Bidez-bide
Jautarkol, (Luis)
-I-
Zergatik asi da olerkari zarra,
-zarra ta eria-, berriro kantari?
Nolaz sortu zaio bertsotako garra?
Bakardade ixillak eraginda, noski...
Alaxen umeak dagi deadarra
oartzen dunean amaren bearra.
Nere bakardadean
ots-dagitzut, Jauna,
Zu baizaitut nere poz,
nere zoriona.
Bizitzako aldapan
beeraka nijoa...
An beeko sakon artan
dakust erioa.
Bildurrez eta kezkaz
josi zait biotza:
badatorkit ixilka
laister eriotza...
Zertaz nere bildurra,
ene Jesus maite,
Zuregana juteko
bera baizait ate?
Mariņelak ez al-du
itsaso nastuan,
kaia ikusiaz poza
nabaitzen barruan?
Nere ontzia urbiltzen
ari zait kaiera...
Antxe zaude nere zai,
Aita biozbera.
Nolaz etzait piztutzen
Zu ikusteko gura?
Zertaz eztet lenbailen
igo nai Zerura?
Amets lurkoi zoroak
lilluratzen naute,
ta aztu oi zait Zuk, Jesus,
zenbat nauzun maite.
Oroiz zaitez lokatzez
naizela egiņa,
ta argatikan bildurti,
aldakor ta ariņa.
Piztu nere barnean
Zure maite-miņa,
sortu nigan lurreko
gauz oron samiņa.
Argitu nere biotz-muņean
itxaropen-su-dirdira,
eta bideko illunpe beltzak
argi biurtuko dira.
Autsiko zaizkit lurrera lotzen
nauten lokarri eroak,
eta biotzak luzako ditu
lasai Zuganontz egoak.
Eta kaiera aurreratzean
nere ontzitxo gaxua,
esango dizut: Jesus maitea,
luza zaidazu eskua!
-II-
Bizitzako bide-ertzean
exeri naiz nekatuta...
Zertaz ibilli ta ibilli
biotza ametsez urtuta?
Pakearen egarri naiz,
atsedenez nai det ase,
gero berriro ibilli
Jaungoikoa arkitu arte.
Bideko lorak lagata,
txori-kantak ez entzunik,
laņopean t'eguzkitan
Jainko-aztarna usmaturik.
Noizpait arkituko al-det
nere zorion osoa
ikusten baitet urruti
bere dirdira gozoa...!
-III-
Bide zarrean geldiro nabil
udazken-illunarrean...
Ezker-eskubi daude soroak
aurdun dan amaren eran.
Alai dabiltza nekazariak
gurdi kurrinkalariaz
ama lurraren emaitz elduak
etxeratzen alegiņaz.
Umeak, berriz, zilipurdika
beiak zaitzen zelaian...
Lurretik goruntz usai gozozko
lurriņa, intzentzu eran.
Odei gorriska tartean doa
euzkia sartzen mendian...
Jainko-erraņu antzeko zerbait
nabaitzen det inguruan...!