Agustin santuaren pasadizo bat
Otaegi, Klaudio
San Agustin aundia
Zebillen batean,
Aronz-ononz jiraka
Itsaso ertzean.
Irurtasun Santuren
Gañean pensatzen,
Bere burua zuan
Gau ta egun naasten:
Baña, alper-alperrik
Ziran egiñalak,
Izan arren aundiak
Aren ezaguerak:
Animaren almenak
Oso illundurik
Eziñ somatu zuan
Arrazoi zuzenik.
Itzulaldi batean,
Ala zebillela,
Koncha gisako ontzi bat
Eskuan zuela,
Aur bat zuan arkitu
¡Zeiñ zoragarria!
Ezpaita lorerik aiñ
Eder ta goria!
Aur zuri-gorriari
Begira jarri zan,
Eta, ikusi zuan
Chit arriturikan,
Beste lanikan gabe,
Eramaten ura,
Ondarrean ireki
Zuan utsunera.
Galde zion Santuak
Abian aurrari:
-¡Nere maite kutuna!
¿Zer zerade ari?
-¿Zer ariko naiz, jauna?-
Zion esan aurrak,
-Ondar zuloan sartzen
Itsasoko urak.-
-Ori eziñ diteke
Iñondikan izan,-
Goisoro zion Santu
jakintsuak esan.
Aurrak eranzun zion:
-Bada, jakin beza,
Berorren lanbidea
Dala au beziñ gaitza.
Berorrek jakin nai du,
Irurtasunean
Jaungoiko bat bakarra
Nola ditekean:
Bada ezagutzea
Ori, da aiñ eziña,
Nola bukatzea nik
Asi dedan lana.
Zulo chiki orretan
Eziñ baditezte
Itsasoko ur danak
Kabi iñola ere,
Misteriorik ez da
Ere kabituko
Gizonaren zentzuan,
Urria dalako.
Nere burujauztea
Bada aundia, jauna,
Ez da chikiagoa
Noski berorrena.-
Egiaz, ez da iñor,
Aragiz jantzirik,
Misterioa zer dan
Jakin dezakenik.
Orregatikan Jaunak
Erakusten digu,
"Dezagula begiak
Ichirik sinistu".
|