inprimatu
Eguzkiaren sarreran
Izenburua:
Eguzkiaren sarreran
Sinadura:
Echegaray, Karmelo
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Etxegarai, Karmelo

Argitalpena:
Euskal-Erria.
Urtea:
1888
Argitalpenaren urtea:
19
Alea:
Orrialdea:
210-211

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


Eguzkiaren sarreran

 

Echegaray, Karmelo

 

 Eguzkiya sartzen da

 Mendiyen atzean;

 Odei gorriak dira

 Agertzen gañean;

 Asten dira zabaltzen

 Itzalak lurrean;

 Animak pensatzen du

 Betitasunean.

 

 Isillikan dijoa,

 Isillik ibaiya;

 Ostoz estalirikan

 Lotara choriya;

 Geldi-geldirik dago

 Arbola tantaiya:

 Gelditzen ez dana da

 Nik dedan antsiya.

 

 ¡Ail beti, beti dago

 Biotza tristerik:

 Arkitzen ez da iñoiz

 Pozez aseturik:

 Beti zerbaitek dio

 Esaten barrendik:

 Ea dago lurrean zuk

 Billatzen dezunik.

 

 Bañan askoz geiago

 Zait oraiñ mugitzen,

 Eguzkiya danean

 Gugandik aldentzen:

 Oraiñ, bai, didatela

 Gauz denak esaten,

 Lurreko pozak nola

 Diran ezkutatzen.

 

 ¿Non da, non da bestela

 Urrezko argiya,

 Orain bertan alaitzen

 Zuena mendiya?

 ¿Non da len ageri zan

 Chori kantariya,

 Bere kantuz poztutzen

 Zuena guztiya?

 

 Ezkutatuak dira

 Bata ta bestea.

 Lurra gelditu zaigu

 Illunez betea:

 Lañoa, itzala, gaba

 Da oraiñ jabea:

 Iñon ez det ikusten

 ¡Ai! argi maitea.

 

 Iñon ¡bai!... begiratu,

 Begira gañera:

 Begira beti gora,

 Sekulan ez bera:

 An arkituko degu

 Guztiya naiera:

 An emen eziñ degun,

 Betiko maitera.

 

 Goyan ¡bai! goyan dago

 Zorion gurea:

 Goyan, billa gabiltzan

 Poz bukagabea:

 Guk antsiaz nai degun

 Betiko pakea,

 Dago baltar-bakarrik

 Zeruan gordea.

 


inprimatu