Bildur naiz bildur
Arrinda, A.
Nere buruari iruzur egiteko bildur.
Nere buruari egia ukatzeko bildur.
Jainkoa aragi mamitu dan ezkero,
nere erriarekin mamitu gabe ote nagoen bildur.
Nere pentsakizunak erriarenak ote?
Bere asmoak nere asmo?
Bere gogoak nere gogo?
Bere naigabeak nere naigabe?
Bere bizikera nerea?
Neure Euskalerri biotzekoari uko egin ote diodan bildur...
Bere odola nerea da,
bere bizia nerea,
bere sustraiak nereak...
Bere bizimiñik ote dut nik?
Bere naigaberik ote dut nik?
Bere egarririk ote dut nik?
Bere goserik ote dut nik?
Bere izkerarik ote dut nik?
Bildur naiz bildur.
Bide biguna artu ote dut?
Bide okerra artu ote dut?
Bide galdua artu ote dut?
Bide erbestea artu ote dut?
Euskal-bidea galdu ote dut?
Bildur naiz bildur.
Agian nere erria saldu dut.
Agian nere erriaren katea lotu dut.
Agian begi-ninian jo dut.
Agian bere odola edan dut.
Bildur naiz bildur.
Erria ukatu dut?
Odola ukatu dut?
Izkera ukatu dut?
Oitura ukatu dut?
Etxea ukatu dut?
Bildur naiz bildur.
Naigabea biotzean sortzen zait...
Kristautasunik ez.
Ezetasunik ez.
Maitetasunik ez.
Euskal kutsurik ez.
Arlote pobrea
erria gurea.
Bildur naiz bildur.
Bildur naiz bildur.
«Euskaldun jaio nintzan
euskaldun naiz azi
Euskera maitea zidan
amak erakutsi...»
Ames utsak ote diran
bildur naiz bildur.
Gaun illunean sartzen zait gogoa
gau illunean sartuta Euskalerria...
unel beltzetik irterakoan
ezagutuko ote degu
gure erria...?
Bildur naiz bildur.
Basoetako euskal umeak
etxetik kanpo
egun osoan...
Itzik gabeko erria
izango ote geran laster,
bildur naiz bildur.
Euskeraren gordeleku-muiñean
sitsa sartzen da
arratsaldean...
Sitsak jango du euskal aria
erdalerri biurturik
Euskalerria.
Il-kanpaiak joko ote drgun,
bildur naiz bildur.