Tximino beltza eta Kattalin gorri...
Borda, Itxaro
1
Bazen aspaldi tximino beltz bat Baionako ferietan,
Beldurrik gabe bazabilana zubigain agerietan;
Tximino harek ikusi zuen, euskal bitxikerietan,
Kattalin gorri hein gorritxu bat, alba ahul erietan...
2
Kattalin gorrik: «agur tximino, ba ote duk hik denbora?
Larretan hara, joan gaitezen, bide nabarretan gora,
Gurekin hartuz behi urdina ta gure gatu angora,
Biak bakarrik, han entzuteko nola edertzen den lora!»
3
Tximino beltzak, Aturri ibai ubelari mintzo zela:
Kattalin gorri, iduri luken ura uhainer so dela,
Alta itsaso sakoneraino, gazitasunen lo gela,
Gal ezinezko ohidurekin doan emeki horrela!»
4
Kattalin gorrik, ordu berean, tximino beltzaren hatsa
Senditu zuen, eta segidan, gaixo gure mikelatsa!
Abiatu zen haren ondotik aurkitu, nahiz arratsa,
Elkarrekilan jateko nonbait aihen beteko mahatsa!
5
Aihen beteko mahats molkoak kiretsak ziren oraindik,
Urtarrilako hotz izozduna iragan baitzen hor gaindik.
Kattalin gorrik: «tximino maite, mahats basa honek handik
Oparotasun emanen diguk, maiatza loretan zain dik...»
6
«Maiatz beroa etor dadila gerezien xamurtzeko,
Uhane ibai hegiko horma azken batzuren urtzeko,
Maiatz beroak erre gaitzaia beldurraren beldurtzeko,
Erre gaitzaia, ikara harek, uda mina agurtzeko...»
7
«Dator gaua, doa ura, nagoha lur arrotzean,
Gure-bihotzaz behar ote naiz orroitu ipar hotzean»
Zion tximino beltzak tristeki hutsaren hatsa botzean,
Kattalin gorri gorritxu hari, bere sakua lotzean...