Euskarari kantachoa
Otaegi, Klaudio
ITZ-AZALKAIA.
Premiazkoa
Da gure izkuntz garbia,
Naasi ez dediñ
Euskaldunen jatorria.
Apirilleko egunsentian
Ditudanean entzuten,
Arbol tantaien orri tartean
Chori politak kantatzen,
Ikas gabeko chin pin-kuluiz
Zeruai diosal egiten,
Arrigarrizko bozarokia
Dutelarik moldatutzen,
¡Zeñen aundiak diran Jaunaren
Estalpeak, det pensatzen!
Ausen bera zait gertatutzen maiz
Gure izkuntz ederrakin.
¿Bizi diteke, diot neregan,
Aiñ osasun onarekin,
Naasi gaberik munduan izan
Diran beste izkuntzakin,
Etsai gogorrak, kupida gabe
Egin dioten gudakin,
Aingeruchoen Izkuntz-gilleak
Ez baldin bazuen egiñ?
Ainbeste eunkiren buruan ¿zeñek
Galdu gaberik gorde du?
¿Nola etzuten, esitu arren,
Izkuntz arrotzak garaitu?
¿Nola gaztelu ezin artua
Balitz bezela gelditu
Mendi oetan, ziradenean
Ujolaren gisa sartu
Ipar egotik, euren izkuntzak
Porchaz nairikan paratu?
Baldin izkuntzik zarrenetatik
Asko ezpadira bizi:
Jakintsuenak, ernegazioz,
Eziñ badute ikasi
Non izan zuen asiera ta
Nondik zitzaigun etorri:
Guraso edo aiderik duen
Iñork ez baldin badaki,
¿Nor arrituko ez da begira
Izkuntz paregabe oni?
Nagusiturik zeuden izkuntzak
Bizia galdu badute;
Liburuetan chokoratuak
Arkitutzen badirade;
¿Nola gure au dago aiñ sendo
Aiñ indartsu eta gazte?
Guda, galmen ta naspillak ¿nola
Deserritu ez digute?
Jaungoikoaren lana ez dala
¿Sinistu genezaguke?
Onen iturri garbietarik
Edan gabeko izkuntzik,
Munduan asko izandu arren
Ez da kasi bat bakarrik:
Ugaria da, eta aberatsa;
Ez dio iñori zorrik:
Ez da beste bat ezagututzen
Au dan beziñ egokirik,
Onek bezela gauzen izenak
Azaldutzen dituenik.
Ore gabeko gau biguñean
Zeru urdinpeko izarrak:
Kolore denak dituen argi
Eder baten distierak:
Ibar bateko mendi, zelaiak,
Iturri eta errekak:
Sarjin batean auta litezken
Lorerikan ederrenak,
Irudirutzen zazkit euskera
Zarrak dituen itzerak.
¿Zeñek azaldu Subero eta
Lapurdi itzera goisoak?
¡Zeñek Bizkaia ta Naparroko
Itz labor doaiñezkoak?
¿Zeren lirañ ta lena ez dira
Mintzatzen Gipuzkoa koak?
Aiñ mintzoera eder, ariñak,
Eta egokindekoak
Dira animaren zentzuak sor ta
Gor uzteko modukoak.
Arboladira bildutzen diran
Egaztien pi pi piak:
Ots me ta lodiz moldatutako
Alosi arrigarriak
Arbiska eder distiarien
Barrunba imitezgarriak:
Chistu, dulzaina, euskal-erriko
Artzain chirola guziak
Jotzen dituzten soñuen antza,
Dute oen berzegiak.
Aiñ eztitsuak, alositsuak
Ta biguñak dira ezik,
Musikarikan ez da oekin
Konparatu ditekenik.
Ez da arkituko, emakumeentzat,
Batezere, jolasgairik,
Trebeki, erraz, gozitzez ta ariñ
Mintza ez dezatekenik.
Ez det nik uste munduan dala
Au beziñ izkuntz ederrik!
Gozoak dira lore zurien
Geldi gabeko usaiak:
Guztiz ederrak amoriozko
Chorien kantu eztiak:
Aur bati ezpañ biguñetatik
Darizkion itz naasiak;
Bere amari egiten dizkan
Parriska miragarriak:
Bada, orien ichura dute
Euskararen itz garbiak.
Arroka bati darion leiar
Ura da Aitorren izkuntza:
Ez du arantza pozoiturikan,
Guzia da lore utsa;
Zeren itz loirik eta arnegurik
ESateko ez da gauza:
Bere iztegi ugaritsu ta
Liburuetan ez beza
Mingaña zikin dezaken itzik
Arkitzea iñork pensa.
¿Nola ez ditu bere oiturak
Izango gaitzikabeak?
¿Nola ez garbi eta zuzenak
Lege zar paregabeak?
Baldin apaintzen badute erri bat
Bear diran birtuteak;
Zintzo kunplitzen baditu beti
Dituen eginbideak,
¡Nola ez ditu egiazkoak
Izango Libertadeak?