Egia eta zuzentasuna'Hau gure Jaungoikua
Enbeita, Balendin
Biotza goibel ametsak haundi,
Itxaropena geroko
Geroa, zer da? gero zer dago?
Duda asko bitarteko.
Egi irudiz lorazko hitzak
Guzurraren babeseko
Herri xearen gose egarria
Honek ez dauzku aseko
Egintza bidez ikusten dana
Hori dogu sinistuko.
Guztion aita Jainkua dala
Eleizak dauzku aitortzen.
Euskal Herriari sinismen hori
Ez da hain erraza kentzen.
Bakoitzak daukaz bere eretxiak
Nerea noia agertzen,
Famili baten batzuk aukeran
Beste batzuek sufritzen
Guztion aita izan da jauna
Zergaitik gozuz banantzen?
Demokrazien izenarekin
Kontzientzi bage zigorrez
Herri bat hemen sufritzen dago
Menperatua indarrez.
Eleiztar asko ixilik dagoz
Egia esaten bildurrez.
Ta bitartian gure herria
Justizi eske negarrez
Hau ikusi ta Jainkoa dala
Sinesten ez dago errez.
Pertsona bat naz ba dut zentzuna
Ez naz sinesmen bakua
Kontzientzia dut eta honekin
Daukat zeregin nahikua.
Sinistuten dut badala norbait
Gu baino goragokua
Ez da gizonak eta diruak
Indarrez sorturikua
Egia eta zuzentasuna
Hau da gure Jaungoikua.
Jaungoikua ta justiziagaz
Indarrak ez du okerrik
Eta jauntxuen menpetasuna
ez da gaurkua bakarrik.
Lenago ere hartuak gara
Hemen nahikua egurrik,
Lur maite honek eleuke izango
Zapaltzailien bildurrek
Geure artian ez balegoke
Anai euskaldun maltzurrik.
Belengo izarra agertu bazan
egia azalduteko,
Herriak ditun eskubideak
Gizonai erakusteko,
Inoren gauzai bakean itxi
Norberarena zainduteko.
Guk be badogu eskubidea
Geuria eskatuteko,
Geure lurrian hestuntza gabe
Aske bizi izateko.