maiatza 28 21

Amaia Lasaren poemak taula gainean

Arantxa Moñuxen ideia batetik abiatuta, Higa Antzerki Taldeak 2010ean sortu zuen Espazio hutsak ikuskizuna (hastapenean izena “Ene poltsa handia eta biok” izan bazuen ere), Amaia Lasaren testuetan oinarrituta. Moñuxekin batera Kristina Ropero eta Maria Alonso aritu ziren antzezle lanetan, Mercedes Castañoren zuzendaritzapean eta Iñaki Santosen musikak lagundurik. Haiek jarri zieten ahotsa Lasaren testuei, gorputzak ere mintzo diren antzerki lanean. “Aurrez aurre, emakumeak protagonistak” jardunaldien barruan Tolosan egindako estreinaldi hartako bideoa eskaintzen dizuegu oraingoan.

maiatza 10 21

Zer bilatu nahi zenuke literaturaren sarean?

Armiarma.eus berritu dugu, berritzen ari gara. Euskal idazleen aipuak irakurriko dituzu atariaren goikaldean, sartzen zaren aldiro bat. Modu ikusgarriagoan. Eta bilatzailea ere badu atari berrituak. Literaturaren Zubitegian, Euskarari ekarriak gunean, Kritiken hemerotekan eta Literatur Emailuetan egiten ditu bilaketak eta emaitza plazaratzen du ordenatuta. Izan idazle, izan kontzeptu; bilaketaren emaitzak literaturaren sarean murgiltzeko gonbidapena luzatuko dizu.

maiatza 03 21

Arkanbele kanten errezitala

Aurtengo martxoan aurkeztu zuen Mikel Tabernak bere azken poesia liburua, Arkanbele kantak izenekoa. Oraingoan, egileak berak grabatutako hogeita bi poema eskaintzen dizkizugu.

Arkuloak
Sasikoa
Ama Pilar
Somosierra 2 (1937)
Ez apuntatu inori
Soldadu ahitua
Sustraiek zaituzte
Bidasoan (inbentarioa)
Sekretua
Alkaiagako Benta (1968)
Ernari
Soin-jokoa
Metamorfosia
Zolako harrietan
Harat-honat
Iragana
Karta
Igande arratsaldeak
Estropada
Denbora
Hipotesiak
Erditu zinen (1987, 1990)

Api 23 21

1000. Literatur Emailua eta Armiarma.eus atariak diseinu berria

Mila aste igaro dira Literatur Emailuak albistegia bidaltzen hasi ginenetik. 20 urte Literatur Aldizkarien Gordailua martxan jarri genuela, eta apurka apurka –Literaturaren Zubitegia, Kritiken hemeroteka, Klasikoen Gordailua, Basque Poetry, liburu elektronikoak...- literaturaren sarean Armiarma.eus lekua egiten joan da.
Armiarma.eus atariari itxura berri bat eman diogu, ematen ari gara. Egunero, aldi oro eduki berriak eskainiko ditu aurrerantzean. Euskal idazleen aipuak, literatur ekitaldien agenda, efemerideak, albisteak eta literaturaren sare honetan aurkitu daitezkeen edukiei loturak eskainiko dizkie, diseinu berri batekin.
Aste honetakoa literaturzaleei bidaltzen diegun 1000. Emailua izango da, liburu berri eta literatur edukiz betea. Mila esker mila asteotan, eta datozenetan ere laguntzeko prest agertu zareten guztioi.

Mar 24 21

Duela 20 urte aurkeztu zen Literatur Aldizkarien Gordailua eta Armiarma

2001eko martxoaren 24an Zarauzko liburutegian aurkeztu genuen Literatur Aldizkarien GordailuaIbinagabeitia proiektua izena hartu zuen literatur aldizkariak digitalizatu eta sarean eskaintzeko egitasmoak, Andima Ibinagabeitia idazle, erbesteratu eta euskal aldizkarietako sustatzailearen omenez.

Euskal literatura modernoko lehen aldizkaria Ustela dela esan liteke: Bernardo Atxagak eta Koldo Izagirrek sortu eta osorik idatzia aurreneko zenbakia, 1975eko urtarrilean: Panpina Ustela. Beste bi zenbaki argitaratu ziren 1976an: Zorion Ustela eta Mermelada Ustela.

Ondorengoak dira: Pott (1978-80), Oh! Euzkadi (1979-83), Susa (1980-94), Xaguxarra (1980-81), Txistu y Tamboliñ (1983-93), Kandela (1983-84), Korrok (1984-89), Ttu-Ttuá (1984-85), Txortan (1984-85), Porrot (1984-90), Literatur Gazeta (1985-89), Mazantini (1991-93), Garziarena (1992-94), Zantzoa (1996-98). Aldizkari hauek izan ziren digitalizatu eta sareratutako lehendabizikoak. Bigarren urrats batez, Gernika (1945-53), Olerti (1959-95), Idatz & Mintz (1981-…), Maiatz (1982-…), Stultifera Navis (1982-83), Pamiela (1983-93), Plazara (1985-92), Zintzhilik (1986-94), Enseiucarrean (1986-99), Garziarena Berria (1997-98) eta Vladimir (1997-2000) aldizkariak gehitu genituen 2002ko urtarril-otsailean. Hurrengo urteetan sarean jarri genituen Euzko-Gogoa,   Olerti edota Egan-en 1987 bitarteko zenbaki guztiak. Horrela sortu zen egun armiarma.eus bezala ezagutzen dugun literatur edukien sarea.

Ots 26 21

Ismael Manterolak Maite ditu maite

Erreferentea  da Ismael Manterola Ispizua artearen azterketa eta dibulgazioan. EHUko irakaskuntza lanaz gain, urteak daramatza euskal prentsan arteari buruzko gogoeta eta artikuluak egiten. XX. mendeko euskal arteari begirada aspaldi jarria dio —baita XXI.ekoari ere—, eta zehazki  artearen transmisioan izandako bihurguneei buruz  edo! argitaletxearekin 2017an Maite ditu maite liburu inportantea argitara eman zuen. Osorik eskaintzen dizuegu orain.

Ots 21 21

Ama hizkuntzaren eguna
Leire Bilbao poema bat errezitatzen

PEN klubak Ama hizkuntzaren eguna ospatzeari ekin dio bart gauerdian, eta egun osoan zehar munduko hainbat poema entzuteko aukera eskaini du sarean, eguerdian Leire Bilbao idazlearen Ez dut nahi poema bideoan sareratu dute.

Ots 11 21

Kintsugi Harkaitz Canoren ipuina

Energiarekiko harremana aldatu duen etorkizunari buruz idatzi du Harkaitz Canok Kintsugi izeneko fabula. Azala sormen artistikorako gunearen Zirriborroak eta gero proiektuaren baitan, idatzitakoari ahotsa ere jarri dio idazleak. Arrate Rodriguez artistarenak dira ilustrazioak. Lana euskarri ezberdinetan partekatu dute, eta armiarma sarean ere jartzeko aukera izan dugu, zuen artean partekatzeko.

Urt 22 21

Sekula ez kontatu beharrekoak

Irakurraldia egin zuen 2020ko urtarrilean, orain urtebete, Iban Zalduak, Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak izenburukoa, Koruko Heras piano-jotzaileak lagunduta. Elkar argitaletxearekin 2018an kaleratutako izen bereko ipuin liburutik bi narrazio irakurri zituen idazleak, eta baita Ipuin euskaldunak (Erein, 1999) obrako ipuin bat eta hiru ipuin argitaragabe. Herasek Aita Donostia, Eduard Pütz, Bern Alois Zimmermann, Maurice Ravel, Edith Piaf, Erik Satie, Richard Rodgers eta Lorenz Hart egileen piezak jo zituen. Hemen irakur ditzakezu orain sei narraziook.

Abe 24 20

Deabruaren eskola testu ederrak irakurtzeko leku bat

Testu ederrak irakurtzeko leku bat. Literaturaren itsaso zabalean topatzen dugun edertasuna konpartitzeko proiektu bat. Gustatzen zaizkigun testuak hautatu ditugu, ederrak eta edertasunaren aldekoak, humanoak eta humanitatearen aldekoak, ezagutzaz beteak eta ezagutzaren aldekoak. Horrela aurkeztu dute Deabruaren eskola; Irati Jimenez, Esteban Montorio Monti eta Mikel Sotok sortutako literatur edukien webgunea. Hautatu dituzten testuak iraganekoak dira askotan, baina ez beti. Elkarrizketak batzuetan, baina ez soilik. Fikziozkoak sarritan, baina ez halabeharrez. Eskola, Aker larrea, Leizeko eskola,  eta index prohibitorum zubitegia sortu dute egile, liburu, eta bestelako edukien loturekin.

Abe 01 20

Mikel Laboak musikatutako testuekin LP bat

Mikel Laboak hiru ildotan sakondu zuen bere sormen lana: Herri kantagintzaren berreskurapen eta hedatzean, esperimentazioan (lekeitioak) eta idazleen testuen ahairetzean. Bere heriotzaren urteurrenarekin, musikatzeko aukeratu zituen testu batzuekin osatutako LP bat proposatzen dizuegu, jakinik Laboaren kantagintzak euskaldunon belaunaldi askoren imaginarioan duen eraginak mugatuegi ere bihur dezakeela, nork bere LPa duela.

A aldea

Egun da Santi Mamiña
(Gabriel Aresti) 1966
Gaberako aterbea
(Bertolt Brecht) 1969
Izarren hautsa
(Xabier Lete) 1980
Herria eta hizkuntza
(Xalbador) 1980
Martxa baten lehen notak
(Joxean Artze) 1980

B aldea

Lizardi
(Bernardo Atxaga) 1985
Sorterriko koblak
(Joseba Sarrionandia) 1985
Oroitzen zaitudanean, ama
(Joseba Sarrionandia) 1994
Gure hitzak
(Bernardo Atxaga) 1999
Sustraiak han dituenak
(Joseba Sarrionandia) 2005

Emari eta sakonera handiko ibaia harri batetik bestera jauzika zeharkatzeko ahaleginean irudikatu dugu Laboa. Gabriel Aresti musikatu zuen lehenik, artea artearen aldeko aldarri ozenarekin eta klase kontzientziatik euskal poesia modernitatera ekarri zuen hura, Ez Dok Amairun bidelagun izango zituen Artze eta Lete, Arestik itzulitako Brecht, Aresti aitapontekotzat izan zuen Atxaga, Atxagaren bandakide izan zen Sarrionandia. Herria da gorputza, hizkuntza bihotza, gure hitzak esan, ez daitezela gal, ez daitezela ahaztu. Nekez uzte du bere sorterria, sustraiak han dituenak. Oroitzen zaitugunean…

OHARRA: Datak kantak argitaratu ziren urteei dagozkie, ez testuak sortu zirenekoei.

Ira 18 20

Txalorik ez, arren, Harkaitz Canorena

Kultur ekitaldiak eta oro har jarduera, bizitza bera bezala, pandemiak baldintzatuta dauden garaiotan, ikusleak musukoz jantzita ageri direla ikuskizunetan, egokiera izan daiteke ikusle eta obraren arteko harremanari buruzko testu bat irakurtzekoa, ikuspegi berezi batetik egindakoa berau. edo! argitaletxeak 2014an kaleratua, Harkaitz Canoren Txalorik ez, arren dakarkigu.

Ira 01 20

Hamaika ipuin

Hamaika ez dira gutxi euskaraz, eta kopuru horretan gehitu dugu ipuina.eus egitasmoa, 11 narraziorekin.  Estilo eta garai desberdinetakoak, XIX. mende amaierako Domigo Agirreren narrazio batetik, Gabriel Arestirenganaino. Gure literaturan, hala ipuingintzan nola beste genero batzuetan, nabarmendutako izenak haietako gehienak: Eusebio Erkiaga, R.M. Azkue, Felipe Arrese Beitia (narrazioa neurtuan emana),  Gabriel Aresti, Jon Mirande, Antonio Arruti, Domingo Agirre, Dominique Dufau eta Patxi Etxeberria.

Eka 11 20

Ipuingintzaren bilakaera

Autoa berritasun arriskutsu gisa ikusten du Pedro Migel Urruzunok Automobil gauzak narrazioan, 1912an. Elkarrizketak egituratzen duen gogoetan ikuspegi kostunbrista ageri zaigu, diglosia tantak, zirtoak… Urruzunoren baliabideak gai moderno batean. Eta 1984an Taxi baten agonia dakarkigu Joserra Utretxek, non taxia bera mintzo zaigun, heriotza ekarri dion istripua azalduz. Urruzonorenaren ondoan, gure ipuingintzaren bilakaera ezin hobeto erakusten duten estiloa, ikuspuntua eta tratamendua. Bi horiekin batera, ipuina.eus webgunean, beste bi: bata, beste idazle ezezagun bat ipuinaren generoa lantzen, Joakina Garaialderen Bejondeizula Mainaxi, 1930ekoa, herri ipuin kutsuko ipuina, ironia nagusitzen zaiola mezu moralari. Nobelagilea izango zenaren lehenetariko fikzioa, azkenik: Gotzon Garateren Koldarra (1967). Gaztetxoen arteko krudelkeria jatorra amaiera dramatikoarekin


	
	
	
	

Api 07 20

Eduki berriak ipuina.eus-en

34 narrazio gehitu dizkiogu ipuina.eus egitasmoari, lehendik ipuinen bat bazuten autoreena kasu batzuetan (Julene Azpeitia, Domingo Agirre, Lauaxeta…), lehen agerraldia egin dutenena bestetzuetan  (Ivonne Harispe, Barrensoro, Oya…); XX. mendeko lehen hiru hamarkadetakoak gehienak. 69 egile dagoeneko, 92 ipuin. Eguraldia akaso ez baina giroa barrenerako dagoen garaiotan, gure ipuingintzaren erakusleiho zabal bat.

Agenda

Efemerideak

Kritikak