Maizter baten ateraldiak
Otaegui, Claudio de
Nagusi batek jaiera aundia
Zuen nekazaritzara ,
Eta erruki egiazkoa
Bere bodarietara
Batean irten zuen echetik
Bazterrak ikusitzera
Eta maizterrak arrenkurarik
Ote zuten jakitera.
Oraindik etzan asko inilli
Bere lagun on batekin,
Eta ona non ikusten duen
Pena eta tristurakin
Arto-gariak bear zutela
Izan gaitzen bat berekin ,
Bada josiak zegozten oso
Momorro chikichoakin.
Arto landare bati begira
Arriturikan zegoen,
Gaitzete ura ikasi naian
Nondikan sortu ote zen
¿Zer esperanza izango dute
Bordari gaisoak aurten,
-Zion-berekin zijoanari,
Ikusirik uzta galtzen?
Itzbide ontan zijoaztela
Arkitu zuten lanean
Nekazari bat, jaun onek zuen
Bordaren aldamenean
Askotan nola mintza oi ziran
Soro-zelaien gañean,
Miñez zegoen landarechoa
Paratu zion aurrean.
Esanaz:-¡zenbat etsai ez ote
Dituzte nekazariak!
-Ala da, jauna; asko dirade
Baserritarren etsaiak;
Baña ez dakit asma lezaken
Berorren jakinduriak,
Momorrorikan gaiztoena zeiñ
Ote duen bordariak.
Aen ustean ari zalako
Langille ura benetan,
Biek aurrez aur kontuz berari
Begira gelditu ziran,
Jakin naiean, egiaz zoiñ ar
Edo arbiska ote zan
Kaltetsuena ogizelai ta
Artosoro ederretan.
Nola ezpaita mutill motela
Emengo baserritarra,
Igarri zion ariñ iretsi
Zutela pildoratzarra;
Eta erachi zion:-nola nik
Beti izandu dedan charra ,
Momorrorikan gaiztoena da
Nagusia; jaunak, erra.
Parre-algara isur erazi
Zien ateraldi onek,
Ezpaitu errez politagorik
Asmatuko beste batek:
Maizter ernea pozez zegoen
Musirik parrez aek,
Naiz berebaitan pensatu (beintzat
Ziri ederra or ditek.)
Baña ez beza uste dirala
Nagusi denak berdiñak
Ezagututzen ditut prestuak
Bai eta ere zekenak,
¿Nai dit aditu zenbat klasetan
Litezkean sartu denak?
-Bai, egiazki;-ona bada.emen
Nere ustean diranak.
"Lendabiziko klasean dauden
Momorrorik aundienak ,
Dira comentu santu aetan
Bakardadean daudenak:
Aek dirade maizterrarentzat.
Nagusirik oberenak,
Zeren baterez ditu poztetzen
Mundu ontako ondasunak."
"Bigarrenean daudenak dira
Ez dakitenak zer duten;,
Arako Marques, Conde ta beste
Aundimandiak or emen
Dabiltzan aek, Paria, Londres ta
Beste tokitan gastatzen:
Ez dira oek beren denboran
Bordarietaz oroitzen."
"Klase onetan sar litezkean
Modukuak era dira,
Eleiz, Batzarre, Arroztegi ta
Nagusi zarrak gañera
Egin lezake onelakoen
Maizterrak lana gustora,
Zeren bazterrik onena dauka
Ezerez baten aldera."
"Irugarrengo klasean daude
Beorien gisakoak,
Eskola aundiren bidez errian
Buru diraden jaunchoak
Nola ez diran maiz ikustera
Juaten zelai ta soroak,
Genezakean esan dirala
Gaitz gabeko momorroak."
"Laugarrenean daude, egiaz,
Nagusirikan charrenak,
Eta dirade igaz morroi ta
Aurten nagusi daudenak
Oriek dira momorro chiki
Orien antza dutenak,
¡Erruki ditut orrelakoren
Mendean bizi diranak!"
"Ez nezake esan" nai izan arren
Oen alde gauza onik,
Zeren dagozten orrelakoren
Maizterrak eziñ bizirik;
Beñere ez dute pitar piskacho
Bat egiteko modurik,
Eta zenbatek ez eta ere
Urte erdirako artorik."
"Ona esanik, nagusi jauna,
Garbi nere iritziak,
Etzait ajola izandu arren
Zenbatentzako gaziak:
Gure aitonak esan oi zuen,
-Zura bereko ziriak,
Zirala gure artetik sortzen
Diran nagusi guziak."