Abe 18 21

Feminismoa denon kontua da, bell hooks

Abenduaren 15ean hil da bell hooks pentsalari, idazle eta aktibista afro-amerikarra. Genero, arraza, sexualitate eta klasearen intersekzionalitatea ulertzeko, ezinbesteko erreferentzia. 2018an Katakrakek argitaratu zuen (Amaia Apalauzak euskaratua) haren idazlan enblematikoenetarik bat, Feminismoa denon kontua da, orain sarean osorik irakurtzeko moduan eskaintzen dizueguna. Liburuak azpi-izenburua “Politika pasio” du, eta ez da kasualitatea.

Abe 17 21

Baudelairek idatzi eta Lauaxetak euskaratutako Odol iturrija IbonRG-ren ahotsean

Aurten bete dira 200 urte Charles Baudelaire jaio zela (1821eko apirilaren 9an). Lirika modernoaren abiatzaileetako bat, hala bizitza nola obra erreferente ezinbestekoak dira literatura unibertsalean eta euskarara ere hainbat aldiz ekarri izan da, liburu osoak eta poema solteak; eta gurean Lauaxeta izan zen fusilatu aurretik Baudelaire poetaren lanak euskarara ekarri zituztenen artean aitzindaria. Euzkadi egunkarian argitaratu zen 1930eko urriaren 12an Odol iturrija poema euskaraturik.

Orain, IbonRG musikariak, pianoaz lagundurik eta Enrike Hurtado musikari eta programatzailea ondoan duela kantua osatu du Baudelairek idatzi eta Lauaxetak euskaratutako testuarekin.
Odol iturrija

Abe 17 21

15 liburu dagoeneko Ganbila bilduman

Ganbila antzerki bilduma berria jarri zuten martxan Susa argitaletxeak eta EHAZE elkarteak elkarlanean duela 2 urte, Oier Guillanek koordinaturik. Geroztik hainbat teatro testu plazaratu dira bilduma honetan, 15 liburu dagoeneko. Azken 3 liburuak aurkeztu dira gaur Donostiako liburutegian: Amancay Gaztañagak idatzitako 39 lore, Peru Calabazaren 99 pauso ganorabakoen aldamenean eta Patricia Urrutiaren Porno versus Afrodita.

Abe 11 21

Itxaro Bordaren hiru ale

Emari handiko idazlea da Itxaro Borda. Ia berrogei liburu ditu argitaratuak, eta horietako batzuk ez daude oso eskura, liburu-dendetatik urrun eta jende gutxiren apalategietan. Oraingoan, haren hiru liburu ekarri ditugu sarera: Urtemuga lehorraren kronika (1989) narrazio liburu historikoa, eta bi poema liburu: Hautsak errautsa bezain (2002) eta Noizteinka (2007). Hirurak ala hirurak, Maiatz argitaletxe erreferentzialean argitaratuak.

Abe 10 21

Peter Handke, errezitalean

Aurtengo ekainean sareratu genuen Peter Handkeren Iraupenari poema, Asier Sarasolak euskaratua. Oraingoan, Booktegiri esker, poema luze horrekin egindako 46 minutuko errezitalaz gozatzen ahal dugu, Asier Sarasolaren beraren eta Oier Guillanen ahotsean.

Abe 01 21

Susa argitaletxea Durangoko azokan

Aurten, berriz ere Durangoko azokan batuko gara irakurle eta idazleekin. Iazko azoka birtualaren ostean, abenduaren 4tik 8ra bitartean, Durangoko Azokako Barrenkale-ko 36-37-38 standetan aurkituko dituzue gure liburuak. Gurdia bete libururekin goaz aurten be Durangora, eta aurtengo nobedadeez gain, aurreko urteotako liburu andana izango ditu irakurleak parez pare.

Aurkezpenak

Ahotseneako egitarauaren barruan, Susa argitaletxeko liburu eta idazleekin hamar aurkezpen izango dira larunbatetik asteazkenera Landakoko eta Musika eskolako areto berezietan. Aurkezpen gehienek gainera, gonbidatu bana izango dute. Agendan dituzue saio guztiak banan banan.

Mila eta gehiago esker

Urte berezia izan da aurtengoa Armiarma.eus eta Literatur Emailuak egiten dihardugunontzat. 20 urte dira Literatur Aldizkarien Gordailua abian jarri eta literaturaren sarean murgildu ginela. Emailuak ere, mila astetik gora banatzen daramatzagula kontatu genuen udaberrian. Horregatik, literaturaren sarean zuen ekarpena egiten duzuen guztioi eskertuta, mila esker eta bat gehiago, benetan.

Abe 01 21

Kirmen Uriberen Izurdeen aurreko bizitza nobela

Euskal kondaira baten arabera, izurdeak, garai batean, pertsonak izan ziren. Izurde bilakatu ziren laminen maitale izatearren. Eta behin gorputzez aldatuta, ezin berriz lehengora itzuli. Migranteari ere gertatzen zaio halakorik herrialdez aldatzen denean. Uri, Nora eta bien seme-alabak New Yorkera lekualdatuko dira liburu honetan. Rosika Schwimmer sufragista eta bakezalearen bizitzan oinarritutako nobela bat idatzi nahian ari da Uri: nola hazi zen zaldi eta kontzertu artean, nola lotu zen emakumeen askapen mugimendura, nola antolatu zuen Gerra Handiari aurre egin nahi zion bake-ontzia. Haren urratsak ikertu bitartean, ordea, bereak ere aterako zaizkio bidera. Kirmen Uriberen Izurdeen aurreko bizitza osorik eskaintzen dizuegu sarean.

Agenda

Efemerideak

Kritikak