inprimatu
Brouard tar Santi
Izenburua:
Brouard tar Santi
Sinadura:
Balendin Enbeita
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Enbeita, Balendin

Argitalpena:
Olerti.
Urtea:
1988
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1985-1986
Orrialdea:
331-332

Brouard tar Santi

 

Enbeita'tar Balendin

 

 Izar haundi bat itzali jaku

 Beraz milak piztutzeko

 Ilunik dogun Euskal Herriko

 Zerua argitutzeko.

 Argian bila dabiltzazanei

 Argi bide bat sortzeko

 Brouard tar Santin jokabidea

 Hor dogu eredutzako

 Argi biderik onena baita

 Gure garaitza lortzeko

 

 Ezker ta eskubi anaitasunez

 egiten zenduzan hartu

 Haurrak osatu eta maitatu

 Euskal giroan jorratu

 Euskal baratzan emaitza zinan

 Lore asko zendun sortu

 Zure garaitzan jokabideaz

 Etsaiak ziran bildurtu

 Eta martiri hil zinduezan

 Gero eskuak garbitu

 

 Gudal buru bat hola hiltzea

 Etsaiak ondo hartu du

 Baina Santiren gudarosteak

 Bildur gabe jarraitzen du

 Hil eta gero tamal agurrak

 Nahiz ta dabezan bidaldu

 Santi nork hildun ez dogu zertan

 Gonzaleztarrei itaundu

 Eskuak zertan garbitu ez dira

 Egin ezian zikindu

 

 Santi izatez apala gendun

 Borondatetsu ta umil

 Baina herriko gora beheratan

 Beti argi eta abil

 Santiren jokabidean gaur be

 Herria burrukan dabil

 Bere heriotzak itxartu ditu

 Andre, gizon, neska, mutil

 Gudal buru bat hil dabe baina

 Gudarostea ez da hil

 

 Martiriaren odola dogu

 bihar-etziko garaitza

 Herri bizien espiritua

 Eten gabeko emaitza,

 Negu ta uda loretan dagon

 Agortzen ez dan baratza

 Herri hau hilda ikusi guran

 Etsaia, alper zabiltza

 indarrez ez dok lur bihurtuko

 Aberri baten bizitza

 

 Santi zanaren heriotziaz

 Etsaia ez zaitez poztu

 Bere odolez busti zan lurra

 EUSKADI dala ez ahaztu

 Lotan ziranak itxartu ditu

 Erdi gaxoak osatu

 Herriak orain Santiren lana

 Egin orduan ezautu

 Berak bezala askatasuna

 Egiten dogu eskatu

 

 Hobiratzian herri osua

 zenduan zeure inguru

 Zure iraultzan barruan bazan

 Itxaropenaren Zeru

 Santiren nahia beteko dauzku

 Herri burrukak seguru

 Esaten eban askatasuna

 Dogula geure helburu

 Gizon Euskotar jokatziagaz

 Hori jaritxiko dogu

 

 Ez dira inoiz lur bihurtuko

 Brouard tar Santiren lanak

 Martiri baten heriotziak

 Argi dakuztaz ilunak

 Gorroto beltza makaltzen daki

 Eta sendotu gizonak

 Gizon euskaldun eta abertzale

 Beti aurrera Euskaldunak

 Helduko dira sendiak aske

 batuko geran egunak

 

 


inprimatu