inprimatu
Itzulerarik gabeko bidea
Izenburua:
Itzulerarik gabeko bidea
Sinadura:
Itxaro Borda
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Borda, Itxaro

Argitalpena:
Maiatz.
Urtea:
1998
Argitalpenaren urtea:
Alea:
30.zk.
Orrialdea:
24-26

Itzulerarik gabeko bidea

 

Itxaro Borda

 

 I

 

 arrotz herrestatzat baldin bagaituzue ere,

 hilak ehorzten ditugun lurrekoak gara,

 eta orduan

 larruaren koloreak,

 mintzoaren soinuak,

 sendiaren ohoreak,

 edo fedearen bermeak

 axolarik ez du

 hilak ehorzten ditugun

 lurraldekoak gara,

 nahi ala ez,

 hori da gure ardura bakarra.

 ardura bakarra.

 

 II

 

 diote

 goraki dagoeneko

 Historia bukatu dela,

 mundu osoa sare bakarrean

 gatibatua dagoela,

 alanbrez inguratu

 utopiaren larraitzak

 debekatuak zaizkigula,

 arriskuak kalkulatu gabe

 ez dela gehiago untzirik

 itsasoratzen ahal

 mentura bila,

 diote

 goraki dagoeneko

 setiatuak daudela

 zure gorputzeko ezkin

 desiragarri eta ilunenak,

 balizko musugune bakoitzean

 polizia bat

 ezarri dutea?

 eta karrikak justizia eskez

 beltzatzen direnean

 mundu osoko sarearen

 pantailetan

 irrinoa ezpainetan

 agertzen dira;

 pobreak!

 diote

 egituren heineratzearen

 jende ondarkinak!

 diote

 goraki dagoeneko

 Historia bukatu dela

 egunak gaua irentsi duela,

 balizko musugune bakoitzean

 polizia bat

 ezarri dute.

 

 III

 

 ordea ez dakite desertu-lehiak

 aterbegabeen arteko

 elkartasuna

 errautsak hari ikustezin,

 josten duela,

 eskuhutsik ibiltzen

 ohituak direnen

 hiztegietarik

 ETSAI izena

 ezabatua izan dela

 emeki emeki,

 musu ebatsia,

 paupasa herbaila,

 ahurren balaka,

 solasaren ixuri xumea,

 oreka orkorraren

 kalterako dela.

 

 IV

 

 hango bortu-gainetarik

 altxatzen hego hatsak

 beldurraren zainetarik

 airatzen dira urrtasak

 ez dakit erranen dudan

 nolatan maite zaitudan

 

 behar-griņa bedi lerra

 lo hiletik gau hotzera

 zure so beltzen ederra

 joan dakidan bihotzera

 ez dakit erranen dudan

 nolatan maite zaitudan

 

 hauts eztiaren zaparta

 hitz arruntaren balaka

 suak bultzatu du barda

 mintzo ausarten kalaka

 ez dakit erranen dudan

 nolatan maite zaitudan

 

 lur hutsetik begiraino

 amets hotsa dut ekarri

 bihotz honen hegiraino

 zazpi musuz bake jarri

 ez dakit erranen dudan

 nolatan maite zaitudan

 

 V

 

 poeta adiskide zenaren gisa,

 gauaren atzekaldetik jalgitzen gara,

 sohakoaz elkar sustengatuz

 ilunaren altzo epeletik aurdikirik bezala,

 begiziloak idor eta argizirrinta etsai

 ondarkinen usain kirats gohaingarria salbu,

 behialako gudukalorrek hutsik diraute,

 urruneko ortzaizetan

 atabal joaldi elkorrak

 hautemaiten diren artean.

 GURE LURRA GURE

 ESKUETAN HARTUUU,

 diogu zeru grisen gerizan

 ozen diren kurloei eta gauak

 harrapatzen gaitu

 egun sortu berriaren laino trinko bekaitzetan

 aterbetzea

 merezi ere ez dugun izakiok!

 


inprimatu