Urt 15 22

Molierek 400 urte

Lau mende bete dira urtarrilaren 15ean Jean-Baptiste Poquellin; Moliere, jaio zela. La Comédie Francaiseren sortzailea, antzerkigile frantses handia, komedia eta satira ezagunen autorea da, boterea eta hainbat estamentu bere testuen ituan jarri zituena. Teatro klasikoaren izen handietako bat, Tartufo eta Zekena obrak euskaratuak dira EIZIEren Literatura Unibertsala bilduman, baina 1951n kaleratu zen Baionan haren lan baten lehen itzulpena, Paul Guilsou idazle eta itzultzaileak egina (Guilsouz artikulua Piarres Xarritonek idatzi zuen Euskera aldizkarian).  Petan Mihiku lana Molièreren Le mèdecin malgré lui lanaren itzulpen/moldaketa da, Klasikoen Gordailuan osorik irakur daitekeena.

Urt 13 22

Txillardegiren Kronikak

Txillardegik Anaitasuna, Egin, Punto y Hora de Euskal Herria, Plazara, Argia eta batez ere Zeruko Argia-n 1968 eta 1986 artean argitara emandako kronikak biltzen ditu liburu honek. Belgika, Norvegia, Estatu Batuak, Gales, Galizia eta Andorratik bezala, Barkoxe, Altzürükü edo Berrizaundik idatziz bere kezka nagusien berri ematen du idazlan hauetan Txillardegik, jakin-min zabalez, begirada zorrotzez eta irakurleari berarekin batera bertan dagoela sentiaraziz. Koldo Izagirre eta Juan Luis Zabalak atondutako edizioa da Susak argitara eman duen Kronikak liburua.

Urt 07 22

Auxtin Zamoraren hatsa, eta “ezin errana”

Poesiaren aldeko ekintzaile aski ezaguna da Auxtin Zamora, urtetan “Hatsaren Poesia” izeneko jardunaldien eta argitalpenen motorra eta gidaria. Alta, poeta ere bada Zamora, eta oraingoan bere lehen poema bilduma ekarri nahi izan dugu akordura, Ezin errana izenburukoa, Maiatz-ek 1986an argitaratua. “Nigar egin dut karrikaz karrika, / xingar eta amodio galdeka, / izarrek zilatu arte zerua”.

Agenda

Efemerideak

Kritikak