Dabit'en CXXXVI'garren eresia
Jauregi, Luis
Babilonia'ko ibaien ertzetan exeita
sarri egoten giñan naigabez josita:
t'oroitu bezin laister zutaz, gure Sion,
negarrari guziok ematen genion.
Gure ereskiñak antxen ibaien ertzetan
zintzilik genituan garri saratsetan:
gure eresiak, arren, asteko kantatzen
jauntxoak bai ziguten sarritan eskatzen.
Gure jauntxo gaiztoak, gure etsai zekenok.
gure Erritik indarrez kendu ginduztenok
zetorzkigun arrenga sarri ziotela:
«Eresien bat kanta, Sion'en bezela.
Jaunaren eresiak Sion'en antzean
abestu guk, ai emen, atzerri-lurrean..!
Ez, ez. ¨Gu zutaz aztu, zutaz, Jerusalen?
Legortu gure eskuia bekigu Jaunak len.
Jerusalen, gu zutaz aztuko ba'giña,
noizpait gure gozapen izango ez ba'ziña,
aosapaian gure mingañak josirik
arren, gelditu bitez betiko itsatsirik.
Oroitu zaite Jauna, Erria su-garrez
birrindu zigun etsai zital Edom'darrez;
«Oñarrietaraño ondatu ta nastu»
zioten egun artaz, Jauna, arren, ez aztu.
Babilonis gaxoa, gutzat ain gogorra...!
Laister gañean dezu Jaunaren zigorra.
Zuk egin dizkigutzun txarkeriak aña
izan bedi zure gain datorren ordaña.
Zoriontsua bedi, zure semetxoak,
amaren magalean lo dauden aurtxoak,
indarrez artu eta joka arkaitz-gañean
lertuko dituena egunen batean..!