www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bi Saindu Heskualdunen Bizia
Franzisko Laphitz
1867

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

LAURGARREN PHARTEA
Jesusen konpainiaren altxazaile

 

 

I.

 

        1535an Aphirilaren ondarrean, iguzkia etzaterakoan, Jaun zaldizko bat, muthilak ondotik, Andoaineko ostaturat jausten da. Bizkaiako hiri ttipi bat da Andoaine. Ostalerra heldu zaio, diotsola:

        «Ongi ethorri zarela Ekibarreko jauna! ostatua zurea da eta ostalerra zure manuko.»

        Ostalerra harat hunat dabilalarik zaldien edanarazten eta phusken antholatzen, Ekibarreko Jaunak erraiten dio:

        «Denbora eder hunekin baduzu jende, Antonio?»

        «Holaxe, Jauna, holaxe; ez nahi bezenbat.»

        «Hanbat gaxtoago, Antonio, zure etxea bethi jendez bethea nahi nuke ikhusi.»

        «Oh! orduan sobera ontsa gintezke; egun ez zait ethorri gizon gaixo bat baizik; urrundanik heldu dela; philda txar batzu soinean; zaldi txar bat azpian; heskuaraz mintzo, heskualdun garbiena bezala. Nago hatik, hatu horien pean, aitoren-seme bat othe den.»

        «Zerk emaiten dauzu beldur hori, Antonio?»

        «Zerk emaiten dautan? Nahiz eskale arropan den, eta nahiz haren zaldia larreko hobea den bideko baino, Jaun handi baten itxura khausitzen diot. Ez othoi samur, Jauna; bainan haren begirantzak ez du batere zureari zorrik. Urrundanik heldu omen da, nola deitzen den ez du erran... Gizonak ikhusi ditut nik lehenere; jakizazu hemen zerbait badela.»

        «Gerthatzen ez denik ez da, Antonio; noiz artio da zure etxean?»

        «Bihar artio, Jauna.»

        «Ikhusi nahi nuke.»

        «Jauna, aski duzu igaitea. Gain gaineko ganbaran da, eta nor den, zer ari den, athe artetik ikhusiko duzu.»

        Igaiten da; arrotza ikhustearekin, bozkarioz jauzi egiten du, eta, lasterka jautsirik, Antoniori erraiten dio:

        «Zure arrotza arras ongi ezagutu dut. Jaun handi bat eta saindu bat; ez dut hatik nahi nihori salha dezazun, bertzenaz urrikituko zaizu.»

        «Jauna, ez dut nihori salhatuko; bainan noiz artio behar dut neuretzat atxiki?»

        «Zure ostatua hustu duen artio.»

        Eta Ekibarreko Jauna, zaldirat igainik, badoha ximixtaren pare. Gaua da; Loiola inguruan tronpeta batek atzartzen ditu Oiharzun lokhartuak... «Nor heldu othe zaiku tenore huntan?...»

        Afariaren erdirat Ekibarreko Jauna erortzen zaiote:

        «Berri handia, adixkide maiteak, berri handia!! Guziak nahi zaituztet besarkatu, berri handia! Iñazio ikhusi berri dut.»

        Izen horrek guziak mututzen bezala ditu; nihork ez du haren bozkariozko oihuer ihardesten.

        Berriz ere dio:

        «Bai, ene adixkide maiteak, bai, Iñazio oraintxe ikhusi dut Andoainen!»

        «Iñazio hoin hurbil! Iñazio Andoainen! Ba othe ditake?»

        Betan mintzo dire guziak eta anhitz dire; ezik suerteak hala ekharririk, Iñazioren anaiek eta bertze asko ahaidek egun hetan Loiolako aldi dute.

        Ekibarreko Jaunak khondatzen diotzate haren eta ostalerraren arteko solhasak; goiti nola igain den, athe xilotik nola behatu duen:

        «Ene bozkarioa Iñazio ezagutzean! Belhauniko zagon saindu bat iduri, aingeru bat iduri; mirakuluak egin ditzan batere ez dut arrotz khausituko; saindu bat dela diotenek egia diote. Ez darotzuet hatik gordeko arras khanbiatua dela; mehe da arras eta desegina, eta Barzelonan zabilan soineko berarekin.»

        Bozkalentzia handia da jauregian; elgarren artean berheala ihardokitzen dute Sainduaren alderat nola jokha. Hastean, hitzartzen bezala dire, anaiak, ilobak, ahaideak, auzoko jaun gazteak, beren jauzturarik ederrenean biderat atherako zaizkola. Bainan Garziak gibelatzen ditu, erranez:

        «Ene anaiari, badakit, gaitzituko zaizko hoinbertze ohore. Phestamuak barnean egin ditzagun; hortaz ez du erraitekorik ukhanen; xoilki, hemen dugun jaun apheza othoiztuko dut Andoainerat ager dadin, eta Iñaziori erran dezon haren jiteak zonbatetaraino bozkariatzen gaituen.»

        Anaietarik batek erraiten dio:

        «Eta Iñazio mendiz heldu balitz, jaun aphezak huts egin liro.»

        «Arrazoin duzu, ene anaia; hortarakotz jaun apheza berheala bidean jarriko da, Andoainen berean etzanez, han hatzeman dezan Iñazio; eta baldin anaia maite hark nahiago balinbadu mendiz ethorri, mendirat igorriko ditut muthilak, etsai guzietarik begira dezaten. Azpeitiako jaun aphezer eta jauner ere adiaraziko diotet hor dela; berek ikhusiko dute zer egin.»

        Hitzartu bezala egin zuten.

        Biharamunean Iñazio meza entzun eta zaldirat igaiterat dohalarik, hor agertzen zaio Loiolako apheza:

        «Iñazio jauna! zure ganat igorria naiz zure mezutzerat, Loiolako Jaunak, haren semek, haren anaiek, ahaide eta adixkidek, bozkariorekin egurikatzen zaituztela. Jauregian dire guziak; haraino nahi zintuzket lagundu.»

        «Mila esker, jaun apheza, zure eskaintza onaz; ene zaldia zureari ezin jarraik bailiteke, hobeko duzu jin bideaz juanik. Nik baitakit mendi hautako berri, mendiz juanen naiz bakhar bakharra.»

        Jaun apheza thematuxe zen bere eskaintzan, bainan Iñazio ere gogortu zen bere erranean, eta biak bi bidetarik juan ziren, jaun apheza bide handiz zaldi ederrean, Iñazio mendiz zaldi txarrean.

        Mendiz abiatu eta laster, harmetan athera zitzaizkon gizon batzu. Iñaziok erran zioten:

        «Nongoak zarete, gizon maiteak?»

        «Jauna, Loiolako muthilak gare; nausiak igorri gaitu bidearen zuri erakusterat eta gaixtaginetarik zure begiratzerat.»

        «Ene anaiak sobera artha du nitaz; zuek beraz, adixkide maiteak, bazohazkete aitzina; aurkhintze hauk ikhusi naute lehen ere, eta bakharrik ibiltzeko ez naiz nihoren beldur.»

        Gure sainduak Azpeitian behar zuen iragan. Azpeitiarat hurbiltzean, Azpeitiarrak ikhusten ditu bi lerrotan jiten, jaun aphezak eta herriko buruzagiak aitzinean. Ongi ethorria dela, diotsote guziek, eta handizki bozkariatzen direla haren ber-ikhusteaz. Jende oste haren artean, Iñaziok laster badakutsa bere anaia, arrebak. Anaia arrebek mila othoitz egiten diote Loiolarat ethor dadin, Loiola haren eskuko dela, Loiolan hura izanen dela bakharrik nausi, bertze guziak haren muthil.

        «Ene aiten egoitza utziz geroz, ihardesten diote sainduak, bertze egoitzarik ez dut, erien eta pobren egoitza baizik. Madalenako ospitalerat noha.»

        Eta erien eta pobren egoitzan sartzen da, athean utzirik bere ahaideak, ahalgez hurtuak.

 

 

II.

 

        Etxerat itzuli eta, Loiolako Jaunak bere anaier erran zioten:

        «Ez badezakegu Iñazio etxerat ekharraraz, eta baitezpada ospitalean behar balinbadu egon, bederen nahi dut ospitaleko eriak eta eskaleak baino hobeki ekharria izan dadin. Jadanik manatu dut ohe bat ekhar dezoten, eta egunean bietan igorriko diotzat gure mahaineko jakirik hoberenak.»

        Aphur baten buruan, Loiolako muthilek ohe guri bat bazakharraten gure sainduaren ganbararat eta afari on bat. Afari on hura ikhustean, boztu zen sainduaren bihotza eta muthiler erran zioten:

        «Ongi ona baita ene anaaa! eta zuek adixkide maiteak, ongi onak baitzarete! Atsegin hartuko dute ene eri maitek! Zeruko Jainko Jaunak sarista dezala zuen karitatea.»

        Eta berehala erier eman zituen jateko guziak; herresa puxka bat baizik ez zuen beretzat atxiki. Arratsean, othoitz luze baten ondotik, odoleraino azotatu zuen gorphutza; goiz alderat etzan zen lurraren gainean. Jeiki eta zangopilaturik ezarri zuen ohea, alegia ohean etzan. Egunaz, herri guzian ibili zen eske, haurrak othoiztuz ethor ziten haren katiximarat eta burhasoak othoiztuz ethor ziten haren predikurat, ospitaleko elizan predikatuko zuela. Iñazio eske dabilala entzunik, Loiolako Jaunak laster egiten du Azpeitiarat; hatzemaiten du bere anaia, othoizten du utz dezan eskea eta ez dezan bere jendekiari holako ahalgerik eman.

        «Anaia Jauna, ihardesten dio gure sainduak; zeru lurren nausia pobre bizi izan da; hari jarraikiz ez ahal nabila makhur.»

        «Diote ere predikatu nahi duzula. Jakizazu, Iñazio maitea, eske ibiliz mundu guziaren irriegingarri bilhakatuko zarela, eta nihork ez zaituela entzun nahiko. Bertzalde, ez zare aphez, eta hemengo aphezek ez dute zure beharrik predikatzeko; berak aski mintzo dire.»

        «Anaia Jauna, norat nahi juan nadin, jendea ez axola khausitzen dut salbamenduko urhatsaren gainean. Hori heldu da erlijioneko egien ez jakitetik. Hortarakotz, norat nahi juan nadin, orotan Jainkoaren hitza adiaraziko dut.»

        «Bainan nihor ez da zure entzuterat ethorriko. Ez duzu zeren has.»

        «Haurttobat baizik ez ethoririk ere, jende oste bati bezala mintzatuko nitzaio, eta ene erranak ontsa hartzen baditu, ez da ene lana arras galdua izanen.»

        Loiolako jaunak bazuen entzunik aski.

        Herriko aireak phiztu zuen Iñazio. Azkartzearekin, behin ere baino garrazkiago jazarri zion bere buruari; janharitzat ogi beltza eta idorra, ohetzat taula edo lurra, athorratzat larrua jaten zion ziliziobat, gerrikotzat burdinezko gathe bat.

        Haurrer egiten zuen katiximaz bertzalde, predikua egiten zuen igande guziez, phesta egun guziez eta astean hiruretan. Haste hastetik mundu bat abiatu zen haren entzuten. Bihotz guziak beretzen zituen bere lañotasunaz, bere amultsutasunaz, bere behatze eztiaz, bere solas gozo eta sarkhorrez.

        Prediku alkhian lehenbiziko aldian jarri zenean, huna nola mintzatu zen:

        «Ene anaia maiteak, neure ustez sekulakotz utzi zintuztedan; bainan kontzientziako arrangura batzuek ekharri naute zuen arterat. Aspaldian erraiten zarotan botz batek, gazte zoro agertu nintzen tokian behar nuela agertu zentzatua, urrikitan sarthua. Gure Jainko jauna egun oroz othoizten dut eta nigar auhenetan othoizten, ahantz ditzan ene gaztetasuneko urtheak. Zuer ere, herritar maiteak, barkhamendu galdatzen darotzuet, eta othoizten zaituztet zuen othoitzetan Jainkoari gomenda nezazuen. Eta zuetarik zoinbait eni behatuz gaizki abiatu balinbadire, othoizten ditut kanbia diten eta beren bekhatuez urrikiturik Jainkoaren ganat itzul diten. Zuen arterat ethortzeko bertze arrazoin bat ere banuen. Huts batean ni gerthatu, eta huts hura bertze baten gain juan zen, bertze bati jasanarazi zioten. Hari nahi nioke orai berea bihurtu; hari egin kalteaz nahi nuke orai barkhamendu ardietsi.» Eta aditzailetarik bat erhiaz erakusten zuela «ene hartzeduna zu zare, kalte zuri egin darotzut. Baratze batean frutuak ebatsi zintuela, presondeguia eman zarozuten eta amanda. Ez zinen zu hobenduna, ni nintzen. Ni iduri batzuekin, ni sarthu nintzen baratzean eta frutuak ebatsi. Huts hori nehola ere nahi nuke orai estali. Hartarakotz, ene ontasunetan hartuko dituzu bi etxalde; bata egin darozudan kaltearentzat, bertzea eman darotzudan ahalgearentzat; eta urrikirik minenarekin barkhamendu eske nagozu.»

        Jende guzia nigarrez zagon. Bertze orduz ikhusi zutena hain azkar, hain eder, hain lorios, hain agur nahia, hain laudorio gose, ikhustea orai hain umil, hain ezti, hain amultsu, bere buruaren hain etsai, desegina, hurtua; entzutea orai haren gaztetasuneko hutsen aithormena, bihotz erdiragarri zen.

        Loiolako Jauna ez zen gutienik hunkitua. Ohartzen hasi zen berthute bat dela umiltazuna, Jainkoaren hitzari indar handia emaiten diona.

        Hanbat denbora gabe, Heskual herriko zokho guzietarik, jauregi, hiri, herri, mendietarik, Azpeitiarat abiatu zen jendea, Iñazio ikhusi eta entzun beharrez. Jendea elizetan ezin kokatuz, kanpoan predikatzen zuen Iñaziok, eta bulharrak nahiz ez zituen azkar-azkar, urrun adiarazten zuen. Egundaino ez zuten kofesional ingurutan hainbertze jende ikhusi. Sainduaren hitzaz argituak eta hunkituak, adizailek berehala nahi zuten bizitzez khanbiatu, kontzientzia nahi zuten berehala garbitu. Aphez zonbait ere, beren eginbidetan lazosko zirenak, ernarazi zituen haren hitzak, jokoko suja herri hetan ematu eta itho bezala zuen.

        Andren aphainduraz hain garrazki mintzatu zen, non andreak, nigarretaraino hunkituak, neurrirat jautsi baitziren, eta denbora luzaz neurrian egon.

        Mendekoste aitzineko egunetan, manamenduen gainean mintzatu zen. Asko girixtino, ordu artean gaizki bizi zirenak, orduan bere baithan sarthu ziren, eta geroztik penitentziazko eta berthutezko bizi bat ereman zuten, bekhatutik eta bekhatuzko bidetarik urrun. Sakramendu sainduaren konfreria bat ezarri zuen Azpeitian, eta pobre ahalgedunen arthaz kargatu. Xede hortarat dirutze bat aski handia utzi zion herriko aitzindari bati.

        Ezarri ere zuen eguerdian eta arratsean ezkilen joiteko usantza, eguerdian othoitz egin zezaten bekhatu mortalean zirenentzat, eta arratsean hilentzat; eta usantza hori gal ez zadin, urthean hoinbertzekobat segurtatu zion ezkila joileari.

 

 

III.

 

        Iñazio Loiolakoak, erran dugu, katixima egiten zuen haurrer. Katixima hartarat urrundik heldu ziren haurrak, eta haurrekin burhasoak. Haur heien artean bat bazen Martin de Alarzia deitzen zena, itxuxia eta motthela.

        Egun batez, jende oste baten aitzinean, Iñaziok galdeitza bat eginik, durduzatzen du Martin, eta jende guzia irriz hasten da. Sainduak irri egiler erraiten diote:

        «Haur huntaz irri egiten duzue? gaizki hori; ezik itxuxia badu ere gorphutza, ederra du arima, eta egun guziez edertuz juanen zaio. Apheztuko da Martin, eta denborarekin herria ohoratuko du bere berthutez eta obrez.»

        Sainduak errana gerthatu zen.

        Ama batek zortzi urthetako haur bat ekhartzen dio, dioelarik:

        «Jauna! othoi, othoi, haur hau benedika zazu, eta Jainkoari galda ez nezan huntaz gabe, bakharra baitut!»

        Haurrari behatze bat egin eta, Iñaziok amari erraiten dio:

        «Andrea, ez duzu zeren izit. Haurra frango ukhanen du zure semeak, eta mundu hau zaharturik utziko du.»

        Hamabortz haur ukhan zituen, eta lauetan hogoi urthetan hil izan zen.

        Emazteki bat ekhartzen diote laur urthe hartan debruak hartua.

        «Jauna, sobera zare ona dohakabe huntaz ez urrikaltzeko; othoi senda zazu!»

        «Ez naiz aphez; ez dut eskurik debruen gainean.»

        «Jauna, galdatzen darotzuguna da emazteki hau benedika dezazun eta Jainkoari gomenda; zure karitateari hori dugu bakharrik galdatzen.»

        Iñaziok othoitz labur batez eta khurutzearen seinhale batez khentzen dio debrua.

        Horren berria usu barreatu zen.

        Bertze emazteki bat ekhartzen diote, gaxtoak badituela hark ere.

        «Gaxtorik ez du, dio Iñaziok, bainan gaxtoek asaldatzen diote izpiritua, eta hortarik heldu dire hunen gorphutzeko ikharak.»

        Eta khurutzearen seinhale batez sendatzen du.

        Ganzarako herrian, emaztetto bat bulharretarik galdua, hiltzerat zohan. Iñaziori badakherrote, othoi benedika dezan. Iñaziok ihardesten du ez dezakela benedizionerik eman, ez delakotz aphez. Othoizten dute berriz ere, beren othoitzez herxatzen dute eta azkenean garhaitzen. Jende multzo bat lekhuko, eria benedikatzen du eta sendaturik etxerat igortzen. Ondoko astean, zare bat fruturekin ethorri zitzaion, eskerren bihurtzerrat.

        Ospitaleko eri batek ardura ukhaiten zuen erorteko mina. Egun batez, gaitzak hartzen du Iñazioren aitzinean. Iñaziok, urrikaldurik, Jainkoari galdatzen dio eri haren sendatzea, eta eskua ezartzen dio kopetaren gainean. Eskuaz hunkitu orduko gaitzak uzten du.

        Hori ikhusirik emazteki batek bertze bati erraiten dio:

        «Ah! ausarta ahal banindadi sainduari mintzatzerat! ene beso hila segur phitz lezake. Bainan gogoak erraiten daut, bera ohartu gabe ere, mirakuluak egin ditzazkela. Hortxeko eri horri khendu dion oihala behar dut eskuratu.»

        Eta eri bat erakusten du zoinaren minak lothu berri baititu Iñaziok.

        Oihal zikhindua eskuratzen du emaztekiak, eta beso hilaren gainean ezarririk baderama xuritzerat. Urerat deneko, phizten zaio beso hila, eta bertzea laguntzen du xuriketaren egiten.

        Jainkoak nahi izan zuen hoinbertze eri sendatu zituena bera eri zadin. Etxekoek phentsa ahal guziak egin zituzten etxerat bildu nahiz; ezin bildu zuten. Ospitalean berean haren arthatzea, hori ardietsi zuten bakharrik. Guziak heldu zitzaizkon, nor bere aldian.

        Bere bi kusi, Doña Maria Oriolakoa eta Doña Simona Alzagakoa, erizain dituen gau batez, Iñaziok othoizten ditu bakharrik utz dezaten. Ganbaratik atheratzean, Doña Mariak ondoan ezartzen dio argi bat.

        «Esker mila, Doña Maria, ez dut argirik nahi; hilazu edo zurekin ereman.»

        «Eta argi behartzen bazare, kusi maitea?»

        «Argi behartzen banaiz, ez nau Jainkoak ilhunbean utziko.»

        Doña Mariak argia hiltzen du eta bere ahizparekin atheratzen da.

        Gure saindua othoitzean jartzen da berheala, eta bi oren baino gehiago badu othoitzean dagola, amodiozko auhenez Jainkoarekin ihardokitzen duela, noiz eta ere bi kusiak, ustez sukharrak dabilan, lasterka baitohazko eta khausitzen baitute argiz inguratua, zeruetako dohatsu bat iduri. Iñaziok adiarazten diote, Jainkoarekin dagonean sobera zaizkola lekhukoak, eta othoizten ditu ez dezaten nihon barrea ikhusi dutenaren berri.

        Bainan Jainkoak nahi zuen berri hori barrea zadin, eta Loiolatarrek jakin zezaten, gehiago ohoratzen zituela eskalearen saindutasunak beren khuntza zahar eta ontasun guziek baino.

        Sendatuxe zen gure saindua. Italiarat abian zela zion, eta bere aiten etxean zangorik ez zuen oraino sarthu. Haren ekharraraztea etsitu zutenean anaiek, jauregiko andreak erran zioten:

        «Bakharrik juanen naiz koinataren mintzatzerat, eta hainbertze eginen diot non ardietsiko baitut jauregirat ethor dadin.»

        «Ah! ihardetsi zion senharrak, ez dakit zure othoitzek gurek baino indar gehiago ukhanen duten!»

        Biharamunean, badoha koinataren ganat. Lehenik, ezti, eztia erraiten dio ez lukela herritik juan behar bere ahaidegoa sorth-etxean ikhusi gabe, aita amak hil diren egoitzan sar-jalgi bat egin gabe.

        «Koinat maitea, ez naiz Loiolan sarthuko, enetzat berriz munduan zartzea bailiteke.»

        Orduan ahuspez lurrerat eroririk:

        «Koinat maitea!. Anaia maitea! erraiten dio nigarrez: grazia hori eskatzen darotzut ez neure izenean, ez bertze ahaiden izenean, bainan Jesu-Kristo gure jaunaren izenean, haren Pasione Sainduaren...

        «Bai, bai, arreba maitea, Jesu-Kristo gure Jaunaren Pasionaren izenean harako naiz, gaur berean han ikhusiko nauzu.»

        Gau hartan juan zen Loiolarat, ahaide guziak han ikhusi zituen, guzier Jainkozko solhasak atxiki ziotzaten, eta gero anaier erran zioten:

        «Gizonak bere urhatsetan, Jainkoaren loria, eta bakharrik hura, behar luke bilhatu. Xede hortarat, anaia maiteak, galde bat eginen dautzuet, ene ustez entzunen duzuena.»

        Entzunen zutela zioten guziek, jakin gabe ere zeren galdatzerat zohan.

        «Galdatzen dautzuet, igande guziez hamabi ogi eman ditzazuen hamabi pobrer, hamabi Apostoluen ohoretan.»

        Premu jaunak guzien izenean ihardetsi zion:

        «Anaia maitea, helduden igandetik beretik hasiko gare zuk erranaren egiten.»

        Gure sainduak Loiolan iragan zuen gaua; ez zen hatik etzan, guriegi baitzen etxeko ohea. Argia gabe berriz ospitalean zen.

        Italiarat juaiteko denbora hurbildua zuen. Bazohala jakin zutenean, Azpeitiako jaun aphez eta kargudunak, herriko eta auzo herrietako populuak othoizka jarri zitzaizkon han bara zadin. Ezin garhaitu zuten heien othoitzek eta nigarrek.

        «Ezin nagoke gehiago Azpeitian. Azpeitian, zuen guzien erdian, guziak ahaide edo adixkide, munduaren erdian aurkhitzen naiz, eta nik mundua eta mundukoak utziak, sekulakotz utziak. Adio beraz, jende maiteak, banoha Jainkoak neraman tokirat.»

        Loiolako premu Jaunak ez zezaken ikhus Loiolatar bat, anaia maite bat, oinez bideari lotzen, eskale bat bezala.

        «Iñazio maitea, erran zion, Azpeitian egon zaren denboran ene erraner guti behatu zare, ene gatik nahi duzuna egin duzu. Bainan egun, ene eskutik beharko duzu zaldi bat hartu, eta zure sortzeari eman zaion bezala, muthilak ondotik beharko zare juan.»

        «Premu Jauna, ez naizelakotz oraino azkar-azkar, gogotik hartuko dut zaldi bat; enea ezik, bideko on ez izanez, ospitaleari utzi diot kharreuntzako; bainan ez dut muthil beharrik.»

        «Iñazio maitea, jendek zer erran ere, ez zitezke hemen bakharrik ibil. Iruñeraino edo Sanguesaraino ethorriko gare zure lagun. Zure anaier egiozute, othoi, atsegin hori.»

        «Hola nahi duzunaz geroz, anaia Jauna, hola eginen dugu.»

        Anaiek ekharri zuten Iruñe ondoraino. Han, anaier adioak eginik, eta urrunago ez ziten ethor othoizturik, bakharrik sarthu zen Iruñen eta bere peko zaldia lehen jinari saldu. Iruñetik, oinez izan zen Zabiereko jauregian, Almazanen eta Toledan, Franzizkoren, Lainezen eta Salmeronen egitekoen xuxentzen. Toledatik Balentziarat jo zuen, Balentziatik urthe akhabantzako Benizerat, akhitua, lehertua, ezindua; urean eta leihorrean, denboraren eta gizonen aldetik anhitz jasaiteko ukhanik.

 

 

IV.

 

        Ikhusi dugu Iñaziok eta haren lagunek nola egin zuten, 1537ko lehen egunetan Benizen elgar hatzemaiteko. Geroztik, emendatuak ziren, jakitate eta berthute handitako hirur gizon gaztez: Klaude Lejai, Ixtebe Brouet eta Juanes Kodure. Hork hirurek Andredena Marietan egin zituzten botuak, eta bertzek ere orduan berritu lehen eginak. Bederatzi ziren beraz Benizerako: Franzizko Zabierekoa, Piarres Lefebre, Diego Lainez, Alfonse Salmeron, Simon Rodriges, Nikolas Bobadilla, Klaude Lejai, Ixtebe Brouet, eta Juanes Kodure. Hazaroaren hamabortzian, 1536an, abiatu ziren Parisetik, guziak oinez, arropa luze bat soinean, makhila eskuan, othoitzeko liburua besapean, arrosarioak lephotik, xakutto bat bizkarrean liburuz eta paperrez bethea. Bideak eta bideak zituzten egiteko; ezik, bertze funteretan gerla zelakotz, Lorrenan harat juan behar zuten, Alemanian barna, Suisan barna. Bazohatzin, bideko nekheak alegeraki jasanez, noiz eta ere Zabier gelditzen baitzaiote, eta nigarra begian erraiten baitiote ez dezakela gehiago urhatsik egin.

        «Zer duzu bada, anaia maitea? eri behar zare izan.»

        «Bai, eri naiz.»

        «Banuen beldurra, dio Piarresek, zure itxurak ez zion bertzerik. Nondik duzu min?»

        «Sukhar puxka bat dut... Ez niteke urrunago juan. Zohazte ni gabe, ni ondotik ethorriko naiz.»

        «Zer? Guk zu hemen utz? Gu zu gabe aitzina juan? Ez, ez; herri huntan edo auzoan bilhatuko darotzugu mediku bat, guziek arthatuko zaitugu, ez gare zu utzirik nihorat juanen.»

        Medikuaren izena entzutean lazten da Zabier, eta Piarresi erraiten dio:

        «Ez, othoi, medikurik ekhar; othoizten zaituztet utz nezazuen hemen eta zohazten aitzina.»

        Piarresek ez dio bakerik emaiten non zer gaitz duen aithorrarazi artino. Azkenean huna zer duen jakiten:

        Hoinkari eta jauztekari bezala aiphatua zen Franzizko Parise guzian. Laudorio bat baino gehiago entzuna zagon bere menbro zalhoinez, bere urhatsaire ederraz, bere itxurantza begikoaz, bere gorphutz azkar eta lerdenaz. Laudorio hek on hartu zituelakotz, heien ondotik ibili zelakotz, azpiak ezarri zituen khorda mehe batzuez tinkaturik, eta hainbertzetaraino hantu zitzaizkon non ez baitzen gehiago khordarik ageri. Hainbertze bidetan, hitz bat athera gabe, jasan zituen oinhazerik minenak.

        Eri maitea herririk hurbilenerat baderamate, eta berheala badakharrote mediku bat. Medikua haratzean, erretzeko sukhar bat jauzten zaio eriari. Ikhertu duenean:

        «Nik, dio medikuak, deus ere ez dezaket. Khorda horiek ezin khen ditzozket, biziaren hirriskuan baizik. Zerbait egitekotz, Jainkoak behar du egin.»

        Medikua hitzean hartzen duela:

        «Arrazoin du medikuak, dio Franzizkok bere laguner, Jainkoak baizik ez nezake senda. Othoitz dezagun beraz Jainkoa, eta Jainkoak saristatuko du gure fedea eta entzunen gure othoitza.»

        Arratsa da othoitzean hasi direnean. Gozoki lokhartzen da eria, gau guzia lo derama. Biharamuneko, khordak eroriak dire, hanturak hertuak, eta Zabier egundaino bezain azkar eta zalhu. Eskerrik kharsuenak Jainkoari bihurtu ondoan, berriz lothu ziren bideari. Alemanian, jasaiteko anhitz ukhan zuten heretikoen aldetik. Bainan heien egitate gaxtoak arranguratu gabe jasan zituzten, arima borthitzer dohakoten bezala.

        Benizen sarthu ziren Urtharrilaren zortzian, 1537an. Bere lagun maiten ikhustean, handizki bozkariatu zen Iñazio, maiteki besarkatu zituen, eta heien bideko berriak entzutearekin nigarrari eman zen. Lur Saindurat igorri baino lehen nahi zituen Iñaziok Errumarat igorri, Aita Saindua ikhus zezaten. Bainan elhurte zelakotz, Benizen atxiki zituen ospitaletako erien zain eta arthazaile. Franzizkori behexi zion ezin sendatuzkoen ospitalea.

        Nahiz ez duen Franzizkok egundaino zauri bat hunkitu, nahiz ikhusteak berak izitzen duen, ikhasia da hatik bere naturalezari manatzen, eta ardura gogoan dabila Iñazioren erran hau:

        «Orhoit zite Franzizko, berthutean aitzinatzeko behar dela naturaleza gudukatu, naturaleza garhaitu, eta garhait bide bat ez dela sekulan galtzerat utzi behar.»

        Bada, garhait bide bat ona heltzen zaio. Eri bat bada ospitalean, nihork ezin hurbildua, nihork ezin ikhusia. Jainkoari indar eta bihotz galdaturik, badoha Franzizko eriaren ganat; hurbiltzen zaio. Usainak okhaztatzen du... Iñazioren errana gogoraturik, belhaunikatzen da eriaren aitzinean, besarkatzen du eria, mintzatzen zaio Jainkoaz, phizten eta borthizten dio bihotza. Hatik, menbro zaurthua agertzean, ttipitzen zaio barnea, oraino mintzo baita naturaleza. Zer nahi gostarik ere, garhaitzari nahi du athera saindu gazteak; badaki ezik begira dagokala zeru guzia. Hurbiltzen da beraz zauriari; bere begitharte ederra, bere ezpainak, ekhartzen ditu zauriaren gainerat; musu emaiten dio zauriari... urrunago doha... zauriari mihiaz khentzen dio bere phozoina.

        Zaphaldi on bat eman dezola gizonak bere naturalezari, eta naturalezak iphizta guti bilhatuko dio. Hala egin zuen Franzizkok, eta ez zuen guti irabazi; ezik naturaleza bizi zenez ere, ez zen gehiago ageri haren baithan.

        Eriekin trebatu zirenean, Errumarat igorri zituen Iñaziok, Lur Saindurat juaiteko baimenaren Aita Sainduari galdatzerat. Hek zer gizon ziren, laster ezagutu zuen Aita Sainduak, zoina baitzen Paulo hirurgarrena. Xoratua heien solhasez, jeiki zen bere alkhitik eta gora-gora erran:

        «Oh! zonbat atsegin dudan hoinbertze jakitateren eta modestiaren elgarrekin khausitzeaz!»

        Turkoekin gerla mehatxuak zirelakotz, Lur Saindurateko baimenik ez zioten eman; bainan libro utzi zituen, nahi zutenean eta nahi zuten Aphezpikuaren eskutik, ordena sainduak har zitzaten.

        Errumarakoan hek zer ikhusi zuten, irakurtzeko da aita Bartoliren liburuan: hirur egun oso nola iragan zituzten ahamenik jan gabe; nola etzaten ziren kanpoan, zerua atherbe, lurra ohatze; Rabenako ospitalean nola ez zuten ukhan guzientzat ohe bat baizik, ohe zikhin bat, bi nekhatuenek hartu zutena; Ankonako hirian nola ikhusi zuten Zabier onthuts, larruraino bustia, goseak amikatua, fruta saltzale bati frutu baten eskatzen; Erruman nola urrikaldu zitzaioten Español bat, eta jauregi baterat eremanik zoin ontsa arthatu zituen.

        Benizerat itzuli eta, Jondoni Juaniz hartu zuten ordena, Arbeko aphezpikuak emanik.

        Aldarerat igan baino lehen, berrogoi egunetako barur bat egin zuten. Bizenzeko komentu erori batean iragan zituzten berrogoi egun hek. Azken gerlak ez zion komentu hari, ez athe bat, ez leiho bat utzi. Iguzkiak, euriak, hotzak, beroak, zeruko haize guziek, joiten zuten. Hantxe jarri ziren saindu maiteak, ahal zuten bezala; ohetzat lastoa, alkhitzat harria; edaritzat ura, ahurrean dena ere; janharitzat ogi hutsa; batere jan gabe ere egon bide ziren zonbait egun. Gorphutzari khendua arimari emana zen. Komentu hartarik athera ziren Jainkoarentzat amodio berri batez betheak, arimen salbamenduarentzat khar berri batez sustatuak. Aldarerat igaitean, zerurat dohatzin aingeru batzu iduri zuten. Meza emaite guzian bozkariozko nigarretarik ez zen baratu Zabier.

        Lur Saindurat juaiteko denbora ethorria zuten eta harat juaiteko bazuten aski su. Bainan gerlatea zelakotz ezin juan zitezken. Lur Saindurateko urhatza galtzearekin, Errumaratekoa behar zuten hartu, hala ziren hitzartuak Parisen. Aita Sainduari behar zituzten beren buruak eskaini, haren manupeko jarri, hark erran lanak egin, errex baziren errex, borthitz baziren borthitz; hark igorri lekhurat juan, hurbil bazen hurbil, urrun bazen urrun.

        Eskaintza hori, berak nahi zuen Iñaziok Errumarat ekharri, Piarres eta Lainez bideko lagun harturik. Arte hartan Zabierek eta Bobadillak Bolonian behar zuten predikatu, Rodrigesek eta Lejaik Ferraren, Brouetek eta Salmeronek Sienan, Kodurek eta Diego Hozezekoak Paduan. Konpainian sarthu berri bat zen Diego.

        Elgarretarik behextean, hitzartu zuten anaiek bezala maithatuko zutela elgar; elgarrentzat othoitz eginen zutela; Jesusen konpainia deithuko zirela; buruzagi bat izendatu artean bakhotxa izanen zela asteka buruzagi; buruzagiaren erraner sumetimendu oso bat ekharriko zutela; hitz batez, ez zutela orok eginen bihotz bat eta arima bat baizik. Gero, elgar maiteki besarkaturik, adio eta adio elgarri erranik, hartu zuten zoin zoinek beren eskualdea.

 

 

V.

 

        Gure saindua Errumarat abiatu zen, oinez, bethi bezala, eta egunean eguneko ogia eskatuz.

        Paduatik atheratzean, irri-karkailaz jokhatu zitzaion abere-zain bat. Lainezek, haren trufak ezin jasanez, Iñazio othoiztu zuen bizixago egin zezan urhatsa abel-zainaren gibelerat uzteko. Iñaziok ihardetsi zion:

        «Zerentzat behar dugu gizon hori irri egitetik baratu?»

        Errumatik ez urrun, Estortako elizan sartzen da, zerutikako botz batek harat deithurik. Belhauniko erortzen da eta othoitzean hasten. Bere arimaren bothere guziez, bere bihotzaren kharsutasun guziaz, Jesu-Kristo gure Jaunari gomendatzen dio bere obra handia. Jesu-Kristo gure Jauna nigarretan othoizten du, konpainia xumea bere gerizaren pean har dezan. Othoitz hortan dagolarik, argi eder bat agertzen zaio, eta argi hartan Jainko Aita bere Seme dibinoarekin.

        Jainko Aitak, Iñazio eta haren lagunak ezartzen ditu bere esku botheretsu eta urrikalmendutsuaren pean, eta Semeari erraiten dio, Iñazio erakusten diola:

        «Nahi dut zure zerbitzari izan dadin.»

        Semeak bere behatze eztienarekin, bere botz amulsuenarekin, konpainiari erraiten dio:

        «Erruman, zuekin izanen naiz.»

        Eta gero Iñaziori:

        «Nahi dut ene zerbitzari izan ziten.»

        Ikhusgarri horrek ezin erranezko zorion batez bethe zion bihotza, eta ez balitzaio itzali, han berean hilen zen bozkarioz eta amodioz.

        Erruman sarthu ziren Hazila akhabatzean 1537an. Aita Sainduak atsegin handirekin ikhusi zituen eta berheala eman zioten lana. Piarres eta Lainez nausi izendatu zituen Sapientzako eskol-etxean, eta Iñaziori manatu zion Erruma guzian predika zezan.

        Piarresen eta Lainezen mintzaire ederrak, heien berthute miragarriek, heien jakitate hedatuak mundu bat biltzen zuten heien alkhien ingururat. Iñaziok bere hitz sarkhorraz, bere Etserzizio Izpiritualez, handien eta xumen artean, aberatsen eta pobren artean, izpiriturik itsutuenak argitzen zituen, bihotzik gogorrenak hausten, hormatuenak berotzen, loharkatuenak atzartzen; aditzaile guziak Jainkoaren amodioaz, bekhatuaren herraz bethetzen.

        Iñaziok Monte-Kasineko komentuan jakin zuen haren lagunetarik bat, Diego Hozezekoa, gaitz handi bat hartua zagola; jakin ere zuen, garaitiko botz batek erranik, hartarik hilen zela. Handik laster, eri maite harentzat othoitzean zagolarik, haren arima ikhusi zuen aingeruz inguratua, eder eta dohatsu zerurat igaiten.

        Bertze egun batez, meza haste batean, aphezak konfiteorreko hitz hauk: «Et omnibus sanctis» erraitean, saindu oste bat ikhusi zuen Iñaziok, eta heien erdian Diego Hozezekoa, bertze guziak baino distirantago.

        Padueko plaza handian, prediku garratz eta hunkigarri bat egin zuen Diegok, Ebanjelioko hitz hauen gainean: «Zaude atzarria eta othoitz egizu, ez dakizu ezik, ez eguna, ez orena.» Predikua akhabatzean sukhar borthitz bat jauzi zitzaion eta ospitalerat ereman zuten. Ezaguturik egunak eta orenak harentzat jo zutela, adixkide bati bezala behatu zion herioari, irri arphegian, atsegina bihotzean. Beltzarana zen Diego, eta aski itsusia. Herioak hain larruaire ederra eman zion, non bere lagunek berek doidoia baizik ez baitzezaketen ezagut, itxura berri hartan.

        Soldado berriz emendatzen ari zen konpainia. Konpainia hori, nahi zuken Iñaziok Elizako ordre bezala ezagutarazi; hori zen haren ametsa. Elizaren buruzagi kalitatean, Aita Sainduari zitzohakon ikhustea ordre berri baten beharrik bazuenez Elizak; Aita Sainduari zitzohakon ordre berriaren altxatzea, balinbazakusan Eliza lagunt zezakela bere obrez, ohora bere berthutez. Azken hitzak, bai edo ezak, Aitaren Sainduaren ganik behar zuen athera. Jainkoaren ondotik Aita Sainduaren eskuan zelakotz konpainiaren ethorkizuna, bere lagun guzier mezutu zioten Iñaziok Errumarat ethor ziten, betan indar egiteko. Hek Errumarat ethorri bezain sarri, Nizerat juan behar ukhan zuen Aita Sainduak, egiteko handi batzuez Frantziako eta Espainiako erregekin. Arte hartan, ezin zagozken alfer gure sainduak. Erruman berean ukhan zuten lana, bakhotxari berea Iñaziok emanik. Errumako populuari laster hatzeman zioten bihotza, baitzuten aski jakitate jakintsunener mintzatzeko, aski umiltasun ttipienen neurrirat jausteko. Jainkozko gizonak zirela zioten goraki heien fede biziak, heien karitate kharsuak, heien hitz salbagarriak, bertzentzat heien eztitasunak, berentzat heien garraztasunak.

        Untzian dohatzinek, garbi denean zerua, maltso itsasoa, alde haizea, bozkariozko khantuez inharrosten dute untzia. Kapitaina hatik bazterretik dagoke, begia eta barnea goibel, zeru zolan, nonbait, ikhusi baituke lanho bat, emeki emeki hedoi bilhakatuko dena; eta sarri, suia eta ihurtzuria erraietan, untziari jazarriko zaiona. Iñaziok, nonbait zerbait nabaditurik, laguner erran zioten:

        «Hedoi bat oiesa lehertzerat doha gure gainean, eta ez dakusat nihon atherberik. Bainan gomenda gaiten Jesu-Kristo gure Jaunari, eta Estortako elizan agindu darokun bezala, alde jarriko zaiku.»

 

 

VI.

 

        1538an Erruman predikatzen zuen Agustin Piemontekoak, mintzazaile eder bezala Italia guzian aiphatuak. Erruman, osteka bazohan jendea haren entzuterat. Haren hitzak beharria xoratzen zuen arren, agor uzten zuen bihotza. Ez zuen eginarazten, ez urhats bat gutiago bekhatuan, ez urhats bat gehiago berthutean. Zertan egiten zuen huts, Iñazio eta haren lagunak ohartu ziren lehenik; lorepean, hek ikhusi zuten lehenik heresiaren eztena.

        Agustini juaiten zaio Iñazio, eta bakhartasunean erraiten dio, haren iduriz hirrisku handitan ezartzen duela aditzailen fedea. Agertua dela ikhustearekin, Agustinek ihardesten dio:

        «Zu eta zure lagunak nahasi zar batzu zarete. Zer? ene zapeta zolak bezenbat ez jakin, eta zuek behar nauzue ni eskolatu? Zer zarete zuek? Ene hutsen ondotik ibiltzia baino hobeki egin zinezakete eskolan ibiltzia. Erruma guzia xoratua dagoka ene hitzak; erraiteko duenik nihor ez da zuek baizik.»

        Handik harat, sesurik ez du ukhanen Agustinek, Iñazio eta haren lagunak ixilarazi artean. Harenak egin duela ikhusten du, ez badu Iñazio jenden omenean galtzen. Ifernua alde baitu, egin diro zerbait.

        Egun batez, predika alkhirat igainik, hunela mintzatzen da:

        «Zuetarik bakhotxak, anaia maiteak, atzarria behar du egon, ardi larrua dakharren otso baten kontra. Zer mintzo naiz ardiz? Atzainaren itxura dakharre. Munduz mundu dabila, bere iduri batzu ondotik. Nihon ezin kokatuz, Errumarat ethorria da, eta Erruman, Jainkoaren arthaldean, zer sarraskiak egiten dituen, Jainkoak berak daki. Gezurrik gaxtoena, egiaren itxura dakharren gezurra da. Parisetik, Alkalatik, Benizetik, orotarik, ihes dabila Iñazio, gaztiguen beldurrez. Errumako hiriak gutiago atxikitzen othe du bere fedeari, bertze hiriek baino? Erruman berean, bere herritar batzuek, haren gezurrer ohartu diren bezain laster, bazterrerat utzi dute.»

        Biharamunean, bertze solhasik ez da Erruman Agustinen atheraldiaz baizik. Orai, guziak jakinak dire Iñazio Loiolakoa gezurti bat dela; Parisen, Alkalan, Benizen, gezurti batentzat dagokatela. Nihor ez zaio gehiago hurbiltzen, nihork ez dio elherik emaiten; izurriteaz baino lotsago dire Iñazioz.

        Horiek oro Migel Nabarroren nahaskeriak ziren. Parisen gerthatu zitzaionaz harritua, sarthu bezala zen bere baithan, eta othoiztu ere zuen Iñazio bere ganat har zezan. Hartu zuen Iñaziok, utzi ere bai; ez baitzitzaion iduritu hartarik deus onik athera zitekela. Iñaziok uztea gaitzitu zitzaion, eta bethi bekhaizkor, bethi herrakor, zin egin zuen noiz edo noiz mendekatuko zitzaiola. Errumarat jo zuen eta han hatzeman Agustin. Gezurrez hantu zuen hau, eta buruko ezarririk, Erruma guzia asaldarazi Iñazioren kontra.

        Tenpesta horri ihardokitzeko, badu Iñaziok Estortako elizan entzun duenaren beharra: «Zuekin izanen naiz» erran zion Jesu-Kristok. Hitz horrek zagokan xutik. Errumako athe guziak hetsiak zituen, salbu tribunalekoa; han zezaken bakharrik adiaraz bere botza, garbi bere burua; harat deitzen du beraz Migel Nabarro. Ethortzen da Migel, burua gorarik, eskua altxatzen du ez dela haren ahotik egiarik baizik atherako, eta nonbaitik lekhukotasun hau atheratzen du:

        «Bai Alkalako tribunalean, bai Parisekoan, bai Benizekoan, heretiko eta gaxtagin dagokate Iñazio. Gaztiguen ihes ethorria da Errumarat. Ene lekhukotasuna ez da hala hulakoa; Iñazioren kontrako arrastak neure beharriez entzunak ditut.»

        Migel jarri denean, Iñaziok sakelatik atheratzen du letra bat, erakusten dio Migeli eta ezti eztia erraiten dio:

        «Ezagutzen duzu izkiribu hau, Migel?»

        «Bai, ezagutzen dut, enea da.»

        «Beraz, Migel, ene kontra athera dituzunak gogoaren kontra athera dituzu. Huna ni hurbildanik ikhusten ninduzun denborako letra bat.»

        Iñaziok irakurtzen du letra.

        Letra hartan, Migelek erraiten zion adixkide bati, egun guziez ikhusten zuela Iñazio, miragarriak zirela haren berthuteak eta laudorio guziz goragokoak.

        Uste gabeko eta ezin ukhatuzko letra horren entzutean, durduzatzen da Migel; ahalgez hurtua, zerbait nahi luke erran eta ez dezake; haren ahotik ez da atheratzen murmurika bat baizik.

        Iñaziok auzia irabazia zuen. Erruman bazakiten orai, ez zela Iñazio, ez heretiko, ez gaxtagin, etsaien mihian baizik.

        Egun hetan, eta batere elgar aditu gabe, Erruman suertatu ziren Juan de Figueroa, Matiu Ori eta Gazpar de Doctis, Alkalan, Parisen eta Benizen Iñazio beren tribunalerat deithu zutenak, eta Iñazioren hitzak eta obrak arthoski ikhertu ondoan, Iñazio saindu batentzat utzi zutenak. Heien lekhukotasun laudoriozkoak argi berri bat ekharri zion Errumako tribunalari, eta azken uztarra eman Iñazioren etsaier. Lekhuak hutsarazi ziotzaten Migeli. Agustin, aphez arropa utzirik, Genebarat juan zen, eta han, fin gaxto egin. «Zuekin izanen naiz» erran zion Jesu-Kristok gure sainduari.

 

 

VII.

 

        Frututik ageri da arbola, obretarik gizona. 1538ko azken egunetan gosetea sarthu zen Erruman, ikharagarriko gosetea. Pobrek karriketaraino herrestatzen zituzten beren buruak, eta hantxe zagotzin, luze-luzea, hotzez eta gosez hil hurranak, agian norbait urrikalduko zitzaiotela. Iñaziok eta haren lagunek begi ukhaldi batez izartzen dute gaitz handi horren eta beren eginbidearen hedadura, eta gaitz handia gudukatuko dute, eta beren eginbidea betheko. Berenetik ez dute emanen, ez baitute; jotzen dute beraz aberatsen athea. Bati khentzen diote urhea, bertzeari zilharra, bati berokia, bertzeari asekia, bati huntarik, bertzeari hartarik, zerbait orotarik, eta gisa hortan, beren etxean berean lau ehun pobrer emaiten diotzate atherbea eta jana. Neurririk ez du heien karitateak. Karrikaz karrika dabiltza, zokhoz zokho, hatzeman pobre guziez urrikalduz, batzu besoetan, bertziak sorbaldetan hartuz, eta gauza den tokirat eremanez. Laur mila pobre baino gehiago athera zuten horrela herioaren aztaparretarik. Hoinbertze karitatez, izpiritu guziak, bihotz guziak, beretu zituzten. Erruma guzian ez zen aiphu aita onen berthutez baizik. Aita onak nonbait ager ziten, harat zohan jendea lasterrez, aberatsek beren errespetua, pobrek beren ezagutza, guziek beren amodioa, erakusten ziotela. Aita Sainduaren bihotza, zaurthua batetik bere populu maitearen jasaitekoez, bozkariatzen zen bertzetik holako gizonen ukhaiteaz.

        Manrezatik hunat gogoan dabilan egiteko handia, Iñaziok orai behar du obratu; Jesusen konpainia orai behar du Elizako ordre bezala ezagutarazi. Othoitzaz eta baruraz zerua alde ezarri ondoan, Aita Sainduari ekhartzen diotza Konpainiako legeak; lege miragarriak, gizona dakharratenak bere buruari osoki ukho egiterat, eta aski indar emaiten diotenak Jainkozko bizi batez bizitzeko; lege miragarriak, munduari hanbat jakintsun, Elizari hanbat langile, zeruari hanbat saindu eman eta emaiten dituztenak; lege miragarriak, buruzagia eta pekoa batasunik hertsienean atxikitzen dituztenak, buruzagiak Jesu-Kristoren menbroa duelakotz bere pekoan ikhusten, eta pekoak Jesu-Kristo gure Jauna bera bere buruzagian; lege miragarriak, hirur mende huntan hunkitze beharrik ukhan ez dutenak, eta gudu guzien artetik Jesusen Konpainia bethi oso, bethi garhaitzari athera dutenak. Lege horiek, irakurtze eta ikhertze arthots baten ondotik, miragarri khausitzen ditu Aita Sainduak. Bainan, Elizaren buruzagiari dohakon zuhurtziarekin, Iñazioren galdea ez du berheala hautesten; gauzak nahi ditu zohitzerat utzi; ordre berriaz bertzek ere zer dioten nahi du jakin, arrazoinak alde eta kontra nahi ditu entzun, guzien argiak nahi ditu bildu; eta noiz bait, Elizan duen bothere guzizkoaz, Jesusen Konpainia Elizako ordren nonbrean sartzen du, hitz hauk erraiten dituelarik:

        «Jesusen Konpainia ez da gizonen obra, Jainkoaren obra da.»

        Konpainia ez zagoken buruzagirik gabe. Buruzagia, berek behar zuten beren artean hautatu. Biltzarre egiten dute. Jainkoaren ganik hautu on bat ardiesteko, ez dire hirur egunez othoitzetik baratzen. Laugarren egunean, gorderik izkiribatzen dituzte botzak eta zigiloaren pean ezartzen. Hautu hori Jainkoak onhets dezan, bertze hirur egun badagotzi othoitzean, eta laugarren egunean urratzen dute zigiloa. Botz guziak batentzat dire... Iñazio Loiolakoarentzat.

        Bere botza, huna nola eman zuen Iñaziok:

        «Ene botza emaiten dut gehien botz biltzen duenari, ni kanpo. Konpainiak nahi balinbadu hatik norbait izenda dezadan, izendatuko dut.»

        Botzen berri jakitean, bozkarioak argitzen ditu guzien begitharteak, zabaltzen guzien bihotzak, salbu gure sainduarena. Ihurzuriak joa iduri du gure sainduak.

        «Anaia maiteak, diote bere laguner, ez niteke ni holako karga baten pean jar; hauta zazue ni ezbezalako bat. Ez othe dakizue gazte denboran zoin zoroa izana naizen? eta oraiko ene ahalgoa zoin ttipia den? Izpiritu Saindua, berriz ere, eta kharsukiago, othoitzazue argi zaitzaten, eta ni utzirik, hobeago bat erakuts dezautzuen.»

        Ez adituarena nahi dute egin Iñazioren lagunek; bainan Iñaziok adiarazten diote zin zinez mintzo dela, eta Izpiritu Sainduari bere argiak berriz eskaturik, berriz badohatzi botzetarat. Bigarren hautua, lehena bezalakoa. Horren kontra ere badu erraiteko gure sainduak. Aita Lainez xutitzen da orduan, eta guzien izenean erraiten dio:

        «Ene aita, egizu Jainkoaren borondatea; bertzenaz, bakhotxa gure eskualde bagohatzi. Ez nik, ez ene lagunek, ez dugu bertze buruzagirik ezagutuko Jainkoak eman darokuna baizik.»

        «Karga horren pean jarri baino lehen, kofesora nahi dut mintzatu, ene berriak xeheki nahi diotzat erran: lehenago zer nintzen, orai zer naizen, lehenago zoin bekhatorosa, orai zoin ezdeusa; eta gero, hark nahi duena eginen dut; nahi badu zuen buruzagi jar nadin, jarriko naiz.»

        Kofesoraren mintzatzerat uzten dute, ezin bertzez. Aita Teodosio zuen kofesora, San Frantsesen ordreko aphez saindu bat. Iñazioren ariman arthoski irakurtu duenean, aita Teodosiok erraiten dio:

        «Zure anaiek zutaz egin duten hautua, Izpiritu Sainduaren beraren hautua da. Heier jazarriz, Izpiritu Sainduari jazartzen zare.»

        Hitz horiek entzutean, auhen bat egiten du Iñaziok; ez da hatik bihurtzen kofesoraren erranari, eta buruzagi izendatua da Bazko astehartean, Aphirilaren hemeretzian, 1541an.

 

aurrekoa hurrengoa