Nere bordatxotik
Basarri
Jose Migel Barandiaran
Zenbat aztarren atera digun
jaun bizkor orrek lurpean,
Etenik gabe lana egiñaz
joan dan ainbeste urtean.
Txalogarriak asko ditugu
gure sorleku maitean,
Txiki aundirik iñor badegu
ori bat gure artean.
***
Ardi diztirak sortu ziran bein
Ataun'go txoko batetik,
Geroztik ezta iñoiz gelditu
Jose Migel'en lanketik.
Urte askoan jarrai zazula
artu zenduen bidetik,
Eta zorion biozkorrenak
gaur "Basarri'ren" aldetik.
***
20 urte "Herria" astekariak
Agurtzen degu mugaz aruzko
euskaldun astekaria,
Opa diogu izan dezala
arnasbide ugaria.
Ogei urtera iritxi zera;
ori berri pozgarria,
Lanik txarrenak egin ditugu,
aurrera beti "Herria"!
Ogei urtean une txar asko
pasa bearko zenduten,
Alare jakin dezute zuek
noiznai gizon erantzuten.
Danen gogoa betetze ori
azer lan txarra dezuten,
Etzuen bete Jesus'ek ere
ta gurutzean il zuten.
Noizik eta bein kankatekoak
sentituarren buruan,
Kokildu gabe iraun dezala
bakoitzak bere lekuan.
Asmo zuzenez ekin lanari,
oraiñarteko moduan,
Esker oneko euskaldun asko
dago oraindik munduan.
Geldiunerik ez beza izan
bein asi zenduten lanak,
Denbora onak eta ekaitzak
guretzako daude danak.
Asko baitira ezertxorekin
kontentatzen eztiranak,
Arantzak beti arkitzen ditu
arras billa dijoanak.
Ez begiratu eskubira ta
ez begira ezkerrera,
Ori dala ta gure izkuntza
ez uxatu bazterrera.
Gizatasunez jokatu beti
guraso zarren legera,
Egizko euskal sukaldetan zuk
izango dezu sarrera.