2025ko ekainaren 5ean 50 urte beteko dira Gabriel Aresti Segurola hil zela. Efemeridea ospatzeko asmoz, Gabriel Arestik itzuli baina azken lau hamarkadetan itzalean geratu diren Internazionalaren bertso batzuk ekarri ditugu gogora.
1971n, bi arrazoirengatik, birritan itzuli zuen Arestik Eugène Pottierrek idatzi zuen Internazionala. Lehenengo aldiz, Natxo de Felipe musikariak eskatuta, Jesus Mari Begoña militante politikoaren kontrako epaiketan abesteko itzuli zuen. Itzulpen hura, Literatura lanak bildumaren 8. liburuan argitaratu zuen Susak 1986an.
Bigarrenez, handik gutxira, Natxo de Felipek berak berriro eskatuta itzuli zuen. Hain justu, 1971. urtean Parisko Komunaren mendeurrena zen eta baita L’internationaleabestiaren sorreraren mendeurrena ere. Garai hartako EMK-k (Euskadiko Mugimendu Komunista) bazuen kantu iraultzailearen bertsioa ezagutzera emateko asmoa. Natxo de Felipek 1971ko martxoko China Reconstruye aldizkari txinatarrak eta beste hainbat informazio bidali zizkion Gabriel Arestiri. Itzulpen hura, handik sei urtera, birritan ekarri zen paperera: 1977ko ekainaren 12an paskin gisa Bilbon Euskadiko Ezkerra hautes-koalizioaren ekitaldi batean (EMK, EIA eta Euskal Komunistak elkartu ziren) eta urriaren 1eko Anaitasuna aldizkarian.
1975eko apirilaren 30ean, duela 50 urte, Saigon menpean hartu zuen Vietnamgo Armadak, eta amaitu zen Vietnamgo Gerra. Bigarrena, etsai nagusi Hego Vietnamgo armada eta AEBak izan zituena. Lehenaren, frantsesen aurkako Independentziako gerraren segida izan zen. Independentzia prozesuan eta gerrotan Vietnamgo buruzagi nagusia izandako Ho Chi Minh-en Gartzelako egunkariaeuskaratu zuen Iñaki Aramaiok; baina lider komunistak ez zuen gerraren amaiera ikusi, 1969an zendua baitzen. Lubaki desberdinetatik gerra ezagutu zuten poeta bi ere irakur daitezke euskaraz, dena den. Huy Can idazle eta politikariaren zortzi poema euskaratu zituen Luzien Etxezaharretak (otsailean paratu genituen online), eta duela bost urte argitara eman genituen AEBekin soldadu (beste izen batekin) ibilitako Yusef Komunyakaa poetaren hamabi poema Vietnamgo, Jose Luis Otamendik euskarari ekarriak. Maiatzaren lehenaren bezpera gorriz tindatzeko.
Buenosairestar baten heriotza albiste nagusi den apirilaren 26 honetan, Gernikako bonben oihartzuna hondoko musika dugula, beste buesnosairestar baten jaiotza gogoratu nahi dugu (125 urte jaio zela), Roberto Artl idazlearena. Kazetaria, ipuingilea, haren prosak eragin handia izan du Argentinako idazle askorengan. Begirada aparta zuen, hala paisaia geografikoei nola humanoei erreparatzeko, eta umore fin batez ekartzen zuen idatzietara. 36ko Espainiako gerra hasi baino hilabete batzuk lehenago ibilia zen Euskal Herrian, eta El Mundo egunkarian argitaratutako kronikekin Aguafuertes deitutako bilduma osatu zuen. Iñigo Aranbarrik haietako hiru euskaratu zituen. Horiez gain, euskaraz haren narrazio bi ere irakur daitezke: Armiarmarako Iñigo Roquek euskarari ekarritako Piztiak; eta Konkorduna ipuina, Gillermo Etxeberriak euskaratu eta Egan aldizkariaren 2017ko 1-2 zenbakian argitaratua.
45 urte bete dira apirilaren 15ean Jean-Paul Sartre idazle eta filosofoa hil zela. XX. mendeko pentsalari handietarik bat, bere pentsamenduak bere garaiko eta ondorengo korronte filosofiko eta sozio-politikoetan eragin itzela izan zuen. Jaiotzaren mendeurrenaren karietara, euskaraz irakur zitezkeen bere zenbait lan bildu genituen: Paretaren kontra, Mikel Lasak euskaratua, Txillardegiren hitzaurrea duena (Kriselu, 1983); Nekrassov antzezlana, Xabier Olarrak euskarari ekarria (Antzerti, 1985) eta Burgosko Auzia liburuan (Gallimard, 1971) Sartrek eginiko Hitzaurrea, Markos Zapiainek itzulia. Horrez gain, filosofo eta idazle frantsesari buruz idatzitako lau artikulu, lau egile esanguratsurenak: Beltza, Gabriel Aresti, Eusebio Erkiaga eta Markos Zapiain.
2024ko maiatzean argitaratu zuen Susa argitaletxeak Gotzon Barandiaranen hirugarren poema liburua: Galbahea. Oraingoan, liburuko poemak entzuteko eran grabatu ditu Barandiaranek, belaunaldikide eta euskarazko literatur eta musikagintzan lanburkide dituenekin elkarrizketa betean. Audio-liburu honetan Ainara Lasa, Josu Landa, Juanra Madariaga, Uxue Alberdi, Harkaitz Cano, Iraia Etxebeste, Jose Luis Otamendi, Itziar Ugarte, Oier Guillan, Andoni Tolosa Morau, Leire Lopez Ziluaga, Mikel Elorza, Iratxe Retolaza, Itxaro Borda eta Gorka Urbizu ere aritu dira poemak errezitatzen. Azkenburuko, Imanol Ubedak, poema bat kantatu du. Horrez gain, Lander Bilbaok, hiru ahaire sortu ditu, liburuaren soinu-banda gisa. Era berean, liburuaren irakurraldia antolatu dute Susak, Apoa poesia irakurle-taldeak eta Azpeitiko udal liburutegiak elkarlanean. Ekainaren 8an izango da, 18:00etan hasita, Sanagustin kulturgunean.
21 urte joan dira Joan Perez Lazarragakoaren eskuizkribua aurkeztu zitzaigunetik. Deskubrimendu liluragarria, euskal literaturari izen berri eta indartsu bat ekarri zion. 1605ekoapirilaren 11 batez hildako Lazagarrako jaunaren eskutik iritsi zitzaizkigun testu eta poemek beste ikuspuntu bat ere erantsi zioten ponte-usain handixkoa izan duen gure literaturaren historiari. Koldo Mitxelena Kulturuneak guztion eskura, sarean jarri zuen testuaren faksimilea, eta Armiarmak haren transkripzioa ere eskaini zuen.
Egunero etxerakoan bizkar gainera igotzen zaizkion itzalez inguratuta bizi da, basoan, kontakizun honetako protagonista, Agurtzane. 60 urte beteak, atezaina da ikastetxe batean eta bi egiteko nagusi ditu: osasun mental arazoak dituen ahizpaz arduratu eta berriz loratzeko sentitzen duen irrika asetu. Irati Beraza ikaslearen gorpua Artxandan agertu izanak, ordea, detektibe amateur bilakatuko du. Lagunak, txakur adoptatu bat, urtegia, iraganeko absentziak eta maitale berri bat gurutzatuko dira bere bizimoduan. Ezustekoz betetako bakardadea, basoko argi eta soinuekin nahastean. Poema bidez idatzitako nobela da Miren Agur Meaberen lan hau, pertsonaia arrunt baten epopeia xumea, thriller ukituekin. Osorik irakur dezakezue sarean.
Poema bidez idatzitako nobela da Miren Agur Meaberen Amorante frantsesa, pertsonaia arrunt baten epopeia xumea, thriller ukituekin. Lehen zatia. Sirena bat irakurtzeko moduan daukazu sarean, eta hurrengo astean aurkeztuko du Miren Agur Meabe idazleak.
Jerry eta Sammy posta bulegora sartu dira libra baten bila. Horixe da Libra bat kobratu nahi dut (1939) antzezlanaren abiapuntua. Familia eta giro oso apal eta txirokoa, Irlandaren independentziaren aldeko borrokarekin engaiatua (Herritarren Armadako idazkari nagusi izan zen), 1917tik aurrera idazletzari ere lotu zitzaion Sean O’Casey, eta Irlandako langile klaseari buruz antzezlanik idatzi zuen lehen autorea izan zen. Zubizabal aldizkariak argitaratu zuen, euskaraz, 1880ko martxoaren 30 batez jaiotako idazle dublindarraren pieza.
Antzerkiak, errealitate birtualeko gelaxkan giltzaperatuta, bere indibidualismo itogarrian barruratuta dauden pobretutako hiritarrek osatzen duten mundu batean, gure garaiak bidaltzen duen SOS mezua entzun dezake? Kontrol eta jazarpen sistema totalitario baten baitan ematen den bizitza-espektroaren alor orotan existentzia robotizatuak dituen mundu batean?
Antzerkia hondamendi ekologikoaz, planetaren tenperaturaren igoeraz, bioaniztasunaren izugarrizko galeraz, ozeanoen kutsaduraz, glaziarren urtzeaz, baso-suteen areagotzeaz eta muturreko fenomeno meteorologikoez arduratzen da? Antzerkia ekosistemaren alderdi aktibo bilaka daiteke? Duela urte askotatik, antzerkia planetan ematen diren giza-eraginen fenomenoaren testigu izan da, baina zailtasunak izan ditu arazo horrekin interakzioan aritzeko. (gehiago…)
Amapola hazi batetik, haragizko erauntsi bat. “Zorionak, idatzi zidan, jakin dut hezur berriak dauzkazula”. Jendaurrean mutututako gorputz dardaratu batean, zirriborro-lanbro batekin dabil hara-hona poemotako ahotsa, idazten lagunen ahots-mezuak entzun ahala, idazten loezinean dela. Nola egiten dute besteek? Ama idazleak, ama lagunak, ama fakirrak. Ospitale hotz batean barruratutako hatzak eta barruratutako hitzak, dena normal, itsasaurreko anbibalentzia, erruak, damuak. Jaioberri baten arnasa etxekotu bezpera eta harekin heldutako argi-itzala bildu ditu Ane Labaka Mayozek Hezur berriak bere lehen poema liburuan. Osorik irakur dezakezue sarean.
AEBetako hegoaldeko giroa, harreman bortizkeriazkoak, espiritualtasuna, emakumearen leku eta ezlekuak, umorea maisuki baliatu zituen Flannery O’Connor idazleak. Gazte hil eta obra laburra badu ere (eleberri bi eta bi ipuin bilduma), XX. mendeko AEBetako narratzaile handietarik bat da, unibertso oso bat erakutsi ziguna bere lan labur baina aberatsean. Baroja etxeak 1985ean O’Connorren bi ipuin argitara eman zituen Jende ona nekez da aurkitzen liburuan (izen bereko narrazioa eta Agian zeure bizitza da salbatzen ari zarena), Mikel Azurmendiren itzulpenean. 2009an, berriz, Ez da erraza gizon on bat aurkitzen ipuin-liburu osoa euskaratu zuen Itziar Otegik, eta Literatura Unibertsaleko bilduman kaleratu. Bilduma honetako Gezurretako negroa ipuina ere eskaintzen dizuegu martxoaren 25ean Flannery O’Conorren jaiotzaren mendeurrena bete dela.
XVIII. mende amaieran Europa astindu zuten korronte filosofiko eta politikoen emaitza da Friedrich Hölderlin. 1770eko martxoaren 20an sortua, Goethe, Schiller, Novalis, Fichte eta abarrekin partekatu zuen bereziki Alemanian loratu zen ideien pizkundea. Grezia klasikoaren ezagule eta miresle, erreferentzia klasikoek presentzia oso handia dute bere poesian, bizi izan zuen garaira itsatsiak, baina. Bere poemen antologia zabala biltzen duen Poemak (Erein, 2001) liburuan ikus daiteke. Eduardo Gil Berak euskaratua, Hölderlinen poesiagintzaren bilduma bikaina dugu. Hitzaurrean dio Gil Berak horren osagarri Hyperion obra ere euskaratu beharko litzatekeela, eta halaxe egin zuen. Gutun formatuan emandako eleberria, Iraultza Frantsesaren lorpenen gorespena da obra. Osorik eskaintzen dizkizuegu biak.