Nere bordatxotik
Basarri
Zazpi aizkolari
Aukera ba-daukagu
gaur aizkolaritan,
Danak luzitu naia
olako tokitan.
Sasoi aparta dago
mutiko guztitan,
Txapeldun nor izango
ote da zazpitan?
***
Arritzen naiz
Latasa'ren izena
dago ezkutuan,
Bixtan izango zala
pentsatzen genduan.
Urte batzuk ba-ditu
paseak munduan,
ta berak jakingo du
zer egiten duan.
***
Iruretan berdin
Sari ta premioak
jarriarren legez,
gizonak pentsakizun
asko ditu berez.
Onen danak biltzea
ezta oso errez
bateonbatek beti
esaten du "ezetz".
***
Pentsatzen etzana
Asmo artu zenduten
Berriz'a juteko,
idi onak eduki
lana egiteko.
Lenengo ta bigarren;
aurten bai suerteko!
Motiboa dezute
pozik egoteko.
***
Berri pozgarria
Ixiltasuna laister
urratuko dezu,
millaka euskal biotz
poztuko dituzu.
O, Irrati maitea,
gu zai zai gaukatzu,
ekin lanari gogor,
sendo ta bulartsu.
***
Armarik onena
Kejak entzuten dira
jendearengandik,
gusto eman nai eta
eztakigu nundik.
Bear bezela ezta
entzuten iñundik,
aurrerapen geiegi
eztago oraindik.
***
Artu pazientzi!
Kejak izanagatik
iñortxok ez etsi,
artu degun oitura
zertarako utzi?
Itxuratuko gera
biar edo etzi,
ta bienbitartean
izan pazientzi!
|