Behin batean
Xabier Kintana

Kriselu, 1972

 

 

GORENKIAK

 

        Plastikozko eta metalezko etxe haien teilatu distiratsuak ederki nabari ziren inguruko landare artetik. Bizileku zoragarriak benetan, paradisua bera zirudien baso atsegin hartan.

        Huntzorria kantoietatik gora ari zen igoka eta inguru osoa esmeralda bizi eta itxura ugarikoa zen. Ezkerretara, urkidi amesgarri baten erditan, ba zen igerleku bat, eguzkiaren itzaletan zegoena. Zelai berde eta zeharo motx egindakoetan lore estrainio eta zirrarezko franko hazten ziren aproposko haitz muturren ondotxoetan. Ixiltasuna eta bakea ziren errege han. Xorien eta kilkirren kantuak ezik ez zen besterik entzuten.

        Ba zen horrez gainera bide zabal eta ondo jagon bat etxadi hartaraino. Etxeek, baina, ba zuten elkarrengandik tarte nahikoa. Hauzoen hurbiltasuna ez bide zitzaien gogoko bertako bizilagunei.

        Goiz hartan egunsentia opa egile igartzen zen. Ba ziren hodei batzuk, oso goiak berauk, eta enara goiztiarrak xioka pasatzen ziren hegada arinez, urdina josi nahirik.

        Bide leun eta ikusgarri hartatik, etxaditik irtenda, ibilgailu bat iragan zen abiada nabariz. Autoak ez zuen hotsik egiten eta haren ibileraren ezagugarri bakarra kamino hegaletako zuhaitz abarren eta belarren eragin emea besterik ez zen. Gorri gorria zen eta urrundik ikusiz gero berdetasun klar hartatik joatean marigorri distiratsu laster bat zirudien belar izpien artetik presaka abiatua.

        Oso arinki zebilan. Egia esan ez zebilan, ibili. Hegaz zihoan, lurrari ikuturik bat ere egiten ez baitzion. Kaminoaren buelta natural batetara heltzean ibilgailua gelditzen hasi zen. Eramalea kontrolei begira zegokien. Aurrean zen argi more hark zerbait esan nahi zion. Kontuz ibili beharra zegoen. Dudarik ez. Kamino hegaletan, nonbait gordeta, elektroiman nagusi bi zeuden. Ibilgailuak, erditatik pasatzean, aintzinako garaietako gerraminak bezala, lehertu eginen zukeen, zati zati eginik geraturik.

        —Gerrilleroak, noski —pentsatu zuen Hrelaik. Giza bilatzaileak erakutsiko dauzkik— ari zen eskuaz botoi ttiki bati eragiten zion artean.

        Begi aurrean, telepantailatxo koloredun batetan inguruak iragaten ziren nahiko arin eta zirri borroz. Segundu labur batzuetan fagadi bati adi adi gelditu zen. Hrelairen hatzak beste botoi bati ikutu ordukoxe ikuste hura haunditzen eta gehitzen hasi zen, zuhaitz artean, izpi infragorriek ingurua ongi markaturik, gizon biren irudiak nabariro agertu arte.

        —Hortxe dituk —esan zion bere buruari Hrelaik isilik. W ximist batzuk jaurtikiko dizkiek eta kitto, agur betiko holako giza piztia atzerakoi horik.

        Une hartantxe, baina, fagadiko gizonek su eta ke iharduki zuten beren T ximistun harmez. Suzko xorrokada berdeska haiek Hrelairen ibilgailua miazkatzen zuten baina ez erretzen.

        —Oraindik ximist zahar horiekin? Ederki zabiltzate! Ibilgailua kapotik gabe eramanez gero eta norbere gorputza zuzenik jota bai, erre zezakeate ximistok, baina nor dabila gaur egun kapot gaberik hemendik, oihanetatik gizapiztiok dabiltzan bitartean? He, ttotto maitteok, ez giaudek erretzeko prest, inola ere ez!

        Ibilgailua geratua zen eta barnekoak, zenbait aparaturi eraginik, ihusturia bera bezain distiratsu zen W ximist bat jaurtiki zien. Abarrots bakan eta agudo bat besterik ez zen egon, eta basoan, fagadi hartan, belar batzuk kixkali egin ziren. Gero hots bi eta elektroimanak birrindu ziren. Telepantailan izpi infragorriek bi materia multzoren desintegratze beroaren berri ematen zuten. Hori ikusita, Hrelai berriro segitu zen bide apainetik, Bidaia osoan ez zuen bestelako perilik, bidea baketsua baitzen, ohi bezala.

        Handik hamabost kilometrotara tegi zabal zabalak hedatzen ziren lautadan. EGUZKINDARREZKO MAKINAGINTZA HERRITARRAK.

        Hitz hauk estetika haundiaz eginak ziren eta urrundik ikus zitezkeen. Kristal itxura zedukaten horma haien bitartez barneko makinak eta langileak ikusten ziren, erlauntza baten sabelean bezala. Erlauntza esan dut, eta egia esateko ez zen gizataldeen lan eten gabeaz bakarrik antz hau, baizik eta barneko tresna hexagonodun ugariengatik ere.

        Hrelai fabrika haren autolekuan geratu zen, motor isila geldi eraziaz. Haren ibilgailua, kontu haundiz lurrerat jautsi zen, gomazko puntadun hanka batzuk ateraz.

        Kanpo aldean ez zebilan inor. Estrainio bazirudien ere fabrika inguru ongi zaindu eta arrosaztatu hartatik ez zen lagunik bat ere ikusten. Hrelaik, ate baten aldamenera heltzean, bere erloiua atera zuen eta ate ondoan jartzean, berau Ali Babaren haitzuloan bezalaxe ireki egin zen. Eskilara leun eta azpigarri biguneko batzuetatik igonik bere langelara ailegatu zen.

        Han mahain zabal eta atsegin bat zegoen, fitxategi batzuk eta ordenatzaile elektroniko eder bat. Alasetan ba ziren zenbait liburu eta ertz batean, modernotasunik haundienaz, kontugile hizlari bat. Gomutatzaile elektronikoarekin lotuz gero, egindako kontu guztien berri eman zezakeen aparato hark.

        Langela hartatik, aurreko kristal gardenetatik zehar, beheko makinategietako langileak zekuskian. Hrelai jezarri egin zen eta bere begi haundien aurretik esku trebeez paperak eta kartoi zulatuzko fitxak pasatzen zituen.

        Une batez geldi geldirik lotu zen, pentsatzeke bezala, eta gero berriz ekin zion bere zuzentze lanari.

        Segundu batzuk geroaro gizon batek jo egin zuen atea. Hrelai begira geratu zen hara eta gizonak barnera sartzeko baimena ematen ziola igarri zuen.

        —Hementxe dituzu eskaturiko piezak, jauna —esan zion Paulek.

        Hrelaik ez zuen hitzik bat ere egin. Plastiko eta beirazko xatal haik eskuaz ikutu eta ongi begiratu zituen.

        —Bai jauna —erantzun zion Paulek— frogaturik daude; ez beroak ez azidoak ez hotzak ez diete kalterik egiten.

        Nagusiak begiak hertsi zituen hats beherapen labur batez.

        —Ongi dago jauna —ihardetsi zuen Paulek— fitxok eraman eginen ditut fabrikatze sailerako. Beste ezer nahi duzu?

        Zuzendaria mutu bezala zegoen; haren begi haundien distiragatik ezean, hilik zetzala esan zitekeen.

        —Bai jauna, esanen diet. Nahi duzun arte.

        Langilea joan zenean Hrelaik mahain gaineko altxagarri ttiki bati eragin zion eta ezker aldeko kristala iluntzen hasi zen.

        —Ba diatork hire lagun Zike, Hrelai —pentsatzen zuen berekiko. Kotxe berria diakark, «Eterski» markakoa. Gustu xarrik ez dik behintzat. Betiko kontuaz bide diatork. Sentimenduzko egite bereziez, aurki. Asmalari itzela duk Zike hau!

        Guzti hau kristal ilunduari begira zioen, telebista batetan balekusa bezalaxerik.

        Hrelaik aurretik igarri bezala, bere lagun Zike etorri zitzaion. Berau bi metrotako mutil indartsu bat.

        Lagun biek begirakune eta sentigura bereziez egin zioten agur elkarri. Ez zuten hotsik egiten, baina haien aurpegietan adimendu eta argitasun nabariak erakusten ziren. Beren ideiak urrutiadimenduz iragaten ziren, hitzen zubitasunik gabe.

        Taiu harrigarria benetan lagun biona. Ilea horia zuten eta begiak zabal; ahoa berriz, ttikia eta bizarrik gabekoa inguruan. Kaska-hezurra biribil eta haundia zen; madari edo udare ipurdi lodiak ziruditen masailen ttikitasunagatik,

        Ez da bat ere erraza hitzik gabe adierazten dena, hitzen bitartez agertzea. Hrelai Zike arteko hautuok idaztean nolabaiteko sakrilejioren bekatari sentitzen naiz, irakurle, gauza batzuk sentitzekoak bakarrik baitira eta hitzez adieraztean hots mistifikatuen sare nahasian galtzen direlako. Baina Euskal Herriko sorginburua dukegun zalapartariak bere sentikarietan oraino pentsamendu hutsezko saiorik lortu ez badu, agian barkakizunago dateke ene bekatuor.

        Hitzak, hitzak, baina nork adieraz dezake zehazki hitzez maitasunezko begirakune baten esangura? Zeinek azalduko luke ongi zorionaldia zer den? Ez bide dago horretarako ausartik, horrelako gauzak sentigarritasun hutsezkoak baitira. Hala ere, nerau, idazle trakets naizen hau, hondatzeko perilean bada ere, itsaso beltz eta istilutsu honetan sartzen saiatuko naiz.

        Zike atetik barneratu zen. Ez zuen baina, behingoan, Hrelai begiratu. Kristal ilunduari adi geratu zen eta gero, barrez, honela pentsatu zion:

        ...Etortzean honelako bat jarri berri duala uste ukan diat, eta arrazoiaz. Hiregandiko ondak eta sentipenak naharo eta biziki haranatu dituk nigan, egiazko oihartzun zoli zoliz. Pozik sentitzen haut, egia? Zer berri da nik ez dakidanik? Zerbait bai bederen; higandiko ondek hi esanguratsu azaltzen harautate.

        Hrelaik, komunikatze ixilean ari zen artean, ez zuen ezpainetatik aldentzen halako azeri barrea.

        ...Bai, goizeon abenturatxo bat bizi ukan diat, lagun. Etxetik neure ibilgailuan nentorrelarik...

        ...A bai! hor kanpoan ikusi diat, oso polita benetan, «Abiazki» bat, ez dea?

        ...Bai. Bidean gizon bi egon dituk ene zain. Elektroimanezko mina zahar bat ezarria ziaten. Noski, W ximistaz garbitu ditiat. Horrelako gerrillero tamalok! Ez ninderauaten hil nahi ba, lagun!

        Ez diate etsi nahi beren jautsapena. Ez dituk konturatzen indarkeria alferrekoa dela gure aurka eta gainera gure fabriketatik ihes egiten duten guztientzat horrelako erremedio garratza dagoela, hots, atomo soilen egoera erraxera bihurtzea. Thanatos, edo heriotza, beraiek diotenez.

        ...Zike, hartzen dauadanetik oso ederki iragan huen atzoko eguna heure maitearekin.

        ... A, bai! poztasuna diaridak, ez dea? Siye gero eta eztiagoa ziaidak; benetan beteta eta osoturik sentitzen nauk haren ondoan.

        ...Zorionean, Zike. Siyeri zor dizkiok, agian, gaur dakarzkidaan sentipen markatu horik, ez da horrela?

        ...Bai Hrelai, bai. Ene aspaldiko makinatxo hau gero eta hobeki ari duk. Begira!

        Zikek botoi urdinska batzuei eraginik, plastiko zurizko kutxatilla polit hartan sinets ezinezko gauzak agertzen hasi ziren.

        Musika leun eta urruntxo bat zebilan saltoka nolabait; zuhaitz hostoen hegaladak ere senti zitezkeen haizeak iharrotsita. Usain goxo eta sarkor bat, halako ikutu ezina eta asetasuna zeriona, bertatik sortzen zen. Kutxatilla haren gainaldean, sorginkeriazko lilurapena bezala, hodeiz edo lurrunez egina balitz bezala, kolore erratuzko irudiak ikusten ziren. Zeru gorri bat, eguzkiaren goritasun urreztatua mendi artean, jaustear, nekaturik, bertara zelarik.

        Zuhaiztietako hostoen argi-itzel ñirñiratsuak, armiarma-sareen hari luze eta perlatuak, zeru ñabar mila argitasun gorrixken estetikatasun zirrarezko hartan.

        Huraxe, baina, ez zen dena; guztiokin batera ba zebilan beste bizi grina asko ere. Koloreaz, musikaz eta usain atseginez batera zegoen dena eta honela, sentipenezko ikuitze miresgarri batez, espirituaren zokorik ezkutuenetaraino heltzen zen,

        Bai, dena batera, usainmena, ikusmena, entzumena eta sentipena, katilu bete kafe batean azukrea, esnea, koinaka eta berotasuna, guztiok bat eginik, zapore eztiz hartzen diren bezalaxe.

        Azkeneko sentipenak eragikor eta bortitzak ziren, duda gabe. Neskatxa gazte eta maitatzaile bat sentierazten zen ondoan, bihotz irakin baten hurbiltasuna, grina gutiziatsuak, eta mutil baten (Zikeren) bakezko eta gurarizko poza.

        Hrelai aho zabalik geratu zen antzeste hura bukatzean. Askotariko ederrak eta teknikak ikusten ohiturik zegoen, baina hala ere huraxe inoizko gauzarik biziena zitzaion. Bai asmalari ona zela Zike!

        ...Lagun —sentierazi zion erdi tontaturik— ez nikean inoiz esanen honelakorik eginen hukeenik. Itzela duk makinatxo hori! Ene zorionak eta xaloak merezi dituk benetan.

        ...Hau erakusgai bat besterik ez duk, saio huts bat; ikumena ziaiok falta oraino, baina ez diakiat... oraingo hau horrela egin diat apropos. Sentipenaz poesiazko kutsu espiritualago bat dikek, noski. Agian ikumenaz trauskilagoa lukek. Aproba egin diat baina ni neu behintzat ez niauk bete. Hau bobea dela eginen nikek.

        ...Bai, nik uste. Laster orotarik ezaguna izanen haiz, artista eta asmalari ohi ez bezalakotzat kontsideraturik. Heure asmakari honek hi famari josiko harauko, ikusiko duk.

        ...Hain piztia arraroa ez nauk, tto. Guretariko gehienok teknikak eta Natur jakintzak eragiten eta bultzatzen garauzkiote lanari, Matematikaren eta Fisikaren jeneralaren erakartasuna hurrupatzailea duk oso. Nik, berriz, beti maite ukan diat sentipenaren bide pozgarria. Eta hauxe duk ene lana: une goxo eta betikoangarri guztiak sekulakotu, gorde erazi, sentitzailearen poza eta iraupen maitagarria egundaino buka ez daitezen.

        ...Egia bide diok. Aintzinako Homo sapiensek egindako obrek, liburuek, poemek eta zinemek ez diaukuate ezer esaten gaurkooi. Hizkuntza edo lengoaia arazoa omen duk. Guk ez ditiagu haien adierazleak ulertzen eta horregatik adierazia bera ere iluna ziaiguk, ulergaitza gehienetan.

        Horra, urrunago joan gabe; oraingo gizonak berak ere gaizki baino gaizkiago adituko genitikek beren pentsamenduak igartzeko ahalik ez bagenie. Gure onden bitartez, hots, gure sentipenen bidez, haik baina, gurekin aditzen dituk, pentsamenduzko idioma unibertsala baita. Hire tresna bikain horren bitartez poesiaren sentia ez duk inoiz galduko, hire makinak guztiengan bizi ahal ukanen duelako artezki, hitz faunen oztopo eta galera gaberik.

        ...Asko pozten niauk hire eritzi horrek, Hrelai. Egiatan lagun ona haut.

        ...Nik ez diotsat egia besterik. Eta besterik pentsaturik... ikusi dituk Saturnotik ekarritako bakteriak? Hator enekin, oso ikusgarriak dituk. Ba diate beren gan gaitasun estrainio bat, eguzki urrunetik bizitzeko enerjia erdiesteko ahalmena, baina... klorofilarik gabe!

        ...Orduan xito egokiak goibel diren egunetan eta neguan eguzkitiko enerjia atera erazteko, ez da horrela? ...Horixe berori, tto! Hain zuzen bakteria horien molekulatasunean bide diagok gure aspaldidaniko problema honen soluzioa. Estruktura bereziren bat duk, antza, baina iharduketa neketsuetan hasi gabe berez eta benetan nolakoa den jakin nahi diagu, alferreko ariketan ez ibiltzeko.

        ...Ongi diagok; holako estrukturen fabrikatzea egiatan gaitza izanaz eta asko kostaturik gainera...

        Eskilara automatiko batzuek sotoan zeuden laborategietara eraman zituzten.

        ...Fisiobiokimikalariak, doktor Berilek, zerbait argitu dik laser bidezko mikroskopio elektroniko analitikoaz. Dirudienez, xatal batzuk diaduzkaate bakteriok iharduketa erradiaktiboak sortzen dituztenak, — elektroien amileran.

        ...Horretatik ez lukek bat ere zail izanen industriaratzea holako estrukturadun enerji hartzaileak...

        ...Ez, antza; bizimodua hobatu eginen lukek, eta gainera enerji iturrien eskasik, geroan bederen, ez liegokek.

        Doktor Beril bere laguntzaile Kerrirekin zegoen fabrika haren laborategian. Beirazko probetetan kolore askotako bakteri taldeak zeuden, grisak, gorrixkak, horiskak... Oholbeltz batetan ba ziren, kleraz pintaturik, eskilara irudiko sare batzuk. Urrundik ikusita aintzinako desoxirribonukleiko azido urrun harekin zer ikusiren bat topa lekioke.

        Kristal urdinezko atea iragatean, Berilek eta Kerrik, atzera begiratu gabe, ongi etorria eta poztasun bana bidali zieten heldu berriei.

        ...Zerk ekarri zarauezkigu guri? Noski, bakteria horik aztergarriak dituk oso. Hortxe dituzue, ikus, iktus itzazue.

        Tegi zabal hartan kimika gai askoren hats gazi geza nabari zer, baina ez zen haundiegi. Ideia eta ariketa nagusi ugari sentitzen ziren igerian giro atsegin hartan. Doktor Berilen pentsamendu zehatz, klar eta zorrotzak sartzen ziren, oldar haundiez, haren laguntzaile Kerrirenen gainetik.

        ...Neurri guztiak harturik, molekula honen bakantasuna — arteko garaian lekutu behar dikeagu eta beste hiru neurri dimentsionalak erabilita... hara espira lebogirozko polimero bat izan behar ziaiguk... honelako bat...

        Berilen eskuak trebeki markatzen zuen oholbeltzean polímero haren molekular estruktura kolore ezberdinezko klerez.

        Kerrik baietz, ondo aditzen ziola pentsatzen zion, baina fisiobiokimikalari nagusia ez bide zen haren fido —Kerriren adimendua, gazterik oraino, guztiz helduta ez zegokeelakoan— eta aintzinako mekanoen moduko metal eta kolorezko bolatxoez, estereoskopikoki orain, egitura hura moldatzen hasi zen.

        Bitarteon Zike eta Hrelai ikuska ari ziren mikroskopioz bakteri mintegiak. Anitz gauza miretsi zituzten eta haietatik ideia franko sorterazi ere bai.

        Eguerdia zen. Eguzkiak gogorki jotzen zuen zeru garbitik, baina ez zen berorik sentitzen. Fabrikaren inguruan gerizpe argi goxo bat zabaltzen zen zenbait tokitako zelula urgi erakarlek izpi eta bero gehiegiak hurrupatzen baitzituen. Zortzi urte lehenago elektronikazko zelula horien lekuan Martitz planetatik ekarritako landare batzuk zeuden, ofizio bera egiteko, baina Doktor Berilek haien sistima organikoa ikertu ondoren zelula mekanikoak iraunkorrago eta merkeagoak zirela ikusi zen, eta harez gero munduko fabrika eta lantegi guztietan halakoxeak ezarri.

        Inguruko landaradia heze heze eta freskorik ikusten zen, lur azpiko ur zabaltzaileek hozkirrituta. Soinu ezti eta luzetxo bat zabali zen orotatik, eta une hartan fabrikako langileek arnasaldi luzeago bat ere jaurtiki zuten. Lanaldia bukatua zen egun hartan. Barre eta pozezko hitzak egon ziren. Materia distiratsuzko ate haik, kristalezkoak edo eta plastikozkoak, noski, ireki egi ziren eta giza aldrak kanporatzen hasi. Automobilek ba zihoazen eta apurka apurka fabrika aurrea hutsik lot zen jendez. Nagusiak, injeniariak, kontatzalleak eta zientzilariak geroago irten ziren. Mundu guztia aterarik egon zenean, Xatsek, nagusietako batek, bere eskumuturrean zeraman aparatu ttiki bati eragin zion eta fabrika osoa, hotsik gabe, lurperatzen hasi zen,

        Hrelai eta Zike beren ibilgailu ederrez handik aldendu zirenean, lehen EGUZKINDARREZKO MAKINAGINTZA HERRITARRAK zeutzan lekuan zabale huts eta bakarti bat zegoen, arrosaz inguraturik,

        Noski, hamabiak ordu ona da zerbait jateko. Handik ordu erdira, nagusien jantokietara heldu ziren, edifizio zapal eta fresko batetara. Bertan den dena zegoen makinaztatua. Ez, ez zen bat ere fidagarri gizonen eskua janariak bezalako arazo batetan. Berlinen halako pozoitze hura egon zenetik...

        Denetarik zeuden bertan, maskulinoak eta femeninoak. Jezarleku eroso eta zabalak, edari freskagarriak aldamenean, fruitu goxo eta landare usaintsuak, argitasun berdexka fluoreszente aldakor bat...

        Zirudienez ez zuen bertan inork bazkaltzeko presa haundirik, edo hobeki esan, bazkaria ez zen behingoan egiten, astiro eta patxadaz baizik. Almendra batzuk mahain honetan, lagun honekin pentsatzen ari zen artean, otamen batzuk han, aspaldian ikusi gabeko adiskideaz pozten zen artean, limoi ur pixkatxo bat harago, leihotik kanpoko lore berriei adi...

        Paris inguruko nagusi guztiak bertara biltzen ziren egunero bazkaltzera eta elkarrekin pentsatzera. Hiruretarako bakoitza bere etxera aldenduko zen, bertan bere beste sexoko lagunarekin bakean egotera, edo eta hortik zehar, itsasora, mendira edo beste norabait joateko.

        Bazkaria egiten zen artean —makina automatikoek oso menu ezberdinak zerbitzatzen zituzten eten gabeki— pentsamenduzko hodei boladak sortzen ziren talde bakoitzean. Bat bederak gehien interesatzen zitzaiona adimenduz hartu eta talde hartakoekin hasten zen komunikatzen, mahain gainean zuenari zaporetsu eritziz gero, mahain hartatik bestera joateko premiarik gabe. Boza heltzen ez den lekura ba da heltzen pentsamendua. Ari zuen.

        ...Sentikinak dioena egia hutsa duk —ziharduen batek—. Atzo bai; horretarako ohi dagoen giza erdiko arduraduna gaixorik omen ziegoan eta ez zuan lanera etorri. Bestea oporretan diagok. Ez, ez ziegoan beste inor hori egiteko gai. Goiko lantegietako trabailariei, fitxezko ordaina ematera, bidali ninderauetenean, egia pentsatzen dauat, inoiz baino nazka haundiagoa sentitu nian.

        Bai, ba diakiat. Gure itxurakoak dituk, gure asabak noski, baina txinpantzeak ere, nolabait, asabak ditiagu eta horregatik ezin zezakeagu inolako amodiorik senti haienganako.

        Gero, berriz ere zuei etorri nintzaitzuenean... hura poza! hura lasaitasuna! Sentikinak arrazoi osoa dik. Kasta hori gero eta alferrekoagoa ziaiguk. Makinek haien lana egin ziezakeguate eta are hobeki eta zehatzagoki gizonek berek baino. Eskerrik asko, oso goxoak dituk marrubi zuri hauk. Hobe lukek lehen bait lehen denak behin betiko garbitzen bagenitu.

        Txinpantzeak ez dik horrelako adimendu mailarik, ez. Gizonak atzeratuegi ziaizkiguk geure artean integratzeko, baina aurreratuegi askatasunez mundutik uzteko ere. Mendekuz ari izanen lituzkek, noski.

        ...Arrazoia. Pentsamendua igartzen diegula dakitelako ez dituk gure kontra gaizki asmatzen ari agirian. Hala ere... ez duk inoiz, nabari ukan halako tentsio gogor bat haien buruetan? beren pentsamenduak zirriborrozko eta ilun egiteko, noski. Bai, hik eta guztiok. Nik neuk horrelakoetan gure kontrako ideiak gordetzen dituztela eginen nikek, ezetz?

        Hara, doktor Slinkek dioena dioela, ez dieritzeat neronek horiei interferentzia, gogo tzarreko pentsu gaiztoak baizik. Ikusiko, ikusiko.

        ...Grina zantarrak dituztela egia duk, bestalde.

        ...Pena... pena... ez diakiat zergatik. Crô Magnondarrek Neanderthaldarrak hil zitiaten, berauek lehenagoko Pithekanthropuak garbitu bezalaxe. Eboluzioaren legea duk.

        ...Ba dazagun azken berri nazkagarria? Ezetz? Entelega nazan ongi!

        ...Hinkori, makineria astuneko bigarren arduradunari, herenegun giza neska batekin maitasuna egiten ari izan zela igarri zionate. Bai ba! Hor duten ileteria zikinarekin, hura nazka! Orangutaneme bat bezain iletsuak ditun hor. Ez diakinat nola sor daitezkeen horrelako aberrazioak oraino gure artean. Jakina, karakteristika atzerakoiren batek obratua... Legea, ordea, ezin hobea dun horrelako arrasto guztiak gugandik kentzeko... Kolonbia? ez? Brasil orduan! zaporea halakoxea dun. Atomo soilen egoera erraxera bihurtu zitiaten biak. Ez, neska bera ere bai, ez diken horrela ondorengo aurreratuxeagorik sortuko.

        ..Pildorek nagusi bihurtu garauzkiete. Hori uka ezina da, lagunok; eta gizonek berek ere ulertu beharko gintuzkete horrela; burua eta argimena dutela ez diote bada?

        ...Bai, berek heriotza deitzen duten horri bultzatu nahi ukan naraukote goizeon ere. Yeusik ez... ohiturazko tranpa horietako bat... biak bertan ezereztu ditut...

        Slintze, nora joanen haiz arratseon? Itsas ondoko toki xoragarri bat diazagunat. Zergatik ez hator enekin bertan elkarren bitasuna batasun bihur dezagun? Lekua egoki dun oso.

        ..Lanak ez haraut beti lotu behar, bihoztxu... Sasoia dun! Ongi bada? Bostetan orduan.

        ...Frantziako sotoetako ardo hau ez duk bat ere ugari honez gero. Hona hemen gure ondorengoek, ukateko duketen aurrerapen haundiago guztia gora behera, sekula dastatuko ez duketen edari bat.

        ...Agian zerbait hobe lortuko dikenate zaporatzeko, ez deritzon?

        ...Guri, agian, aintzinako basakutsu berezi baten arrastorik zenbait gelditzen ziaiguk oraindik, hala nola aintzinako gauzonganako joera hau; baina, hala ere, ezin uka diaitekek azken plazer basati honetan erromantikotasun espezial bat dagoenik.

        ...Noski, Naile, holaxe duken. Giza plazer atzerakoi baina kontserbagarri bat.

        ...Kosmonauta izateak ez dik ezer xarrik orain. Lehen lagunen urruntasuna pairatu beharra omen ziegoan baina orain... kosmontzi bakoitzeko tripulazioa ongi hornituta diagok arrez eta emez, eta ez duk bat ere kezkarik. Jakina autoerogenetiko haik baino hobe dela partaide on bat. Ez gorputzaren nolakotasunagatik soilki, espirituzko kontzentraziorako ere, pertsona bat beti duk izaki zentzudun bat, gogo batasun bat lortzen duena, makina autoerogenetiko haik, ordea, ikumenez oso egokiak baziren ere... Gainera orain pentsateka bikainak ere ba dituk, musika eta freskagarri modernoak... eta gero kanpoko ikuskizun espazial zirrarezkoak.

        Bai, bihar Neptunoko estaziora igorriko narautzuete. Iluna duk oso, baina artifizialki argituta diagok eta ez nauk hain gaizki egonen. Hori bai dela zorihobea! Saturnora bidaltzen haraukute? Eraztuneko harrihobiak esmeraldetan agor ezinak direla sentierazi diaukuate oraintsu. Ez dituk, ez, bertokoak bezakoak, kristaltze sistima berdina izan arren. Goraintziak eraman ietzok Zalik-i, bertan diagok eta.

        ...Uraren eta edarien kontrola, honetaz, ez diagu bat ere gaitz. Epea eta neurriak ere jarririk diaudek. Parisko A hauzotegi osoko gizakiak Maiatzaren lehengoan atomo soilen egoera erraxera iraganen dituk, beraiek lan egiten daukuten fabriketan haien lana eginen duten makina berriak jarrita geroko egunean.

        ...Bai. Horretarako ere neurriak hartuak izan dituk. A hauzotegia B eta C hauzotegietatik aparte gelditua duk aspaldian jarri dugun Uranotar landare elektrikoen hesiaz. Bertakoak hilez gero W bateriek haien gorpuak eta bizilekuak atomizatu eginen ditiate eta haien gainean landare-haziak erein. Datorren udaberrirako beste hauzotegi berde bat egonen dukek.

        ...ZFK galaxiako bizidunen ondak ailegatu dituk azkenez. Bai, erantzun matematiko bat eskaini diaukuate, guk haiei bezala: bat bat bi, bat bat bat hiru, bat bat bi, bat bat bat hiru... ...ezein izpi-iturri naturalek ezin emiti ditzakeenak. Espazioaren biribildura kontuan harturik, zortzi hilabete barru bertara helduko gaituzkek, kosmoaren kondizioak lagun ...

        ...Ez duk hain harrigarri, praktika behar duk, soil soilki... bat ere kontzentrazio berezirik gabe... espazioaren neurrien aplikazioa duk. Zergatik hizketa bakar bat batetara? Hori giza txinpantze horiek ere ezin zezakeate. Hara... atzo Filipinetako itsas lezera musika zoragarri hartan jautsi gintzaizkianean biolinari distira zeriola argitasunezko arrain xurixka ematen zuen haien aurrean, eta nolako sentipen sakonak baso berde loretsu hartan aingeruenak zirela bai soinua gorago zihoan kilkirren hotsa begi haundi biribilekin eskuaren manupean dardarti egiten zen batzutan hagin izugarri zorrotz Locusta viridis zituan, bai oso gora eta tente ganibetak bezalakoxeak sasoi honetan Grillus campestris ez baita inon eta alga argitsuek emanen zeukuten argitasun gero musikak beheraldi mantenatu bat ez elitroen soinua ez duk horregatik ikusten duk zein errax egiten diren hizketa guztiok batera? fosforatua zoragarria zuan ukan zian, berdina isilagoa baizik bai ura beltza zen nolako tonua...

        ...Trajektoria honetan, planoaren puntu honetara heltzen bada, K izarraren erradiazioek aski enerjia emanen ziokeate M izarraren erakartasun ingururaino aitzinera dakigun, eta bertatik TZ helbururaino joan dadin sobera enerjia dikek eguzkiaren sistimatik irten artean baterietan kargaturikoaz. Beraz heltze-kosto guztia zazpirehun, milioi miliar ingurukoa gertatuko ziaikeguk, hots, ihazko ene proposamendua baino hiru bider merkeago.

        ...Horretarako, baina, beharrezkoa lukek gizonen kopurua gutitu eta makinak haien lekuan osotoro jarri, ekonomia, bestela...

        ...Eginen duk, bai eginen duk... Nietzscheren amodioarren! Zoologikoetarako zentena batzuk utziz gero...

        Etxerako bidea trankil iragan zen. Hrelaik, bere laguntsa Liseri mosu emanik eta zirritxo batzuk eginda, egongelan eseri zen munduko berriak sentitzera.

        Pentsakinak betiko berriak ematen zituen: planeta urrunago eta misterioso baten konkista, nonbaiteko galaxiaren seinale bereziak —honelako zerbait entzuna zuen Hrelaik jantokian— zientziazko aurkikunde haundiren batzuk, beste planetekiko harremanak, giza espeziaren azken estatistikak, giza gerrillero batzuen atomo soilen egoera erraxera bihurtzea, fabrika-langile guztien suntsitze «beharrezko» bat, berauen izaera arkaikorako tiratasun gehiegiagatik, eta antzeko beste izkirimiri batzuk.

        ...Jantokiko pentsaldiak interesgarriagoak izan ditun —adierazi zion Liseri.

        Pentsakinak, baina, ondoren, Zikeren kutxatillaren asmakaria ere aipatu zuen, eta laster telepantaila eta pentsakin guztiak kendu eta halako kutxatilla antzekoez trukatuak izanen zirela.

        ...Zorionak hire lagunarentzat —pentsatu zion Lisek.

        ...Bidal ietzon heuk pentsamenduz —ohar erazi zion Hrelaik.

        ...Ez, orain ez —ebaki zion neskak— horretarako lorategira irten beharko nikek, etxe barneko ondak harenganatu ezinak baitira; eta bestalde memento honetan asko ari izanen ziaizkiokek zorion emaka. Ez duk uste zerbait asmatu beharko genukeela ondak etxe barnetik kanpora pasa erazteko? Benetan nekeza kanpora irten beharra. Eta gainera hi bezalako gorenki adoragarri baten besoetan natzanean, e?

        ...Noski, baina etxean honelako onda-gordelekurik ez balego, mundu guztiak liekiken gure kontu eta bizitza pribatuaren berri. Eta ez dieritzonat, eritzi, inori gustatuko litzaiokeenik noiz zer egiten duen besteek jakitea.

        ...Arrazoia duk, Hrelai. Une baketsu eta eztiok guretzat dituk soilki. Ez dakik zer pentsatu dudan goizeon? Zera, gizonek ere maitasuna, hots, maitasun espirituala senti ote dezakete?

        ...Ez Lise maite, inola ere gure moduan. Animalia pentsalariak izan arren piztiak ditun eta horrenbesterainoko adimendurik ezin eduki zezakenate. Haien arteko maitasuna, nolabait esateko, zakurren gisakoa bide dun, gorputz-atsegin gurakoa, grinen betetzekoa, nolabaiteko psike eskas bat asetzeko, baina ez espiritutasunezko izate bikoitza sentitzeko, hik eta biok sentitzen garen bezalaxe.

        ...Nork esan, Hrelai kuttun hori, gure asabak horrelako piztia batzuk izan zirenik. Ezina zirudik baina.

        ...Gauzak horrela gertatu zitunan, Lise. Gizona ba zunan garai batetan pentsamena eduki zuen espezia, baina gaur beste piztia bat besterik ez dun, eboluzioaren bidetik albora geraturik goragoko bidetik gabiltzan ondorengoontzat.

        ...Bai, goi goian egon zuan gizona bere denboran, baina orain guretzat mailak honela diaudek: anfioxus, arrain, urlehortar, narrasti, ugazdun, ximino, gizon eta gorenkiok.

        ...Poesiaz edo eta erromantikotasunez ikusita, berau baita lehengo gizonengandik oraino gure artean omen dirauen sentipen faun bakarra, penagarria dun oraindik gelditzen diren azken gizonen halabeharra... patu izugarri hau.

        ...Norarte, noraino kontura litezke gizonak beren amilera ikaragarri honez? —pentsatzen zuen Lisek, nolabait errukiturik.

        ...Izatasunik ezaren beltz sakonaren beldur larria ez bide ziaien ailegatzen. Ez bide dikenate bururik nolako kinkatan dauden aditzeko.

        ...Horri esker ez diate asko sufrituko, eta beren heriotza, thanatos deritzon beldur eta kezka basati hori ez ziaiek hain mingarri izanen.

        ...Bai eta horregatik plazer eta poz ttipiagoak ere, haien zoritxarrerako. Izatearen eta maitasunaren atsegingarririk ezin dikenate inola ere dasta; piztia giza-gaixook!

        ...Baina hobe duk horrela. Zenbat eta adimendu gutiago minik ere ttipiagorik, ez deritzok?

        Lisek, pentsamendu hauekin batera mosu sentimental bat jarri zuen bere maitearen ezpainetan eta areto hartan uso baten urruma zaporetsua hedatu zen uholdeka.

        Lorategian Martitz planetatik ekarritako ntiek ederkiro higitzen zituzten beren buru beltz horiak. Landare eyer hauek pintzelada ohi ez bezalako bat ematen zuten baratze atsegin hartan.

 

                              Zergatik zaude nigarrez?

                            Zer dela eta, zure tristura?

                                                                  Jakin dut

                              ene lagunok erre dituztela,

                                                                  eta nolatan nahi duzu

                                                                  lagun

                                                                  triste egon ez nadin?

 

        —Nork hil ditu zure lagunok, eta zergatik?

        —Gorenkiek hil dituzte, askatasuna nahi baitzuten,

        —Bekatua ote da hemen libre bizi nahi izatea?

        —Gu gizonak besterik ez gara, eta ez dugu, horregatik, gorenkiengatik, eskubiderik ona edo tzarra zer den berezteko.

        —Jainkoak berak ote daki?

        —Jainkorik ez dago, gorenkiek diotenez. Beraik dira ahaltsu eta gure bizitzen jabeak,

        —Eta zergatik? Eta noiz arte?

        —Guk egotzi arte, lagun, guk haik hil arte.

        Gitarra triste baten hots hura minez kurritzen zen haitzulo hartan zeuden gerrilleroen ahotik. Zuzi batzuk erretzen ziren kantoietan; lekua franko zen han.

        —Anastasi eta Julia hil dituzte goizeon. Hrelai Waskux, MAKINAGINTZA HERRITARRetako arduradun nagusi bat, izan da hiltzailea —esan zuen saminez Karlek,

        —Hil behar dugu honetan! —egin zuen deihadar Konstanek—, hauekin hamabost... hamasei lagun hil dauzkigu zakur horrek.

        —Bai, hil behar dugu! —sartu zen Paul—, geure lagunon odolak asperkundea eta mendekua eskatzen dauku.

        —Odolak ez —ohartu zuen Andreik—, haien hondakin erreek baizik, ikatz beltz batzuek.

        —Utz itzazu kontu horik, Andrei. Esazu zuk nahi duzuna, baina egia hauxe besterik ez da: Anastasi eta Julia atzo hementxe zeuden gure artean, eta gaur berriz...

        —Beste horrenbeste gertatu da Kekiliarekin eta Matiusekin.

        —Eta Bernardekin.

        —Eta Stevenekin.

        —Eta Markorekin ere bai.

        —Isilik, arren! ! —Karlek agindu. Guztiok dakitzagu berri tamalok, eta guztiok ere berdinzki pentsatu... geure lagun horien heriotza ordain erazi behar diegula.

        —Horixe da —zioen batek.

        —Gorenkien gatibutasun hau hautsi behar dugu behin betiko. Haien kasta madarikatua erras galdu eragin behar dugu guk, benetan gizonak bagara. Horretarako harmak prest ditugu.

        Istilu gogorrak ari izaten ziren halako gerrillero-batzarretan. Grina eta pasio tormentatuenak biziro erakusten ziren garraisiz. Gau hartan ba zen lagun berri bat, Ioahim Krazt zeritzon biologilari bat. Berau gobernuaren Eboluziozko laborategietan lan egina zen morroi bezala eta tratuaz gogait eginik, gerrillara iragatea erabaki zuen. Bere estudioek halako jakitun itxura errespetagarri bat ematen zioten eta arretaz entzuna izan zen.

        —Lagunok, Jainkoarren! ixil zaitezte. Bilera hau balekusate gorenkiek aski barre eginen lukete segur aski, geuk geure buruak zentzuzkotzat baititugu. Hau ez da izaki pentsalariren batzar bat, zoroetxe baten nahaspila baizik,

        —Arrazoia du gure lagunak —gehitu zien Karlek. Entzun dezagun beronen eritzia mesedez!

        —Eskerrik asko, anaiok. Dakizuenez neronek lan egin dut Estatuaren laborategietan eta bertatik ihes egin ere bai. Neure alde egite honetan, baina, zenbait gauza ekarri ditut handik. Harma batzuk, W simistunak, eguzki-pistolak, eguzkitan jarrita berenez kargatzen direnak, eta hauxe: Eptasoma Z izeneko pildorak.

        —Harmak ongi... baina zertarako pastilok? —galde egin zion neska batek.

        Ioahimek ardo pixka bat edan zuen zahato ilun batetatik. Mihiaz ezpainetan geratutako edari tanta garratzak garbitu zituen eta gero hizketari ekin zitzaion berriro.

        —Hara... guztiok dakikezue nola aintzinan ez zegoen gure munduon gorenkirik. Gizonezkoak ginen lur guztien jabe bakarrak.

        —Eta andrazkoak ere bai —egin zuen oihu lehengo neskak.

        —Baita. Zera..., baina gure espezi honetatik, Homo sapiensongandik, izaki mutatu eta aurreratu batzuk berezten hasi ziren. Hasiera batean bakan batzuk besterik ez, baina orduko politikazko estrukturek berauk elkarrekin bizitzera zeramatzaten.

        Estatu guztietan gizonik argienak agintari eta nagusi bihurtzen ohi ziren eta zientzigizonek Estatu Batuetara eta Sobietar Batasunera ihes egiten zuten bertako laborategi eta material aurreratuekin lan egin ahal ukateko. Herri azpiaurreratuetan oso zientzilari guti gelditu ziren, eta herri aitzineratuenetan, aldiz, jakitun masa izugarri bat metatzen zen. Berauentzat zientzilari-hiriak eraiki ziren laborategien inguruan, eta honela, elkarren artean ezkonduaz, haien karakteristika aurrerakoi haik izugarriki gehitu ziren jenerazio gutitan.

        Itxuraz beste gizonak bezalakoak genituen, baina adimenduaz, ordea, sakonagoak eta azkarragoak. Hargatik, pittinka, beren buru aurreratuez baliaturik, zientzia guztien buruzagitzetara heldu ziren, eta zientziak domeinatu ondoren Estatuaren manua ere harrapatu zuten.

        Beste herri eta Estatu atzeratuen kontrola hartzea ez zitzaien bat ere nekeza izan. Bertako zerebro-ihesaldi hura zela kausa, herri gehienek ikaragarrizko defizit bat zuten asmalari eta teknikagizonetan, eta Amerika eta Sobietar Batasunetik bidalitakoek, laguntasuna emanen zietelakoan, beste herri guztien domeinua lortu zuten. Mundu guztitik, Sobietarrak eta Amerikarrak ados geratu bezain agudo, haien adimenkrazia hedatu zen. Bai, haien artean ezin hobeki konpondu ziren, zeren mundu osoa domeinatzeko bietako batek ere nahikoa indar ez baitzuen. Sasoi hartan ehun mila inguru ziren mutatu haik.

        Genetika-legez beren aurrerapenezko karakteristikak seme alabengana pasatzen zituzten eta geldiro baina segurkiro, haien taldeak beste gizonengandik berezten ari ziren.

        Haien zoritxarrerako, karakter aurrerakoi hauk beste karakter komun, bai eta atzerakoi batzuekin ere, lotuta zeuden eta zail baino zailago izanen zen, lege nautralez, ezkontza aukeratuen bidez, halako espezi berri bat sortzea, mende askotan izan ezik. Bestalde, denbora luze horretan, beste gizonak aisa konturatuko ziratekeen gorenki-gurakoen asmoez, eta haien gatibu eta esklabo bihurtzeko beldurrak haik, are osorik mutatu aurretik ere, hiltzera bultzatuko zituzkeen, duda gabe.

        Gorenkigai haik, baina, maltzurkiro jokatzen ari ziren.

        Ba zen Knauz Figle zeritzon doktor bat. Beronek kimikazko katalizagarri bat arkitu zuen, Eptasoma A izeneko hormona. Beroni esker, gizonaren karakteristika atzerakoi, kaltegarri eta tzar guztiak birrindu egiten ziren genetika-zeluletan eta ume berriak ernaltzean berauk karakter oneneko zeluletatik sortzen ziren. Medizina hau harturik, haien artean eznormal guztiak behin betiko desagertu ziren, eta jenerazio bakoitzean, aldiz, gurasoak baino seme alaba aitzineratuago batzuk sortzen ziren. Buruaren haunditzearekin batera adimendu nagusi hori etorri zitzaien, parapsikologiazko ahalmen horik, telepatia, urrutigarmena, urrutikusmena, gorputz-taiu lerdenago eta lirain hori, eta abar. Noski, ez ziren inoiz gizon normalekin ezkontzen eta maitasuna egitea bera ere biziaren penapean jarri zuten berehalaxe eugenesiazko arrazoiengatik.

        Mende bat geroago lehen gorenkiak sortu ziren gure planeta honetan. Leku batzuetan jendeak haien kontra abiatu ziren, baina atomoaren indarra erabili zuten bakegarri bezala. Ondorioak gerauek dakuskigu: mundutar Estatu honetan berek dute kontrol osoa eta gu, oraindik diraugun gizonezkook, esklabotzat eta piztiatzat garabiltzate.

        Baina ez gara gu animalia soil batzuk; adimendua ere ba dugu, eta haien uztarria jasan nahi ez dugulako gerrilletan dihardugu, noizbait aitzinan galdutako gidaritza hura berritu nahirik,

        —Bai, hori da gure helburua —ebaki zion Andreik. Baina zertarako kontatu dauzkiguzu guztiok, guk hain ongi jakin arren?

        —Oraintxe jakinen duzue, ez presarik ukan. Begira... gorenkiek gero eta formula hobeak asmatzen dituzte beren arrazagintza ontzeko. Hala ere ez daukute guri ezer ematen geu ere aurrera gaitezen, Ba dakizue gero eta gutiago garela munduon, gorenkiek hil eta eskastu egiten gaituztelako, gure beharrik ez baitute. Urte gutti barru gure espezi osoa bukaturik egonen dateke, beraiek birrinduta, planeta hau gobernatzeko, gure ordez, makinak ipiniko dituztelako.

        Bai, oraindik fabriketan eta lan gogorrenetan gaduzkate, horretan enplegatzeko, baina laster guztiok makinek eginen dituzkete eta orduan... orduan, akabua, ez dagoke guretzat erremediorik.

        —Ez da horrelakorik sekula gertatuko, burruka gogorra eginen diegu eta garaitu ere bai —esan zuen beroki Danielek.

        —Gorenkiak hiru milioi besterik ez dira gure planeta osoan eta gizonezkotan ba gara bederatzirehun milioi gutienez —gehitu zuen Karlek.

        —Zazpirehun milioi besterik ez, azken estatistiken arauera argitu zien Ioahimek. Gero eta gutiago. Pentsa ezazue, bestalde, estatistika hauk beraiek emanak direla eta, gu ez beldurtzeko, garenak baino gehiago esan bide daukutela horietan.

        —Eta zer egin nahi duzu zuk, lagun? —itaundu zion Danielek.

        —Hara... nik ekarritako Eptasoma Z soluzioa dateke. Aintzinako Eptasoma A hura baino mila bider eragileagoa zaiku hau eta hartzen bagenu guregan ere aldakuntza nabari eta arin bat lortuko litzateke, eta gure ondorengoak gorenkiak bezain argiak edo eta are argiagoak ere izanen lirateke. Hauxe dateke gure kasta galkizunaren salbamodu bakarra; ba dira gugan, gerrilleroongan, haiengan nabari ez diren karakteristika batzuk, adorea, askatasun-nahia, errebeldia... Harmak alferrekoak zaizkigu, gorenkiek askoz ere hobeak baitituzte.

        Hara, ximino batek ez duke zer eginik gure kontra etorrita makila batez, geronek hura ximist batez ezereztu egiten dukegulako. Penagarri eta iraingarria bazaiku ere, horrelakoxea dateke gure kasua gorenkien aurrean zoritxarrez

        Ez, burrukarena ez da bidea. Nik beste ehun kaxa atera nitzake laborategitik harrapatua izan gabe Eptasoma Z horretakoak. Berauekin oihanik sakonenetara joanez gero eta guk ere geure burua eboluzio aurrerakoi baten bidean jarriz gero... lehengo eta behin gizonezkook bakean biziko ginateke, gorenkiek gu hiltzeko arrazoirik ez luketelako, eta bestela, seme alaba ugariak haziaz gindoazke eta egunen batetan, hemendik berrehun edo hirurehun urtera... zergatik ez, gu ere, edo hobeki esanda, ondorengoak, gorenkiekin burrukatzeko kondizioetan leudeke.

        Aski zen hura. Azalpen hauek ekaitz bizia sorterazi zuten berez nahiko eragina eta nahasia zen itsaso hartan. —Holakorik baina!

        —Zu, Ioahim, putaseme hori, zergatik ez daukuzu kontatzen nor zenuen aita? Zer este duzu, ez dela gure artera heldu nondik nora etorri zaitzun laborategi batetan lan egiteko kargu hori? Zu giza erdiko bat-tzat klasifikatua zara eta estudioak eman zaizkizu, zergatik? Zergatik ez daukuzu argiro deklaratzen lotsatzen zarela gizon izaten? Iubidia diezu gorenkiei, ez dea?

        —Geldi zaitez zeu horrelako buruhaundiokin. Gu gizonak gara eta burrukatzen badugu gizonak izaten segitzeagatik besterik ez da. Zital hori!

        Neure seme alabak, horrelako meloi eta kalabaza burudun horrelakoak izan baino lehen, neure eskuekin hilen nituzke. Kanpora pildora nazkagarri horik!

        —Shakespeare, Horatio, Cervantes, Voltaire eta Goethe gizonak izan ziren eta ez gorenki zital horretakorik.

        —Jesu Kristo bera ere gizonezkoa zen. Behera gorenkiak!

        —Behera! Behera!

        —Hil dezagun traidore hau!

        Gau hartan bertan Ioahim Krazt traidoretzat hartu eta judikatua izan zen eta bere Eptasoma Z-az batera W ximistez ikaztua.

        Burruka aurrera segitu zen eta jendea, alegia, gizonezkoak, gero eta ugariago pasatzen ziren gerrilletara, laster zetorkeen gerokizun izugarri hari uko egin nahiz. Eta Lurraren azalean sua eta nahaspila berritu zen luzaroan.

        Gizonak gizon eta gizonki irauteko prest zeuden. Zorigaiztoz Ioahim Kraztek arrazoi osoa zedukan. Giza hilkuntza sistimatikoki eratu zen. Arrazoi hura latza bazen ere legea zen.

        Agindua ezin argiagoa zen: gizon guzti guztiak hiltzea. Penagarria bazen ere ezin gorde izan zitezkeen zoologikoetan zentena famatu haik. Hala ere bi mila kontserbatu ziren disekaturik eta alkoholetan sartuta.

        Aipagarria dateke azkeneko gizon batek bere borrero gorenkiei esandakoa: —Zuei ere helduko zaitzue ordua. Noizbait, garai batetan, are gorenkiagoak izanen diren zuen ondorengoek hil eginen zaituete, zeroriek, gure ondorengook gu hil gaituzuen bezalaxe.

        Baina gizon hura ez zen bizi bere esana edo profeia gurako hura egiatan bete zen ala ez ikusteko. Behar bada arrazoia zukeen hark ere.

        Batek jakin.

        Eta zer, horrela gertatuko bazen ere? Horregatik hilak ez ziren birpiztuko, ez eta poztuko ere.

        Baina...

 

Gasteizen, 1968-eko udan

 

Behin batean
Xabier Kintana

Kriselu, 1972