Seaska maitasuna
Enbeita, Balendin
Maitakeria azala dugu
maitasuna da bihotza
Margolariak margotu ez dun
berdin gabeko baratza.
Maitakeria hilkorra dugu
Maitasuna da bizitza
Herriarentzat lore berri bat
Itxaropenen zuhaitza.
Txoriak baizen maitea zaitut
pozezko Udaberria
Maitatzen zaitut mendi azpian
pil-pil zauden iturria
Baina bihotzak eskatuten du
maiteen irriparria
Berak bakarrik asetu leike
Maitasunen egarria.
Zelai ta baratz, estigai bila,
erleak lorei musuka
Maite esnale ditugun lorak
iparraizetan besarka
Nere maiteaz oroitutzean
ene bihotza gainezka
Berak bakarrik hornitu leike
bion arteko seaska.
Horra seaska, maitasunaren
lehenengo amets goxua
Sorlekuaren babes samurra
lora berrien pausua.
Zuk laztandu ta hasi zenuen
geroaren gurasua
maitasun bidez eroateko
Herri baten arazua.
Seaskatxoa, bilin ia balan
poliki dabil jostari
Lo lo bihotza diotso amak
Jaio berri den haurrari
Eta haurtxoa lotara doa
aingerutxoen gesnari
indar berri bat damotsolarik
herri baten geroari.
Sukaldetxoan seaska zahar bat
aspaldian ixilduta
Lora berrien irriparria
zelangoa den ahaztuta
Atsegin hutsen zaletasunak
ez al zagoz baztertuta?
Berriz abestu Ğlo lo bihotza
bestela gagoz galduta.
Atsegin hutsez bizi nahi dugu
maitekeriei besarka
Maitasunezko bizitza dugun
seaskatxotik igeska
Maitasunaren sendagai zaren
lora berrien seaska
Gaztediari kendu eiozu
haurtxoek damotzen kezka.
Seaskatxoen irri samurra
diruz ezin lei erosi
eta euskaldun anai arrebak
kontuan gaitezen jausi
Gure herriaren biharko ona
gura badugu ikusi
seaskatxoan euskal giroan
haurrak bildur gabe hazi.