Bertsutako lehen lagunari
Arrossagaray, J.C.
1
Arrossagaray pertsularia Alkhati errepostuka
Orai artean bazinakien ezin zintudala uka
Zinez lotua kausitzen zaitut nola behiak buruka
Akulu xixtak igorri tuzu kasik erdia agurka.
2
Noraino ote doa gaurkoan, Ernest, zure pentsamena
Hanbat goratik hartua duzu egun zure ahamena
Erran ditake Judasen gisa nindezakezu kondena
Bainan betitik agertuko naiz jenden artean naizena,
3
Hastapeneko pertsuetako dohain handiko laguna
Michel Elissald'lagunaz kanpo ez zintudan ezaguna
Zuhauk diozun bezala dago gu bien elgartasuna
Sekula santan nehork kenduko ahal ez deraukutena.
4
Laguna lagun izana gatik, bertze alde da herria
Batzurendako xahar dagona enetzat dago berria
Ni xapelgotan berriz hasteko nahi nuke ageria
Zuzentasuna sendoa dagon ala arrunt den eria.
5
Zuzentasuna nolakoa den mundu barnean banaki
Ene urratsez ibil naiteke menturaz ainitz hobeki
Ez nago ixil, ez mututua, bainan izaitez goxoki
Ene baitan den nortasun hori agertuko dut goraki.
6
Alkhat laguna, zuretzat dago nehoiz konpreni ezina
Ez uste izan naizenik zentzuz zuk uste bezain arina
Ageri duzu ez dela zure obrez, izaitez egina
Arrossagaray-k bere barnean senditzen deraukan mina.
7
Gaur zertarako temaka beti iragan gure bizia
Gure Jainkoak sortzetik baitu bakotxarentzat hasia
Euskal-Herria xerbitxatzeko beti badut gutizia
Bainan hargatik berexkunderik gabe nain dut guzia.
8
Orroitzapenak onak baditut alaitzen zeraut bihotza
Ezin dezaket erran ordua izana dela arrotza
Bertsutarako sorkunde hura izan delakotz zorrotza
Naiago nuke zabaldu dadin edo ni geldi hil hotza.
9
Lagun maitea, erran ditake Euskal-Herriko odola
Zoriontsua soka beretaz estekaturik dagola.
Ipar aldeko haize goxoak deraukan hatsaz diola
Behin betikotz binera bedi dohain bereko eskola.
10
Denekin nago, zertako beraz enetzat gaurko dolua
Mihia ere sortzetik daukat nornahik bezain zalua
Nitarik urrun egon dadila herra tzarren urgulua
Akulu xixtak itzal ditela neurekin dut akulua.
11
Arrossagaray-k mintzoa badu, nondik dago mututua
Gezurrak daukan solasa nehoiz ez dadila aditua
Zabalduz geroz izan behar du idai benedikatua
Mundu huntako ponpa tzarrenek nehoiz ezin suntsitua.
12
Erdia irriz eman ditut gaur hemen zonbait pertsu berri
Barkamendua eskatzen deiet xixtatu dituztaneri
Urte berri on desiratzen dut bihotz barnetik deneri
Partikulazki trixtura minez dauden anai-arreberi.