Aberri Eguna ez da bakarrik
Enbeita, Balendin
Aberri Eguna ez da bakarrik
oihu batzuetarako
sendi bat legez ikusten dot nik
artalde baten batzeko
euskara jaso herria piztu
lo daudenak esnatzeko
ez gaur bezala banandurikan
zatituta ibilteko
ama euskarak banantze hori
ez dausku ontzat hartuko.
Udaberrian horri ta lorak
usai gozua zabaltzen
Euskal Herriko Aberri egunai
bake ta poza eskeintzen
ama euskara didarka dogu
zergatik ez garen batzen
Euskotar denok batasun baten
gaur ez badogu jokatzen
oso zaila da Aberri eguna
askatasunaz ospatzen.
Ezker ta eskubi goiko ta beheko
kontuan gaitezan jausi
anaiak izan, zergatik gabiz
bata bestien igesi?
Etsaiak gure burruka hori
pozik eitendu ikusi
utzi daiguzan diferentziak
herria jaso lehenbizi
Euskal Herriar bakez eta pozez
baldin nahi badogu bizi.