inprimatu
Gauak baizik ez nau sostengatzen eta apirileko euri egunak
Izenburua:
Gauak baizik ez nau sostengatzen eta apirileko euri egunak
Sinadura:
Itxaro Borda
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Borda, Itxaro

Argitalpena:
Maiatz.
Urtea:
1998
Argitalpenaren urtea:
Alea:
31.zk.
Orrialdea:
32-37

Gauak baizik ez nau sostengatzen eta apirileko euri egunak

 

Itxaro Borda

 

 I

 

 eskubiderik, are gutiago biderik ez duen

 lurralde kolpatu hau neurea ere dela

 sinetsi nahiko nuke,

 ustea ezuste harrigarri bailitzan

 hazi eta gozatu;

 baina etxerik ez dut, hitza odolustu didate,

 mahain gurintsuetan, jakitate finko,

 metatu arren

 gramatiken, joskera eta estilo liburuen,

 halaber entziklopedia tematikoen orrialdeak

 debekatuak zaizkit

 arrotz eta erdarakadetan natxikate jadanik.

 eta ez dut nigarrik ixurtzen

 aspaldi honetan begiak idor ditudalako

 KAOSaren mineko

 bakardadeak larrutu herriak zeharkatzean

 gauak baizik ez nau sosegatzen,

 eta hor dut zinez gogoetatzen

 anitzez gehiago maitatu beharko zintudan.

 zergatik da berantegi?

 

 II

 

 ez dut nigarrik ixurtzen, aspaldi hontan

 begiak idor ditudalako, are gutiago

 irri gutiziarik egia erran

 karrrikan agurtzen ditudan borondatezko

 hizkuntzalariak ari dira mundu-ez zaurituko

 zaharren ezpainetarik aditz bilakaera ezberdinen

 biltzen, aurrizkien mugak finkatzen

 eta atzizkien heda-eremuak bereizten,

 mututasun berriaren lekugiak kolorez apaintzen,

 bapateko ixiltasun guneak marrazten!

 bizkitartean, gure eresien aurkako gerla daramaten

 handikiek hautatu eta ordaindu etnologoak

 berriro ere hasiko dira hilerri aztertzen

 lauburuak, esku-irekiak, ilargiak

 eta eguzki ikurak zenbatzen;

 bakardadeak larrutu bideak zeharkatzean

 gure mintzairaren autentizitatea bilatzen

 dutenean gohaina sartzen zait

 eta gauak baizik ez nauela sosegatzen

 harri hauts minerala bihurtzen naiz

 eta badakit exiliotik edo heriotik

 inor ez dela itzultzen.

 

 III

 

 herio latzetik, are gutiago exiliotik inor

 ez dela itzultzen badakit,

 bihotza deitzen den haragi puska elkorraren

 oinazeetan anitzetan pairaturik

 burua ordu eta lekutegi bilakatzen da,

 zainak aldiz burdin-bide herdoildu

 eta behialako bihotza terminus erraldoi.

 sarearen normalizazio helburu abots metalikoek

 manatzen digute noiz, nola,

 eta non behar den eraitxi, bizi, iraun,

 baina oraino ez dakigu chouchenn zergatik.

 bi kantu, lau dantza eta zazpi jautziren

 eskaintzeko astia emaiten digu

 zeruan inguruminguru gosetian

 dabilan denbora mugatuaren

 hegazti beltz izengabeak.

 hizkuntzaren prekaritate berdina

 jasaiten dut bideari lotzen natzaiola

 gauak baizik ez nauelarik sosegatzen.

 zeru zohardi arrosetaz amets dagit

 zurekin hitzegin ondoan

 arrotz moldatzen gaituzten ekintza eta larderiak

 oro haritzez, pagoz eta lizarrez azpatu

 exilio eta heriorako xendrak dira.

 bakardadearen legedia indarrean dago.

 

 IV

 

 bakardadearen poetikarik ez dut ekiten

 are gutiago naski politikarik;

 hargatik EPO (Euskaleskola Publikoa Orain!)

 eskatuz antolatzen diren manifestaldietarako

 jendeak gero orroaz oihukatzen dituen

 lemak eta sloganak asma ditzaket.

 nik hori poelitika deitzen dut

 eta ez naiz batere harro.

 autentizitate izpirik ez dut gaitzesten duten

 militante xoil gisa ekiten dudalako

 mintzatzen naizenero.

 astia dut eskas, loa ere bai ardura

 eta mundua hitsetik hotsera dabilkigu

 birtuala baino gehiago den

 zurunbiloan.

 ohe bat eskaintzen baldin badidate

 halaber hizkuntzaren lege bat

 bakardade linguistiko honen partez

 zin dagizuet ene ibilmoldea normalizatzen

 saiatuko eta larunbat eguerdietan joanen naizela

 laneko kolegen antzera mac donaldera

 bazkaritera: xede ederra ez?

 baina amets gaizto hortarik urrun nabil

 gauak baizik ez nauelarik sosegatzen

 eta literaturaren merkatuaz

 axolarik ez dut.

 

 V

 

 axolarik, are gutiago tematzeko aitzakiarik

 ez duten pentsuak irintzearen bortxaz

 ahosabai kolpatuetan mihiak minberatzen dira,

 toteltzen, moteltzen, ainitzetan odola dariela.

 perpaus egokiak, mintzamen galduaren zauriak,

 doluak, damu eta etzidamuak antolatzen ditu

 autentizitateak sortu mututasunaren harpeetan.

 hitz lehorren marmarikatzeko noizbait

 ezpainak zabaltzen direnean, beldurraren mihiak

 kurutzatzen dira, lekeda epelak nahasten,

 milika-lapa etsituaren ausikiak

 desiraren oinarriak bailiran!

 mendeen bekaizgoaren mendekutik datorren

 burlazko irri baten zapartak ondikotz

 geldiarazten ditu mihi apaletsien

 samurtasun-saioak, hurbilketa daldaratsuak,

 frustrazioak eta ahalge xirrixtak areagotuz.

 bakardadeak larrua jotzen du, sarraskitzen,

 eta xoilik merkatuaren legeen arabera

 sexo herabeak hasten dira elkarri mokoka

 nor gehiagoka gerla honen tresna bihurtzen da

 KAOSaren samina inarrosiz

 intzirikari doan mihia.

 gauak baizik ez nau sosegatzen.

 apirilako euri-egunak herrokatzen dira

 amodio bat behin sortu zela ttanttaka oroitaraziz,

 eta amodio harek ezki-hostoaren iraupena zuen

 bedatsean muskil, larrazkenean kamuts eta neguan hil.

 alta ezki usainak, bihotz kolpatuetan nahikundea

 hedatu zuen eta ondorioz are mingarriagoa

 suertatu zen hosto haren eihartze iragarria!

 egia izaitetik, alegia izaitera lerratu zen

 iduriz azken aukerako amodio herbail hura.

 aurten, plazako ezki-lerroak berriz

 hostailtzen direnean, memoria ausentzia latzaren

 larre gaitzetan dabil, noraezean, zoraturik bezala,

 azken aukeraren mugaren haraindian;

 bide dolorosa zilatzen da zeru grisaren

 hedadura urra dezakeen leihoaren maldan,

 irria, kantua, urratsaren oihartzuna,

 sabel epelen erronkak urruntzen diren

 bitartean.

 ezkiagan barna ibiltzean, sudur-maxelak ikaran,

 ihesi doan ihiziaren antzera,

 antsia hurbiltzen da

 amodioa, urtaro zarpaila date, eta goiz nabarretako

 meteo agiriek ez dute hobekuntzarik

 hitzemaiten,

 ezki-usaineko galerna baizik.

 


inprimatu