zeñi len deitzen zitzaion Lais.

        30. Eta jarri zuten berentzat tallu bat, eta Jonatam Jersamen Moisesen semearen semea, eta bere semeak, izan ziran apaizak Danen tribuan, beren katiberioko eguneraño.

        31. Eta egon zan beren artean Mikasen idoloa, Jaungoikoaren etxea Silon arkitu zan denbora guzian. Egun aietan etzan erregerik Israelen.

 

EMERETZIGARREN KAPITULUA

        1. Bazan Lebita bat, bizi zana Efraimgo mendiaren egian, zeñean ezkondu zan Judako Belengo emakume batekin.

        2. Emakume onek utzi zuen, eta itzuli zan Belenera bere aitaren etxera, eta egon zan berarekin lau illabetean.

        3. Eta jarraitu zion bere senarrak, berarekin pakeak egin eta ongi bizitzeko, eta eramateko berarekin, zeduzkala berarekin morroi bat eta bi asto. Emazteak artu zuen, eta sartu bere aitaren etxean. Au aditu zuenean aitagiarrabak, eta ikusi zuenean, pozez atera zitzaion bidera,

        4. Eta laztandu zuen. Eta egon zan suia aitagiarrabaren etxean iru egunean, berarekin jaten eta edaten zuela adiskidetasunean.

        5. Eta laugarren egunean gauaz jaikirik, joan nai zuen. Zeñi eldu zion aitagiarrabak eta esan zion: Jan ezazu lenago ogiaren piskatxo bat, eta sendatu sabela, eta ala joango zera.

        6. Eta eseri ziraden batean eta jan eta edan zuten. Eta esan zion neskatxaren aitak bere suiari: Erregututzen dizut arren gaur emen gelditu zaitezela, eta batean gozatu gaiteztela.

        7. Baña bera jaikirik, asi zan joaten. Baña alaere aitagiarrabak eskariz eldu zion, eta gelditu erazi zion berarekin.

        8. Baña eguna zabaldu zanean, prestatzen zan Lebita joateko. Zeñi aitagiarrabak berriz esan zion: Erregututzen dizut janariaren piskatxo bat artu dezazula, sendatu zaitezen, eguna aurreratzen dan bitartean, gero joango zera. Jan zuten bada batean.

        9. Eta jaiki zan gaztea joateko bere emazte eta morroiarekin. Zeñi berriz itz egin zion aitagiarrabak: Begira ezazu onezkero eguna aurreratua dala, eta arratsea aldean, gelditu zaite gaur ere nerekin, eta egun gozatsu bat irago ezazu, eta biar joango zera itzultzeko zure etxera.

        10. Etzuen nai suiak oben egin bere itzetara, baizik bereala joan zan, eta etorri zan Jebusen aurrera, zeñi beste izen batez deitzen zaion Jerusalen, eramaten zituela berarekin bi astoak zamakin eta bere emaztea.

        11. Eta zeuden onezkero Jebusen aldean, eta egunak utzitzen zion tokia gauari, eta esan zion morroiak bere nagusiari: Erregututzen didizut zeartu dezagula bidea Jebuseoen errira, eta gelditu gaitezela an.

        12. Zeñi erantzun zion nagusiak: Ez naiz sartuko jende arrotzaren erri, Israelko semeena ez danenean, baizik iragoko naiz Gabaaraño:

        13. Eta ara eltzen naizenean, geldituko gera an, edo gutxienez Ramako errian.

        14. Irago zuten bada Jebus, eta jarraitzen zioten asi zuten bideari, eta eguzkia sartu zitzaioten Gabaren aldean, zeñ dagoan Benjaminen tribuan.

        15. Eta biurtu ziraden arontz, an gelditzeko. Zeñean sarturik, eseri ziraden erriko plazan, eta etzioten eman nai iñork ostaturik.

        16. Eta ona non agertu zan gizon zaar bat, itzultzen zala kanpotik eta bere lanetik illuntzian, zeñ ere zan Efraimgo mendikoa, eta arrotza bezela bizi zan Gabaan. Eta alderri artako gizonak ziraden Jeminiren semeak.

        17. Eta altxaturik begiak, ikusi zuen zaarrak gizon hura zegoala eserita erriko plazan bere zamatxoakin, eta esan zion: Nondik zatoz? Eta nora zoaz?

        18. Zeñak erantzun zion: Atera gera Judako Belendikan, eta goaz gure etxera, zeñ dagoan Efraimgo mendiaren egian, nondik joan giñan Belenera; eta orain goaz Jaungoikoaren etxera, eta iñork ez gaitu artu nai bere etxean,

        19. Baditugu ere lastoa eta albitza astoen janaritzat, eta ogia eta ardoa neretzat, eta zure serbitzari emakume onentzat, eta nerekin dagoan morroiarentzat, ez degu ostatuarena baizik besteren premiarik.

        20. Zeñi erantzun zion zaarrak: Pakea izan bedi zurekin: nik emango dizut bear dezun guzia, bakarrik erregututzen dizut, etzaitezela gelditu plazan.

        21. Eta sartu zuen bere etxean, eta eman zioten jaten astoai: eta garbitu ezkero beren oñak, eman zien afaria.

        22. Berak apaltzen ari ziradela, eta bideko lanaren ondoan, ogi eta ardoarekin sendatzen zituztela gorputzak, etorri ziraden erri artako gizasemeak, Belialen semeak (au da, uztarri gabeak) eta inguruturik zaarraren etxea, asi ziraden, ateari otsak ematen, deadarrez esaten ziotela etxearen jabeari; Atera ezazu zure etxean sartu dan gizona, bekatu egin dezagun berarekin.

        23. Eta atera zan berakgana zaarra, eta esan zioten: Anaiak, ez ezazute arren, ez ezazute arren egin onelako gaizkirik, zeren gizon au sartu da ostatuz nere etxean, utzi zaiozute bada zorakeria oni.

        24. Badet alaba donzella bat, eta gizon onek ere badu bere emaztea, aterako dizkizutet, humillau ditzatzuten, eta bete dezazuten zuen guraria. Bakarrik erregututzen dizutet ez dezazutela egin gizon batekin gaiztakeria izatearen kontrako au.

        25. Etzuten oben egin nai bere arrazoietara. Ikusi zuenean au Lebitak, atera zioten bere emaztea, eta eman zioten isekatua izateko. Eta gau guzian aririk berarekin bekatu egiten, utzi zioten goizean.

        26. Baña emakumea, illuntasunak alde egiñik, etorri zan, bere jauna zegoan etxeko atera, eta an erori zan.

        27. Zabaldurik eguna, jaiki zan gizona, eta idiki zuen atea, jarraitzeko asi zuen bideari, eta ona non bere emaztea zetzan atearen aurrean, eskuak zabalduta atalburuaren gañean.

        28. Zeñi berak, usterik lotan zegoala, esaten zion: Jaiki zaite eta goazen. Baña berak ezer ez erantzunik, ezaguturik ilda zegoala, artu zuen, eta jarri zuen astoaren gañean, eta itzuli zan bere etxera.

        29. Sartu zanean etxean, artu zuen ganibet bat, eta partiturik emaztearen gorputz illa amabi puska eta zatitan, bidaldu zituen Israelko alderri guzietara.

        30. Eta au ikusi zutenean, bakoitzak deadar egiten zuen esaten zuela: iñoiz ez da ikusi onelako gauzarik Israelen, gure asabak Ejiptotikan igo ziraden egunetik, oraingo denboraraño. Esan ezazute zuen iritzia, eta batean erabaki ezazute, zer egin bear dan gauza onetan.

 

OGEIGARREN KAPITULUA

        1. Atera ziraden bada Israelko seme guztiak, eta bildu ziran batean, gizaseme bakar bat balitza bezela Dandikan Bersabeeraño eta Galaadko lurra, ituntzeko Jaunarekin Masfan.

        2. Eta errietako agintari guztiak, eta Israelko tribu guztiak etorri ziran Jaungoikoaren erriaren biltzarrera laureun milla oñazko armagizon.

        3. (Eta etzitzaioten ezkutatu Benjaminen semea, Israelko semeak igo ziradela Masfara). Eta galdeturik Lebita, illa izan zan emakumearen senarra, nola egiña izan zan gaiztakeria ain andi bat,

        4. Erantzun zuen: Allegatu nintzan Benjaminen Gabaara nere emaztearekin, eta an gelditu nintzan ostatuz.

        5. Eta ona non erri artako gizon batzuek, ingurutu zuten gauaz nengoan etxea, il nai nindutela, eta isekaturik nere emaztea nabarmenkeriazko sumiñtasun sinisgaitz batekin, atzenean il zan.

        6. Zeñ arturik, zatitu nuen, eta bidaldu nituen zatiak zuek bizi zeraten alderri guzietara, zeren ez da iñoiz egin Israelen gaiztakeria ain andi eta itxusirikan.

        7. Emen zaudete Israelko seme guziak, erabaki ezazute zer egin bear dezuten.

        8. Eta zegoala zutik erri guzia, gizaseme bakar baten itzarekin bezela erantzun zuen: Ez gera joango gure dendetara, eta ez da ere sartuko iñor bere etxean

        9. Aliketa batean egin dezagun bitartean au Gabaren kontra.

        10. Autatu bediz Israelko tribu guzietatik eun gizonetatik amar, eta millatik eun, eta amar millatik milla, eraman dizaioten janaria ejerzituari, eta gudatu dezagun Benjaminen Gabaaren kontra, eta eman dizaiogun gaiztakeriagatik diña dan ordaña.

        11. Eta bildu zan Israel guztia erri onen kontra, gizon bakar bat balitza bezela, asmo bat batekin, eta erabaki bat batekin.

        12. Eta bidaldu zituzten mandatariak Benjaminen tribu guztira, esateko berari: Nola egiña izan da zuen artean gaiztakeria ain nazkagarria?

        13. Eman zazkiguzute Gabaako gizon, gaiztakeria au egin zutenak, illak izan ditezten, eta kendua izan dedin gaitza Israeldikan. Benjamintarrak etzuten aditu nai Israelko seme beren anaien mandatua,

        14. Baizik bildu ziran Gabaan beren tribuari tokatzen zaiozkan guziak, berai laguntzeko, eta gudatzeko Israelko erri guziaren kontra.

        15. Eta zenbatuak izan ziraden ogeita bost milla Benjamintar, ezpata ateratzen zutenak, Gabaan bizi ziradenak gabetanik

        16. Zeñak ziraden zazpireun gizon txit sendoak, naiz ezkerrarekin naiz eskuiearekin gudatzen ziradenak, eta ain zuzen arriak jaurtitzen zituztenak, non ille bat ere joko zuten, aldamen batera ez bestera arria zeartu gabe.

        17. Eta Israelko jendetik, Benjaminen semeak gabe arkitu ziraden laureun milla gizon ezpata ateratzen zutenak eta gudarako gertutuak.

        18. Zeñak jaikitzen ziradela etorri ziraden Jaungoikoaren etxera, au da, Silora, eta itundu ziran Jaunarekin, eta esan zuten: Zein izango da gure ejerzituaren agintaria gudatzeko Benjaminen semeen kontra? Zeñai erantzun zien Jaunak: Juda izango da zuen agintaria.

        19. Eta bereala jaikirik goiz Israelko semeak, jarri zituzten etzauntzak Gabaaren aldean.

        20. Eta andikan joaten ziradela gudatzera Benjaminen kontra, asi ziran esesten erriari.

        21. Eta ateratzen ziradela Benjaminen semeak Gabaatikan, il zituzten egun artan ogeita bi milla gizon Israelko semeetatik.

        22. Israelko semeak itxedoten zutela beren indar eta asko izatean, berriz prestatu zuten ejerzitua toki huratan berean, zeñean len gudatu ziran.

        23. Baña lenago joan ziran Jaunaren aurrera negar egitera gabera artean; eta ituntzera berarekin, esaten zutela: Atera bear al naiz berriz gudatzera Benjaminen seme nere anaien kontra, ala ez? Zeñai berak erantzun zioten: igo zaitezte beren kontra, eta esetsi zaiozute gudari.

        24. Eta joanik biaramonean Israelko semeak Benjaminen semeen kontra gudatzera,

        25. Atera ziraden Benjaminen semeak Gabaako atetatik, eta irtenik berai bidera ain galmen andia egin zuten berakgan non il zituzten eta ezarri lurrera emezortzi milla gizon ezpata ateratzen zutenak.

        26. Argatik Israelko seme guziak etorri ziraden Jaungoikoaren etxera, eta eseriak zeudela negar egiten zuten Jaunaren aurrean, eta baru egin zuten egun artan arratsalderaño eta eskeñi ziozkaten opariak eta doañ paketsuak,

        27. Eta itundu ziraden beren egoeraren gañean. Denbora artan zegoan an Jaungoikoaren elkartasuneko kutxa,

        28. Eta Finees Eleazarren Aaronen semearen semeak agintzen zuen etxean. Itundu ziraden bada Jaunarekin, eta esan zuten: Berriz atera bear al gera gudara Benjaminen seme gure anaien kontra, ala egongo al gera geldirik? Zeñai esan zien Jaunak: igo zaitezte, zeren biar jarriko ditut zuen eskuetan.

        29. Eta Israelko semeak jarri zituzten zelatadak Gabaako erriaren inguruan.

        30. Eta irugarren aldi onetan gertutu zuten ejerzitua gudatzeko Benjaminen kontra, lenbiziko eta bigarren aldian bezela.

        31. Baita Benjaminen semeak ere ausarkiro atera ziraden erritik, eta joan ziraden urrutiraño beren etsaien, igesi zijoazenen ondoren. Alako moduan non zauritu zituzten beretatik batzuek lenbiko eta bigarren egunean bezela, eta il zituzten ogeitamarren bat gizon, igesi zijoazenak bide bitatik, zeñak zuzentzen ziraden bata Bethelera, eta bestea Gabaara.

        32. Zeren uste zuten iltzen zituztela oi zuten bezela. Zeñak agerturik marroz igesi zijoazela, erabaki zuten alde eragitia erritikan, eta igesi joango balirade bezela eramatea berak goian aipatu diran bide txigorretara.

        33. Israelko seme guziak bada ateratzen ziradela beren tokietatikan, prestatu ziraden gudarako Baalthamar deritzan toki batean. Uriaren inguruan zelatadan zeudenak ere, asi ziraden agertzen geldika geldika,

        34. Eta aurreratzen erriaren sartaldetikan. Baitaere Israelko ejerzituko beste amar milla gizon aupadaka ari ziraden errian bizi ziradenai, ateratzeko gudara. Onenbesterekin asi ziraden gudan Benjaminen semeen kontra, eta etzuten aditu, aldamen guzietatik zutela beren gañean eriotza.

        35. Eta zauritu zituen Jaunak Israelko semeen aurrean, eta il zituzten beretatik egun artan, ogeita bost milla eta eun gizon, guziak gudariak, eta ezpata ateratzen zutenak.

        36. Baña Benjaminen semeak ikusirik berak garaituak izan bear zutela, asi ziraden iges egiten. Au ikusirik Israelko semeak, leku egin zioten iges egiteko, etorri zitezten prestatuta zeduzkaten zelatadetara, zeñak jarri zituzten erriaren aldean.

        37. Zeñak supituan aterarik zelatadetatik, eta Benjaminek biurturik solbardak berak iltzen ari ziradenai, sartu ziraden errian, eta irago zuten ezpataren puntatik.

        38. Eta Israelko semeak eman zioten señaletzat zelatadetan jarri zituztenai, sartzen ziradenean errian, su eman zitzaiotela, adirazteko artua zala erria, goira zijoan kearekin.

        39. Ikusirik au Israelko seme oraindikan gudan ari ziradenak (zeren Benjaminen semeak uste zuten aiek igesi zijoaztela, eta alderagotikan jarraitzen ziozkaten, beren ejerzituko ogeita amar gizon il zituztelako)

        40. Eta ikusirik igotzen erritik keezko abe bat bezelakoa, eta Benjamintarrak ere berriz begiraturik atzerontz, ikusi zutenean erria arrapatua zala, eta garrak igotzen zutela goira.

        41. Orduan len igesi zijoazela marroz adirazten zutenak, biurturik arpegia, sendaroago jarkitzen zitzaiozkaten. Au ikusirik Benjaminen semeak, eman zioten igesari

        42. Eta asi ziraden joaten eremuko bidera, ara ere jarraitzen zieztela etsaiak. Baitaere bidera atera zitzaiozkaten, erriari su eman ziozkatenak.

        43. Eta onela gertatu zan aldamen bietatik etsaien eskuz illak izatea, eta etzuten nola iges egiñik eriotzari. Erori ziraden illik eta gelditu ziraden lurrean etzunik Gabaako erriaren sortaldean.

        44. Emezortzi milla gizon izan ziraden illak toki artan, guziak gerragizon txit sendoak.

        45. Au ikusi zutenean Benjamintarretatik gelditu ziradenak, iges zuten eremura, eta zijoazen Remmon zeritzan aitzera. Eta nola zijoazen barreiatuak eta iges egiten zuten egabanatuak, iges artan ere il zituzten bost milla gizon. Eta joanik aurrera jarraitu ziozkaten, eta oraindikan ere il zituzten beste bi milla.

        46. Eta onela gertatu zan, toki askotan il ziraden Benjamintarrak, izatea ogeita bost milla, guztia jende txit gerraria.

        47. Onela bakarrik gelditu ziraden Benjaminen jende guzitik seireun gizon iges egin al izan zutenak, eta ezkutatu eremuan: eta egon ziraden Remmonko aitzean lau illabetean.

        48. Eta Israelko semeak biurturik gudatik, irago zituzten ezpataren puntatikan errian zeuden gañerako guziak, gizonetatik abereetaraño, eta Benjamingo uri eta erritxar guziak izan ziraden gar jaleak iretsiak.

 

OGEITABATGARREN KAPITULUA

        1. Egin ere zuten juramentu Masfan Israelko semeak, eta esan zuten: Gutatiko batek ere ez dio emango bere alabarik emaztetzat Benjaminen semeai.

        2. Eta etorri ziraden guztiak Jaungoikoaren etxera. Silora, eta zeudela bere aurrean gaberaño, jaso zuten boza, eta asi ziraden negar egiten oiu andiakin, esaten zutela:

        3. Zergatik Israelko Jaun Jainkoa egiña izan da gaitz au zure errian, kendua izateko gaur gure artetik tribu bat?

        4. Eta biaramonean jaikitzen ziradela egun sentian, egin zuten aldare bat, eta eskeñi zituzten an opariak, eta doañ paketsuak, eta esan zuten:

        5. Zeñ da Israelko tribu guzien artean igo etzana Jaunaren ejerzituarekin? Zeren Masfan zeudenean lotu ziraden juramentu andi batekin il eragiteko faltatzen zutenak.

        6. Eta damuturik Israelko semeak beren anaia Benjaminekin egin zutenarekin, asi ziraden esaten: Kendua izan zaio tribu bat Israeli,

        7. Nondik artuko dituzte emazteak? Zeren guziok batean jaramentu egin degu, ez dieztegula guk berai emango gure alabak.

        8. Argatik esan zuten: Zeñ da Israelko tribu guzietatik igo etzana Jaunagana Masfan? Eta ona non arkitu zan Jabes-Galaaden bizi ziradenak etziradela arkitu ejerzitu artan.

        9. (Eta gañerakoak Silon egon ziraden denbora artan ere, beretatik bat ere etzan an arkitu).

        10. Bidaldu zituzten bada amar milla gizon txit errutsuak eta eman ziozkaten aginte au: Zoazte, eta irago itzatzute ezpataren puntatik Jabes-Galaaden bizi diradenak, naiz andreak naiz beren aurrak.

        11. Baña au da kontuz egin bear dezutena: il itzatzute gizaseme guziak, eta gizonik ezagutu duten emakume guziak, baña utzi zaiezute bizirik donzellai.

        12. Eta arkituak izan ziraden Jabes-Galaaden laureun donzella, ezagutu etzutenak gizasemeren oerik, eta eraman zituzten Siloko etzauntzetara, Kanaango errian.

        13. Eta bidaldu ziozkaten mandatariak Benjaminen seme, Remmongo aitzean zeudenai, eta agindu zieten, pakean berak artu zitzatela.

        14. Eta etorri ziraden orduan Benjaminen semeak, eta emanak izan zitzaiozkaten emazteak Jabes-Galaadko alabetatik. Baña etzuten arkitu besterik, modu berean ematekorik.

        15. Eta Israel guziak iduki zuen atsakabe andia, eta egin zuen penitenzia Israelko tribuetatik bataren galmenagatik.

        16. Eta esan zuten zarragoak: Zer egingo degu emazterik artu ez duten gañerakoakin? Benjamingo emakume guztiak il dirade,

        17. Eta ajola andiarekin eta gogo andiarekin begiratu bear degu, ez dedilla izan galdua Israelko tribu bat.

        18. Zeren ezin eman giñitzakiegu gure alabak, gaudelako lotuak juramentu eta madarikazioz, esan gendunean: Madarikatua izan dedilla ematen diona Benjamini emaztea bere alabetatik.

        19. Eta artu zuten erabaki au eta esan zuten: Ona non aldean dan urteoroko Jaunaren jaia Silon, zeñ dagoan Bethelko erriaren ifarraldean, eta Beteldikan Sikemera dijoan bidearen sortaldean, eta Lebnako erriaren Egoean.

        20. Eta agindu zioten Benjaminen semeai, eta esan zioten: Zoazte, eta ezkutatu zaitezte mastietan.

        21. Eta ikusten dituzutenean Siloko donzellak ateratzen diradela oi bezela dantzan egitera, atera zaitezte supituan mastietatik, eta ostu ezazute bakoitzak berea emaztetzat, eta zoazte Benjaminen lurrera.

        22. Eta etortzen diradenean beren gurasoak eta anaiak, eta azten diradenean zuen kontra ezpak ematen eta kejatzen, esango diegu: Errukitu zaitezte berakin, zeren etzituzten ostu gerrako eskuz, ez garailariak bezela, baizik erreguturik berak zuei emateko, etziñiozkaten eman, eta ala zuekgan dago bekatua.

        23. Eta egin zuten Benjaminen semeak agindua izan zitzaioten bezela. Eta beren zenbataren araura ostu zituzten dantzan ari ziradenetatik, bakoitzak emazte bat beretzat, eta joan ziraden beren errira, eta egiñik erriak bizi ziraden beretan.

        24. Israelko semeak ere itzuli ziran beren etzauntzetara tribuz eta familiaz. Egun aietan etzan erregerik Israelen, baizik bakoitzak egiten zuen berari ongi zeritzana.

 

aurrekoa hurrengoa