XX. mendeko Italiako poesiako izen ezinbestekoa da Alda Merini idazlearena. 1931n Milanen jaioa, oso gaztetandik hasi zen publikatzen. 50etan buru-osasun arazoak izan eta hainbat urte egin zituen ospitale psikiatrikoan, La altra verità. Diario de una diversa liburuan kontatzen duen esperientzia. 80etan berriro ekin zion poesia idatzi eta argitaratzeari, obra luze eta aberatsa onduz, eta kritikaren errekonozimendua jasoz. 2009an zendua, haren bederatzi poema ekarri dizkio euskarari Iñigo Aranbarrik.
Duela mendebete, 1920ko abenduaren 10ean jaio zen Clarice Lispector. Ukrainan munduratutako idazle brasildarra, XX. mendeko ahots indartsuenetako bat da, Brasilgo literaturan ezinbesteko erreferentzia. Emozioen lirika baten jabe, ez-estilo oso berezia lortu zuen poeta, 56 urte zituela hil zen, minbiziak jota. Iñigo Roquek Zorion klandestinoa ipuin-liburua ekarri zuen euskarara (Igela/Erein, 2015); bi urte lehenago obra horretako Zorion ezkutua ipuina emana zuen Elearazi agerkari digitalean Danele Sarriugartek. Mendeurrenaren karietara, Lispectorren bederatzi poema dakartzagu orain, Mikel Elorzak itzuliak.
Sormene, sorkuntzen Galdakaoko plazaren lehendabiziko edizioa egingo da datorren astean, abenduaren 14tik 20ra. Miren Agur Meabek, Leire Bilbaok eta Lizar Begoñak beren liburu berrietako poemen errezitaldiak egingo dituzte astearte arratsaldean, abenduaren 15ean, Arkaitz Miner musikariaren doinuz. Eta abenduaren 19an Ahotseneaegitaraua izango da, idazle hauen solasaldiekin: Miren Amuriza, Yolanda Arrieta, Miren Agur Meabe, Mikel Begoña, Karlos Gorrindo, Jabi Elorza, Asel Luzarraga eta Peru Magdalena.
Zazpi eguneko egitarau zabala du Sormenek: ilustrazioa, bertsoa, ipuin kontaketa, antzerkia, dantza eta musika…, esate baterako: Eñaut Elorrieta, Hatxe, Peru Galbete, La Basu, Miren Amuriza, Eider Eibar, Kai Nakai, Hilotz eta Ro, Andra Mari dantza taldea edo Aiko.
Berriki argitaratu du Txalaparta argitaletxeak Margaret Atwood idazlearen Neskamearen ipuina, Zigor Garrok euskaratua. Eta azaro honetan bertan The Guardian egunkarian Biziki(Dearly) poema eta horren inguruko saiakera ederra argitaratu ditu kanadarrak, dementziaz hildako senarrari hiru urte lehenago idatzitako poema. Egungo garaietan ere irakurgarria dena, Atwooden iritziz, Nere Arrutik geurera ekarri du.
Eskerrik asko urte osoan lanean lagundu diguzuen guztiei, bai liburuak atontzen bai Literatur Emailuak astero plazaratzen. Besarkada bat astero-astero Emailua jasotzen duzuen 1400 irakurle baino gehiagori ere, zelan ez.
1970. urteko abenduaren 3an abiatu zen Burgosko auzia. 16 euskaldun epaitu zituzten, eta Gisele Halimi Giza Eskubideen Aldeko Nazioarteko Federazioaren ordezkaria izan zen bertan lekukotzak hartzen. Halimik Le Procès de Burgos liburua eman zuen argitara 1971an Parisen eta Gisele Halimiren Burgosko Auzia liburuariJean Paul Sartrek egin zion hitzaurrea. Txillardegik euskaratua, ETAren Zutik aldizkarian kaleratu zen 1971an berean. Sartreren jaiotzaren mendeurrenean -2005ean- Markos Zapiainek Sartreri buruzko artikulu bat -M’ongoloon malura- idatzi eta 1971ko hitzaurrea berriz euskaratu zuen.
Jean Paul Sartre garaian kokatzeko asmoz Txillardegik haren heriotzean idatzitakoa gogoratuko dugu, Sartre: lekuko eta gidaria: “Sartre-ren ikuspuntuak, horretara, ezin garrantzitsuago gertatu dira guretzat; Sartre, bere heterodoxia guztien gainetik, errotik egon baita beti gizarte burgesaren kontra. Eta, behin eta berriz erakutsi duenez, eskuarki estimatu ohi diren «ohore»en oso gainetik ere ibili baita. Sartre ez da sekula «la voz de su amo» izan. Eta inork baino hobeki dakigu abertzaleok: ETA krisi betean zegoelarik, eta Burgos-ko Auzi famatua PCEk bere alde manipulatzeko dena prest eduki uste zuenean, Gisele Halimi-ren liburuarentzako bere Hitzaurre bikaina idatziz, sozial-inperialismoaren jokoa agerian utzi zuen. Burgos-ko arazo historiko hura ezintasun ia osoan bizi izan genuen abertzaleok betirako izango gatzaizkio Sartre-ri zordun“. Jean Paul Sartre gurean sortu genuen 2005. urtean, euskarari ekarritako lanak bertan batu asmoz.
Mikel Laboak hiru ildotan sakondu zuen bere sormen lana: Herri kantagintzaren berreskurapen eta hedatzean, esperimentazioan (lekeitioak) eta idazleen testuen ahairetzean. Bere heriotzaren urteurrenarekin, musikatzeko aukeratu zituen testu batzuekin osatutako LP bat proposatzen dizuegu, jakinik Laboaren kantagintzak euskaldunon belaunaldi askoren imaginarioan duen eraginak mugatuegi ere bihur dezakeela, nork bere LPa duela.
Emari eta sakonera handiko ibaia harri batetik bestera jauzika zeharkatzeko ahaleginean irudikatu dugu Laboa. Gabriel Aresti musikatu zuen lehenik, artea artearen aldeko aldarri ozenarekin eta klase kontzientziatik euskal poesia modernitatera ekarri zuen hura, Ez Dok Amairun bidelagun izango zituen Artze eta Lete, Arestik itzulitako Brecht, Aresti aitapontekotzat izan zuen Atxaga, Atxagaren bandakide izan zen Sarrionandia. Herria da gorputza, hizkuntza bihotza, gure hitzak esan, ez daitezela gal, ez daitezela ahaztu. Nekez uzte du bere sorterria, sustraiak han dituenak. Oroitzen zaitugunean…
OHARRA: Datak kantak argitaratu ziren urteei dagozkie, ez testuak sortu zirenekoei.
Bizitzaren joanean, kolkoa zera bihurtu zaigu, iraganaren errautsak gordetzeko urna moduko bat. Baina ez da erraza errautsa aldean erabiltzea begietan azkurarik igarri, azala zikindu edota eztulik egin gabe. Izenburu alegoriko bezain ironikoa dauka Miren Agur Meaberen Nola gorde errautsa kolkoanpoema liburu berriak, zeinetan azken hamarkadan hainbat gairen inguruan idatzitako poemak biltzen dituen: nortasuna eta memoria; genealogia femeninoak; bidea locus ideal gisa; desamodioa, dolua, heriotza; indarkeriazko ekintzetan dugun ardura; poesiaren gaineko poesia. Osorik eskaintzen dizuegu sarean.
Baliteke gaurkoa izatea azken bisita. Eta oraindik ez zaizkio natural ateratzen talegoa bezalako hitzak. Batzuetan fribolo samarrak iruditzen zaizkio haien arteko elkarrizketak, ez dutelako politikaz hitz egiten, baizik eta pelikulez, liburuez, ametsez. Uzkiari buruzko tailer batean ezagututako lagun txiletar batzuen etxean geratu zen lehenengo bisitan. Geroztik, ardo botilak hustu zituzten, “ahizpa” esan zioten elkarri, bizi zituzten biolentziak konpartitu. Baina haiei ez zien kontatu muga gurutzatuta trena hartzean sentitzen zuen izua, Charlie Hebdo-ren kontrako atentatua gertatu zenetik.
Osorik duzue sarean irakurgai Kattalin Minerren Turista klasea nobela laburra.
Narrazio-kolpe berria eman diogu ipuina.eus atariari, hainbat garai, estilo eta autoreren lanak ekarriz. Joakin Larretaren Azelaingo zubia (1881),herri ipuina literatura idatzira ekarri. 1908ko Gertatzen dana, Biktoriano Iraolarena. Gezurra badirudi ere, Facebook, Instagram eta enparauetan dabiltzanei aplikatzen ahal zaien zertzelada ironikoa. Damaso Intzaren Martin Zintzoa (1913, Larrungo hizkeraz, baina narrazioaren zentzunaz. Moraltasuna, bai, baina interesgarria hala ere. Urte berekoa, Jose Goikoetxeaundiarena, Ataungo basagizona. Tituluak iradokitzen duenaz bestera dator Ataunen erretore izan zen gizona. Apunte labur bat, erdi etnografikoa erdi soziala. Plano desberdinetan narratua. Justo Mari Mokoroak ederki asko idatzitako 1923ko Oker baten ondorea, Mariren mitoa menditarren artean. 1929ko Gizarajoa!, Luzear-ena, bikote baten kontu aldrebes ederra umore handiz emana dakarrena. Hiriaren presentzia. Ezizenak nor ezkutatzen duen ez dakigun Zetarri-k 1937an ondu zuen Guda jazokunak, fronteko pasadizo xelebre bat dakarrena mairuen kalterako. Mikel Zarateren hiru ipuin: Zaldibi / Iturri bat, harri bat, zuhaitz bat / Adan Aurpegi Adarraga. Kotxe kontua lehena; gerra galduaz alegia bigarrena, azkena burla dotore bat gramatikalariei, Euskaltzaindiari, eta baita EGA tituluari ere. Satiriko baten lan bikaina. Eta berriena Idurre Eskisabelen Biribilketa (1999). Kontu delikatu-deserosoak lantzen dituen narrazioa: haur suizidioa, amodio galdua, militantzia, damua…
Testu teatroaren kalitatearekiko mira, euren sasoiko euskararekiko atxikimendua, eta, kasu askotan, emakumeen begirada sozial bati loturiko jarduna, beren belaunaldiko testuinguruan erreferentzia bakanetakoa izan dena. Agurtzane Intxaurragaren eta Arantxa Iturberen arteko elkarlana aitzindaria izan da, eta eredugarria. 1989an hasi zuen ibilbidea Hika antzerki taldeak, hainbat etapa ezagutu dituena. Eta une batean Arantxa Iturberen hitzak batzu zitzaizkion Agurtzane Intxaurragaren antzerki-senari, eta bien artean hainbat lan osatu dituzte. Ganbilako bildumara ekarri dugun Bidaideak honetan hiru elkartu ditugu: Ai ama!(2002), Ixa (2003) eta Aitarekin bidaian (2010). Taula gainean bezainbat goza ditzazuela orain paperean.
Euskarara ekarritako autore batekin ere badator Ganbila bildumaren hirugarren emanaldi hau: Sarah Kane. 28 urte besterik ez zituela hila, denbora laburrean lortu zuen eszena britainiarreko —eta gerora europarreko— erreferentziazko izen bat izatea, antzerki garaikidea ezagutzeko ezinbesteko egilea bilakatzea. Haren testuek gizarteak bazterrean utzitakoen egoera bortitzak jasotzen dituzte, Zartatua lanean ikus dezakegunez. 4.48 Psikosia, berriz, bere buruaz beste egin aurretik ospitale psikiatrikoan idatzitako testua dugu. Arantzazu Fernandezek itzuliak, liburuan bildu diren bi lanok adierazpen ukaldi latzak ditugu.
Erika Olaizolaren imajinariotik, bulkadatik, adierazteko beharretik sortutako lan bat da Panpina. 2019ko udazkenean estreinatu zenetik, antzezlana emanalditik emanaldira hazten joan da. Publikoarekin berehalakoa izan da konexioa, eta gerora, autore eta antzezle den Erika antzezlanaren energiaz jabetu ahala, gero eta ozenago egin du eztanda haren oholtza gaineko indarrak, ordubeteko monologoan harrapatzen zaituena. Liburu honetara bildu dugu orain, Ganbila bildumara, Erika Olaizolak berak sormen prozesuari buruz idatzitako gogoetekin batera, eta baita han edo hemen bidaide izan dituen lagunek “panpina” kontzeptua buruan hartuta libururako idatzi dituzten ekarpenekin ere. Jolasten has zaitezke, irakurle.
XX. mendeko ipuingile handienetakoa izateagatik da batez ere ezaguna Raymond Carver, baina poeta bikaina ere izan zen, Harkaitz Canok euskarara ekarritako antologia honetan egiazta daitekeenez. Beste idazle batzuen kasuan ez bezala, Carverrenean ipuingintza eta poesiagintza elkarloturik agertzen zaizkigu, halako moldez non poesiarekiko uzkur diren narrazio zaleentzat sarbide bikaina izan daitekeen. Egunerokotasunean iltzatutako poemak dira Carverrenak, non objektu (telefonoak, eskutitzak, eta beste) eta auzi etxetiarrak agertzen zaizkigun lehen planoan. Erdiko klaseko mundu estatubatuarraren testigantza ematen digute, bizi materialki ase baina gainontzean kamutsak agerraraziz; nolabait, XIX. mende akaberako poesia modernoko spleen (asperra, unadura) sentipen hori XX. mende erdiko AEBetara eraman zuen.