Eguzki-argi laguntzalia
Enbeita, Balendin
Eguzki-argi gozo biguna,
bazatoz neure leiora,
nagi bagarik goizian goizik
egun onak emotera,
pozez beterik jartzen nozula
zeu ikusiaz batera.
¡Eskerrik asko eta egun on,
etorri zaitez aurrera!
Gau ilunari bultz eraginda,
bazatoz argi gozoa,
egun-sentiko zeure dizdirak
argitzen neura txokoa.
Mendi ta zelai, uri, baserri,
errekak eta itxasoa,
argi gozotan jarten dozula
pozez gizadi osoa.
Gau ilunian itunik ziran
zugazti, baso, zelaiak,
aurpegi alaiz irribarreka
jarri dauz zure argiak.
Eta pozezko abestietan
txiroliroka txoriak,
argi gozoa ¡ongi etorri!
diñoelarik guztiak.
Ludi ontako izaki danak
zuk elikatzen dituzu,
laño iluñez estalduriko
ortze oztiña argitu.
Lurbira danai bizitza emon,
itxas-orruak baretu,
gozo itunak poztuta jarri
eta gaixoak osatu.
Argi ederroi, guri laguntzen
etzara iñoiz aspertzen,
goizian goizik irribarreka
pozkiro zara agertzen.
Gizarte onek ez dautzun arren
eskar andirik emoten,
argi gozo oi apal-apalik
beti zatoz zu laguntzen.
Gaurko munduan apaltasuna
ia dakusta galdurik,
alkar-maitasun zoriontsua
gorroto-soiñez jantzirik.
Eguzkiaren ergia bage
ezerk ez daun lez bizirik,
alkar maitasun barik be ez dago
munduan iñoiz bakerik.