Nere lagun-zar bateri
Jauregi, Luis
Nitzaz osoro aztuta zaude!
Ba-dakit benetan:
ez dit ajolik, t'ez nau orrexek
arritzen, ziñetan.
Aurtzarotikan izandu giñan
aizkide kutunak;
gazte giñala lotu ginduan
alkar-maitasunak...
Ta uskeri batez, lagun-zar, orain
gizonak gerala,
nigandik zure biotza aldendu
umeak bezala!
Ai!, maitatzeko, alkar ezautu
bear da lenago:
erleak, lorak ezautu-ezik,
eztirik ez dago.
Ez dezu nunbait ezautu nere
barruan dagona...
Agur, lagun-zar! Nigandik-urrun
izan zoriona.
Ateetan daukat beste lagun bat,
benetan laguna,
munduan norbait kutunik ba-da,
Bera, bai kutuna!
Indartuko nau goizero Bere
Aragi t'Odolaz,
t'ez gaur, ez biar, iñoiz aztuko
nitzaz ez da iñolaz.
Baña nigana berriz ba-zatoz
maitasun-eskean...
beso-zabalik emen naukazu
Jesus'en aurrean.
Gorrotorikan ez da jaiotzen
apaiz-biotzean.