Stabat mater dolorosa
Luisa Villalta
Lur erraldoia moldatuz, bidei forma
emanez, arpegia eztiki sasietan ne-
garrez, kasik ibai antz edo betiko
itsaso zure gorputz luzatuan oroitza-
rik ez duen plazer bati bizia eskainiz.
Hedapen hutsa, eskuak izarrerantz
altxarazten dizkigun ama eta
mugagabeko izuaz kulunkatzen uzten
gaituena.
Izan zen, da, date, gure esperantzak asma ditzazke,
beren baitarik edateko eta blasfematzeko
odolusten diren jende biren dantza imortalez,
bestetako banderitez, ixurtzen diren hitz latzez,
eraikuntza tiñko hilezkorren aldamenean.
Xumeen oldarretarik sortu erroak dituzten esku
eta oin horiek amarenak dira, atabalak zartarazten
dituen handitasun bortitza.
Ekaitzetan jada nekatua den bilairearen
zoriona, amodo gordez sutu papoetan oraino ere pasio
kilikaria dabil haize hostoen meneko, begirada
gosetietan, uretan, azken ametsen argietan,
mendekuari ireki justiziaren
ateetan loratzen diren bitimen indarra bezala
izanen da, segituko du izaiten
semeen semeen semeetarik
hilotza iragarriz: hiltzen duen semearena.
Emakumea lotan dagoenean, haren gorputza
lurretik edo hedoietak balkoi batetik amira daitekeen
mundu ixila da.
bizitzaren sumendi-distantziak erraia erretzen
diolako ez zaio hurbiltzen ehiztaria, mugak jarri behar
dizkiote, etxeetan atxiki, borrokatu,
eta suari ihes dagion aberea nola, lo-haragi den
gorputz bakarti
bezain lasaiaren inguruan haizea antolatzekoa da.
Lur errautsezko ñabarduraz larruaren ikusteko
eta haren baitako edozein misterioren gurtzeko jausten
edo igotzen ahal gara,
borrobilaren punturik ilunenean, zirkulu zirkuluaren
erdian, berak ugarte baten minean hersten baitu infinitoa,
itsasoaren errondatasun ttanka, ondartza borrobila non ere
kalatxoriek ikarazten duten leiho doi batekilako
haragizko dorrea
baratze iragankorretako asunetarik sortu
besteen ametsen gatik.
Dorre zerratuaren barneko ohantzean seduzitua
lo dago emaztea eta zenbaitetan iratzartzen da. Leize
eta bakardade garasia desbideratzen aditzenda, hormek
oihu dagite,
gerlek eta mugek oihu, bere oihu oihukaria oihukatzen du,
baina mendez gazitu uhinek errepikatzen duten
izua ozen entzuten da, ixiltasunera itzularazten duen
suntsipen errituala.