inprimatu
Euskalerria ta Arantzazu
Izenburua:
Euskalerria ta Arantzazu
Sinadura:
Koldo Jauregi
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Jauregi, Koldo

Argitalpena:
Olerti.
Urtea:
1961
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1961 II
Orrialdea:
99-101

Euskalerria ta Arantzazu

 

Jautarkol

 

 Zer dezu zuk, Arantzazu,

 euskaldunentzat zer dezu?

 Zerbait ba-dezu euskal biotzen

 pozgarri edo samintsu.

 Zure ezpaiñetan esan-naiean

 itz bat lertutzen daukazu.

 Esazu, Ama, Euskalerriak

 itz ori entzun nai dizu.

 Eriotz-itza,

 ala pizkunde

 itza, Ama, dakarkiguzu?

 

 «Ermitatxo bat eidazu,

 nerea izango zera zu»,

 esan zenion Euskalerriai

 beiñ, maitez ta errukitsu:

 t'Euskalerriak jauregi bikaiñ,

 egin du zure jarleku.

 Orain, Amatxo, zure biotzak

 zer esan nai ote digu?

 «Euskalerria,

 nerea zaitut

 etzera iñolaz ilko zu»?

 

 Arantzazu, euskal kabi,

 euskal amets piztugarri,

 euskal-kanta t'euskal otoitzen

 seaska kulunkalari...!

 Euskera zarra bere il-zorian

 zuganontz dator urduri...

 Txertu berriaz odol-berritu,

 ez, arren, Ama, iltzen utzi,

 mundua mundu

 dan arteraiño

 zaitezen Euskal-Zaindari.

 

 Eusko mendiak negarrez daude,

 negar zotinka basoak,

 lengo baserri zuri alaiak

 gaur ilkor-loiñoaz joak,

 t'eriotzaren illunabarra

 goian zabalduz egoak.

 

 Euskalerriko egunsentian,

 Zu, goiz-izar ameslari,

 eguardian Zu, eguzki gartsu

 euskal bizitza-iturri,

 ta illunarrean Zu besterik ez,

 gure itxaropen-illargi.

 

 Euskalerri osoa,

 antziz ta negarrez,

 Ama, gaur datorkizu

 zuri deadarrez:

 «Eleiz berri eder au,

 —maite-oparia—

 arren, ez dedilla izan,

 ai! gure illobia».

 

 Izan bedi betiko

 zure jarlekua,

 gure siñismenaren

 babes-gaztelua.

 Euskal-biotz guzien

 maite-lokarria,

 gure bizi naiaren

 oiu ta irrintzia.

 

 Gure Zaindari zera,

 gure atsegiña,

 gure Amatxo maite,

 ta gure Erregiña...

 Entzun gure eskaria,

 eskari gartsua,

 il-zorian gaudenoi

 luzatu eskua.

 

 Zure begien izpiz

 urratu laiñoa,

 bizi-dardaraz josiz

 euskaldun gogoa,

 euskaldun biurturik

 gure lur osoa,

 il ez dedin betiko

 zure Erri gaxoa,

 zurekin zoraturik,

 maite-miñez joa,

 zurekin bizi dedin,

 Amatxo gozoa,

 Arantzazuko Ama,

 euskal biotz guzien

 Zaindari zintzoa.

 

 


inprimatu