Maite damu
Jautarkol
Ontzi bat sartu zan kayean negoala
ke beltza zerurontz arro zeriola:
nigaņo zekarzkin ego-aizetxoak
ango poz-eresi ta atsegin-santsoak.
"Atoz, adiskide, atoz guregana
gurekin dakargu atsegin-laztana",
zioten, niganontz zabalduz besoak,
zerurontz jasorik alaiki zatoak.
Zorion-egarriz sartu nintzan bertan
oyu ta irrintzika, eroaren eran.
Itxaso-barrena jo zuan ontziak...
Ur-azalan dirdiz zegin eguzkiak.
Kayetik eskuak luzatuz nigana
zutik an zeuden Zu, Maitale laztana,
begi negartsuaz, amaren antzean,
begira... ortzia gorde zan artean.
Gero ba-dakizu gerta zitzaidana:
ekaitza sortu zan, galdu nuan dana:
txima legor gabe ol baten gaņean,
il-zorian sartu niņuzun kayean.
Kendu zeņizkidan soņeko bustiak
ta jantzi, zeorrek berotuz, berriak:
ezarri niņuzun zure magalian
musu bat emanaz nere bekokian.
Maitasun-ardoaz berotu niņuzun,
maite ziņudala nik zin-egin nizun
t'ez nintzaizula iņoiz poz-zorion-miņez
berriz aldenduko, esan nizun ziņez.
¨Noruntz jo Zu utzita, Maitale laztana,
gizonik ederren, begi beltzarana?
Ezti-iturri dira zure ezpaiņ gorriak,
ortzia dirudi zure bekokiak.
Maitale guzien laztan oro baņo
zure musutxo bat askoz det nayago:
izotz biur zaizkit besteen musuak,
biotza berotu zurearen suak.
Zure zigorraz jo nere biotz-aitza,
biguindu, loya lez, t'eman zure antza,
damu-malko-iturri begiok biurtu,
nere bioztxoa Zureagan urtu.