inprimatu
Amets on bat
Izenburua:
Amets on bat
Sinadura:
Otaegi, Klaudio
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Otaegi, Klaudio

Argitalpena:
Euskal-Erria.
Urtea:
1887
Argitalpenaren urtea:
17
Alea:
Orrialdea:
358-60

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


Amets on bat

 

Otaegi, Klaudio

 

 Beste asko bezela,

 Jarri zan pensatzen

 Gazte bat, zoriona

 Nola zan iristen.

 Galdetu zion, bada,

 Bere buruari:

 -¿Ongi izateko da aski

 Dirua ugari?

 -Ez; gizon aberatsak

 Ikusi ditut nik

 Atsekabe, pena ta

 Tristuraz beterik.-

 Berriz galdetu zion:

 -¿Ote da jakintza,

 Mundu onetan ongi

 Bizitzeko gauza?

 -Ez ez; jakintsu asko

 Ditugu ikusi,

 Miseripean eziñ

 Diradela bizi.

 ¿Ote dira benturaz

 Atsegiñ loituak?

 -Ezta; uzten dituzte

 Aztarna mintsuak:

 Galdutzen osasuna,

 Bizia laburtzen,

 Eta biotza dute

 Naigabez betetzen.

 -¿Zer da ¡milla aingerua!

 Bada zoriona?...-

 Egunoroko aren

 Pensaera, ona.

 Egin zuan onetan

 Amets bat argiro,

 Aingeruen besotan

 Zegoelarik lo.

 Iruditu zitzayon,

 Ibairen ertzean

 Arkitzen zala, oian

 Orritsu batean.

 Agertu zitzazkion

 Iru neskach garbi,

 Ederragorik ez da

 Iñon sortu noski.

 Aurretik zijoana,

 Soiñ zuriz jantzia,

 Liraña ta galanta,

 Zan chit egokia;

 Estalirik kopeta

 Begiak bendakin,

 Liburua zeraman

 Eskuan berekin.

 Besteak zuan berriz

 Eskuan aingura,

 Eta bertistearen

 Kolorezko soña:

 Isuritzen zitzaion

 Parriska zan asko

 Begiratzen ziona

 Bereganatzeko.

 Azkenekoak ona

 Zuan aurpegia,

 Biotz biguña eta

 Gogaberatia:

 Suteozko mantua

 Zuan soñekotzat,

 Zeukalarik eskuan

 Giltza gisako bat.

 Arriturik gazteak

 Egin zien galde:

 -Ume Jaungoikozkoak,

 ¿Nortzuek zerate?

 -Ni naiz Fedea,-zuan

 Eranzun lenenak.

 -Ni berriz Esperantza,-

 Parrez, bigarrenak.

 Eta irugarrenak

 Esan zuan berriz,

 Zizpiru egidaz:-ni,

 Karidadea naiz-

 Orduan gazte ura

 Mintza zan onela:

 -¡Jaunak bedeinkatuak

 Izan zaiteztela!

 ¿Zertara neregana

 Etorri zerate?

 ¿Benturaz zerbait esan

 Nai aldidazute?

 -Bai,-eranzun zioten,

 -Gatoz zuregana,

 Eskeintzera billatzen

 Dezun zoriona.

 -Egiaz, irichiko

 Aldet zuengandik?-

 -Ez dezazula izan,

 Gaztea, dudarik.

 -Milla esker orduan

 Dizutet ematen,

 Eta zuen eskeintza

 Pozik det artutzen.

 -Bada, munduan izan

 Liteken neurrian,-

 Zioten esan neskach

 Garbiak abian,

 -Izango zera beti

 Doatsu lurrean,

 Tokirikan badegu

 Zure barrenean;

 Eta gero ¡ai! iltzen

 Zeraden orduan,

 Arkituko zerade

 Justoen lekuan.

 -¡Birtute zerutarrak!

 Orainchen bertatik

 Sartu zaitezte, ona

 Biotza zabalik;

 Ona nere anima

 Eskeñitzen gela;

 Zuen bizilekua

 Beti izan dedilla.-

 Fedeak zion esan

 Orduan pozikan:

 -Nik zaitut eramango

 Lore tartetikan;

 Dizut bide okerrak

 Ikuseraziko,

 Eta perilletatik

 Zaitut libratuko.

 -Nik, dizut,-esan zion

 Berriz Esperantzak,

 -Nik, apainduko argiz

 Bidearen mugak:

 Zure biotzean det

 Ereingo pakea,

 Izan zaitezen aur bat

 Ezin ta obea.-

 Karidadeak zion

 Esan azkenean:

 -Nik berotuko zaitut

 Nere magalean:

 Biraliko dizkitzut

 Zizpiru loreak;

 Zabalduko an goian

 Zeruko ateak,

 Eta zure anima

 Da zorioneko

 Argiz koroatua

 Izango betiko.-

 Utzirik aingeruak

 Bere besotatik,

 Esnaatu zan galaia

 Lo goiso artatik.

 Itsatsi zitzaiozkan

 Bere biotzean

 Aen itzak, non untzak

 Pareta zarrean.

 Etzuan zorionik

 Billa geroztikan

 Diru, jakintza eta

 Gozamen zorotan,

 Baizik miragarrizko

 Iru birtuteak

 Izandu ziran aren

 Lagun chit maiteak.

 

 Egiazki doatsu

 Nai duenak izan

 Ichedon beza iru

 Birtule oetan:

 Zeren, soseguz bizi

 Ondoren munduan,

 Jaunak dio saria

 Emango Zeruan.

 


inprimatu