Apaiz egin zaneko bere 50'garren urtean, XI'garren Pio Aita Santuari
Jauregi, Luis
Zure Euskal-Erriaren izenean, Aita,
euskal-olerkaria dator zur' oñeta:
ez dator bildurturik, bai pozez beteta,
Erririk kristauena gure Erria baita.
Ama Euskal-Erriak esan dit gaur: «Zuaz
nere Aitarengana, zuaz, olerkari,
eta nere biotz au bertsotan sartuaz
belauniko jarrita eskeñi Berari.»
Aita, ezautzen dezu ziñez gure Erria,
zure koroiko pitxi ederrena da-ta:
gizaldiak ez dute aren arpegia
iñoiz ikusi lotsaz fedea lagata.
Fedea laga baño naigo eriotza,
esan du beti arro Euskaldun Erriak:
argatik dauzka beti argitsu begiak,
indartsuak besoak, gaztea biotza.
Argatik oraindio aren sabel zarrak
ba-du seme indartsuak sortzeko bizmena:
Zeorrek ba-dakizu batzuen izena,
ba-dakizkitzu aien egintza goitarrak.
Entzun, Aita donea, gaur nere bertsoak
kaxkar-ximelak baña benetan zintzoak.
Artu euskal semeen zorion-agurra,
txikia baña ziñez bero ta samurra.
Zurekin bizi nai du beti euskaldunak
bere siñismen eta oitura zarretan:
baña bizia guri, ai! kendu naietan
gure artean dabiltz etsai indardunak.
Agertu gure alde, Aita, zure eskua
ez dedin il betiko zure Erri maitea:
Ekaitzak estaltzean ilunez zerua,
gure argi alaia beti izan zaitea,
galdu iñoiz ez dezagun Zeruko bidea.