Xose Luis Mendez Ferrin euskaraz
Joan den azaroaren 18an zendu da Xose-Luis Mendez Ferrin. Idazle eta ekintzaile politikoa, Galiziaren XX. mendearen bigarren erdialdeko ibilbide eta garapen sozio-kultural eta politikoa nekez uler daiteke haren ekarpenik gabe. Literatura galegoaren gailurretako bat, ezkerreko galegismoaren ardatzak jartzen elementu oso inportantea izana da. Euskarara aspaldidanik ekarri izan da, eta hemen eskaintzen dizkizuegu lan horiek (ia) denak bilduta. Literatur aldizkarietan ekin zitzaion, Pott bandakoek ekin zioten, Roi Xordo poema ederra 1978ko Pott bandaren blagan; Ttu-ttuá aldizkarian Antton Azkargortak artikulu bat ekarri zuen (1984), eta Susa aldizkarian ipuin bat Bego Montoriok (Militantearen amets urdinak,1993). Narrazio hori Mugaldeko jendea liburukoa zen (Arraianos), Mendez-Ferrinen liburu esanguratsuenetarik bat, Dueson preso zela idatzia, eta osorik eman zuen pixka bat geroago (Elkar, 1998). Hango beste bi ipuin ere badakartzagu. Andres Urrutiak bi ipuin euskaratu zituen Hegats aldizkarirako (Percival, 1989, eta Marisorgina, 1991), eta gerora Idatz & Mintz aldizkariaren separata batean Tagen Atarako itzulera narrazioa plazaratu zuen, 2000n. Azkenik, Susa argitaletxearen baitako Munduko Poesia Kaierak egitasmoko Biziei ere omen liburu kolektiboan, Xabier Montoiak poema bat itzuli zuen (Fidel Castrori omenaldia).

