inprimatu
Espainiako erregeari eskainiak
Izenburua:
Espainiako erregeari eskainiak
Sinadura:
Itxaro Borda
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Borda, Itxaro

Argitalpena:
Maiatz.
Urtea:
1982
Argitalpenaren urtea:
Alea:
3.zk.
Orrialdea:
29

Espainiako erregeari eskainiak

 

Itxaro Borda

 

 Attabalen soinu beroak,

 bandera arinen furfura,

 jendearen murmuroak,

 baina

 toreroa sartzean

 entzieroan urguluz jantzia,

 Kastillako urrez

 eta

 odolaren gorriz

 jantzia

 ixiltasuna.

 

 Azkenean, etsaia libratuko dute,

 bizitzaren borroka berriz hasiko da

 sekulako alegi bat iduri.

 Alegia.

 

 Zezena plaz erdian dago,

 beltz eta errege:

 burua apalik,

 adarrak zitaldun,

 aintzineko besoez lurrari joka,

 sudur ziloetarik errautsean pufaka,

 Kastilla zaharreko

 oparotasun joanaren

 jainkoeri

 ezkaintza gisa

 prest

 odola galtzeko.

 

 Bere kapa arrosa haizeaz hanturi

 entzieroaren ondarre pizuan

 torero klixkadunak

 (jendea ole-ka)

 heriotzaren dantza,

 gizon gosearen

 eta

 abere asearen

 arteko leizea betetzek

 dantza

 obratuko du,

 (jendea ole-ka)

 tua espainetaraziko,

 begia itzularaziko,

 eta azal etsituan

 (jendea ole-ka)

 izerdia perlaraziko

 dio

 zezen beltz eta erregeari.

 

 Orduan,

 irabazleak datoz orduan,

 zaldien gainean

 pika puntutsez

 abere sakrifikatua bukatzeko.

 

 Emazte zetatsuak abanikoekin,

 trenputxartzen dira

 odola jariten dakustenean,

 baina toreroak

 zezenaren bi beharriak

 

 eskuari atxikiko dituenean

 "biba" oihuka ariko dira

 mokanes perfumatuak

 kopetan emanez.

 

 Aldi honetan ere,

 gizonak irabazi du:

 hemen

 heriotza jabaltzen da

 urguluz jantzia,

 Kastillako urrez

 eta

 odolaren gorriz.

 

 Attabalen soinu beroak,

 sokak eta kobreak,

 huts handi baten gainean

 ixurtzen da

 zezen beltz eta erregearen

 odola

 Kastillako erresuman.

 


inprimatu