Zutaz oroitzen
Borda, Itxaro
Udaberrian hortxe
usoek kabi,
zenbait lasto ta adar xehe
mokoz ekarri
ardura zintzoz!
Hantxe aita-amek elkarri mintzoz
nolako festa!
Une hoietan dena errez da,
arina zama...
Zutaz oroitzen ari naiz, AMA.
Kabia goxo tinka,
umeak jaio,
haz daitezen pitinka
zenbatxo saio
hain goiz jaikia!
Lumak ba datoz baina jakia
zein zaila lortzen!
Ta denentzako ez bada sortzen
ttikiei dana...
Zutaz oroitzen ari naiz, AMA.
Oi zein arriskugarri
lehen hegada
begirunez zaindari
inor ez bada
baten ondoan,
itsumustuka ezin ba joan
oihanik-oihan.
Usakumeak zelatan goian
egazti dama...
Zutaz oroitzen ari naiz, AMA.
Usakumeak hega
astinduz gero
harat-honat artega
doa goizero
norat ez daki:
oihana, berriz, sakon izaki,
zenbat enredu!
Norbaitek bista halare erne du,
kontu darama...
Zutaz oroitzen ari naiz, AMA.
Geroago udaraz
basoan barna
kurruma eta algaraz
nolako xarma
uso jareak!
Ezagun ditu zepo-sareak,
trabarik ez du,
bere jolasez oi zeinen prestu,
ona du fama...
Une hoietan non zinen, AMA?
Oihan hertsitik gora
argia gose,
tontorrez gain kanpora
bidaia luze
egun osoko.
Zenbat atseden ta zenbat joko
lagunen jiran!
Pena bakarra horren segiran
pasa izana...
Une hoietan non zinen, AMA?
Eguerdi aldera.
janez oparo,
bildots, muxal antzera
denok abaro
epelen bila...
Linburkerira presta dedila
gazte pertxenta;
ahopeko hitz xamurren benta
itzal emana...
Une hoietan non zinen, AMA?
Errekatxo itzaletan
ur bila arratsez,
mokoan gorgoil eta
plis-plas hegatsez
a ze jolasak!
Kotan jarririk gure gau pasak
lagun artean!
Ezin besterk jo bitartean
hor konpon dana...
Une hoietan non zinen, AMA?
Zurea izandu naiz,
ama maitea;
aldegin nizun garaiz,
lasa zaitea
hemen naukazu.
Nahiz egin ez dizudan kasu
hainbat urtetan,
besterik ez ta, bertso kantetan
nator zugana:
bihotz mamitan zaduzkat, AMA!