Egun auetan mundu guzia
Basarri
Egun auetan mundu guzia
erabat mindurik dago,
gizonik ezta gaur ixtimatzen
zakur bat baño geiago.
Odola tarte izan ezkero
ezer onik ezpaitago,
lenago gauzak oker bazauden
orain askoz okerrago.
Bezperan pozez baldin bagera,
negar biaramonean,
denbora onak ekaitz gaiztoa
sarri du ondorenean.
Asia aldetik pake itxurak
zerbait asi diranean,
sekula baño saltsa geiago
orain etxe barrenean.
Diruak eta indar zakarrak
agintzen dute gaur nunai,
bide zuzenez dabillen ura
tiroz eratxi nolanai.
Beltz eta zuri, maitasunean
bear gendukenak anai,
pakean billa saiatzen danik
iñork eztu ikusi nai.
Beltzen arraza or utzi dute
lertu bearrez miñetan,
onez aspertu dira zearo,
ta txarrerako griñetan.
Odol guziak ain irakiñak
dauzkate beren zañetan,
Milloika beltzek esango dute:
«Odolkiak ordañetan!»
Gorrotoaren ate guziak
orra kolpetik ideki,
beltz eta zuri, guziak gerran,
iñor ez iñon erruki.
Dendak ustuta, etxeak erre,
gorputzak tiroz ebaki,
kulpik gabeko makiñabatek
pagatuko du ederki.
Emen gertatzen ari zaiguna
negargarri da benetan,
danok txarrera jarriak gaude
alako itxumenetan.
Begiratuta laño illunak
dauzkagu leku danetan,
bizi izateko poz geiegirik
eztago lur gain onetan.
Beltz eta zuri, gorri ta urdin,
oriak edo moreak,
Jaunaren seme geranez danok
ditugu eskubideak.
Alkar odolez itotzekoak
badira gure ideak,
seguru izan, arrapatuko
gaitu gabiltzan bideak.