Itsas txoriak...
Itxaro Borda
itsas txoriak
kanaletako ur beltzetan mainatzen
ziren orduan
ezpainetan hitz arrotzak zeuzkaten
jende presatuen artean
ibiltzen ginen
eskuak sakeletan.
centraal stationen
tramwaya hartzen genuen
rembrandten margo argigabeak
miresteko.
iparreko lanbro finaren pean
gero
diamanteroen auzoa zeharkatuz
warmoesstraaten sex shopen aintzinean
gelditzen ginen
plaztikozko zakil malgoen balioa
preziatzearren.
bob marley tabernetako estereoetan.
karrika ezkin orotan
hash coke speed proposatzen ziguten
indonesiar dealer'ek.
achter burg waleko bitrina gorrien
gibelean
asiatik etorri emakume biluziek
ipurdi oparoak pasaiantei
ehun guildenetan merke
eskaintzen zituzten.
fernando pessoa aipatzen genuen
brazilgo fortunazko kideekin.
gauaren erdian venceremos oihukatuz
separatzen ginen.
o saudade.
leidespleingo ostatu iluminatuetan
garagardoak pintaka edaten genituen
malko traidoreen hezteko.
eta goizeko lauak aldera
portuko sailor's barrean
azken kanta bat botatzen genuen
herrimin nekatuari hildoa irekiz.
o saudade.