Kamala Dasen poesia kaiera
Indiako hego-mendebaldeko Kerala estatuan jaioa, malabareraz, bengaleraz eta ingelesez egiten zuen Kamala Das idazleak. “Hiru hizkuntzatan mintzo naiz, bitan idazten dut, eta batean amets egiten”, utzi zuen izkiriatua. Das jaidura ikonoklasta nabarmeneko idazle eta emakumea izan zen. Bizitza osoan nekaezin jardun zuen beragandik espero zenaren aurka. Askatze nahi hori bere poemetan eta Ente Katha (“Nire istorioa”) izeneko autobiografian islatu zuen ondoen. Emakumearen askatasuna aldarrikatzeari eskaini zion bere sorkuntzaren parte handi bat, betiere bere esperientzia pertsonalaren kontakizunetik abiatuta. Eta gure artean oihartzun gutxi duen literaturaren erreferente hau ezagutzeko parada eskaini digu Joxe Mari Berasategik, Munduko Poesia Kaierak bildumarako ondu duen antologian.

