inprimatu
Suarekin tematzen
Izenburua:
Suarekin tematzen
Sinadura:
Itxaro Borda
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Borda, Itxaro

Argitalpena:
Maiatz.
Urtea:
2000
Argitalpenaren urtea:
Alea:
33.zk.
Orrialdea:
70-71

Suarekin tematzen

 

Itxaro Borda

 

 I.

 

 Jasaten dugun negu hotzean

 Noizbait berotzeko gisan,

 Norbaitek suarekin tematzen

 ausartu behar du:

 guztiek dakite nola,

 aholku emaile eder,

 larderiatsu ardura...

 Baina guztiak ez dira

 ohoreagatik edo

 soilik erretzearen beldurrez

 sutik gehiegi hurbiltzen

 - badakizu erre orbainak

 itsusiak direla

 aurpegiaren erdian!

 

 II.

 

 Gerla betean gaude. Badakizu. Baina gerla honetan armak

 ez dira entzuten diren bakarrak: hitzek ere iraungitzen

 gaituzte, eta suaren lehen lerroan izuak ez dauka tokirik

 noski. Gure ele eskasekin gerizarik gabe aitzina goaz,

 psikotropoz hanturik orden emaileen seguritatea segur-

 tatzearren. Negarra begian. Errabia bihotzean. Kontuen

 egiteko ordua etortzen denean, hautsirik zauriturik eta

 gohaindurik ondorioen ateratzeko biltzarretan parte

 hartzean, maniobrak gordean kudeatzen dituzten

 stratogos axolatiek aldiz, bazter gauzkate: bere izena

 erran nahi ez duen gerla batean sakrifikatuak garenak

 gara. Argi dago.

 

 III.

 

 Barneko bake sainduaren zaintzeko

 Gure artean kalapita eta ahanaz

 Ikusiko gaituelarik

 Etsaiak gutaz zer pentsatuko duen

 Eskatzen dute mehatxuz

 Eta suaren beldurra,

 Indar bortitz eta mutu bilakatzen da

 Ekin bideen geldotasunaren

 Justifikatzeko.

 Iragana bera suaren gaurko lotsari

 Plegatzen zaio eta Hizkuntzaz

 zer erranik ez?

 Izuaren gezi gaziak oro

 Zafia-zafia biltzen dituen

 Erdi-mina da.

 Aditza,

 Auzo aditzekiko harreman

 saminaren zigilua,

 Beldurraren salatzeko

 Maitasun ildo doloretsua,

 Hersten eta mugatzen dute

 Ekin bideen geldotasunaren

 Justifikatzeko.

 Iraupena irekitasunean

 Bermatzen dela sinesten dutenak

 Ahulak eta debalde

 Direla iritziz

 Su mihien dastatzera

 Igortzen dira:

 Ikas bezate azkenean,

 Askatasuna eskatzen duguna

 Baizik ez dela, eta ez eguneroko

 Duda eta zalantzen harkaitzetan

 Zitzikatua izateko arriskuan

 Norberak eraiki dezakeena.

 Ikas dezagula ondikotz

 Egia.

 

 IV.

 

 Gerotik gerora ibil gaitezen beraz

 Orainaren ukamenak bulkaturik,

 Iragan ohoratuaren xendetan

 Harro, eder, errespetatuak

 Hondarrean,

 Arrazoi dugula naski,

 Besteak baino azkarragoak

 Garelako.

 Betiereko bakea lehian,

 Heroien Josafateko soro saritzat,

 Ifernua maite dugu.

 Jainkoa gure alde

 Pagano erreak izan arren!

 

 V.

 

 Beti hitza hitz

 Erraten dute

 Urrezko balitz

 Luza digute.

 

 Beren begira

 Su errausteko,

 Lehenak dira

 Hitza hausteko.

 

 Ezez naiz mintzo

 Etsai ustelaz,

 Baina bai zintzo

 Gure batelaz!

 


inprimatu