Ira 14 19

Jon Barberenaren heriotza

Uda amaiera hau izoztu zaigu, tanpez, Jon Barberena bertsolari eta idazlearen heriotzaren berri izan dugula. 40 urte zituela, berak bere poema batean aipatzen duen “sega zorroztutako heriok” eraman du. Oholtza gainean bertso kantari ezagututakoa —birritan Nafarroako txapeldunorde—, literaturara ere egin zuen jauzi Iruñeko Poesia saria irabazi zuen poemarioarekin, Izoztu zitzaigun negu hura, 2016an Denonarteanek argitaratua. Barberenaren omenez, haren poema-liburua osorik eskaintzen dizuegu.

Abu 07 19

Toni Morrisonen bizitzaren neurria

Toni Morrison, Nobel saria irabazi zuen lehen emakume beltza, 88 urte zituela hil da abuztuaren 5ean. Idazle estatubatuarrak, bere nobeletan modu erreferentzialean jorratu zuen arrazagatik, emakume izateagatik eta klaseagatik jasandako zapalkuntza, errealismo gordina eta magikotasuna uztartuz. Beloved (1987) bere obra entzutetsuena euskaraz ere irakurtzen ahal dugu, Anton Garikanoren itzulpenean 2004an argitaratu baitzuten Alberdaniak eta Elkarrek Maitea izenburuaz, Literatura Unibertsala bilduman. Oraingo honetan, Itziar Iriondok euskaratutako Gaueko hitzak dakarkizugu, 1995ean Ereinek argitaratua. Nobel saria jasotzerakoan emandako hitzaldiak osatzen du liburuxka. Hizkuntzaren indar eraldatzailearen aldarria funtsean. Bertako pasarte batean dio: “Hil egiten gara. Horixe da, behar bada, bizitzaren esanahia. Baina hizkuntza egin egiten dugu. Hori izan daiteke gure bizitzen neurria”.

Uzt 18 19

Vigàtako lau egun

Genero beltzaren maisuetako bat hil berri da, uztailaren 17an, 92 urte zituela: Andrea Camilleri. Salvo Montalbano inspektorearen liburuengatik ezaguna, arrakasta adinean oso gora zela lortutako idazleak arrakasta ez ezik literatura munduaren ezagutza ere jaso zuen. Euskaraz hiru lan ditu emanak, Igela argitaletxeak Hilabete bat Montalbanorekin (2011, Fernando Rey itzultzaile) eta Uraren forma (2012, Ander Irizar itzultzaile) eman zituen, eta Erein argitaletxeak Gauaren usaina (2011, Josu Zabaleta). Siziliarraren heriotzan, Hilabete bat Montalbanorekin laneko lau narrazio dakartzagu.

maiatza 21 19

Binyavanga Wainaina hil da

2002an Caine saria irabazi eta literaturaren sustapenerako Kwani? agerkaria sortu zituenean ezagun egiten hasi zen Binyavanga Wainaina kenyarra. Urte batzuk geroago sareak astindu zituen Nola idatzi Afrikari buruz artikuluarekin, hainbat estereotipori aurre egiten baitie testu ironiko horretan.  2011n Egunen batean toki honi buruz idatziko dut: memoria bat liburua kaleratu zuen, testu bikain batean Afrikaz mendebaldean zabaltzen den irudia irauliz, kritikatuz, erakutsiz egungo belaunaldi gazteek bestelakoa dela bizi duten Afrika, erakutsi nahi dutena… LGTBI aktibista, idazle eta kultur eragilea, 48 urte zituela hil da maiatzaren 21ean Binyavanga Wainaina. Elearazi webgunean euskaratu zuen Danele Sarriugartek Nola idatzi Afrikari buruz, irakurgai daukazuena.

maiatza 20 19

Nanni Balestrini idazlearen gutuna irakurle esperientziagabe eta baketsuari

Asteon hil da Nanni Balestrini idazlea, maiatzaren 20an. Militante politikoa izanik Italiako 1968an parte hartu zuen. Novissimi eta Gruppo 63 neoabangoardietako kidea izan zen. 1977ko mugimenduaren ostean erbestearen eta espetxearen artean hautatu behar izan zuen. Baina idazten jarraitu zuen. Euskaraz, Ikustezinak liburu ezaguneko pasarte bat ekarri zuen euskarara Joserra Utretxek 1990ko martxoan plazaratutako Susa 25 aldizkarian. Hedoi Etxartek, Sinplistak liburua aurkezteko osatu zuten fantzine bateko Balestrinien testu baten itzulpena eskaini digu: Gutuna nire irakurle esperientziagabe eta baketsuari. Testu hori La violenza ilustratta libururako hitzaurre moduan idatzi zuen Balestrinik.

Abe 12 18

131 Markos Gimeno 131

Beste alor batzuk landu bazituen ere (musikaria, Puto Amoak Matematiketan taldeko kide), hitzen apasionatua zen Markos Gimeno Vesga, joan den abenduaren 7an hil zena. Hitzen ertz, aurki eta ifrentzuen esploratzailea, Twitterren #hitzokei hitz-jokoaren asmatzailea, palindromoa izan zen haren pasioetako bat. Webguneko lanaz gain, 131 (aza) lana eman zuen argitara, 131 palindromoz eta hauen inguruko glosa eta komentarioez osatua. Obra ausarta, brillantea tarteka, segidan eskaintzen dizkizuegu Markos Gimenok sortutako 131 palindromo. (gehiago…)

Ira 25 18

Junes Casenave gogoan

Hil berri da Junes Casenave zuberotar idazle ugaria. Narrazioak eta saiakerak ez ezik, poemak ere ez gutxi idatzi zituen; haietako bat, Amoros gaixoa, Oskorrik 1984an musikatua. Hiztegigintza, gramatika, sendabelarrak, erlijioa… askotarikoak izan dira Casenavek ereindako alorrak. Baina, oroz gaindi, pastoral idazle bezala izanen da oroitua: hogeitik gora idatzi, eta haietatik hamabi bat jokatuak izan ziren. Obra zabal horren lagin gisa, bost liburu eskaintzen dizkizugu osorik: Basabürüko ipuinak narrazio liburua, Aroa saiakera, eta hiru pastoral: Santa Kruz (1992), Santa Engrazi (2006) eta Eñaut Elizagarai (2007).

Uzt 30 18

Jose Maria Larrearen heriotzarenean

Lotsor handien moldeko, garratz babesten zizun bihotz hunkibera, atzoko egunez zendutako Jose Maria Larreak. Politikaz ari bazekien püntotx eta gaixto izaten, baina ez zizkizun erraz aipaturen bere giharrean pairatutakoak. Literaturaz ari, erudito bat zela atxemaiten zitzaion solasean sobera luzatu behar izan gabe, baina ez haatik hantürerian goratua. Erran liteke, liburutan emandakoez beste, gure literaturaren maitale ertzotü baten aitorgoa utzi digula ezagutu genuenoi, bizitza bezain kaotikoa den izkiriatu gabeko obra eijer bat bere ele zuhurretan eta bere xehetarzün ironikoetan, biltzea merexi. Osoko lan horren aiduru, biharamuneko egunez hortxe dituzu hiru liburu laketgarri: Ixtorio-misterio andana bat narrazio bilduma (1988), Ele neumatikoak antologia (1994), eta Euskaldungoa erroizturik saiakera erreferentziazkoa (1994), hirurak ere Pamiela argitaletxe konplizeak plazaratuak. Orobat aipu izatekoak dira Larreak sortü bi literatur agerkariak: Xaguxarra (1980-81) eta Mazantini (1991-93).

Eka 29 18

Patxi Ezkiagaren heriotza

2018ko ekainaren 28an hil da Patxi Ezkiaga.  Idazle oparoa, narratiban hainbat lan egindakoa bada ere, poeta izan da Ezkiaga. Haren obrak oihartzun handiegia ez izanagatik ere, zenbait obrari darion sen lirikoa nabarmentzekoa da, literaturgintzan ez ezik, irakaskuntzan ere, didaktikaren alorrean, lan handia egindako autoreagan.  Itzultzaile ere hainbat lan ekarri dizkio euskarari. Duela urtebete bere bi lehen liburuak jarri genituen online, Beldur naiz eta Aiodi herriko kantak.  1990etako bi poemario osorik paratuko ditugu oraingoan: Komediaren Jainkoa (1993) eta Udazkenerako hamar kanta (1999).

Eka 07 18

Manex Pagolaren kantuak

2018ko ekainaren 7an hil zen Manex Pagola.  Idazle eta abeslaria, jardun politikoa ere izan zuena, bere garai eta herriarekin engaiatua, kantugile aparta izan genuen. Bereak dira 70 eta 80etan euskaldun askoren soinu-bandan tokia egina duten hainbat kantu. 1988an haietako asko Biziaren altzotik liburuan bildu zituen (80 kantu eta solasaldi bat), orain osorik eskaintzen dizueguna.

Api 13 18

Felipe Riusen Metropoli Forala

Apirilaren 13an hil zen Felipe Rius idazle eta kazetari iruindarra, 56 urte zituelarik. Argitaratu zituen Bi argazki eta hainbat polaroid narrazio-liburuaz (1999, Pamiela) eta Zinema japoniarra saiakeraz gain (1999, Alberdania), kolaborazio ugari kaleratu zituen hedabideetan. Guk, haren oroigarri, 1991tik 1999ra Euskaldunon Egunkariako Nafarkaria gehigarrian argitaratutako 70 artikulu bildu ditugu, sailari izena ematen zion Metropoli Forala tituluarekin.

Uzt 18 17

Mixel Thikoiperen heriotzan

Hotz bero liburuarekin ezagutu genuen Mixel Thikoipe, idazle amizkutarra. Bere lurreko eta bere haurtzaroko kontakizunak zekartzan lehen liburu hartan, Maiatz argitaletxearekin 2007an argitaratua. Bere inguruko paisajeko istorioak kontatuz jarraitu zuen,  eta Jin bezala liburuan (Maiatz, 2009) bildu. 2017ko uztailaren 18an zendu da idazle eta musikari amikuztarra, eta haren omenez bere azken liburuko bi kontakizun dakartzagu.

Eka 07 17

Juan Goytisoloren poemak

Espainiako literaturaren XX. mendeko izen nagusietako bat da Juan Goytisolorena. Estilo landu eta berezikoa, bide komertzialenei ihes egin zien, narratibako lan oparo eta sendoa osatuz, eleberri eta saiakerak batez ere. Frankismoaren aurkako militantea, Mendebalde uniformizatu eta kolonizatzaileari ere ihes egin zion, Marokora autoexiliatuz. Ahots argi, disidente eta zorrotza, prosa landu bazuen ere, berak dio aldi berean poesia eta hitz lau direla bere eleberriak. 2012an Ardores, cenizas y desmemoria liburua kaleratu zuen, 9 poema dakartzana, katalan, euskara eta portugesera itzuliak. Rikardo Arregi Diaz de Herediak euskaratu zituen poemok, eta orain hemen eskaintzen dizkizugu, Goytisoloren heriotzaren karietara.

Api 29 17

Juanba Berasategi bide-laguna

Zinemagilea, ilustratzailea, sortzaile oparoa eta, ororen gainetik, euskal kulturaren aldeko lan izugarria egindakoa. Lan konprometitu eta eskuzabala. Politikoa eta profesionala. Hori eta gehiago izan da Juanba Berasategi. Bidaide izan duguna Susa literatura argitaletxean, mugarri bat baino gehiago jarria da animaziozko zinemaren alorrean. Euskarazko zinemagintzan. Sormen lanaz gain, orobat, produkzio eta industriaren egiturak eratzen jardun zuen. Oh Euzkadi aldizkariko proiektuan hasieratik zegoena, betidanik izan du literaturarekin harreman estua. Ilustrazioak, azalak eta, azken lana, Uhartearen Altxorra erakusketa, Haur eta Gazte Literaturaren ingurukoa. Juanba Berasategik utzi gaitu, hura gabeko bidea egiten ikasi beharko dugu. Bidaia on.
[Uhartearen Altxorra erakusketaren paneletako batzuk ikus ditzakezu jarraian] (gehiago…)

Api 03 17

Luis Mari Mujikaren
Hitzak ebakitzean

Apirilaren 2an hil da, 78 urte zituela, Luis Mari Mujika idazle eta euskalaria. 11 poesia-liburu argitara emandakoa, beste hainbeste narratibakoak, eta hainbat saiakera, hizkuntzaren alorrekoak bereziki, baina baita bestelakoak ere. Idazle eta ikerlari ekina, Luis Mari Mujika. 1975ean eman zuen argitara haren heriotza kari osorik ematen dugun poemarioa, Hitzak ebakitzean (Kriselu), bere lan lirikorik aipagarrienetakoa, urte horretara bitarte idatzitako poema asko biltzen dituena: poema existentzalak, sozialak, sinbolismoak blaituak…

Agenda

Efemerideak

Kritikak