inprimatu
Zer bilatzen da?
Izenburua:
Zer bilatzen da?
Sinadura:
Itxaro Borda
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Borda, Itxaro

Argitalpena:
Maiatz.
Urtea:
1998
Argitalpenaren urtea:
Alea:
30.zk.
Orrialdea:
14-15

Zer bilatzen da?

 

Itxaro Borda

 

 I

 

 zer bilatzen da

 zeru apal eta ilunetan

 begia bermatzean?

 Izar klixka bakoitzean

 itsuki aitzina segitzeko

 kemena edo

 iragarria zaigun doluaren

 malko izpia?

 Biak naski

 dira bilatzen

 zeru apal eta ilunetan

 begia bermatzean.

 

 II

 

 Debekatuak zaizkidan

 mahaietan

 jartzeko tentaziotik

 urruntzeko

 ez dut ortzean urtzeaz

 beste ametsik!

 

 III

 

 urtetik urtera

 jendearen urratsak

 segurtasuna galtzen du,

 ur-zipoa edo harri koxkorra

 aski lizateke bidean

 ahulenaren behaztopatzeko;

 gorputz konkorrek

 haizearen buhako azkarrei oldartzeko,

 lehen baino neke gehiago dute;

 eskua

 haragiaz husturik bezala,

 ez dira amets iheslarien

 harrapatzera heltzen;

 irriak

 dolorea ziminokatzen du

 eta seme-alabak etxetik dihoazkien

 bakardadearen mihi herdoilak

 minaren zirikari

 bihurtzen zaizkie

 urtetik urtera

 munduaren higamena.

 anartean kasik sortzen ikusi dugun

 haurra

 so beltz xotilaren

 bulkadaz

 ekakit ekakit errepikatzen

 ari zaigu

 nola jakingo du bada

 urtetik urtera dihoala

 munduaren higamena.

 lurraren axal lehoraren antzera,

 bere ohantze bustira biltzen den

 erreka unatuaren pare,

 ibai lodiek bizkitartean

 orografia guzia beren hedadura gosetiaz

 irensten darraitela,

 erreka unatuaren pare

 hertsatzen doa behialako mundua.

 

 IV

 

 amariña mintzoaren eleak

 bildu hituen

 Ürrüstoi,

 eta Rimbaud txikiak

 hire lanak irakurtzean

 ihesleku iluminatua

 Harraren finkatu zian.

 ikus itzak

 haraintzineko gudari beltz zardaiak,

 zuen biren bizkarrez garraiatzale indartsuen

 arrahaurrak ote? nola dabiltzan

 goseak hilik,

 hezur eta larru,

 beren mintzoaren eleak oro galdurik;

 hango zeru zohardien altxor ziren

 izarrak

 ere

 argiz hustu dituk Ürrüstoi,

 eta gaurregun

 basamortuan

 biderik ez zegok!

 


inprimatu