Nere bordatxotik
Basarri
Berekoetxea ta Polipaso
Nere zorion biozkorrenak
Berekoetxea jaunari,
Txapela kendu bearra dago
ainbat balio dunari.
Begiratzea naikoa baita
atzo egin zun lanari,
Obeditzea gauzik onena
askoz geiago danari.
Zu, Polipaso, beti bezela
bai gogorra ta trebea,
Oso gizonki bete baizendun
atzo plazako legea.
Ikusi gendun joko bikana
ain zan aitzeki gabea,
Zu oso ona izanagatik
kontrarioa obea.
***
Aizkol deportea
Gure menditan sortzen zaizkigu
mutiko zaildu ta latzak,
Sarri emanak ditu lenere
euskaldunaren arrazak.
Madrid aldetik datoz gugana
berebiziko gorantzak,
Ezpaizekiten zer ziran gure
oiturak eta jolasak.
Gizonak buruz ezin dutena
zuk aizkoran erabaki,
Astibia'ren kejarik iñork
ez lezake gaur eduki.
Naparroa'ren izen ederra
goraldu dezu ederki,
Berriz egurrik jartzen badute
al dan azkarren ebaki.
***
Balea agertu da
Milla bederatzi eun da
lenengo urtean,
Maiatza'ren amalau-
garren egunean.
Orio'ko erriko
barraren urrean
Balea gertatu zan
bederatzik aldean.
Aundia bazan ere
azkarra ibillan,
Bueltaka an zebillen
joan da etorrian;
Ondarra arrotuaz
murgill igarian,
Zorriak zeuzkan eta
aiek kendu naian.
Baña zorri mantsoak
egin zuten junta,
Gerra egin bear zala
balearen kontra.
Naiz gogor arraskatu
ez utzi, aguanta,
Odola txupatuaz
muturra sartuta.
Zorri asko zeukan da
azkure buruan,
Argatik ondarretan
arraskatzen zuan.
Ala ere zorririk
kendu ezin zuan,
Balearen indarrak
balio etzuan.
Ikusi zutenean
ala zebillela,
Bereala jun ziran
treñeruen billa.
Arpoi ta dinamitak
eta soka billa;
Aguro ekartzeko
etzan jende illa.
|