Nere bordatxotik
Basarri
Azkoitia jauna'ri
Karidadea egiñaz beti
biotz dana zabaldurik,
Zure laguntzan premiz diranak
azkar zeureganaturik.
Artzai oria dan tokian ezta
gertatzen ardi galdurik,
Iñoiz eztezu izango, Pedro,
on egindako damurik.
Zeuta'n bizituarren zaude zu
asko baño urreago,
Gizon bateri ezin eskatu
ortik aurrera geiago.
Zure lanari txalo beroak
jotzen beti emen nago,
Euskaldun on bat dagon tokian
Euskalerria an dago.
Urte guzitan San Inazioz
jartzen zerate billeran,
Mugarik eztun alaitasun bat
azalduaz ibilleran.
Txistu ta dantza, kantu ta bertso,
danetik nai dan aukeran,
Zuk erakutsi dezu or ere
gu euskaldunok nor geran.
Bizimoduak zauzka, zu, Pedro,
oso urrutiratuta,
Jaio giñanok milla modutan
jokatu bear degu-ta.
Munduan ainbat milla euskaldun
daude sakabanatuta.
Zenbat on egin lezatekean
zu ispillutzat artuta!
Lengoan kartaz esaten zendun
euskerik xamurrenean,
Gero atseden artu asmotan
ari ziñala lanean.
al bada udazkenean,
Beso zabalka eman gauzkatzu;
Onuntz etorri nai zendukela
azaldu nai dezunean!
***
Errekalde ta Polipaso
Oso errez da, anai maiteok,
aitatzea lau kanako,
Gutxik ebaki izan dituzte
bromakoa eztalako.
Gizon bakanak jaiotzen dira
an modu auetarako,
Korajea ta abildadea
bear da orretarako.
Illabetetan ortako daude
erabat oso laztuak,
Ikusi oien petxu ta gerri,
belaun beso ta eskuak.
Egurrak orain zer balio dun
ez gaude gero aztuak,
Zazpi erreal kostako dira
bi gizon oien gastuak.
Atxunberria ta Santa Ageda
aitatu nai nere itz bik,
Irurogei ta bi urte aundi
jun dira arrizkeroztik.
Lau kanakoren kargu artzeak
bere kontuak ba-dizkik,
Lan oietara kristaurik ezta
emen jokatu geroztik.
Ondo zailduta egongo dira
zuen aragi giarrak,
Ala eskatzen baitu derrior
lan astun, trakets, baldarrak.
Nortanai ere tratu gaiztoa
zaudete artu bearrak,
Azkenengoa bota orduko
aulduko dira indarrak.
***
Patxi Zubeldia "Artxanberri"
Artzai jenderik'anparo gabe
zuk eztezu iñoiz utzi,
Deitzen zizuten parajetaxa
bizkor da zintzo iritxi.
Ta bertsolari gisara ere
zure modukoak gutxi,
Zeuk ala uste ez izanarren
aundia zera zu, Patxi.
Baimenik gabe ausartu naiz gaur
zu agirian jartzera,
Gordean eta ezkutuan zu
geiegi egon baizera.
Nik errespetuz agurtzen zaitut
guraso baten antzera,
Serbitzari bat emen daukazu
iñoiz beartzen bazera,